ZU Anjel Lertxundi
Literatur Solasaldiak
Errenteriako Biblioteka 2018 / 01 / 15
Anjel Lertxundi Orio,1948. Andu baserrian jaio zen eta hortik datorkio Andu ezizena. Donostiako Apaiztegian egin zituen ikasketak. Magisteritza (Donostian) eta Filosofia eta Letrak lizentziatura (Erroma eta Valentzia) ditu. Irakasle izan zen Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolan, eta bertako zuzendari lau urtez. Euskal Literaturaren eta Literatura Unibertsalaren irakasle Donostiako Elizbarrutiko Majisteritza Eskolan 1979-1989 urteetan. 1970ean argitaratu zuen lehen liburua: Hunik arrats artea, ipuin bilduma. