Pereirak dioenez-Tabucchi

Page 1

PEREIRAK DIOENEZ Antonio Tabucchi Literatur Solasaldiak

Errenteriako Biblioteka 2018 / 10 / 15


Antonio Tabucchi (Pisa, Italia, 1943ko irailaren 24a – Lisboa, Portugal , 2012ko martxoaren 25a) Italiar idazlea izan zen, eta portuges hizkuntza eta literatura irakaslea Sienako Unibertsitatean. Nobelak idatzi zituen, kontakizun laburrak, saiakerak eta antzerki lanak. Bere liburuak 40 bat hizkuntzatara itzuli dira. Erabat maiteminduta, Portugalekin, Italiako idazleen artean berak ezagutzen zuen ondoen Fernando Pessoa poetaren lana, zeinaren liburuak itzuli baitzituen italierara, Maria Jose de Lancastre beraren emaztearekin batera. Parisen ari zela izan zuen Pessoaren berri, Sorbonneko Unibertsitatean, eta hain liluratuta geratu zen haren lanarekin, ezen Italiara bueltatu zenean, portuges eskolak hartu baitzituen Lisboako poeta hobeto ulertzeko. Tabucchiren zenbait eleberri zinemarako egokitu dira, Italiako zein kanpoko zuzendari ospetsuen gidaritzapean (Roberto Faenza, Alain Corneau, Alain Tanner eta Fernando Lopes), eta baita antzerkirako ere, izen handiko antzerkigileen zuzendaritzapean: Giorgio Strehler eta Didier Bezace, adibidez. Ospe handiko sariak jaso zituen Italian, Frantzian, Grezian, Austrian eta Espainian. Bestetik, “Officier des Arts et des Lettres” izendatu zuten Frantzian eta “Comendador da Ordem do Infante Dom Henrique” Portugalen. Irakasle aritu zen Sienako Unibertsitatean, eta irakasle ibili zen izen handiko beste zenbait unibertsitatetan, Italiatik kanpo. Egunkari askotan idatzi zuen, bai Italian eta baita kanpoan ere. Zenbait kultura aldizkaritan ere idatzi zuen. International Parliament of Writers erakundeko kidea izan zen, eta haren sortzaileetariko bat. 2000. urteaz geroztik Penn Club-ek Literaturako Nobel Sarirako proposatu zion Suediako Akademiari. https://eu.wikipedia.org/wiki/Antonio_Tabucchi


Bibliografia •Para Isabel. Un mandala

•El ángel negro

2014

1997

•Viajes y otros viajes

•La cabeza perdida de Damasceno Monteiro

2012 •La oca al paso 2010 •El tiempo envejece-deprisa 2010 •Autobiografías ajenas. Poéticas a posteriori 2006 •Tristano muere 2004 •Se está haciendo cada vez más tarde 2000 •La gastritis de Platón 1999 •Los volatiles del beato Angélico 1999 •La línea del horizonte 1998

1997 •Un baul lleno de gente 1996 •Sostiene Pereira 1994 •Réquiem. Una alucinación 1992 •Pequeños equívocos sin importancia 1985 •Nocturno Hindú 1984 •Dama de Porto Pim 1983 •El juego del revés 1981 •Piazza d'italia 1975

Pereirak dioenez Pereira kazetari zahar bat da, Portugalen, Salazarren diktaduraren une gogorrenetan, egunkari kaxkar bateko orrialde kulturalaz arduratzen dena. Pereira iraganean iltzatua dago, bere emaztea izan zenaren oroitzapenetan, baina kolaboratzaile bat behar du orrialde kulturalerako. Bizitzaren aldeko apustua egiten duen bikote gazte batek – Monteiro Rossi eta Marta bere emaztegaia– eta haiekiko harremanak kontzientzia azterketa sakona eginaraziko diote eta, ondorioz, aldaketa sakona gertatuko da bere barrenean. Nobela honetan, epailearen aurreko testigantza edo deklarazioa balitz bezala, bere barreneko aldaketa horren berri emanen digu, zintzotasunaren eta askatasunaren aldeko hautuaren fruitu. http://www.igela.eus/produktua/pereirak-dioenez/


