33 EZKIL Miren Gorrotxategi
Literatur Solasaldiak
Errenteriako Biblioteka 2018 / 02 / 12
Miren Gorrotxategi
Miren Gorrotxategi Azkune (Azpeitia, Gipuzkoa, 1981) Gipuzkoar idazlea da. Itzulpengintzan lizentziaduna eta turismoan diplomaduna, Euskara irakaslea da Bigarren Hezkuntzan 2016ko urriaren 5ean 33 ezkil eleberria argitaratu zuen, 2015ean lan horrekin Agustin Zubikarai Saria lortu eta gero.
https://eu.wikipedia.org/wiki/Miren_Gorrotxategi
33 ezkil Garizmendi baserriko Ferminek, aitzurrean ari dela, burezur bat topatu du lurperatuta; lasterka deituko dio kalean bizi den Nestor semeari, baita honek Berta andregai ohi arkeologoari ere; hilotz hori ateratzera doazenean baina, desagertua da eskeletoa. Hortik aurrera, berriz, hildako gehiago, eta misterioa gero eta ilunago. Hildako zahar eta berriak, anaien arteko gorrotoak, belaunaldien arteko arrakalak, bikote barruko konpondu ezinak, droga, jokoa‌ Osagai horiek eta topatuko dituzu Augustin Zubikarai saria irabazitako eleberri beltz honetan, baita idazle berri bat ere, elkarrizketa nahiz flashback-etan bikain moldatzen dena, zer eta noiz kontatu ongi dosifikatuz, prosa arin bezain dotore batez. https://www.elkarargitaletxea.eus/default.cfm? atala=artikulua_ikusi&hizkuntza=1&id_produktua=G81.01346
Kritikak 33 ezkil (Alaitz Andreu Eizagirre / Aizu!, 2017-05)
Ezkilak. Hogeita hamahiru ezkila danbadaka, herria esnatzen. Hezurrak. Lurperatutako burezur bat jo du aitzurrak, tok. Sekretuak. Ezin da horiei buruz hitz egin. Ezinikusiak. Familia eratzen duten familia-kontuak. Herria. Baserria ez da herria. Baserria. Herria ez da baserria. Miren Gorrotxategiren lehenengo eleberria dugu 33 ezkil nobela beltza, Agustin Zubikarai saria irabazi ondoren idatzi duena. Nestor du protagonista; haren aitak burezur bat aurkitu du aitzurrean ari zela, eta Berta bikotekide ohiari deitu dio, arkeologoa baita, haren iritzia jakiteko. Gutxira, eskeletoa desagertu egingo da, eta hildako gehiago egongo da gero, baita hezur misteriotsu gehiago ere. Nobela beltzak behar duen moduan, bi inspektore egongo dira ingurumarian, Nestorren familiari laguntzen, edo haren atzetik. Informazioa tantaka ematen digu Gorrotxategik, puzzlea osatzeko piezak han-hemen, flashback bidez zenbaitetan, osotasuneranzko bidean. Idazkera soil eta zuzenekoa topatuko du irakurleak, baina ez horregatik landu gabea. Ederra, misterioa atsegin dutenentzat. http://kritikak.armiarma.eus/?p=7187
Elkarrizketa Miren: "Balore tradizionalen galera kontatu nahi izan dut"
Agustin Zubikarai saria irabazita kaleratu du azpeitiarrak ‘33 ezkil’ bere lehen nobela, baserri giroko misteriozko istorioa dakarrena (Julene LarraĂąaga, 2016-12-20)
Baserrian girotutako eleberri beltza da 33 ezkil (Elkar), Miren Gorrotxategiren estreinako eleberria. Lehen orrialdetik liburuaren hondarreraino, irakurlea kateatuko duen misterioa gordetzen du istorioak. Baina bestelako azpi-gai eta gogoetak ere badira thriller generoko nobela honetan: baserri munduak jasan duen aldaketa, belaunaldi ezberdinen arteko talka eta bikote harremanen gorabeherak, kasu. Familiako kide bati gertaturiko pasarte bat izan duzu oinarrian eleberria abiatzeko. Zein izan zen gertakari hori? Duela hogei urte, baserriko osabak burezur bat topatu zuen aitzurrean ari zela, eta Aranzadikoek Erdi Aroko gizon baten hezurdura atera zuten hobitik. Gertakari hura berreskuratuz idatzi nituen proiektu honen lehen orriak, eta hazten joan da, eleberri bihurtu arte. Pasadizo horrek nobela beltzaren traza guztiak dituen istorio bati ematen dio bide. Nobela beltz zalea zara? Egia esan, ez dut genero kuttunik. Misterio nobela idatzi dut irakurleak paper aktiboa har zezan nahi nuelako, misterioaren teoria propioak eraikitzen joan zedin, eta, aldi berean, irakurketak harrapa zezan. Horixe da, izan ere, nobela beltzetik gehien gustatzen zaidana. Atal laburrak ditu eleberriak, oso laburrak, zenbait kasutan. Zer lortzeko? Erritmo bizkorra gustatzen zait misterio nobeletan, eta kapitulu laburrak idatzi ditut, elkarrizketaz beteak. Ez nuen erritmoa moteldu nahi deskribapen luzeak edo zeharkontaketak sartuz. Irakurtzeko antsia hori sortu nahi nion irakurleari. Baserrian kokatu duzu istorioa. Zergatik testuinguru hori? Neu kalekumea naizen arren, geneetan daramat baserritar-kutsu hori, gurasoak baserrikoak baitira. Umetako oroitzapenak ere baserriari oso lotuta ditut. Nobela beltza idatzi nahi nuen, baina hemengo ezaugarriekin, zenbait irakurleri oso mundu arrotza egingo zaion arren.
