1 minute read

LA BASU

Next Article
PACHAMANA

PACHAMANA

Bilbon jaioa eta hezia, Elena Cabellero (“La Basu”) Euskal Herriko erreferente nagusia da emakumezko rapean. 20 urte baino gehiagoko ibilbidea du musikaren munduan, eta bere burua definitzeko musikazale hitza erabiltzen du. Honako genero hauek atsegin ditu: rapa, reggaea, soula, R&Ba, punka, rocka eta flamenkoa. Hip hoparen kultura 90eko hamarkadan ezagutu zuen eta hamarkada horren amaieran bere lehenengo emakumezko rap taldea osatu zuen: Jungla Urbana. Talde horrekin Euskal Herrian kontzertu batzuk eman zituen, eta garai hartan berezia zen emakumez osatutako rap talde bat ikustea. 2001ean, bere lehenengo maketa atera zuen: #k. Kasu honetan bakarka izan zen, eta une hartan hasi zen Euskal Herrian eta hortik kanpo talde garrantzitsuen hasierako kantari gonbidatua izaten. Osasun arazo batzuen ondorioz, 2002an eszenatokietatik aldendu zen eta 2012ra arte ez zen bueltatu, guztiz osatuta eta inoiz baino gogo gehiagorekin. 2013. urtearen amaieran, “Remixes” atera zuen, 2015eko martxoan merkaturatuko zuen “Aire es vida” diskoaren 3 abestiko aurrerapena. Indarrez betetako diskoa da, 10 abestiz osatua, eta horietako bat euskaraz dago. Jakinda oso emakume gutxik egiten dutela rapa, eta oraindik gutxiago euskaraz, 2016ko ekainean “Izotz Erregina” atera zuen, oso-osorik euskaraz, 2017an “Ni naiz izotz erregina” diskoa ateratzeko; emakumezko solista batek plazaratutako lehengo rap diskoa. Diskoa oso-osorik dago euskaraz, eta rapa, bertsoak, dancehall eta swinga nahasten dira. Aneguria, Fermin Muguruza, Enkore, María Rivero, Sara Hebe eta Natalia Garmenda bezalako artistekin batera lan egin du. Beti Dj Ibairen laguntzarekin, La Basuk indarrez eta doinuz betetako zuzenekoak emango ditu, eta ziur ez dutela inor axolagabe uzten. Bestalde, Eskina Femenina proiektuaren arduradunetako bat da, emakumeak hip hoparen kultura barruan laguntzen eta emakumezko artista guztien lanak sustatzen dituena. Idazketa tailerrak eta hitzaldiak eskaini eta jaialdiak antolatzen dituzte, erreferente berriak sortzeko.

Advertisement

This article is from: