MUSKUILUAK AFALTZEKO Birgit Vanderbeke
Literatur Solasaldiak
Errenteriako Biblioteka 2017 / 12 / 11
Birgit Vanderbeke Birgit Vanderbeke Alemaniako Errepublika Demokratikoan jaio zen, 1956an. Bost urte zituela, bere familia Mendebaldeko Alemaniara aldatu zen eta Frankfurten jarri zen bizitzen. Han egin zituen Birgitek Zuzenbideko eta Filologia Germaniko eta Erromanikoko ikasketak. 1989an, Berlingo harresia erortzearekin batera, hasi zen bere ibilbide literarioa. 1990ean Ingeborg Bachman Saria irabazi zuen Das Muschelessen(Muskuiluak afaltzeko) eleberriarengatik. Hori izan zen, hain zuzen, oso estilo bereziko lan laburren sail baten lehena. Bere eleberriek publikoaren, kritikarien eta literatur sari askotako epaimahaien laudorioak jaso dituzte.
Egilea EIPS-n Vanderbeke, Birgit (1956-)
Alberta tiene un amante / Birgit Vanderbeke
1999
Vanderbeke, Birgit (1956-)
Mejillones para cenar / Birgit Vanderbeke
1991
Vanderbeke, Birgit (1956-)
Mejillones para cenar / Birgit Vanderbeke
1996
Vanderbeke, Birgit (1956-)
Mejillones para cenar / Birgit Vanderbeke
2009
Vanderbeke, Birgit (1956-)
Tiempos de paz / Birgit Vanderbeke
1998
Vanderbeke, Birgit (1956-)
Die sonderbare Karriere der Frau Choi / Birgit Vanderbeke
2007
Vanderbeke, Birgit (1956-)
Muskuiluak afaltzeko / Birgit Vanderbeke ; Ainhoa Irazustabarrenak itzulia.
2012
Mintegi, Laura (1955-)
Korrespondentziak = Briefwechsel = 2016 Correspondencias / Laura Mintegi & Birgit Vanderbeke
Muskuiluak afaltzeko Istorioaren kontatzailea, anaia eta ama laneko bidaia batetik iristear den aitaren zain daude. Familia-ohiturei jarraikiz, muskuiluak dituzte afaltzeko, aitaren itzulera ospatzeko. Betiko moduan prestatu dute dena, aitak nahi izaten duen moduan. Baina orduek aurrera egiten dute eta aita ez da iristen.
Kritikak Benetako familia-mina (Garazi Arrula / Elearazi.org, 2013-11-04) Lau kilo muskuilu eta lau kideko familia herren bat. Hori da liburuko agertokia, eta ez da aunitz aldatzen, liburu osoa zipriztintzen baitute erdirako nazkagarri bihurtu diren muskuiluek eta agertzen ez den aitarik gabeko (hobe) familiaren nondik norakoek. Narratzaile gazte baten ahotsean eta oroitzapenetan osatzen dugu familia-eredua, haiei esker ohartzen gara kide bakoitzaren izaeraz, aurpegiez eta lotsez. Irakurri gabe ulertzen dugu aitak seme-alabak jipoitzen dituela, ama beldurrez bizi dela eta autokonfiantza aspaldi galdu zuela, seme-alabek nahiago dituztela aita gabeko egunak.
Emaztea, alaba narratzailea eta semea aitaren zain daudela, lau kilo muskuilu bete eltze aurrean dutela, ardo botila zabaldu aurretik ere hasten dira hogeigarren orrialderako aitaren kontra matxinatzen, betiko orduan iritsi ez delako “festa-zapuztaile” deitzen baitio alabak, eta amak etxe horretan erabiltzen ez den hitzetako bat (“pozoitsu”) ahoskatu baitu. Hasieran lotsaz, ahots apalez, aita atetik sartu eta gaizki esaka harrapatuko dituen beldur; gero, ardoaren laguntzaz, lasaiago, batez ere ohartzen direnean guztiek berdin pentsatzen dutela, eta, beraz, ez dutela elkar salatuko. Etxe horretan ez da sekreturik, ez da agintzen ezta debekatzen ere, beti baitaude ados, zeren “benetako familia batean ezinezkoa da gaizki-ulertuak egotea”. Aita ongi arduratzen da horretaz, desengainu bakoitzean “aita nor den” gogorarazten baitie semealabei, txepelkeria bakoitza azpimarratzen baitio emazteari. Irakurlearengan gorrotoa sortzen duen gizon horrek izugarri sufritu behar du benetako familia horren bilaketa setati eta ezinezkoan. Eta, hala, sekula ez dira aski izanen aitaren eredu ideal hori lortzeko kide guztiek egiten dituzten saiakerak eta zurikeriak. Etengabean ahaleginduko dira aita kontentatzen: haren lana lausengatu, elkar salatu, eskolan bikainak atera, gogorrak eta logikoak izaten trebatu, azala erre arte eguzkipean eutsi, ikarak bortxaz gainditu, azazkalak margotu… finean, aitari egokitzeko zoritxarreko izan. Gertakarien kontakizun ironikoa egiten digu narratzaileak; juizio esplizituak kideen ahotsean aurkitzen ditugu gehienetan, bakan batzuk baino ez dira kontakizunean. Muskuiluen zaratak eta presentziak berak azkenerako irakurlea gogaitzen duen gisa berean, esaldi luzeek, eten urriek eta errepikapen ugariek itolarria eta egoeraren astuna larritzen dute. Narratzailea zuzen eta argi mintzo da, iraganeko inozentziaz zenbaitetan eta dramatismorako joerarekin batzuetan (“Normaltasunari buruzko desbideratze txiki bat, eta bat-batean dena da desberdina, (…) lehen elkar hartuta zeudenak elkarrengandik urruntzen dira, hilketak eta erailketak izaten dira, lepoa moztuko liokete elkarri…”). Oroitzapen batzuek irribarrea sor dezaketen arren, tonua grabea da bukaerara arte. Ez dago deus sobera, digresio diruditenak ere ñabardura ezinbesteko dira familia-argazkian. Tristura handiena amak sor lezake; senarragatik gauza maitatu askori muzin egin behar izan badio ere, hondoa jo arren, ia bukaerara arte ikus dezakegu aita defendatzen, harekiko errukia eskatzen, zerbait txarra desiratzeagatik bere burua zigortzen.
Bukaeran, guztien posizioa argi dugunean, telefonoak jotzen du, ez dute hartzen, eta, aitak istripu bat izan duela pentsa badezakegu ere, ez dakigu seguru zer dela-eta ez den agertu. Baina horrek ez du axola, pertsonaien bilakaerak du pisua. Muskuiluak zakarretara botatzen ditu amak: husten du barrua. Etenik gabeko esaldi luzeak eta mendekoz josiak erronka izan zirela adierazi zuen Ainhoa Irazustabarrenak liburua aurkezteko bideoan. Erronka gainditu du ba, ederki eman baitu testua itzultzaileak. Ahozko hizkeratik oso hurbil badago ere, tonua gordetzea ere ez zen lan makala izanen. Bikain korritzen du testuak, trabarik edo aldrebeskeriarik gabe; irakurtzeari uzteko arrazoi bakarra, beraz, egoeraren larria edo hausnartzeko premia izan daiteke. Zerbait aipatze aldera (eta hau itzulpen blog bat delako), esanen dut bitxia egin zaidala alabak ‘anaia’ erabiltzen duela ‘neba’ beharrean; txikikeria da, beraz, seinale on. Sari bat baino gehiago jaso ditu Birgit Vanderbekek liburu labur honi esker (94 orrialde), eta ez da gutxiagorako. Idatzi zuen lehenengo liburua izan zen, eta horrez geroztik dozena bat nobela behintzat idatzi ditu, baita bidaia-liburu bat eta errezeta-bilduma bat ere. Sona handia lortu du Alemanian, eta eskolako irakurgaien zerrendan ere ageri da Das Muschelessen hau; izan ere, liburu ona izan daiteke gazteekin lantzeko. Vanderbeke Brandenburg-en sortu zen 1956an, eta familiarekin Mendebaldeko Alemaniara zeharkatu zuen muga bost urte zituela.
Itzultzailea Ainhoa Irazustabarrena: “Euskaraz irakurri nahi duenak ez dezala esan gaztelaniaz irakurri behar izan duenik" Hainbat literatur lanen itzultzaile, Ainhoa Irazustabarrenak (Hernani, 1975) 1990eko Ingeborg Bachman sari entzutetsua irabazi zuen Muskuiluak afaltzeko eleberria itzuli zuen euskarara 2012an Pasazaite argitaletxearen eskutik, eta espero gabeko harrera beroa izan du lan honek euskal irakurleen artean. Irakurle talde batetik bestera dabil azkenaldian Muskuiluak afaltzeko. Zeri zor zaio, zure ustez, arrakasta hori? Alde batetik, estiloagatik izan litekeela uste dut, oso irakurterraza baita eta hasi eta buka denbora laburrean egin baitaiteke. Bestalde, ehun orrialde soiletan oso istorio mamitsua kontatzeak ere zerikusirik izan dezakeela uste dut: Birgit Vanderbekek familia baten istorio osoa bildu zuen ehun orrialde horietan, eta horrek irakurlea lotu egiten duela uste dut. Pasazaite argitaletxea eta zu zeu pozik izango zarete, beraz, euskal irakurleen artean izan duen harrera beroa ikusita‌ Oso pozik. Gainera, gaur egun liburuen ibilbidea ez da oso luzea izaten normalean, eta halako taldeetan aukeratua izateak ibilbidea luzatzen eta pixka bat gehiago ezagutarazten laguntzen du; are gehiago, kasu honetan bezala, argitaletxe txiki batek kaleratuak badira. Pasazaitekoek eman zidaten irakurletaldeetan izaten ari zen harreraren berri eta asko poztu ninduen. Argitaletxearen eta bion artean asmatu dugula dirudi, bai liburuaren hautaketan, baita itzulpenarekin ere.
Bere familiaren istorioa kontatzen du protagonista gazteak, modu gordinean. Zer iruditu zitzaizun liburua lehen irakurraldian? Gazte literatura sailean katalogatuta egoteak baten bat harritu lezake‌ Neroni ere bai, ikusi nuen momentuan. Behin liburua irakurrita, ordea, ulergarria egin zitzaidan: gaztea den protagonistak bere familiaren istorioa kontatzen du. Gertatzen dena da gazteentzako liburuetan gai leunagoak ikustera ohituta gaudela, eta hemen kontatzen dena gordina da, modu gordinean kontatua, gainera. Baina uste dut interesgarria izan daitekeela gazteentzat. Pasazaite argitaletxeko Xabier Queirugak egin zidan Vanderbekeren lana euskarara ekartzeko proposamena, eta asko gustatu zitzaidan. Itzultzerako garaian batez ere estiloa zen zaindu beharrekoa, nola lortu euskaraz jatorrizkoak duen jarraikortasun hori ematea. Ahozkoaren oso hurbilekoa den estiloa darabil Vanderbekek lan honetan, eta euskaraz horra nola hurbildu asmatzea zen gakoa. Liburuan etengabeko tentsioa dago, gainera, hasieran hainbeste sumatzen ez dena baina pixkanaka areagotzen doana. Istorio gogorra da, lehen orrialdeetan printza batzuk agertzen dira, pixka bat geroago gertatuko dena aurrera dezaketenak, baina nik uste hasieran irakurleak ez duela imajinatzen zeren aurrean dagoen. Pixkanaka istorioaren mamian barneratzen doa eta, lehen esan bezala, mami hori oso gordina da. Tentsioa mantendu beharra zegoen, beraz. Paragrafo amaigabeak ditu liburuak, batere elkarrizketarik gabekoak, baina irakurketa ez da batere astuna egiten‌ Badirudi protagonista aurrean daukazula, orain zu eta ni gauden bezalaxe, kafe bat hartzen ari garela eta istorioa kontatzen ari zaizula. Hori euskaraz bere horretan mantendu beharra zegoen, euskal irakurleak ere horixe sentitu behar zuen. Larritasun puntu bat ere sortzen du eleberriak, alde batetik istorioak berak eragiten duena eta, bestetik, edozein momentutan aita etxean agertzen bada zer gerta daitekeen pentsatzeak dakarrena. Hori ondo kontatzean zegoen itzulpenaren gakoa. 1990ean kaleratu zuen Birgit Vanderbekek Muskuiluak afaltzeko (Das Muschelessen), 2009an argitaratu zen gaztelaniazko itzulpena eta hiru urte geroago, euskarazkoa. Kasu honetan garbi dago itzulpena ez dela beranduegi iritsi, euskal irakurleen artean harrera bikaina izan baitu, lehen aipatu bezala. Baina, orokorrean euskarazko itzulpenak ez ote dira gehiegi atzeratzen? Uste dut zentzu horretan gero eta ahalegin gehiago egiten dela, bestsellerren arloan batez ere, gaztelaniazko eta euskarazko itzulpenak aldi berean argitaratzeko, eta hori ona dela uste dut, euskal irakurleek bi aukerak izan ditzaten. Dolores Redondoren trilogiarena dugu horren adibide gertuenetako
bat. Gero eta aukera zabalagoa dago, eta hori da garrantzitsuena: euskaraz irakurri nahi duenak izan dezala horretarako aukera, ez dezala esan gaztelaniaz irakurri behar izan duela euskarazko itzulpenik ez zeukalako. Itzulpen lanak gero eta hobeak direla esango nuke, gainera. Azken hamar urteotan jauzi nabarmena eman da, kuantitatiboki zein kualitatiboki: gero eta aukera gehiago dago euskaraz irakurtzeko eta gero eta itzulpen lan hobeak egiten dira. Eta ba al dago apusturik itzultzaileen lana sustatzeko? Baietz esango nuke. Pasazaite argitaletxea horren adibide garbia da. Autore ezagunen eta hain ezagunak ez direnen itzulpen lan politak kaleratzeko apustua egin du, lan bakoitzeko itzultzaile batekin, errepikatu gabe. Horrek aukerak ematen dizkio itzultzaileari. Pasazaiterena gure lana nabarmentzeko apustu garbia dela iruditzen zait. Bestalde, itzultzaileari liburuetan gero eta presentzia gehiago ematen zaiola uste dut.
Estekak http://www.bermeoeuskaraz.eus/fitxategiak/dokumentuak/egitasmoak/materiala/birgitvanderbeke-muskuiluak.pdf http://kritikak.armiarma.eus/?p=6062 http://kritikak.armiarma.eus/?p=5769 http://www.pasazaite.com/product/muskuiluak-afaltzeko/ https://de.wikipedia.org/wiki/Birgit_Vanderbeke http://www.111akademia.eus/111aldizkaria/elkarrizketa/2015/03/10/ainhoa-irazustabarrena-euskarazirakurri-nahi-duenak-ez-dezala-esan-gaztelaniaz-irakurri-behar-izan-duenik/