Ematen du misterioa aitzakia bat baino ez dela irakurlea harrapatzeko, baina oinarrian bestelako gogoetak plazaratu nahi izan dituzula, bai baserri munduaren inguruan, baina, batez ere, giza harremanen inguruan. Baserrian gertatu den aldaketaz gain, giza harremanak ere agertzen dira: familia barruko gorroto eta ezinikusiak, bikotekideen arteko inkomunikazioa‌ Bestalde, badaude norbere mamuekin borrokan ari diren pertsonaiak ere, eta suizidioari, erruduntasunari edo adikzioei eginiko erreferentzia asko daude nobelan. Atzera eta aurrera jauziak ematen dira eleberrian, eta orainaldia eta lehenaldia nahasten etengabe. Zergatik egitura hori? Jauzien bitartez, kontakizunean etenak sortu nahi nituen, tentsioari eusteko. Horrez gain, iraganean murgildu naiz pertsonaien izaeran sakontzeko. Baina, azken batean, kontakizun bakar baten piezak baino ez dira. Jauzi horiek erakusten dute baserri munduan eman den aldaketa, hainbat mendetan mantendu izan den eredu hori galtzen doala. Hori ere islatu nahi zenuen? Bai, noski. Agertzen den baserri-giroa ez da idilikoa, baina kontatu nahi nuen pentsamoldeen aldaketa eta egundaino iraun duten balore tradizionalen galera. Horrek haize berriak ekarri ditu baserri-zokoetara, baina aldaketak ez dira debalde, pentsamolde zurrun horiekin batera, gure kultur ondare materiagabearen zati bat ere galdu baita. Emakumeek pisu handia dute eleberrian. Bai, baserria gizonen mundua izan den arren, emakumeek ere izan dute beren pisua. Gerra zibilaren ondorioz, esaterako, emakume askok bakar-bakarrik atera behar izan zuten aurrera baserria. Eleberriko testuingurua beste bat den arren, bizitzako egoera zailetan emakumeak aurrera egiteko daukan indarra ageri da. Esaten da, nobela beltzetan, egileak nahiko argi izaten duela istorioa nondik bideratu, non eta nola bukatu. Zure kasuan horrela izan da? Jarraitu beharreko egitura garbi nuen hasieratik, baina ez kontakizun-ildo guztien nondik norakoak. Hazten joan den proiektua izan da: aurrera egin ahala, bide berriak esploratzen joan naiz, eta misterioaren toles guztiak ez ezagutzeak emozioa jarri dio idazte-prozesuari. Eskemak jarraitu ditudan arren, horiek etengabe aldatzeko lizentzia hartu dut, eta horrek prozesuaz asko gozatzeko eta ikasteko aukera eman dit.
Urtebete izan duzu eleberria idazteko. Epe bat markatuta izateak kalte edo mesede egin dizu? Irakasle-lana, oposizioen prestaketa eta nobelaren idazketa uztartu behar izan ditut urte honetan. Zenbait gauza albora utzi behar izan ditudan arren, emaitza ikusita, ez naiz damutzen. Gainera, lan-karga horren aurrean, ihesbide ere izan dut idaztea. Azken batean, epe jakin bat izateak diziplinatuago izatera behartu nau. Aspalditik idazten duzu, baina hauxe da zure lehen eleberria, Zubikarai Sariaren bidez kaleratu duzuna. Ze neurritan lagundu dizu saria lortu izanak? Neure lanean sinesteko balio izateaz gain, nituen ideiak gauzatzeko txinparta izan da saria. Literatur bidean lehen urratsak emateko ia ezinbesteko suertatu zait, ez baita erraza idazle berriontzat literatur munduan abiapuntua aurkitzea eta geure txokoa topatzea. Gainera, lana harrera ona izaten ari da, eta horrek aurrera egiteko gogoa pizten du. Gaztetan Urruzuno saria irabazitakoa zara, poesia alorrean. Ze genero duzu gustukoen idazteko? Eta irakurtzeko? Denetik irakurtzen dut, genero eta hizkuntza desberdinetako liburuz beteta izaten dut mesanotxea. Orain arte neuretzat idatzi dut, normalean, barruak askatzeko, narrazioa, poesia nahiz bertsoak; edota oroimenean dudan gertakariren bat papereratzeko, 33 ezkil nobelaren abiapuntua izan den bezala. http://www.deia.com/2016/12/20/ortzadar/balore-tradizionalen-galera-kontatu-nahiizan-dut
Estekak https://postdata.elkar.eus/miren-gorrotxategik-irabazi-du-agustin-zubikarai-saria/ http://uberan.eus/?kaia/item/komunitatea https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gara/editions/2016-1101/hemeroteca_articles/baserri-giroko-thriller-a-eraiki-du-miren-gorrotxategik-33ezkil-bere-lehen-eleberrian https://www.elkarargitaletxea.eus/default.cfm? atala=artikulua_ikusi&hizkuntza=1&id_produktua=G81.01346 http://kritikak.armiarma.eus/?p=7187 http://www.deia.com/2016/12/20/ortzadar/balore-tradizionalen-galera-kontatu-nahiizan-dut