POST-IT BIZITZAK IOLANDA ZUテ選GA
Literatur Solasaldiak Errenteria, 2015 / 10 / 19
http://liburutegiak.blog.euskadi.net/errenterialiburutegia/
Iolanda Zuñiga (Vigo, 1975)
Baby boomaren indar zentrifugoek bulkaturik jaio zen. Madonna blond ambitionek Balaídos-en abestu zuen urtean, etorkizunean zer izango zen ebatzi zuen: pop izarra. Musika Hezkuntzako diploma baino ez zuen lortu. Besteren nahiak ase ez zituenez, bi lizentziatura eskatzen baitzizkioten, familiak senipartetik kendu zuen, eta gizarteak sailkatu egin zuen: «galtzailea». Ogibidez, dendari, argazkilari, musikari, aktore, zerbitzari.... izan da. Guztietan plantak egiten zituen. Onikofagia dauka. Scooter bat, bi endodontzia, hiru txakur eta zenbait trauma. Atsegin zaizkio abiadura, herdoila eta X zinema. Harentzat, literatura da «larrialdiko azken aukera, medikuak agindutako metodo lasaigarriak agortzen direnean: diazepama, onanismoa, kick boxinga eta olio esentzialetan murgiltzeko bainuak». Post-it bizitzak (Xerais, 2007) liburuarekin sartu zen aurrenik Galiziako
literaturaren star systemaren minifundioa. Gizatxar batenganako obsesioa sendatzeko prozesuan, Amor amén (Xerais, 2008) olerki-liburua idatzi zuen. Haatik, haren maitale bakarra Periferia izan da, eta Eleberrirako Xerais Saria eman zion 2010ean.
Bibliografia Vidas Postit, 2007 Amor amén, 2008 Periferia, 2010
Itzultzaileari buruz Iñigo Roque Eguzkitza (Portugalete, 1976) Euskal Filologia ikasi, eta itzulpengintzako graduondokoa egin zuen. EHUko Euskara Zerbitzuan dihardu zuzentzaile-lanetan. Artikuluak idatzi ditu hainbat agerkarirentzat, eta zenbait literatura-lan euskaratu, besteak beste, Fernando Pessoa-ren Poemak pluralean antologia (Denonartean, 2012) eta António Lobo Antunes-en Gauzen ordena naturala (Literatura Unibertsala, 2013).
Post-it bizitzak Liburu honetako bizitza puskak arruntak
dira, gutxietsiak, iragankorrak, trukagarriak.
Baina, halaber, egiazkoak. Egiazkoak, batik
bat, bizitza horietako protagonistek badutelako engainuaren berri, jabetuta daudelako karta
txarrak tokatu zaizkiela partidarako; are, aldez aurretik markatuta zeudela. Baina, hala eta guztiz, jokatzea erabakitzen dute, amarruz batzuetan, fede onaren amarruaz
bestetzuetan, desiraren eta abandonuaren, maitasunaren eta etsiaren, bestearen eta bakardadearen, egiaren eta gezurraren arteko muga
lausoetan ia beti. Auskalo, zuk edo nik bezala. Urrutirakoa da bidaia: geure ertzetarakoa. http://www.pasazaite.com/product/post/
Kritikak Puskak biziz Iraitz Urkulo / Berria, 2014-09-14
Literatura galegoa da fikzioaren eskutik munduan zehar ibiltzera gonbidatzen gaituen Pasazaite argitaletxearen azken geralekua. I単igo Roque Eguzkitza itzultzaile finari zor diogu Iolanda Zu単iga idazle
errekonozituak 2007an kaleratutako ipuin laburren bilduma euskaraz irakurri ahal izatea.
Liburuko hamaika protagonistak beren baitako miserietan
hondoratuta daude, batez ere porrot sentimentalek jota. Gabezia, galera eta sekula lortu ezingo duten horri iltzaturik bizi dira. Beren gogoeten bidez, bizitza puskatuak irudikatzen dituzte, batzuetan
haserre eta besteetan axolagabe jasaten dituzten egoera bidegabeen berri emanez, irakurleokin bizitzaz duten ikuspegi originala
partekatzearekin batera. Jarrera sumindua antzematen zaie eguneroko gertakari txikien aurrean.