Kritikak ...Nortasunaz, iraganaz, heroismoaz, iraultzaz (eta batez ere iraultzaile anonimoez), isiltasunaz, beldurraz, konpromezuaz…, ideia askori buruz hausnarketa interesgarriak egiteko parada eskaini dit, hegaldien artean, Pereirak, literaturaren gozamen hutsa alde batera utzi barik. Eta nire izen kutunen zerrendan gordetzeko beste bat: Antonio Tabucchi. Are gehiago, bere pertsonari buruz datu gehigarriak jaso ondoren. Asel Luzarraga / Nasmastarraren apunteak, 2007-01-16

...Protagonistaren bilakaera erakusten duten pentsakizun eta gogoeta horiekin batera, ugari dira nobelan zehar aipamen literario eta historikoak, baina, hala ere, liburuak badu halako arintasun eta soiltasun berezi bat. Esan dezagun, bide batez, euskarazko itzulpenak ondo gorde duela ezaugarri hori. Bestela bezala, ordea, gai sakon eta mamitsua jartzen du Tabucchik mahai gainean, eta, ondorioz, galdera ugari ere bai: zer jokabide izan behar dugu inguratzen gaituen errealitatearekin?, zenbateraino egin dezakegu ez ikusiarena?, zer prezio du konpromisoak? … Ander Irizar / Diario de Noticias, 2006-11-27

...Pertsonaiaren hautuan eta hari emandako sakontasun, konplexutasun eta biribiltasunean datza, ziurrenik, obra honen erakargarritasun eta iraunkortasuna, hein handi batean. Izan ere, Tabucchik pertsonaia zalantzati, ahul bat marrazten du, iraganera begira bizi dena, heriotzak obsesionatua, bere baitara bildua, eta bere ekintzen eta jarreren zergatiak azaltzerakoan, erantzun gisa “ez dakit” baino askoz gehiago esaten asmatzen ez duena. Tabucchik ez du heroismoa darion intelektual engaiatu eredugarririk aurkezten; haatik, sinesgarriagoa eta hurbilagoa egiten den gizaki hauskor bat marrazten du, bizitzaren norabidea pauso baldarrez erabakitzen duena. Ibon Egaña / Berria, 2006-11-26 https://kritikak.armiarma.eus/?page_id=4003&non=oro&tes=pereirak %20dioenez


Elkarrizketa Fernando Reyri elkarrizketa 2007ko Euskadi Literatura Saria itzulpengintzan "Pereirak dioenez" obrarekin "Eskua eta bihotza sartu ezean itzulpenak ez du bizirik" (Miel Anjel Elustondo / 2007ko abenduaren 02a) Han nintzen Pereirak dioenez, liburu orain saritu hau, aurkeztu zenuen egunean. Deigarri gertatu zitzaidan: zeure borondatez ekin zenion lanari, ez enkarguz. Egia da itzultzaileok gehientsuenetan enkarguz egiten ditugula lanak, edo lehiaketa baten ondoko adjudikazio baten ondorioz. Kasu honetan plazer hutsez hasi nintzen Sostiene Pereira itzultzen. Italierazko bertsioa nire eskuetara iritsi, patxadan irakurri, eta asko gustatu zitzaidan, bai estiloa, bai edukia, bai Pereiraren pertsonaiaren ezaugarri batzuk. Horregatik hasi nintzen euskaratzen, gustagarria zitzaidalako gauza eder batzuk iradoki zizkidan liburu bat euskaratzea, zeren itzultzeko prozesua bera ere plazera izaten da liburua gustuko duzunean, eta batere presarik gabe aritzen zarenean lanean. Itzulpena aski aurreratua nuela esan nion Xabier Olarrari egiten ari nintzela, eta ea nahi ote zuen argitaratu. Eta hark baietz.

