1 minute read
Agurra
from Eibar Fiestas 2017
by editorialmic
Ekaina hilabete desberdina da, ekitaldiz eta festaz josia: ikasturte amaiera, erakusketa-garaia, jaialdiak Coliseoan, eta, gainera, San Juan jaiak, udako jai guztien abiapuntua.
Ekainaren 22an, guztiok dugu hitzordua Untzaga plazan, euskararen aldeko Guinness errekorra lortzeko. Ekainaren 23an ere, 13:00etan, eta urtero legez, Estaziño kalean batuko gara. Bertan emango diegu ongietorria Lizarrako dultzaineroei, eta herri honetako kalejirarik jendetsuena abiatuko dugu. Udal ordezkariez eta koadrilez gain, hainbat lagun izango ditugu gurekin: gimnasia erritmikoko taldekideak, hainbat txapelketa irabazi dituztenak denboraldi honetan; Ballet Eibarréseko kideak, Juanita Unzueta omentzeko asmoz etorriko direnak; Norica karabinen enpresa, haren ehungarren urteurrena dela-eta; eta Asociación Armera, haiek ere ospakizun handia dutelako, berrogeita hamargarren urteurrena.
Advertisement
Ondotxo ezagutzen dituzue jaietako ekintzak, eta oraingoan ere halakoak edukiko ditugu: dultzaineroei ematen zaien ongietorria, danborrada, soka-dantza Kezka taldearekin, su artifizialak… Baita bestelakoak ere; berbenak, kalejirak, kale-antzerkia eta kontzertuak hainbat talderen eskutik, bestak beste Gatibu, Tokyo Brass Style japoniarrak eta Lisker.
Aspaldiko partez, txistularien alardea edukiko dugu, Usartza txistularibandarekin; gainera, gure Musika Bandak erromeria-berbena emango du.
Kirolarekin eta kulturarekin lotutako hogeita hamarretik gora talde ibili dira jaietako programa prestatzen eta eskerrak eman nahi dizkiet zinegotzi guztien izenean eta nire izenean.
Amaitu aurretik, jakina, eibartar guztiei dei egin nahi dizuet, jaietan parte hartu eta goza dezazuen. Eta auzo herrietako lagunak ere gure jaietara gonbidatu nahi ditut.
Gora Eibar! Gora San Juan!