Erresumin hori kontakizunari ere kutsatzen zaio, antza, diskurtsoa
osatzen duten hausnarketek irakurleon begietara jaurtiak izateko idatziak dirudite eta. Aldi berean, unean uneko narratzaileak
deskribapen adierazgarrien eremuan murgiltzen gaitu, non tonu iradokitzaileak emozioei deiadar egiten dien. Samurtasunik eta
edertasunik gabeko hizkera darabil, bilatutako espontaneotasun baten isla. Narrazioari amorruz eta bortizkeriaz heltzen dio, orain ironiaz,
orain sarkasmoz. Gupidagabeki. Ez dago zuzenkeriarik haren hitzetan; kontzeptu zaharkitua eta jadanik zentzuz hustua ez balitz, autorea transgresioaz baliatzen dela esango nuke. Testuak pausa gutxi ditu, tentsioak uneoro goiari eusten diola. Esaldi luze xamarrak maiz korapilatsuak suerta daitezke, bakoitzak hainbeste kontzeptu biltzen eta adierazi nahi ditu. Diskurtso iluna
izatera iritsi gabe ere, hitz gutxitan ideia asko pilatzeko joera erakusten duen neurrian, dentsoa bada. Tarteka trinkotasun hori hautsiko lukeen arnasguneren bat eskertzekoa litzateke. Ipuinen laburtasuna kontuan hartuta, bilakaera handirik ez dute; aldiz, bi estrategia txandakatzen dira: istorio batzuek abiapuntu edo
planteamendu original bat eskaintzen duten bitartean, beste zenbaiten kasuan irakurleok ezustekoa hartuko dugu amaieran. Idurre
Eskisabelen hitzaurreaz gain, liburuak 45 ipuinetik gora ditu baina, halere, bilduma bati dagokion batasuna erakusten du. Pertsonaia
galtzaileak, eguneroko gaien inguruko hausnarketak, era guztietako porrot sentimenduak, amorruzko tonua, diskurtso desordenatua‌
alderdi horiek guztiak obran zehar behin eta berriro errepikatuko dira. Idazleak, bestalde, ipuinei musika-mugimendu klasiko jakin bat
adierazten duen izenburu bana ezarri die, italieraz, horien bitartez jolas moduko bat abiaraziz, non istorio bakoitzaren intentsitatea eta erritmoa izenburuak adierazitakoarekin bat datozen. Halere, bilduma bat izanik tentazioa handia izan arren, ez da komeni ipuintxoak bata bestearen
atzetik irakurtzea. Irakurketa jarraituak ipuinek banaka eragiten duten tentsio-efektua zapuzten duelakoan nago; lana apurka-apurka
dastatzearen esperientzia lausotzen duen heinean, monotoniasentsazio faltsu bati bidea eman diezaioke.
Post-it bizitzak liburu berezia da, ez da drama ohikoa, ez argumentuari ez narrazioari dagokienez, eta bertan kontatzen dena eta kontatzeko
moldearen artean erabateko oreka, egokitasun betea antzematen da. Zuñigak gizarte-giro zalapartatsuan apaldutako periferiako ahotsen
garrasiak igorri nahi dizkigu eta, aldi berean, fikzioa emozioen pizgarri gisa ulertzen duen idazlearen literaturaren kontzepzio berezia aldarrikatzen du.
---Droga latza Danele Sarriugarte / Deia, 2014-09-06
Partitura gainaldeetan jartzen diren adagio, staccato eta bestelako tempo-markatzaileei zor diete izenburua post-it bizitza hauexek, doinuen
presentzia ezin ukatuzkoa baita Iolanda Zúñigaren narrazio-bilduma Iñigo Roquek Pasazaiteren eskutik berriki euskaratuan, Idurre Eskisabelen hitzaurrearekin; eskaintzan bertan irakurtzen baitugu “bizitzen
iraunarazle, euskarri eta gidari” dela musika. Sorterrira itzuli da
zazpigarren alerako argitaletxe berdin arnas-emailea, eta krak-krak-krak Aritz Galarragak autoreari egindako elkarrizketan aipatzen zuen
tortikolisa nabarmenarazi digu ekialdetik mendebaldera bidaiatu eta Galizian ipiniz soa.
Hain zuzen ere, ipuin katalanen antologia izan zen aurrekoa azal
geografiazale kolore bikoen segidan, eta horietatik gurera ekarri
genezakeen lezioa baldin eta bazen ipuingintza izan daitekeela beste modu batekoa, alegia, ez hain transzendentela, Zúñigaren berrogeita sei narrazioekin bergogoratzen dugu kontakizun motz orok ez duela
zertan izan formalki ipuin, labur idazten duenak ez dituela derrigor luizi edo lurrikara teknikak baliatu behar; aitzitik, heste puska bat ipin diezazukeela aurrean, besterik gabe, irensten saia zaitezen.
Erabatekoa da-eta desengainua bizitza-txatalotan, erabatekoa
gupidarik eza. Ezkontza beti doa-eta eskutik, inertziarekin, ezkontidea ez denari larrua jotzearekin, aita-amaginarrebei atera diezaiekezun etekinarekin. Desirak nahi baino gehiagotan bilakatzen gaitu-eta
gizajende patetiko eta umiliagarri, beste bat maite omen duen baina gurean doan ostatu hartzen utzi diogun maitale bere buruaz beste
eginaren hilotzaren kontra igurzten sexua (“…larguetto…”, 82. orria).
Ostera, intertestualitatearen endredoetan sartuta, anti-onberatasunaren erreginak etorri zaizkit akordura sarri, bereziki Elfriede Jelinek
austriarra, déjà lu batera iristeraino “…crescendo…” izenburudun alean (zer aproposa), Erika Kohuten neba odol berekoa izan baitzitekeen Bartzelonako sexu-kabinetan asaskatzen dena.
Existentziaren alde krudelenak, gaua, sexua, bakardadea edo
alkohol-kokaina kontzesiorik gabe erakuste hori aise esplikatzen da, halaber, autoreak irratian esandakoarekin; izan ere, janari azkarreko
jatetxe batean ordu luzez lan egin ostean iluntzero otzen zitzaizkion esaldi post-itgarrietatik abiatu zituen narrazio denak. Horiek guztiak
helarazteko hizkuntza biluzia baina jarioan etengabea darabil Zúñigak Roqueren itzulpenean, lauzpabost paragrafo asko jota narrazio
bakoitzeko. Era berean, poesiarantz lerra daiteke batzuetan; hain justu, zerrendena egin zait teknika literario azpimarragarrienetako bat, “…
grave…”-rekin gailurrera iristen dena eta, niri neuri hitz lauz idatzitako poema iruditu zaidana.
Iruzkin euforikoegiak egiten ditudala aurpegiratuko didate noizbait, baina
zeinek ebitatu dezake, bada, goi-goian ibiltzea horren droga latza (zentzu tradizionalean bezainbat urolarren slangarenean) begietaratu ostean? http://kritikak.armiarma.eus/
Elkarrizketa «Sarkina sentitu naiz: ostalaritzako zerbitzaria literatur ekitaldietan» Ez dela «idazle bokazionala» dio Iolanda Zuñigak, eta asmo argirik gabe hasi zela 'Post-it bizitzak' idazten. Idazten jarraituko duen ere ez daki egungo galizierazko literaturako obrarik zabalduenetako baten egileak. 20141102 Juan Luis Zabala
Duela zazpi urte galizieraz argitaratu zenetik —Vidas postit jatorrizko izenburuarekin, Xerais argitaletxearen eskutik— gaur arte, Iolanda Zuñigaren (Vigo, Galizia, 1975) Postit bizitzak ipuin liburuak galizierazko oso liburu gutxik gainditzen dituzten mugak gainditu ditu. Ez bakarrik euskarara —Iñigo Roqueren itzulpenean eta Pasazaite zigiluak argitaratuta, Idurre Eskisabelen hitzaurre batekin —, katalanera eta gaztelaniara itzulita argitaratu delako; baita ere, izan duen oihartzunaren ondorioz, jendaurreko ekitaldi literario askoren gaia eta ardatza izan delako. Joan den astean, adibidez, Donostian eta Bilbon izan zen Iolanda Zuñiga, Iñigo Roque itzultzailearekin eta Xabier Queiruga Pasazaiteko editorearekin batera, Postit bizitzak liburuari buruzko jendaurreko saioetan parte hartzen. Postit bizitzaken ondoren, Periferia eleberriarekin Xerais saria irabazi zuen, 2010ean, baina ez daki aurrerantzean idazten jarraituko duen, ez baita «idazle bokazionala», berak dioenez. «Istorio