Orain, berriz, Euskadi saria jaso du zuk egindako lanak. Zer diozu? Zer diodan? Ba, poxa dela halako saria jasotzea. Sarien feria hau beti da subjektiboa, ez da batzuek uste duten bezain adierazgarria, esan nahi dut sariak ez nauela itzultzaile hobea egin. Baina polita da “aditu� batzuen ahotik entzutea ongi egiten dudala edo gustatu zaiela nire lana. Eta Euskadi saria lan honi esker eman izanak beste zerbait ere esaten dit, literatura ongi itzultzeko baldintza egokiak behar direla, eta oraingo kasuan nik gogoan ditudan horietako franko izan nituela alde: liburua gustatzea, epe esturik ez izatea, kontsultak egiteko lagun onak –kasu honetan bai euskaldunak bai italieradunak–, nire eta beste biren zuzenketa, eta liburua euskaratu eta gero distantzia hartu, testua beratzen utzi eta berriz hartu ahal izatea handik urtebetera, adibidez.


Itzulpen lan honen gainean idatzi zenuen artikulu batean, ‘lagun faltsuei’ buruz ari zara, hau da, hizkuntza batean eta bestean elkarren antza izanagatik ere, oso esanahi ezberdina duten hitzei buruz. Zerrenda ere osatu zenuen. Bai, itzulpena bukatuta, errepasoetako batean fenomeno horri buruzko azterketatxo bat egin nuen, josteta gisara, geroago Senez aldizkarian argitaratu zena. Bi hizkuntzatan hitz bat berdina edo antzekoa bada, irristagarri gertatzen ahal da, nahasgarri, batez ere jatorrizko hizkuntzan duzun maila baxuagoa bada xede-hizkuntzan duzuna baino, eta, batzuetan, hitz horiek hanka sarrarazten digute. Horregatik esaten dugu direla falsi amici, lagun faltsuak. Adibide tipikoa emateagatik, italieraren burro hitza (gaztelaniaz mantequilla).

Hizkuntza guztien artean gertatzen dela idatzi zenuen artikuluan. Erro bereko hizkuntzen artean gertatzen da, baina baita beste batzuekin ere, zubi-lana egiten duten hizkuntzen ondorioz. Adibidez, gero eta gehiagotan aditzen da euskaraz “ostiko bat eman zion”, “le dio una hostia” esateko. Euskaldun berri batzuentzat “ostiko” lagun faltsu bihurtu da, eta berdin balio du “patada” esateko edo “hostia, tortazo, belarrondoko” esateko.

Italieratik euskarara itzuli zenuen Pereira. Diozu, galarazterik ez dagoela horrelakoetan gaztelaniak eta frantsesak zubi-lana egitea. Nire kasuan adibidez, zuzenean italieratik ari banaiz ere, maiz ezin dut saihestu buru-prozesuan gaztelania tartekatzea, nire hizkuntzetako bat delako. “La mia amica soffre di verme solitario” ikusiz gero, lehenbiziko irakurrian gutako askori, gaztelania izanik gure hizkuntzetako bat, ideia okerra etortzen ahal zaigu burura: “Bakarrik ikusten nauelako sufritzen du nire lagunak”, nahiz eta esanahia oso bestelakoa izan: “Nire lagunak zizare nagusia du, tenia alegia”. Gure buru-prozesuan, itzulpen prozesuan, nahitaez beti daukagu gaztelaniaren edo, beste batzuen kasuan, frantsesaren interferentzia. Italieratik itzultzeko gaztelaniaren zubi-lan hori gehienetan mesedegarria izaten da, baina bakar batzuetan traba.

“Itzulpena buru-ariketa berezia da”… Itzuli beharrak ezinbesteko egiten du itzultzailea testuan murgiltzea eta, ondorioz, irakurle arruntak izaten ez dituen aukera batzuk izaten ditu itzultzaileak. Horregatik esaten dut itzultzailea irakurle pribilegiatua dela. Nire


kalkuluen arabera, literaturaz ari garela betiere, itzultzaileak hamar bat aldiz irakurtzen du liburua, sakontasunez, esaldi bakoitzaren semantikari eta joskerari arreta handiz erreparatuz, itzultzeko prozesuaren helburu nagusietako bat ongi bete dadin: egileak idatzi zuenarekiko fideltasuna gordetzea, bai edukian, bai forman, xede-hizkuntzan idatzitako testuak jatorrizko testuaren eduki eta musika bera izan ditzan. Jakina, bigarren helburua, gure kasuan, jatorrizko testuak dioena euskara onean ematea da, eta horrek ere testuan murgildu beharra eskatzen du: ikertu, kontsultak egin, informazio bila ibili eta, azkenik, zenbait zuzentzaileren eta irakurleren eskuetan utzi, beren ekarpen, iradokizun eta kritikak egin ditzaten. Bistan da, beraz, literatura itzultzeak zenbait aukera eskaintzen dituela eta aukera horiek bihurtzen dute itzultze-lana, nire kasuan, erakargarri.

