IZENIK GABEKO LURRAK Urt Zubiaurre
Literatur Solasaldiak
Errenteriako Biblioteka 2017 / 11 / 13
Urt Zubiaurre Otamendi Urt Zubiaurre Otamendi Andoainen jaio zen 1979an. Donostian filosofia ikasi zuen eta Gasteizen historia. Hainbat ipuin lehiaketa irabazi ditu. http://www.nontzeberri.com/Albiste6.aspx? a=10287
Izenik gabeko lurrak Izenik gabeko lurrek, lepoek, basoek eta hiriek badute izenik. Mendiko mapetan agertzen dira izenok, historia liburuetan, baita errealitatearen eta fantasiaren arteko eremu lausoan ere. Beraz, irakurle, lasai ekin diezaiokezu lurralde horietara doan kaminoari, bidean barrena hainbat gizaki, otso eta bele igaro baita dagoeneko. Aitzindariak, heretikoak, soldaduak, igarleak eta espioiak dabiltza hara eta hona. Denak izango dituzu lagun geografia berezi hauetan. Eurek erakutsiko dizute, besteak beste, urrearen bailaran eta desertu gorrian amaitzen den bidea. Baina ez iezaiezu galdetu nola egin behar den atzera itzultzeko. Begietan antzematen baitzaie jakin nahi ez zenuen egia, alajaina, buelta hartzeko unean bertan lainotzen direla lekuen izenak. http://www.erein.eus/libro/izenik-gabeko-lurrak
Kritikak Difuminazioak (Ibon EgaĂąa / Deia, 2016-10-01)
Estreinako ipuin liburua plazaratu du Urt Zubiaurrek Izenik gabeko lurrak izenburupean. Idatzi, baina, joandako hamar urteetan zehar idatzi ditu 18 ipuin hauek, eta haietako hainbat han-hemenkako lehiaketatan saritu dituzte. Ipuinaren ikuspegi propioa dakar berarekin Zubiaurreren lehen obrak, euskarazko narraziogintzan hain ibiliak ez diren bideetan barneratu baita kontakizun hauekin. Agerikoenetik hasita, garai historiko eta leku desberdinetan kokatuak dira ipuinak: XIX. mendeko Londres, XVIII. mendeko Hannover, II. Mundu Gerra osteko Alemania, baina baita Otzaurte edo Baztan, edo gaur eguneko edozein eskolatako patioa ere. Ezinbestean, garai historikoak bezala, ipuinen kezka eta gai nagusiak ere desberdinak dira: adiskidetasuna, denboraren joana, heriotza, fedea edo errua, eman dezagun. Aniztasun horren hondoan badira, baina, hainbat ezaugarri ipuinon atzean egile bera dagoela aditzera ematen digutenak. Ipuinetako asko bi pertsonaia batzuetan antagoniko, besteetan urrunekoren arteko enkontrutik sortzen dira: polizia-komisarioa eta sorgin-igarlea, mutikoa eta agurea, Heidegger eta bere bizilaguna‌ Pertsonaiak sarritan beren bizilekutik, habitat ohikotik kanpo daude, gainera, eta leku arrotzean suertatutako enkontruak zabaltzen dio bidea ipuinari, ezohiko gertakizunari. Pertsonaiak aurrez aurre jartzearekin, bi mundu ere jartzen dira parez pare andoaindarraren testuetan (tradizioa eta gaurkotasuna, arrazoia eta sineskeria, ametsa eta zientzia); eta irudi luke horretan zerikusirik baduela egilearen formazio filosofikoak, ematen baitu solasaldi filosofikoaren planteamendu dialogikoa narrazioaren formatura ekartzen dela hainbat ipuinetan. Horrek aukera ematen dio, gainera, hainbat ideiaren inguruko ikuspegi antagonikoak ipuinetara biltzeko. Bestetik, errealitatearen eta fantasiaren arteko mugekin jolas egiten du Zubiaurrek ipuin gehienetan. Bestela esanda, planteamendu errealista dute ipuin gehienek, baina kontakizunaren amaiera aldera errealitatea difuminatzen hasten da, lanbrotzen, desegiten, eta ezaguna uste zuen mundua arrotz bihurtzen zaio irakurleari, eta ezinbestean hasi behar du bere buruari galdezka, zer non hasi eta amaitzen den, sarritan amaierak ipuina goitik behera astintzen baitu. Indartsuak dira
amaiera horietako batzuk, eta sorpresa baino gehiago bilatzen dute irakurleari ziurtasunak kolokan jartzea. Haatik, niri neuri erori egin zaizkit, amaiera difuminatu horietara iritsi ahala, ipuin batzuk, eta inpresioa izan dut eskertuko luketela planteamentu narratibo interesgarri horiek bestelako garapen bat. Orobat, jolasaren eta fantasiaren esparruan barnerago sartzen da Zubiaurre ipuin laburrenetan, baina nago emaitza interesgarriagoak lortzen dituela mundu narratiboek garapen sakonagoa dutenean. Gorabeherak gorabehera, ipuina eta literatura ulertzeko modu propio bat eskaintzen du Zubiaurrek lehen liburuan eta merezi du proposatzen dizkigun paraje, gai eta pertsonaia ez hain maiztuetan barna abiatzea, galtzeko arrisku eta guzti. http://kritikak.armiarma.eus/?p=7011
Estekak http://uberan.eus/?gatzetan-gordeak/elkarrizketak/item/urtzubiaurreri-elkarrizketa http://zubitegia.armiarma.eus/?i=944 http://www.111akademia.eus/liburuak/idazleak/urtzubiaurre/2016/05/18/izenik-gabeko-lurrak/