IBAN ZALDUA
EHUn Geografia eta Historian lizentziaduna da eta egun bertako Ekonomiaren Historia irakasle ere bai Letretako Fakultatean. Gaur egun Gasteizen bizi da.
Iban Zalduak ipuina, eleberria eta kritika landu ditu baina ipuin eta istorio laburren arloan nabarmentzen da. Hainbat komunikabide, aldizkari, eta blogetan hartzen du parte, hala nola, La Galleta del Norte, Lata, Parentesis, Argia, El País, Nabarra, Eremulauak eta Volgako batelariak, azken honetan, aldizkari elektronikoaren erredakzio batzordeko partaidea izan zen. Hasierako lanak 80. hamarkadan izan ziren eta zenbait sari jaso zituzten.
KOADERNO HANDIA
32 ipuin dira guztira, gehi kontrazalean doana. Istorio aski laburrak dira oro har, gai, estilo eta teknika ugari erabiltzen dituztenak. Espero gabeko bukaera bat agertzen da ipuin gehienetako azken orri edo paragrafoan. Egunerokotasunari azpilak bilatzen dizkioten kontakizunak dira, fantasiari zirrikitu bat irekitzen diotenak, bikoteen arrakaletan arakatzen dutenak, euskal gatazkari geruza berriak bilatzen dizkiotenak, elkarrizketabidezkoak, txosten gisakoak, jostalariak, dramatikoak, ironikoak.
BIBLIOGRAFIA
Haur eta Gazte Literatura
Kea ur gainean (2002, Elkar)
Ile luzeen kondaira (2003, Pamiela)
Narrazioak
Veinte cuentos cortitos (1989, Gipuzkoako Foru Aldundia)
Ipuin euskaldunak (1999, Erein). Gerardo Markuletarekin batera
Gezurrak, gezurrak, gezurrak (2000, Erein)
Traizioak (2001, Erein)
La isla de los antropólogos y otros relatos (2002, Lengua de Trapo)
Itzalak (2004, Erein)
Etorkizuna (2005, Alberdania)
Si Sabino viviría (Lengua de Trapo, 2005)
Euskaldun guztion aberria (2008, Alberdania)
Biodiskografiak (2011, Erein)
Idazten ari dela idazten duen idazlea (2012, Elkar)
Inon ez, inoiz ez (2014, Elkar). Katalanera itzulia
Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak (2018, Elkar).
Como si todo hubiera pasado (2018, Galaxia Gutenberg).
Komikia
Azken garaipena (2011, Xabiroi Ikastolen Elkartea) .Julen Ribasekin batera
Saiakera
Historia: zientzia ala literatura?: historiari buruzko gogoeta sorta (1995, UEU) Pruden Gartzia Isastirekin
Industrializaziotik desindustrializaziora? Euskal Herria kapitalismoaren... (1995, UEU) Mikel Zurbano Irizarrekin. ISBN: 84-86967-67-8
Militarismo eta antimilitarismo: iragana, oraina, erronkak (1997, UEU)
Obabatiko tranbia (2002, Alberdania)
Itzulpena: Euskal Herriko ekonomi hazkundea eta gizarte-aldaketak (11001850) (1999, UPV/EHU) Emiliano Fernández de Pinedo
Animalia disekatuak (Libeloak, panfletoak...) (2005, Utriusque Vasconiae)
Ese idioma raro y poderoso (2012, Lengua de Trapo)
(Euskal) Literaturaren alde (eta kontra) (2016, Elkar)
Korrespondentziak (2019, Etxepare Euskal Institutua Erein). James Robertson idazle eskoziarrarekin batera
SARIAK ETA ERREKONOZIMENDUAK
• 2006ko Euskadi Literatura Saria. Etorkizuna (2005, Alberdania) narrazio lanagatik
• 2012ko Euskadi Literatura Saria. Azken garaipena (2011, Ikastolen elkartea) lanari esker (haur eta gazte literaturan).
• 2013ko Euskadi Literatura Saria. Ese idioma raro y poderoso (2012, Lengua de Trapo) lanari esker (gaztelaniazko saiakera alorrean)
KRITIKAK
Ezer ez da dirudiena (Lutxo Egia / 111 aldizkaria, 2019-01)
Yan Lianke-ren Balou mendikateko balada bukatu berri dut. Idazle txinatarraren eleberrian bizirik eta hilik dauden pertsonaiak errealitatearen plano berean mugitzen dira. Lan bikaina izateaz gain, zeharo sinesgarria da. Eta halaxe gertatzen zaigu Iban Zalduaren Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak bildumako ipuinekin, non tarteka fantasia, zientzia fikzioa, errealismo magikoa, eszenatoki distopikoak, heriotza eta hilketa ustez ezinezkoak eta abar agertzen diren, den-dena sinesgarri, behar den moduan idatzita irakurlea kontakizunean murgiltzeko eta harrapaturik gelditzeko.
33 ipuinek (32 + 1, gurago baduzue) osatzen dute bilduma. Salbuespenak salbuespen, ipuin laburrak dira. Eta bere laburrean, ezin borobilagoak, idatzi aurretik ederki neurtuak hasieratik bukaeraraino. Sarri egoera errealista batetik egoera fantastiko batera irristatuko gara, eta nekez antzemango dugu nola zeharkatu dugun batetik besterako marra, baina gustura onartuko ditugu idazleak proposatutako bidaiak, bai eta haien amaierak ere, ustekabekoak gehienetan. Ipuinetan, bata bestearen atzetik, sumatu egiten dugu badatozela ustekabea eta kolpea, eta geure buruari sinestarazten
diogu hau edo hori izango dela, baina gutxitan asmatuko dugu, Zalduak abilezia handia baitu ipuin originalak sortzen.
Ezin liteke esan Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak ipuinliburuak gai nagusi bat biltzen duenik. Hamaika alde erakusten dituen poliedroa da. Badaude gaurkotasun handiko gai sozialak (Babes eskaera edo Zaborra desagerrarazteko makina ipuinak kasu, gogoangarriak euren umorean eta ironian. Edo Ispiluarena, non nartzisismoaren garaian ezinezkoa baita ispilua ez maitatzea); badaude gai politikoak stricto sensu (ETA nahiko presente dago, ipuin batzuetan bederen. Eta ez dut uste kasualitatea denik hark zabaltzea eta ixtea liburua. Bestalde, niri neuri bikaina iruditzen zait lotzea gure gatazka errealitate birtualarekin —Ibilbidea— eta zientzia fikzioarekin edo fantasiarekin —Dena, Lekukotasuna edo Pareko Tabernan, esaterako—. Azken ipuin zoragarri honek Les revenants serie frantsesa ekarri dit gogora). Eta gai guztien artean, harremanak (biko harremanak askotan), zahartzaroa eta, batez ere, heriotza nabarmentzen dira. Heriotza ipuin askotan agertzen zaigu modu batean edo bestean, noiz seriotasunez noiz umorez, baina beti zer pentsa ematen (Ihes egindakoak kasu, ipuin latza). Azken finean, liburuko aizto literario zorrotzek hartara eramaten gaituzte. Istorioekin gozatzeaz batera, idazleak proposatutako gaiez hausnartuko dugu.
Iban Zalduaren ipuin-bilduma honetan eta, oro har, haren literaturan ezer ez da dirudiena. Eta zer? Egiantza da liburuaren ezaugarri eta lorpen nagusietako bat. Eta egiantza munta handiko elementua da literaturan. Irakurlea geuretuko badugu, maiz hobe gezur sinesgarri bat egia sinesgaitz bat baino.
ITURRIAK
Kritiken hemeroteka: https://kritikak.armiarma.eus/?p=8096
Oharrak & Hondarrak. Iban Zalduaren bloga: https://ibanzaldua.wordpress.com
Wikipedia: https://eu.wikipedia.org/wiki/Sekula_kontatu_behar_ez_nizkizun_gauzak eta https://eu.wikipedia.org/wiki/Iban_Zaldua
Irudiak https://blogak.eus/begizolia/sekula-iruzkindu-behar-ez-nizkizun-ipuinak https://www.zuloa.com/es/euskara/3727-sekula-kontatu-behar-ez-nizkizungauzak-9788490278420.html
https://www.berria.eus/paperekoa/1877/022/001/2018-09-12/errealitateahezurtzen.htm