OIER GUILLAN
(Donostia, Gipuzkoa, 1975eko irailaren 5a) euskal idazle, kazetari eta antzerkigilea da. Oreretako Mikelazulo taldeko kidea izan zen. 2008tik Metrokoadroka kolektiboko kidea da, haiekin taularatu ditu Poza, Zertarako Hegoak, Su izan nahi, Salto eta Hura ez da lekua bezalako lanak. Dejabu, Anakrusa eta Rouge Elea taldeen kolaboratzailea ere izan da. Gabrielen lekua (2013) eta Nola belztu behar zuria (2014) proiektuetan parte hartu du LIBURUA
Victor aktorea Madrilen hil zen auto istripuz, pailazo sudurra jantzita, eta haren hiletara ez zen ia inor joan. Kasik 20 urte geroago, Ilehoriak detektibe emozional bat kontratatu du heriotza hura ikertzeko. Izan ere, zergatik hil zen istripuz Victor? Nork hil zuen inork hil ez zuena? Zer lotura du haren heriotzak elkar ezagutu zutenean grabatutako VHS zintarekin? Ilehoriak esku bat emango bailuke zinta hura berreskuratzearren. Ez du argi zeri buruz hitz egin zuten, baina gogoan du Merlinerekin Andaluziara egindako bidaia iniziatikoa, nola bisitatu
zuten Lorcaren herria, nola ezagutu zituzten La Marabunta antzerki konpainiako kideak, nola izan zen hura guztia pizgarri bere ibilbide artistikoarentzat. Ilehoriak gorputz hartara itzuli nahiko luke, orduko sentsazioak berreskuratu, oroitu, baina ezin du. Agian memoria beti delako ariketa kolektiboa. Agian orduko lagunak behar dituelako gertatu zena gogoratzeko. Agian lagun baten heriotza konpondu ezineko matxura delako denboraren makinan.
BIBLIOGRAFIA
Antzerkia
• Ero, ia (2017)
• Mr. Señora (2016, Txalaparta)
• Arra. Arraroa (2010, Artezblai)
• Herio heroi (2010, Artezblai)
• Munduko jakintsurik tontoena (2009, batBada)
Narratiba
• Zauri Bolodia (2018, Txalaparta)
• VHS (2020, Susa)
Poesia
• Hura ez da lekua (Txalaparta, 2016), narrazioa, poesia, ilustrazioa eta musika uztartzen dituen lana argitaratu zuen Asier Sarasola, Idoia Beratarbide eta Ander Fernandezekin batera. Metrokoadroka-rekin Korrika Kulturalaren barruan estreinatutako obraren egokitzapena zen.
• Elkartasun basatia (2013, Susa)
• Hura ez da lekua (2012, Txalaparta)
• Eskuen sustraiak (2009, Susa)
• Ate hautsiak (2008, Arabako Foru Aldundia)
• Bakarrizketa poetikoak (2007, Bermingham)
• Erloju lehorrak (2005, Bermingham)
• kilimAmuak (2004, Mikelazulo-liburu kolektiboa)
• Bixotz Tam!padak (2002, Mikelazulo-liburu kolektiboa)
• Beste bat apalerako (2001, Mikelazulo-liburu kolektiboa)
• Gabeziak (1999, Bermingham)
• Begi bien sujauzia (1998, Mikelazulo)
KRITIKAK
Denbora-bidaia emozionala Amaia Alvarez Uria / Argia, 2021-01-24
Adin batetik aurrera gaztetako oroitzapenei buruz hitz egitean “duela 20 urte” (edo gehiago) esanez hasi edo amaitzen dira kontakizunak. Kasu honetan hala gertatzen da, duela 23 urteko gertaerak zehazteko helburua duelako eleberriaren protagonistak. Izan ere, garai hartan eraiki zen gaur egungo bere nortasuna, bere bizitzako denbora-lerroan mugarri izan zen bidaia batean.
Esandakoengatik 1970eko hamarkadan jaiotakooi oso ezaguna egingo zaigu liburu honetan topatuko dugun giroa: lagunentzako gustuko musikarekin grabatutako kaseteak edo gutun bidezko harremanak. Izenburuak ere orduko
teknologiari egiten dio erreferentzia, narratzaileak dioen moduan, “iraganaren metafora” izan daitekeelako VHSa.
Hasieran badirudi nobela beltz baten aurrean gaudela (ilehoria detektibe emozionalarengana doa hilketa bat argitzeko asmoarekin eta ikerketa abiatzen dute testigantza zenbait bilduz). Baina egileak poesiatik eta antzerkitik edaten du narrazio luze hau sortzeko, eta saiakera ere agertzen da.
Interesgarria iruditu zaigu pertsona baten inguruko eta gertaera bati buruzko bertsio desberdinak aurkitzea, (hala ere, akaso leku gehiegi hartu du liburuan?). Protagonistak dioenez “memoria ariketa kolektiboa da”. Azken aldian asko hitz egiten da memoria historikoaz. Gehienetan, horren atzean Gerra Zibila eta Euskal Gatazka ditugu, eta eskertzen da letra xehez idatzitako memoria historikoa egiteko saiakerak ere egotea, errealitatea erabiltzea fikzioa egiteko eta fikzioa errealitatea kontatzeko.
“Nire gorputza denboraren makina bat da” esaldiarekin hasten da nobela eta tarteka errepikatzen da. Esaldi horretan biltzen da eleberri honen funtsa: ni-aren inguruan eraikita dago; alderdi sentsorial, sexual eta emozionalak oso presente daude; ahazten eta gogoratzen dugunaren inbentarioa egiten dute; teknologia berriei buruz aritu beharrean, teknologia zaharrak agertzen zaizkigu; norberaren ispilu dira lagunak.
Pandemia eta elur sasoirako aproposa da liburu hau, (barne) bidaia egiten duelako oroitzapenetara mugikortasuna mugatuta dugun egunotan, eta ikerketa emozionala proposatzen digulako bizitako une erabakigarriei erreparatzeko. Hausnartzera eta birkokatzera bultzatzen gaitu, umorea bazter utzi gabe.
ITURRIAK
Kritiken hemeroteka
https://kritikak.armiarma.eus/?p=8322
Liburubila. Bere obra liburutegietan: https://www.liburubila.euskadi.eus/Search/Results?
lookfor=oier+guillan&type=AllFields&efilm=%7Einstitution%3A%22eFilm %22&filter%5B%5D=*%3A*&limit=10&sort=relevance
Literaturaren zubitegia: https://zubitegia.armiarma.eus/?i=643
Naiz Elkarrizketa: https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20200629/vhs-idatzi-du-oier-guillanekoroitzea-iragana-berridaztea-denean
Irudiak: Berria ; Susa Argitaletxea