Lan erakargarria. Gauza handia da hori mundu zital honetan. Itzulpena ikasteko eta euskara aberasteko modua da, ikertu beharrean egoten naiz eta galdeka ibiltzen naiz han-hemenka hau edo hori nola esaten den edo nola esan litekeen. Bestetik, euskaratzean, ezinbestean sartzen zara idazleak idatzi duen horretan. Azkenean idazlearekin edo pertsonaiaren batekin identifikatzera ailegatzen zara, zenbait gauzatan bederen. Eta, azkenik, neurri batean, sormen lan bihurtzen da. Oreka zailean ikusten du itzultzaileak bere burua. Fidela izan nahian, gordeka eta ezkutuan egon behar du itzultzaileak, oharkabean pasatu. Baina testuak bizia izanen badu, ezinbestean jartzen du bere zeretik, eta sortzaile ere bilakatzen da, testua bere eginez. Zure eskua eta bihotza sartu ezean, testuak ez du bizirik. Gehiegi sartzen baduzu, traizionatu egiten duzu testua‌

Zertan bereizten da Pereiraren itzulpena, aurretik egin dituzun beste zenbaitekiko? Liburu bakoitza mundu bat da. Liburu eta idazle bakoitzak bere adierazpideak ditu. Ez dakit zer esan‌ Egin ditudan azken itzulpenen aldean, Tabucchiren testuak argitasuna eta zehaztasuna du, bai idaztankeran bai edukian. Tabucchiren liburuen aurretik Gianni Celatirenak egin nituen, eta horiek, adibidez, italiera ez ofizialean idatziak ziren, hiztegietan agertu ere egiten ez ziren hitz eta esamolde dezenterekin, puntuazio eta sintaxi ortodoxoetatik urrun‌ Alde horretatik, behinik behin, neke gutxiago eman dit edukia eta estiloa euskaratzeko lanak.


Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatua zara. Zertan ari zara, bisturia euskararen barnean sartzen? Karrera bukatu eta gero bizitzak beste bide batzuetara eraman ninduen. Dena dela, metaforarekin segituz, medikuntza ikasten hasi nintzenerako, oso barrenean sartua nuen euskararen birusa. Edozein modutan ere, kontu berezia da hau. Inor ez da harritzen biologo bat beste zerbaitetan aritzen bada, baina mediku bat‌ Ematen du bitxikeria dela, ez dakit ongi zergatik. Eta bidenabar esanda, uste dut ona dela euskararen munduan, euskalgintzan, espezialitate guztietako jendea egotea, gure helburua euskara eremu guztietan txertatzea bada.

Euskara irakasten ere jarduna zaitugu, itzultzaile baino lehen. Bai, gehienbat auzoan, Txantrean, garai hartako gau-eskolan. Polita izan zen esperientzia hura ere.

Euskaldun berria zarela ere esan behar dugu. Euskararen normalizazioaren ikuspuntutik, seinale ona da, pozgarria, euskaldun berriek euskara maila ona izatea, erdararen parekoa. Osasungarria da euskararentzat, berri ona, euskaldun berri gehienentzat euskara, normala den bezala, bigarren hizkuntza delako. Beraz, Euskal Herrian euskaldun berri franko euskaraz erdaraz bezain ongi moldatzen garela berri pozgarria da. Baina produkzioari begira, itzulpenaren edo sormen-lanaren kalitateari begira, kontuan hartu edo aipatu behar ez den kontua dela iruditzen zait. Horretan, euskaldun berri izatea ez da ez kengarri ez gehigarri. Obra bat ona delako gustatzen da edo goresten da, ez egilea euskaldun berria delako, edo emakumea, edo etorkina. Ez dakit ulertzen didazun. ...

Elkarrizketa osoa irakurtzeko: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2113/eskua-eta-bihotza-sartu-ezeanitzulpenak-ez-du-bizirik


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.