1 minute read

BUSTURIALDEko HITZAren Urtekaria 2019

GURE DIETA

Jaten amaituko dugu urtea, eta jaten hasiko dugu berria. Mahaiaren bueltan, hurbilekoakaz egiten doguz guk aliantzak. Jateari buruz zeozertxu badakigu guk HITZAn, gurera etorri diren askok badakite hori. Elikatu beharra daukagu, eta egin ere ondo elikatzen gara. Ez da broma. Hamabost urte beteko ditugu hurrengo abenduan. Nerabezaroan gaude, eta dieta egokia behar dugu ondo, pozik eta osasuntsu hazten jarraitzeko. Horretarako, eskertzekoa da gure eskualdearen emankortasuna, zorte onekoak gara Busturialdeak sortzen eta ematen duen guztiarekin elikatzeko aukera daukagulako. Orain arte behar izan dugun elikagairik, sostengurik ez dugu falta izan, eta aurrerantzean ere gabeziarik ez izateko beharko dugu dieta egoki bat. Eskola-ikastoletako jantokietan bezala, HITZAko bulegoan ere bertako produktuak dastatzen ditugu egunero. Aurten, gainera, bertatik bertara plater bereziak probatzeko aukera izan dugu. Euskaraldiaren mokaduagaz amaitu genuen 2018a, eta harek utzitako zapore goxoa dastatu genuen apirilean Korrika eskualdera heldu zen arte. Gozoa eta goxoa da gure hizkuntzak bultzatuta hamabost urte hauetan sortu dugun komunitatea, gustagarriak dira eskualdeko elkarteengandik elikagai bilakatu ditugun aliantzak, atseginak dira egunerokotasuna eguneratzeko labetik atera berri dakarzuezan albisteen usaina...

Advertisement

Haginkada gaziak ere probatu behar izan ditugu, baina orokorrean, zalantzarik ez dago ugaritsuak direla mahaiaren bueltan biltzen garen bakoitzean aukeran ditugun elikagaiak.

Zu, zuek! Zugandik, zuengandik elikatzen gara, zuek zarete egunerokotasunean behar dugun dosia, urterourtero bidelagun zaituegulako mantentzen gara osasuntsu, mantentzen da eskualdea osasuntsu, mantentzen da euskara osasuntsu.

Hamabosgarren urteurrenaren kandelak ere zuen laguntzagaz amatatu gura ditugu. Urte osoa izango dugu aurretik, batzeko, biltzeko, elkar elikatzeko. Maite duguna zaindu beharra dagoelako, aurten ere MAITA DEZAGUN ONDO!

This article is from: