1 minute read
2022ra begirada bat
Urte hasieran, Euskadiko Bazterketari eta Garapen Sozialari buruzko Txostenaren ondorioak aurkeztu genituen (2022ko FOESSA Txostena). Bertan adierazten genuenez, bazterkeria larriak gora egin zuen pandemiaren ostean, eta honako hauexek dira arazo sozial nagusiak: enplegua eta laneko ezegonkortasuna, etxebizitza, pobrezia larriaren gorakada eta baztertuta daudenek partaidetza sozial eta politikorako dituzten aukeren falta.
Gure ustez, haurrak eta gazteak dira egoera horien guztien eraginpean dauden giza talde nagusiak, funtsezkoak baitira txirotasunaren belaunaldi arteko igorpenean.
Bizitza garestiagoak eta krisi energetikoak are gehiago estutu dute familia horiek inguruan daukaten amarauna: kateatu egiten diren, harrapatu egiten dituzten, eta gero eta gehiago itotzen dituzten arazoen sarea, alegia.
Bi mailatako arazoak dira: mailetako bat agerikoa da, eta eskubideen aitortzarekin dauka zerikusia; esate baterako, enplegua, etxebizitza, diru-sarrerak, prestakuntza, eten digitala… Bestea, ordea, ikusezinagoa da, eta nekez islatu daiteke ohiko estatistiketan. Bakardade-sentipenak, laguntza-sarerik eza, itxaropenik eta bizizentzurik eza, familiaren zorpeketaren pisua, premiatasunpeko bizitza… ahultasun eta zaurgarritasun sozialean biziraundako urteen emaitza dira. Ezkutuagoa den maila horrek adierazten digu nolako eragina duen eskubideen aitortzaren faltak hori jasaten dutenen bizi-dinamismoetan.
Pertsonek jokoan jartzen dituzte bizirauteko orduan eskura dituzten estrategia guztiak. Besteak beste, honako hauexek dira nagusiak:
• Etxebizitza: etxebizitza partekatzea edo baldintza txarragoetan dagoen beste etxebizitza batera aldatzea, merkeagoa delako.
• Enplegua: oso enplegu ezegonkorrak onartzea.
• Kontsumoa: elikaduran eta energian eragina duten gastuak nabarmen murriztea.
• Zorpeketa, bai laguntza ekonomikoa eskatzen dutelako, bai ordainagiriak ordaintzerik ez dutelako, hornikuntzakoak eta etxebizitzakoak, batez ere.
Horiek guztiak bizirauteko estrategiak diren arren, haien egoerak hobera egin beharrean, txirotasunaren zein bazterkeriaren espiralean hondoratzen dira.
Bizkaiko pobreziari eta bazterketari buruzko ezagutza eta hausnarketa sortzen ditu Behatokiak, Caritasen emandako arretaren sistematizazioaren eta informazioaren azterketaren bidez. Ikuspegi hori osatzen du Euskadiko pobreziaren, desberdintasunaren eta gizarte-bazterketaren azterketa eta adierazle nagusien jarraipenarekin. Caritas Bizkaiaren esku-hartzea etengabe hobetzen laguntzen du, eta komunikazioari, sentsibilizazioari eta eragin sozial eta politikoari laguntzen die.