batek harrapatzen nauen arte, edo zerbaitekiko pasioak hartzen nauen arte, ez naiz idaztera esertzen. Bizitzeko ere, behar dudan dirua irabazteko, bestelako lanak egiten ditut, ahal ditudanak». Liburu denda bateko langile izana da, ostalaritzako zerbitzari, Lehen Hezkuntzako musika irakasle, antzerkiko aktore, argazkilari…
Idazle izateko bokaziorik ez duzula diozu, bulkadei erantzunez baino ez duzula idazten. Zerk bultzatu zintuen Postit bizitzakeko ipuinak idaztera? Terapia baten bila ekin nion. Komunikazioarekin zerikusia duten gauzek beti erakarri naute: antzerki amateurra egin dut, beti gustatu izan zait poesia, Lehen Hezkuntzako musika irakaslea naiz, nahiz eta orain ez den hori nire lanbidea… Ez nengoen ondo, eta komunikatu beharra neukan. Komunikatzeko modurik merkeena eta erosoena, etxetik irten gabe, idaztea izango zela pentsatu nuen, testu labur batzuk idaztea terapia gisa. Liburua argitaratu ahal izango zela esan zidatenean neu harritu nintzen gehien.
Itxura baketsu eta orekatua duen gizarte baten alderdi ilun asko uzten dituzte agerian Postit bizitzakeko ipuinek. Une hartan, nire bizitzako une askotan bezala, alderdi ilunean nengoen ni. Ez nengoen jendearen bizimoduaren argia ikusteko moduan. Horregatik hautatzen nituen liburuko pertsonaien alderdi ilunak. Seguru asko haien bizitzetan ere izango ziren bestelako
alderdiak, argiagoak, izango zen hodeiertzik eta etorkizunik, baina nik koitaduen alderdirik makurrenei erreparatzen nien.
Gai asko lantzeko bidea eman zizun ipuinen laburtasunak eta ugaritasunak. Gai askori buruz hitz egiten da, bai: bakardadea, deserrotzea, noraeza… Gai horiek bizirik jarraitzen dute, indarrean. Dena den, nik aurretik ezer pentsatu edo erabaki gabe idatzi nituen ipuinak, zertaz hitz egin nahi nuen edo zer adierazi nahi nuen erabaki gabe. Batzuetan esaten didate ipuin bat oso feminista dela, baina nik diot feminista baldin bada ez dela nik idaztean hala nahi izan nuelako, neuk hori bilatu gabe hala atera zitzaidalako baizik.
Irakurleak idazlea harritzen duten aurkikuntzak egiten ditu, beraz, batzuetan. Bai. Idaztearen gauzarik ederrenetako bat hori da: zuk idazten duzu asmo Gai askori buruz hitz egiten da, bai: bakardadea, deserrotzea, noraeza… Gai horiek bizirik jarraitzen dute, indarrean. Dena den, nik aurretik ezer pentsatu edo erabaki gabe idatzi nituen ipuinak, zertaz hitz egin nahi nuen edo zer adierazi nahi nuen erabaki gabe. Batzuetan esaten didate ipuin bat oso feminista dela, baina nik diot feminista baldin bada ez dela nik idaztean hala nahi izan nuelako, neuk hori bibatekin, eta gero irakurleek inondik inora pentsatu ez zenituen gauzak aurkitzen dituzte zure testuetan. Adibidez, harrituta geratu naiz Postit bizitzak liburuko ipuinetan umore beltza dagoela esan didatenean. Nik larrimin betean idatzi nuen, guztiz
nahigabeturik, eta harrituta utzi nau jendeak testuetan umorea atzeman izanak.
Periferia eleberriarekin Xerais saria irabazi zenuen 2010ean. Postit bizitzaken zure inguruko errealitatean oinarritzetik Brasilgo hiri bateko periferiara jo zenuen. Jauzi handia da. Postit bizitzak idatzi eta gero, hainbat urte egon nintzen idatzi gabe. Baina orduan neukan lana utzi nuen, ez nengoelako gustura, eta, horretarako dirua banuenez, Sao Paulora bidaiatzea erabaki nuen, beti egin nahi izan nuen zerbait baitzen. Eta niri, munduko edozein lekutan, periferian daudenen bizitzek erakartzen naute, horiek egiten zaizkit interesgarri. Horiek dira, gainera, gehiengoa. Ez naiz ari soilik periferia geografikoan bizi direnez, baita sozialki periferian bizi direnez ere, nahiz eta geografikoki ez periferian bizi. Horrez gain, Brasilen inguruko eta Brasilgo musikaren inguruko interesa izan dut beti, eta Sao Paulo da, ustez behintzat, Brasilgo hirietan Vigoren antz handiena duena. Beti erakarri ninduen leku horrek. Han periferiako gune batean bizi izan nintzen —ia hiri osoa da periferia—, faveletatik gertu. Itzulitakoan, han ikusi eta bizitakoan oinarrituta, bi urte eman nituen Periferia idazten, astero hiru egunez jo eta ke. Diru eta denbora asko inbertitu nuenez, lana Xerais sariketara bidaltzea erabaki nuen, eta zorionez irabazi egin nuen.
Postit bizitzaken zeure inguruko gizartearen alderdi ilunei bezala (bakardadea, deserrotzea, noraeza…), Periferian Brasilgo gizartearen alderdi ilunei erreparatu zenien: pobrezia, etorkizunik gabeko gazteria, ustelkeria, drogak… Baina nola ni beti neure buruaz ari naizen, baita neure buruaz idazten ez dudanean ere, begien aurrean nuenak sentiarazten zidan etsipenetik idatzi nuen liburua. Ezer egiteko gauza ez izatearen ezintasunetik. Ikusten nuen errealitate gordinaren aurrean egin nezakeen gauza bakarra idatziz kontatzea zen. Baina nik uste dut bi alderdiak daudela liburuan: errealitate gordin bat eta horren aurreko nire sentimenduak. Eta uste dut azkenean liburuan jaso dudana nire benetako ikuspegia baino esperantzatsuagoa dela. Jendea etsita ikusi bainuen, patua onartuta eta etorkizunean pentsatu gabe egunez egun aurrera egiten. Postbizitzaken harreraren eta Periferiarekin Xerais saria irabazi ondotik, ez al zara idazleago sentitzen? Ez pentsa. Postit bizitzakekin sarkina sentitu naiz askotan: ostalaritzako zerbitzaria ekitaldi literarioetan. Galizierazko idazle gehienak filologoak edo irakasleak dira, kazetariren bat edo beste ere bai… letren munduarekin harremana duen jendea. Eta batbatean niri, ostalaritzako zerbitzari bati, liburu bat idatzi dudalako handik eta hemendik deika hasi zitzaizkidanean sarkina sentitu nintzen. Nik, gainera, horrelako ekitaldietan ez nuela inolako ekarpenik egingo pentsatzen nuen. Periferiarekin integratuago sentitu nintzen, azken
batean lan asko egin nuelako hura idazteko: lehenik, landa lana Sao Pauloraino joanda, eta gero etxean, bai dokumentatzen eta bai idazten... Baina gero berriro ere idazteari utzi nion. Duela bi urte zerbait idatzi nuen, baina inori erakutsi ez diodan zerbait da, eta ez dakit aurrerantzean zer gertatuko den. Aztarrenik ere ez.
http://www.berria.eus/paperekoa/1761/046/001/2014-1102/sarkina_sentitu_naiz_ostalaritzako_zerbitzaria_literatur_ekitaldietan.htm