1 minute read

URTEKARIA 2019 Herri txikietan barri handiak emoten

HARIAN

Advertisement

Ezagutzera predestinatuta dauden pertsona guztiak hari gorri ikusezin bategaz lotuta daudela dio Txinatik datorren kondaira batek. Berdin dio distantzia edo denbora, hari hori ez da sekula desagertzen, atzamarrei estuestu lotuta jarraitzen du. Apurtezin.

Hizkiz, hitzez, esaldiz osatutako haria da gurea. Ikusezina da sarritan, entzun, irakur edo idazten ez denean; erabiltzen ez denean. Ikusten dena, aurrez aurkitzen dugunean etxean, lagunartean, kalean.... Euskarak apurtezina dirudi; bateko eta besteko erasoei aurre eginez, urte luzez bizirik dirau. Europako hizkuntza zaharrena da gurea, baina Txinako kondairak dioenaren kontran, apurtu daiteke.

Hauskorra izan ez dadin, apurtu ez dadin, denok zizelkatu beharko dugu, hariz hari forma eman, hariz hari osatu, hedatu... Kulunkatu, mugitu egin behar da, ahal den guztietan, eta ahalik-eta gehien luzatu, urrunago heltzeko; askatu, muga gabe. Arnasa eman, xuxurlatuz, maitekiro, indarrez.

Egoki erabili behar dugu, eguneratuz, baina orain arteko ibilbide luze bezain oparoa ahaztu gabe. Berdintasunean oinarritutakoa, askatasunean aireratutakoa, oinarrizko eskubideetan eraikitakoa behar du izan. Asko baino, ondo maitatu behar dugu!!!

Azken ideia hortan oinarrituta, Maita Dezagun Ondo lelopean, Euskal Herriko txoko ikusgarriak agertzen ziren bideo ikusgarria zabaldu genuen sare sozialetan. Izenpetu gabeko bideoa zen, bertokoa, hurrekoa, geurea maitatzeko gonbidapena egiten zuena. «Asko maitatu baino, maita dezagun ondo», entzuten zen bertan, Miren Amurizak 2016ko azaroaren 30ean Berria-n idatzi zuen zutabe baten hitzak oinarri hartuta: «Maitatzea gradu bat da bere horretan; maite duzu edo ez. Ala inor maitatu daiteke gutxi? Beraz, kontua ez da zenbat, baizik eta nola». Apirilean jakinarazi genuen bideoaren atzean HITZA zegoela, eta Hitzakide egiteko gonbitea zabaldu genien bertokoak merezi duela uste dutenei. Izan ere, kondairako hari ikusezinak bezala biziraun nahi badugu, guztion ekarpenagaz izango da. HITZAk 16 urte daramatza hariari tiraka, eta denon bultzadagaz lortuko dugu beste bat betetzea.

This article is from: