Topaketa feministak VI aurkezpena eus

Page 1

JOSTORRATZAK DANTZAN DITUGU ­ EUSKAL HERRIAREN BURUJABETZA FEMINISTARANTZ­ Emakume Abertzaleon VI. Topaketa Feministak abenduaren 13an Ondarrun

Euskal Herriko Bilgune Feminista sortu zenetik 12 urte igaro dira. Urte hauetan zehar, 2002.urtean definitu genuen plan estrategikoa ardatz izanik, egin dugu bidea. Baina Euskal Herria aldatu da, feminismoak aldatu dira, patriarkatuak forma berriak hartu ditu. Eta honen aurrean, gu, eta ordezkatzen dugun Euskal Feminismoak, gure helburua den Euskal Herriaren burujabetza feminista erdiesteko jarduna egokitzeko beharra sentitzen dugu. Helburua: Euskal Herrian burujabetza feminista bateranzko ibilbidearen edota trantsizioaren oinarriak zehazteko eztabaida ematea. Euskal Herriari ekarpena: Ariketa hau, Euskal Herrian burujabetza feminista bat eraiki nahi duten pertsona guztiekin konpartitu nahi da, borroka feminista norabidetzeko ariketa gisa. Feminismotik Euskal Herriaren aldaketa etorriko dela sinisten dutenekin adostua izango da. Nori zuzendua: Subjektu nagusia Euskal Herri feminista eraiki nahi duten emakumeak dira. Baina bide honetan, zuzeneko bidelagun izango ditugu eremu anitzetan lanean diharduten eta haien jarduera feminista eremu horietan garatzen jarraitu nahi duten feministak. Zergatik orain eztabaida hau? Egungo testuinguru ekonomiko, sozial eta politikoa egiturazko krisiak ezaugarritzen du. Kapitalismoaren, balioen, zaintzen krisia bizitzen ari gara Euskal Herrian zein mendebaldeko beste herrialdeetan ere. Troikaren gidaritzapean, Europako Batasuna eta Espainiako Gobernuaren erabakiz (Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak lagundurik) krisialditik ateratzeko neurri guztien oinarri gisa: austeritate neurriak ditugu. Abian jarritako neurri hauen bitartez, urteetan borrokaren bitartez irabazitako eskubideak galdu ditugu, bizitza duin bat izatea gero eta zailagoa izanik. Hala, krisi ekonomikoak eta neoliberalismoaren nagusitasunak eragin zuzena dute emakumeongan: egiturazko neurri murriztaile guztiek, emakumeen etxeratzea eta familia heteropatriarkala indartzea baitute helburu. Honenbestez, egoerari aurre egiteko orduan ere, politika feminista garatzeko moduetan kasu, eragin zuzena du testuinguru ekonomiko, sozial eta politikoak. Euskal Herriari begiratuz gero, ziklo politiko berri baten aurrean aurkitzen gara. Urte luzez jardun den estrategia soberanistan, bake bidean, aldaketak eman dira bestelako herri eredu baterantz urrats berriak emateko asmoz. Beraz, egoera honetan, jendarte eredu alternatibo bat eraikitzeko dauden aukerak eta oztopo berriak identifikatzea beharrezkoa dela deritzogu. Honez gain, feminismoen inguruko bilakaera teoriko esanguratsua eman da. Eztabaida bi gakoen baitan planteatu daiteke: batetik, jendartearen egiturazko aldaketa ekarriko duen estrategiaren zehaztapena. Bestetik, estrategia feministaren nolakotasuna errebisatzea eta norabide berria marraztea. Bilakaera teoriko eta aldaketen aurrean, Euskal Feminismoak, bere norabidea eta


jarduna definitu izan du, subjektuen inguruko eztabaidan adibidez. Baina erronka berrien aurrean aurkitzen gara, hau da, lortu nahi ditugun helburuak erdiesteko nola, nondik, norekin...ariko garen birdefinitzeari ekin nahi diogu. Estrategiaren nolakotasunaren inguruko eztabaida ugari daude feminismoetan, hauek Euskal Herriko testuingurura ekarri, eztabaidatu eta eguneratu nahi ditugu. Beraz, testuinguru berriak eskaintzen dizkigun aldagai guztiak kontuan hartuz, Plan Estrategiko honen azterketa, berritzea eta nolakotasuna eztabaidatzera goaz.

EZTABAIDAGAI IZANGO DITUGU...

Emakume Abertzaleon VI. Topaketa Feministak, aurretik eta ondoren abiatuko dugun hilabeteetako eztabaidaren, zein, aurretik eginiko lanaren jarraipena izango dira. Zehazki, IV eta V. Topaketa feministetako edukiarekin lotuko ditugu: subjektu feministen inguruko eta estrategia feministaren hausnarketekin. Logika honen baitan ulertzen eta sentitzen dugu hausnarketa hau. Honela, hiru helburu nagusi ditugu Jostorratzak dantzan ditugu! Euskal Herriaren burujabetza feministarantz! topaketekin: batetik, Euskal Herrian bizi dugun krisi sistemikoaren testuinguru honetan, patriarkatua hartzen ari den formen, irudien, adierazpideen, hein batean, eraginen inguruko azterketa edota identifikazioa egitea. Eta hauei aurre egiteko feminismotik ikusten ditugun aukerak eta zailtasunak konpartitzea. Bestetik, euskal feminismotik Euskal Herriak bizi duen ziklo politiko berriaren aurrean jendarte eredu alternatibo bat eraikitze bidean dauden aukera eta oztopo berriak identifikatzea; Euskal Herriko burujabetza feminista. Azkenik, etorkizuneko konpromiso eta akordio politiko berriak gauzatzeko, Euskal Herri feminista lortzea helburu dugun feministon sarea indartzea eta kohesionatzea. Beraz, Emakume Abertzaleon VI. Topaketa Feminista hauek, egin nahi dugun hausnarketaren inflexio puntua izango dira; euskal feminismoaren proposamen eta ibilbidearen gaurkotzea izango da, eredu sozial berri baten eraikuntzarako prozesuaren bide­orria, alegia. Honetarako bi ariketa konpartitu egingo ditugu Ondarrun abenduaren 13an: ­ Nola adierazten da heteropatriarkatua Euskal Herrian? Zein aldaera hartu ditu azken urte hauetan? Errealitatea dena izanik, zein gako identifikatzen ditugu eremu ideologikoan, politiko­ instituzionalean eta sozio­ekonomikoan Euskal Herriaren burujabetza feministaren bidean? Galdera hauek eta gehiagok osatuko dute egingo dugun hausnarketa­konpartituak. Sexu­genero gatazkaren aldaketa prozesuen argazkia egingo dugu, egoeraren gaineko diagnostikoa. Eta egungo egoeraren gako nagusiak ikusiz ahalbidetuko digu, aldaketa sozial eta ekonomikoa norabidetzeko gakoak zeintzuk diren identifikatzen. ­ Burujabetza feminista Euskal Herrian. Egin nahi dugun trantsizio feminista, aldaketa feminista, ezaugarrituko duten estrategia eta proposamen desberdinen ezagupena eta eztabaida egitea. Nola lortuko dugu esparru politikoan eragitea? Zein estrategia ditugu mahai gainean helburu nagusi hau lortzeko? Nolabait, jendarte eredu feministaren inguruan egindako egoeraren diagnostikoan urgentzia edo lehentasun feministak identifikatzea eta hau guztia kontutan izanda


Euskal Herrian burujabetza feminista bateranzko ibilbidean beharrezkoak ditugun estrategia eta proposamenen mahai gaineratzea.

Hontaz, jostorratzak elkarrekin josiz, sarea elkarrekin harilkatuz egin asmo dugu bidea. Bilgune Feministaren filosofiari atxikiz Emakume Abertzaleon VI. Topaketa Feministak sare feministaren bilgunea izango dira. Hamabi urte hauetan bidelagun izan zaituztegu eta aurrerantzean ere hala nahi zaituztegu, pixkanaka gehiago gara sare feminista josiz jarduten dugunak. Abenduaren 13an Ondarrun elkar ikusiko dugu, Jostorratzak dantzan ditugu! Euskal Herriaren burujabetza feministarantz Emakume Abertzaleon VI. Topaketa Feministetan.

Euskal Herrian, 2014ko azaroaren 5ean


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.