JARRERA KODEA ETA JARDUNBIDE ARDURATSUAK
ZUZENDARITZAREN GUTUNA
Jarrera Kode hau egin dugu elkar Taldearen xede eta balioetan oinarrituta, eta gure jarduera gidatzen duten printzipioz eta arauz osatua dago. Portaera gida bat da, gure enplegatuen eta profesionalen jokaera zehazten duena enpresaren jardueraren esparruan, bai laneko betekizunen aldetik eta bai gurekin lan egiten dutenenganako harremanen aldetik. elkar Taldeak maila handiko estandar etiko batzuen arabera jokatzeko duen konpromisoa erakusten du Jarrera Kode honek; estandar etiko horiek erabat errespetatzen dute indarrean den legedia, eta Taldearen gizarte erantzukizuna sustatzen dute. Guztiok dugu elkar Taldeak urtez urte eraiki duen marka eta legatua babesteko eta sustatzeko betebeharra. Horrek esan nahi du erabaki zuzenak hartu beharra dagoela. Horregatik, garrantzi handikoa da gutako bakoitzak ziurtatzea Jarrera Kodera eta elkar Taldearen Etikara atxikiriko enpresa garela. elkar Taldeko enplegatu guzti-guztiei aplikatu beharrekoa da kodea; berdin dio zein kargu edo postu duten; horrela, jardunbide etikoen estandar mailarik handienak dauzkagula ziurtatuko dugu. Har ezazu astia kodea aztertu, ezagutu, ulertu eta betetzeko, elkar-en printzipioekin eta balioekin fidela izanez. Kodean datorren politikaren bat hautsi dela baldin badakizu edo susmoa baduzu, haustura edo susmo hori berehala jakinarazi behar duzu. Zure eskura jarri dugu Kanal Etiko bat, Kodea urratu izanaren usterik baduzu hartaz informa dezazun. elkar Taldean pertsonak dira lehentasuna eta eginahal guztiak eskertu nahi genizkieke estandar etikorik handienekin konprometitutako enpresa gisa gure lekuari eusten saiatzeagatik. Jarrai dezagun eginahal horretan gure helburua betez, hau da, pertsonen arrakasta profesionala bizkortzeko aukera esanguratsuak sortuz, erakundeen lehiakortasuna hobetuz eta gizarte iraunkorragoak eraikiz.
ZUZENDARI GERENTEA Mikel Esnal Zalakain
DEFINIZIOA ETA HELBURUA “elkar Taldearen Jarrera Kodea eta Jardunbide Arduratsuak” (aurrerantzean Kodea) elkar Taldeak maila handiko estandar etiko batzuen arabera jokatzeko duen konpromiso gaurkotua eta eraberritua da; estandar etiko horiek erabat errespetatzen dute indarrean den legedia, eta korporazioaren gizarte erantzukizuna sustatzen dute. Ardura profesionalak betetzeko orduan elkar Taldeak (aurrerantzean “elkar”, “konpainia” edo “enpresa”) zaindu beharreko jardunbide irizpideak ezartzen ditu Kodeak. Alde horretatik, kodeak erakusten du elkar-ek nolako printzipioak eta balioak aintzat hartzen dituen bere interes taldeekin erlazionatzeko orduan (enplegatuak, bezeroak, kultura sortzaileak, hornitzaileak eta bere negozio eredua garatzen duen sozietateak). Kode honen helburua da elkar-ek eta haren enplegatu guztiek portaera profesionala, etikoa eta ardurazkoa izatea lantokietan beren jarduera gauzatzen dutenean. Alde horretatik, Kodeak: • elkar-en enpresa-kultura ezagutzea eta aplikatzea errazten du, zeina irmoki finkatua baitago giza eskubideen eta eskubide sozialen betekizunean eta enplegatu kolektibo guztia konpainian barneratzean, dibertsitatea errespetatuz. • Behar adinako arretaren printzipioa ezartzen du ezohiko jarrerak prebenitzeko, detektatzeko eta errotik kentzeko, edonondik datozela ere, eta hor sartzen dira, besteak beste, arriskuen analisia, erantzukizunak zehaztea, enplegatuen formakuntza eta, hala dagokionean, konpainiarekin zuzenean erlazionatuta dauden hirugarrenena, eta prozeduren formalizazioa, batez ere, ezohiko jarrerak jakinarazteko eta berehala ezabatzeko. • Aintzat hartzen du pertsona juridikoen erantzukizun printzipioa, ordenamendu juridikoan jasota dagoen moduan, eta aurrea hartzen die eta galarazi egiten ditu bere legezko ordezkarien, administrarien eta enplegatuen (edo konpainiaren agindupean dagoen beste edozein pertsonaren) artean konpainiaren erantzukizuna determina dezaketen portaerak.
JARDUN EREMUA Kodea aplikatu beharra dago elkar Taldea osatzen duten sozietate guztietan eta langile guztiei, berdin dio zein postutan edo zereginetan diharduten. Kodea, osorik edo partez, heda daiteke elkar-ekin erlazionatutako edozein pertsona fisiko eta/edo juridikotara, baldin eta hala komeni bada xedea betetzeko eta erlazio moduak posible egiten badu. Kodea arduradun eta ordezkari guztiei jakinaraziko zaie dagokion komunikazio kanaletatik, erlazio moduak hala eskatzen duen guztietan, eta jakinaraziek idatziz onetsi beharko dute hura betetzera konprometitzen direla. Era berean, enplegatuen lan kontratuetan espreski jasoko da betebehar gisa; alde horretatik, konpainiara sartzen direnean, kopia bat emango zaie.
GURE PRINTZIPIOAK Jarrera Kodea konpromiso etiko bat da, printzipio eta estandar oinarrizko batzuk dakartzana nola garatu elkar-en eta haren interes talde nagusien arteko erlazioa negozioaren jarduera garatzen ari direnean. Hauek dira kodearen printzipioak: • Pertsona fisiko eta juridiko guztiek, edozein dela ere elkar-ekin zuzenean edo zeharka duten erlazioa (lan arlokoa, ekonomikoa, soziala eta/edo enpresa arlokoa), bidezko tratu duin bat jasoko dute. • elkar-eko enplegatuen jokabideak bat egingo du Jarrera Kode eta Jardunbide Arduratsuen agiri honen izaerarekin. • elkar-en operazio guztiek ikuspegi etiko eta arduratsuak izango dituzte. • Indarrean den legedia bete beharko da. • elkar-en jarduera guztiek ingurumena errespetatuko dute; bioaniztasuna zaintzearen alde egin beharko dute, eta baliabide naturalak era iraunkorrean kudeatu.
GURE KONPROMISOA PERTSONEKIN
LANEKO SEGURTASUNA ETA OSASUNA Enpresaren lehentasunetako bat da laneko arriskuen prebentzioarekin eta lan-segurtasunarekin duen konpromisoa. Saiatzen gara mota guztietako istripuak eta gaixotasunak eragozten laneko segurtasun eta osasun politika baten bitartez, arauak zorrotz betez, etengabeko formakuntza emanez eta laneko arriskuei aurrea hartzeko kudeaketa eginez.
DATUEN BABESA elkar Taldeak bere langileen eta hirugarrenen pribatutasun pertsonala errespetatzen du. Konpromisoa hartzen du indarrean den legedia errespetatzeko eta datuen babesaren arloan dauden politikak eta barne arauak betetzeko.
BERDINTASUNA ETA BAZTERKETARIK EZ elkar Taldeak zigortu egingo ditu gehiegikeriak eta jardun baztertzaileak, faktorea edozein dela ere, adina, jatorria, kolorea, egoera zibila, desgaitasuna, nazionalitatea, arraza, pentsaera politikoa, sexua, orientazio sexuala, genero identitatea eta Legeak ezarritako beste edozein faktore. Horregatik, langile guztiek errespetuzko tratua jaso behar dute, eta elkar Taldeko partaide izateko posibilitatea eduki, bere gaitasunen eta konpetentzia indibidualen arabera.
LAN INGURUNEAN ERRESPETUA ETA JAZARPENIK EZ elkar Taldeak gaitzetsi egiten du edozein jazarpen agerraldi, agintarien abusu, eta beste edozein jarrera, baldin larderiazko lan ingurune bat edo ingurune oldarkor bat sorrarazten badute, lan ingurune atsegin eta seguru baten alde eginez. Alde horretatik, prebentziozko politikak ezartzeko eta edozein jazarpen modu ezabatzeko konpromisoarekin bat eginez, elkar Taldea Berdintasun Plan bat eratzen ari da, zeinak jardunbide protokolo bat izango baitu Jazarpen Sexualari eta Sexu Arrazoiagatiko Diskriminazioari aurrea hartzeko.
GURE KONPROMISOA ELKAR TALDEAREKIN
ELKAR-EN AKTIBOAK BABESTEA Enplegatuek inoiz ez dute parte hartu behar iruzurrezko ekintza batean eta beste jarrera desohoragarriren batean zeinetan inplikatuta dauden taldearen edo hirugarren baten ondasunak edo aktiboak edo finantza erregistroak eta kontabilitatea. Enpresaren aktibotzat jotzen dira bai ukigarriak diren horiek (hala nola eraikinak eta egoitzak, makinak, instalazioak, tresnak, informazio sistemak, ibilgailuak, izakinak...) eta bai ukiezinak direnak (izen komertzialak, marka, jabetza intelektuala edo jabetza industriala). Ondorioz, debekatuta dago horiek erabiltzea zabarkeria larriarekin eta/edo alkoholaren edo drogen eraginarekin eta, edonola ere, elkar-en izen ona eta ospea honda dezakeen edozein ekintza eta omisio. Hortik, zigor diziplinarioak etor litezke, bai eta zigor penalak ere.
BARNE ETA KANPO KOMUNIKAZIOA Portaera etikoen printzipioak eta gizarte konpromisoa partekatzen ditugu gure hornitzaileekin, azpikontratistekin, agenteekin eta kontsultoreekin. elkar Taldeak komunikazio politika gardena izango du bere enplegatuekin, partner-ekin, kolaboratzaileekin eta abarrekin. Inola ere ez du Taldearen kalterako izan daitekeen informaziorik zabalduko.
ISILPEKO INFORMAZIOA elkar-ek bezeroen, hornitzaileen, hirugarrenen eta abarren gaineko isilpeko informazioa du, eta enplegatu guztiek onartzen dute era arduratsuan, legezkoan, seguruan eta isilpekoan erabiltzea sarbidea duten enpresaren informazioa, zintzotasunez jokatuz eta betiere informazio osoa babestuz. Enplegatu, hornitzaile, kolaboratzaile eta enpresari loturiko pertsona guzti-guztiek, baita elkar-en lan egiteari uzten badiote ere, beren kontratuan harturiko konpromisoari eutsi behar diote, bai etika profesionalagatik eta bai indarrean diren legeengatik. elkar-ek errespetatzen du hirugarrenek antzeko interesak izatea beren isilpeko informazioa babesteko. Hirugarrenei dagokienez (besteak beste aliantza komertzial bateko bazkideek, hornitzaileek eta bezeroek), elkar-ekin isilpeko informazioa partekatzen badute, informazio horrek elkar-en isilpeko informazioak jasotzen duen arta bera jasoko du. Alde horretatik, enplegatuek aurreko enpleguetan jasotako isilpeko informazioa babestuko dute.
EROSKERIA ETA USTELKERIA elkar Taldeak ez du inola ere eroskeriarik, iruzurrik eta ustelkeriarik onartzen, eta hitz ematen du lege eta arau guztiak beteko dituela alor honetan eta bere jarduera betetzen duen edozein lekutan. Taldeak eroskeriaren aurkako protokolo bat landu du, eta hura irakurri, ulertu eta bete beharko dute enplegatu guztiek eta elkar-en izenean jarduerak egiten dituen edonork, batez ere komertzializazioan eta salerosketan jarduten direnek. Protokolo horretan argi azaltzen da debekatuta dagoela kontratuzkoak ez diren ordainketak egitea banatzaileei, aholkulariei, kontsultoreei, merkataritzaren alorreko kolaboratzaileei eta beste interes talde batzuei. Kontratuzko harremanek kontratatutako zerbitzuen eta produktuen ordainketan oinarritu behar dute esklusiboki, eta inola ere ez eroskeriatzat jo daitekeen beste modu batean. elkar-ek irmo debekatzen du opariak, zerbitzuak, deskontuak, bidaiak, entretenimendua eta beste edozein onura onartzea, baldin eta enpresaren erabakietan nahiz erabaki publikoetan eragina izan badezakete, edo enpresa batenak edo erakunde publiko batenak (eta agenteenak eta agintarienak) ez diren portaerak izatera bultzatzen badute. Sustapenerako produktuak entregatzea bakarrik dago baimendua; betiere balio sinbolikoa badute. Batek eroskeria edo ustelkeria dagoela susmatzen badu, Kanal Etikoaren bitartez salatu behar du.
INTERES GATAZKAK elkar Taldea osatzen duten langile guztiek Taldearentzat egiten dute lan. Hortaz, negozioari buruz hartzen diren erabaki guztiak interes komuna lehenetsiz hartuko dira, hau da, Enpresa. Zuzendaritzako kideek, enplegatuek eta langileek interes gatazka sor dezakeen edozein egoera saihestuko dute. elkar Taldeko kide edo kolaboratzaile orok hitz ematen du Zuzendaritzari jakinaraziko diola edozein finantza- edo familia-interes edo bestelako gorabehera baldin Taldearekin interes gatazkarik sortzen badu.
PRODUKTIBITATEA elkar Taldeak bikaintasun produktiboa bilatzen du; hortaz, erabilera arduratsua, eraginkorra eta iraunkorra eman behar zaie aktibo produktiboei eta baliabideei. Enpresaren politika saiatuko da austeritatea eta soiltasuna batzen.
KALITATEA Kalitateaz dugun kezka bera partekatzen duten merkataritza-hornitzaileak eta -kolaboratzaileak hautatzen saiatuko gara, izan daitezela etengabe hobetzearen aldekoak, berrikuntzaren eta garapenaren aldekoak, prestakuntzaren, talde lanaren eta hazkuntza arduratsuaren aldekoak.
GURE KONPROMISOA INTERES TALDEEKIN
ELKAR FUNDAZIOA elkar Taldea elkar Fundazioarena da. elkar Fundazioaren gogoa da kultura hedatzea gure gizartean, nola eta Kultur eta Sormen industria garatuz eta kalitatea, aniztasuna eta profesionaltasuna sustatuz; eta, gainera, ingurunean eta espezifikotasun kulturalean errotzea da haren asmoa. elkar Taldearen gobernu korporatibo ona zaintzen du, arduratsua, eraginkorra eta berdinzalea izan dadin eta aldi berean ekonomikoki iraunkorra eta sozialki errentagarria. elkar Taldeak leialtasun printzipioak errespetatu, eta gardena izan behar du Fundazioarekin. Fundazioak erabakiak hartuko ditu kontabilitate garbi eta egiantzeko batean oinarrituta, eskura dituen baliabideak modu zuhurrean eta errentagarrian erabilita. elkar Taldeak eta Fundazioak bat egiten dute Kode honetan datozen balioetan, printzipioetan eta jarrera etikoetan. Taldeak, “negoziokideak” hautatzeko orduan, bere balioekin eta konpromisoekin ondoena ezkontzen direnak hautatuko ditu arauak, legea eta jarrera etikoak betetzeaz denaz bezainbat, eta bi aldeek beti edukiko dute elkarrenganako justiziazko tratu zuzen bat.
KULTUR SORTZAILEAK elkar Taldeak justiziaz eta zintzotasunez tratatuko ditu kultur sortzaile guztiak, eta emandako informazioaren isilpekotasuna errespetatuko du. Taldeak informaziorako lege sarbidea bermatuko du, eta erabilera egokia emango dio. elkar Taldeak espero du kultur sortzaileek guztiz bat egingo dutela Jarrera Kode honetan ezarritako balio, portaera eta printzipio etikoekin eta, batez ere, eroskeriaren eta ustelkeriaren aurkako atalarekin.
GURE BEZEROAK Gure bezeroen atsegina lehentasunezkoa da elkar Taldean; alde horretatik, ahaleginak egiten ditugu kalitate oneko produktuak eta zerbitzuak eskaintzeko. elkar Taldeak justiziaz eta zintzotasunez tratatuko ditu kultur bezero guztiak, eta emandako informazioaren isilpekotasuna errespetatuko du. Enpresak informaziorako lege sarbidea bermatuko du, eta erabilera egokia emango dio. elkar Taldeak espero du bezeroek guztiz bat egingo dutela Jarrera Kode honetan ezarritako balio, portaera eta printzipio etikoekin eta, batez ere, eroskeria eta ustelkeria borrokatzeko atalarekin.
HORNITZAILEAK, AZPIKONTRATISTAK ETA ‘PARTNER’-AK elkar Taldeak, bere hornitzaile, azpikotratista eta partner-ak hautatzeko orduan, aintzat hartuko du berak bezala arauak betetzearen aldeko balioak eta konpromisoa izatea eta, horrekin batera, berearen antzeko jarrera etiko eta legalak izatea. elkar Taldeak espero du bere hornitzaileak eta azpikontratistak osotara atxikiko direla Kode honetan ezarritako balio, printzipio eta portaera etikoetara. Enpresak ez du merkataritza harremanik izango hornitzaileekin eta azpikontratistekin baldin eta legez kanpoko jardueretan badabiltza (besteak beste dirua zurituz eta zerga eta ingurumen arloko betebeharrak ez betez).
GURE KONPROMISOA GIZARTEAREKIN ETA INGURUMENAREKIN
elkar-en Gizarte Erantzukizun Korporatiboa (hau da, bere jarduerak gauzatzeko orduan eta bere interes talde guztien mesedetan gizartearekin eta ingurumenarekin duen konpromisoa) bere negozio ereduaren parte ezin bereizia da. elkar-ek hitz ematen du ingurumen inpaktua gutxituko duela bere produktuen bizi ziklo osoan azken kokaerara arte, eta neurriak hartuko dituela etapa guztietan (diseinua, banaketa, salmenta eta azken erabilera) inpaktua gutxitzeko eta konpentsatzeko. elkar-eko enplegatuek, beren jarduera gauzatzeko orduan, Enpresaren iraunkortasuna sustatuko dute gizarte eta ingurumen arloan, zertarako eta bere interes talde guztientzat balio arduratsua sorrarazteko.
KODEA BETETZEA ETA BATZORDEA Kode hau beteko dela bermatzeko, Arauen Betearazpen Batzordea bat dago (aurrerantzean, “Batzordea”) honela osatua: • Pertsonen Saileko zuzendaria • Administrazio arduraduna Arduradun Komertziala • Arauen Betearazpenen arduraduna Batzordea bere ekimenez jardun ahalko da edo elkar-eko edozein enplegatuk eta hornitzailek eskatuta, baita harreman zuzena edo bidezko interes komertziala edo profesionala duten hirugarrenek eskatuta ere, fede oneko salaketa bat jarrita. Tresna arautzaile bat izateko eta Batzordearen jardun eta funtzionamendu arau nagusiak finkatzeko, agiri bat sorrarazi dugu horren Estatutuekin, eta eskura egongo da edozein kontsulta egiteko. Alde horretatik, Kode honetan bermatuta egindako jakinarazpenak —dela arau hausteren bategatik eta dela haren interpretazioaren edo aplikazioaren gaineko kontsultaren bategatik— sozietateari helarazi ahal zaizkio bide hauetako edozein erabilita: • Posta arrunta helbide honetara: Portuetxe 88, 20018 Donostia, Arauen Betearazpen Batzordearen Arreta. • Mezu elektronikoa helbide honetara: alertakanala@elkar.eus edo canaldealerta@elkar.eus Batzordeak oinarrizko zeregin hauek ditu: • Kodea elkar-eko langile guztiei zabaltzea eta betetzen dela ikuskatzea. • Kodea aplikatzearekin edo ez aplikatzearekin zerikusia duten idatziak jasotzea. • Espedienteen izapidetza kontrolatzea eta ikuskatzea eta ebaztea. • Kodea aplikatzeko orduan sor litezkeen zalantzetan hura interpretatzea. • Kanal Etikoa ikuskatzea eta prozedura betetzen dela zaintzea. Testuinguru honetan sartzen da Diziplinazko Araubidea; horren arabera jarriko dira zigorrak baldin eta jarrera hausleren bat badago aplikagarri diren lege xedapenetan, elkar-en hitzarmenetan, Kodean eta elkar-ek delituak prebenitzeko eta detektatzeko ezartzen dituen barne prozeduretan eta arauetan. Arauak Betetzeko Batzordea behar diren bitartekoak jarriko ditu Kode hau betearazteko. Arauen Betearazpen Batzordearen erabakiek izaera loteslea izango dute elkar-entzat eta enplegatuentzat.
BALIABIDE ETA KONTAKTU GEHIGARRIAK JARRERA KODEAN ERREFERENTZIA EGITEN ZAIE ZENBAIT POLITIKARI, PROTOKOLORI ETA PLANI, HONAKO HAUEI ZEHAZKI: • elkar-en Berdintasun Plana • Jazarpen Sexualari eta Sexu Arrazoiagatiko Diskriminazioari aurrea hartzeko protokoloa • Lan Arriskuen Prebentziorako Plana Hizkuntza irizpideak • Kapital-zuritzeak eta terrorismo-finantzatzeak prebenitzeko eskuliburua • Datuak babesteko politika • elkar Taldearen Arauen Betearazpen Batzordearen estatutuak Diziplinazko araubidea elkar Taldearen Arauen Betearazpen Batzordea: alertakanala@elkar.eus edo canaldealerta@elkar.eus elkar Taldearen Pertsonen Saila: pertsonensaila@elkar.eus
Portuetxe 88, 20018 Donostia Tlf: 943 311 821 www.elkar.eus