2 minute read

Igartza sariko 2022ko irabazlea

Next Article
Euskaraldia

Euskaraldia

ERREPORTAIA

IRAILA 47

Advertisement

Igartzatik Benidormera

Lizar Begoña Madariaga sopelarrak irabazi du aurtengo Igartza Beka. Ikasketaz Arte Ederretan graduatua, eta lanbidez euskara irakasle, 26 urte beteko ditu aurten; bekaren edizioak baino bat gehiago. Orain arte pare bat poesia liburu idatzi baditu ere, lehen eleberria izango du hau. Itzalkinak eguzkitan izena du proiektuak, eta Benidormen kokatutako prentsa kiosko bat izango du ardatz. Istorioa hiri turistiko horretan garatzeko erabakia hartzeko garaian, hainbat alderdi izan ditu kontuan. Bere esanetan, ikuspegi estetiko eta eszenografiko gisa, leku interesgarria da. Turistifikazio garai handi bat izan ondoren, geratu den paisaia kitsch-a interesatzen zaiola azaldu du, dena esajeratua izateak. Eta horrek kutsu komikoa ere ematen diola: “Estetikoki, turistifikazioaren ondoren geratu den paisaia interesatzen zait, itzalkinekin doan jendea, erretzen diren turistak”.

Alde horretatik, Martin Parr argazkilariraren lana aipatu du, idatzi nahi duenak haren iruditeriarekin bat egiten duela. Gainbeheran egonagatik, Benidorm koloretsu irudikatzen duela dio, “kolore biziak, oroigarriak, kolore guztietako itzalkinak eta toallak, zezenen eta folklorikoen panpinak… testuari estetika jakin bat ematen diote”. Aipatutako guztiak ironiari atea irekitzen diotela uste du, eta horrek markatuko duela hein batean nobelaren tonua. Zehazki, ironiatik umorerako jauziek, ingurune koloretsu horretan kokatuta. Aipatu kioskoko bi emakume langile izango ditu protagonista, belaunaldi ezberdinetakoak. Bata 65 urte ingurukoa, turismoaren gorakada ezagutu zuena, eta orain gainbehera datorrela ikusten duena. Bestea 25 urtekoa, ikasketak utzi eta lanean hasi dena. Zaharrak egungo mundua ulertzeko arazoak ditu, eta gaztea natibo digitala da. Kontraste hori izango da eleberriaren mamia, baina beste hainbat gai ere landuko ditu zeharka. Bi langileek gidatuko dute kontakizuna, lan txanden arabera. Orainaldian idatziko du, eta lantokiko oroitzapenen, pentsamenduen eta bizipenen arabera artikulatuko du aurrez azaldutako guztia. Horretarako, hizkuntzarekin jolas egiteko asmoa duela adierazi du, arauak haustera iritsi arte: “Errespetu falta konszienteak egingo ditut, hizketa bizi eta propio bat izateko. Gustoko dut testua lantzeko modu gordin hori”. Guzti horrek poesia lantzeko dituen moduetatik aldenduko duela dio. Poesia bide zuzentzat dauka, bere pentsamenduak ahalik eta argien eta zuzenen plazaratzeko baliabidetzat. Eleberriak bestelako ateak irekitzen dizkiola uste du, ordea: “Erritmoa eta ikuspegia ezberdinak dira, distantzia handiagoa hartu behar dut, eta istorioa bere osotasunean ikusi”. Esan bezala, poesian badu ibilbidea egina. Orain bi urte Aro beilegia liburua kaleratu zuen, eta Donostia Kultura III. poesia Lehiaketa irabazi. Aurten bertan, berriz, Gepardo Japoniarrak kaleratu du. Bestalde, iazko garaile Olatz Mitxelenak bere liburua aurkeztu du, eta Elkarrekin azken ukituak ematen ari da, argitaratze aldera. Arrakalak izenarekin aurkeztu zuen proiektua, baina Arrain hezur bat eztarrian izango du izenburutzat liburuak. Narrazioz osatutakoa izango da, Mitxelenaren esanetan formatu hori egiten baitzaio interesgarri. Batez ere, ipuinek sor dezaketen jolasa eta forma egiten zaiola erakargarri azaldu zuen iaz. Gizakiari eta norbanakoari sortzen zaizkion pitzadurak ditu mintzagai, kontraesanak eta barruko borrokak “krak egiten dugun puntu hori adierazi nahi dut” esan zuen. Kontraesan horiek bizitzaren parte direla azaldu zuen, eta horiei egin nahi diela lekua, bizitzako hainbat konturi buruz egiten ari den hausnarketan azaltzen direlako. Fantasiarako edo surrealismo puntu batera jotzeko joera ere baduela azaldu zuen, distantzia horrek errealitateaz hobeto mintzatzea laguntzen baitio. Martxo aldean izango dugu esku artean Arrain hezur bat eztarrian narrazio liburua.

Leire Artola Beasaingo alkatea, Lizar Begoña Madariaga eta Bianditz Iraola. JUANTXO UNANUA

This article is from: