Ezer ez janne teller

Page 1

Ezer ez JANNE TELLER

Literatur solasaldiak

Errenteriako Biblioteka

2017 / 01 / 16


Janne Teller Janne Teller 1964an jaio zen, Danimarkan. Nazio Batuetan lan egin zuen hainbat gatazkari konponbidea bilatzen (Tanzania, Mozambike, Bangladesh). 1995az gero, literaturari emana bizi da erabat. 2000. urtean Danimarkan Ezer ez argitaratu zenean, eztabaida ugari sortu zen hango gizartean, planteatzen dituen galdera moralak direla eta. Zer da garrantzitsua?, zeintzuk dira tolerantziaren mugak?, zein izan daiteke gure moral araubidea gizartean bizi ahal izateko? Debekuak adina sari jaso zituen lehen urteetan. Gaur egun nahitaezko irakurketa da hango eskoletan. Norvegian, Frantzian eta Alemanian ere antzeko bidea egin du. Taller-enak dira, besteak beste: Odinen irla, The trampling Cat eta Come.

http://www.alberdania.net/egilea_fitxa.php?id_ficha=485


Itzultzailea Juan Mari Mendizabal Donostia,1951 Ikasketez ekonomilaria izan arten, 30 urte daramatza itzultzaile eta interprete freelance moduan. Literaturari dagokionez, danierazko testuetan dago espezializatua, baina suedieratik eta ingelesetik ere itzultzen du. Espainierara edo euskarara itzulitako egileen artean Kierkegaard, Karen Blixen, Jane Teller, Oscar Wilde, Joseph Conrad, Saul Bellow daude.

http://www.pasazaite.com/translator/juanmari/


Ezer ez Hauxe ikasi berri du Pierre Anthonek: “Ezerk ez du garrantzirik, aspalditik dakit. Beraz, ez du merezi ezer egitea�. Eskola utzi eta aranondo batean gora igota oihuka hasten da ikasi duena aldarrikatzen. Bere lagunek erakutsi nahi diote bizitzan badirela gauza garrantzitsuak, eta beraientzat garrantzi handia duten gauzak pilatzen hasten dira zerrategi abandonatu batean. Garrantziaren bilaketa horretan, helduen miseriak, lotsariak eta inbidiak agertzen dira bata bestearen atzetik haurren ahoetan bada ere. Zerbait galtzen denean bakarrik konturatzen gara garrantzitsua zela guretzat. Baina beranduegi izan ohi da orduan. Gaur egungo fabula harrigarri bat da Ezer ez. Bertan gure gizartea da ispiluan bere burua erakusten duena. Bere lotsaizunak ageri dira modu beldurgarri batean. Eztiki eta ia xaloki idatzia dago, eta horrela azpimarratu egiten da erakusten duen tragedia. Gazteentzako eta helduentzako irakurketa nahitaezkoa.

https://www.amazon.es/Ezer-ez-Narrazioa-JanneTeller/dp/8498683653


Kritikak Gauza garrantzitsuak Javier Rojo / El Correo, 2012-09-29

Gure artera gutxitan heltzen dira Danimarkako literaturaren berriak. Horrexegatik interes bereziarekin irakurri dut Janne Teller-en liburu hau, Ezer ez izenburua duena. Ziur aski ez da izango daniarren literaturaren liburu adierazkorrena, baina behintzat balio dezake ikuspuntua pixka bat zabaltzeko. Lehenengo eta behin, esan behar da gazteei zuzendutako liburua ematen duela idazlan honek. Abiapuntuak surrealismo punttu bat du: ikasturtea hasten denean, ikasle batek (Pierre Anthon du izena) ezerk ez duela garrantzirik aldarrikatuta eskolatik alde egiten du eta zuhaitz batera igotzen da, handik bere aldarrikapenekin ikasbideak bere ideietara lerratu nahi dutelarik. Ikaskideen kezkatatik eta arduretatik aldendu nahi horretan pertsonaia hau munduko tentaldietatik ihesi zutabe batean bizi zen Simon Estilitaren parodiatzat-edo hartu dezakegu. Edonola ere, ez da bera pertsonaia nagusia, nobela korala baita Teller-ek idatzitakoa, neska den beste ikaskide baten ikuspuntutik kontatuta. Egoera honen aurrean ikaskideek Pierre Anthon konbentzitu nahi izango dute munduan badaudela gauza garrantzitsuak eta ikaskide horiek irrika batean hasiko dira beraientzat garrantzitsuak diren gauzen multzoa eraikitzen. Bilketa hori jolas moduan hasiko da, baina laster jolas zentzugabe hau krudelkeriara eramango dute gaztetxoek, multzo horretan pilatzen dituen gauzen izaera poliki-poliki aldatzen denean. Argumentuaren azalari erreparatzen badiogu, istorioa absurdo samarra suertatu daiteke, sadismorako joera daukaten hamahiru urte inguruko neska-mutil hauek bortizkeriatan amiltzen baitira zentzu handirik gabe. Nobelak dena dela beste maila bat du, eta uste dut beste maila horretan duela liburuak bere zentzu osoa. Izan ere, liburu honekin parabola baten aurrean gaude. Argumentua gaztetxo batzuek protagonizatzen duten arren, zeharka helduen mundua dago ikusmiran. Parabola izateak ematen dio zentzua istorioari eta izaera honek eleberriaren argumentua bideratzen du, gertakarien berezko logikak baino gehiago.


Eta honekin batera beste ezaugarri bat ere kontuan hartu behar dugu: bukaera hurbiltzen denean, ematen du idazlea kontzientea dela pertsonaien krudelkeria onargarriaren muga zeharkatzear dagoela eta, beraz, jokatzen du txantxa bat izango balitz bezala, umore beltzeko txantxa bat.

http://kritikak.armiarma.eus/?p=5552

---Ezerk ere ez du axola Karlos del Olmo / eizie.org, 2012-09-17

“Ezerk ez du garrantzirik, aspalditik dakit. Beraz, ez du merezi ezer egitea; hori ikasi berria naiz� erronka jotzen die gaztetxo batek ikaskideei, eta fabula filosofiko moduko honetako gainerako protagonistak gogoz ahaleginduko dira, nor bere alorretik, bizitzak merezi duela erakusten, hartarako sakrifizio handiak egin beharrean badaude ere. Urte batzuen bueltan, irakurleek eta adituek eurek erakutsiko dute idazlan hau ondo sailkatuta dagoen ala ez gazte literaturatzat, uste eta espero baino balio handiago eta sakonagoak dituenez gero. Janne Teller idazkuntzara heldu zen Nazio Batuetan hainbat aldetako gizarte gatazkak ebazten lan egin ostean; eta, horrexek, aldez edo moldez, argiro azaltzen du zergatik oratzen dien, idaztean, gazteen bizi itaun muntadunei, guztiak bakar batera bildu badaitezke ere: zertarako da gizakiaren bizitza? Bestela esanda, zerk du, benebenetan, garrantzia? Kezka eta galdera unibertsal horietako batzuk modu errazean aurkezten ditu Jannek, gaztetxoen egunean eguneko bizitzako gainerako gertakarien antzera; emaitzak, ordea, oso munta handia lortzen du, eleberria ahantzezin bihurtu arte. Egungo gizartean gazteei sinetsarazi nahi diegu zoriontsu izateko ezinbestekoak direla ospea, dirua, glamoura eta arrakasta,


arrakasta lortzen duten bakanek ere, sarritan, amildegi hutsa besterik ez badute topatzen aurkez. Gazteak gero eta behartuago egoten dira lehiatzera, “izar� bihurtzera, ospetsu horietako bakoitzak harroinean tropel handi bat galtzaile baino ez duen arren. Hala, gaur egun populazioaren ehuneko handi bat oinarri psikologikoa duten trastornoen mendean dago, eta gazte ez gutxi gero eta hurbilago fanatismo itsutik. Danimarkan, liburuaren gaiagatik, irakasle batzuek uko egin zioten eleberria ikasgeletan erabiltzeari, irakurle nerabe eta gaztetxoei depresioa eta suizidatzeko gogoa eragin zizkielakoan. Denborak, ordea, ederto erakutsi du txarren dauden irakurle gazteek liburuaren orrialdeetan bizi kezken gainean gogoeta egiteko aukera paregabea izan ohi dutela. Liburua zentsuratu egin dute, baina ideiengatik, batez ere, ez darabilen hizkeragatik, eta horrek beste ezerk baino argiago erakutsi du egungo gizarte europarrean dena ez doala behar bezala ezinezko gertatzen bada bizialdiren gaineko uste zabalduak zalantzan jartzea, 14 urteko batek kolokan jartzen badizkie ingurukoei onaren, gaitzaren, diruaren, erlijioaren, ospearen, boterearen, familiaren eta enparauen gaineko uste errotuak. Giza gatazka gehienak globalak dira, tokian-tokian eta garaiangaraian oso bestela mamitu daitezkeen arren, ezaugarri historiko, geografiko edo kulturalen arabera. Herri bakoitzak bere modura erantzuten die kezka unibertsalei, eta bere erara antolatzen ebazpideak. Egilearen arabera, egiak besterik ezin ditu herriak eta gizakiak aske egin egoera gatazkatsuetan. Literaturak, berez, ezin ei du ezer aldatu, baina itaun nahiz gogoetagai egokiak plazaratzen baditu, kezkadunak eurak arduratuko dira ekintza bihurtzeaz. Inork ez zuen liburua argitaratu nahi izan, hasieran; hamar urteren bueltan, ordea, eleberriak ospe handia eta zenbait sari inguratu ditu, gurera ere heldu dela, azkenik. Hala, Juan Mari Mendizabalaren itzulpenari esker, erraz eta atseginez irakurriko dute euskal gazteek eleberri ahantzezin hau; izan ere, “garrantziarekin ez dago txantxetan aritzetik�.

http://kritikak.armiarma.eus/?p=5558


Janne Teller Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean Teller, Janne (1964-)

La isla de Odín / Janne Teller; traducción Carmen Freixanet

2008

Teller, Janne (1964-)

Nada / Janne Teller; traduccion del danés por Carmen Freixanet

2011

Teller, Janne (1964-)

Ezer ez / Janne Teller ; itzultzailea Juan Mari Mendizabal

2012

Teller, Janne (1964-)

Ven / Janne Teller; traducción del danés por Carmen Freixanet

2012

Teller, Janne (1964-)

Guerra :¿Y si te pasara a ti? / Janne Teller ; traducción del danés por Carmen Freixanet

2016

Estekak http://www.alberdania.net/liburua_fitxa.php? lng=ca&id_libro=640 http://www.janneteller.dk/?Espa%C3%B1ol http://ekarriak.armiarma.eus/?i=1062


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.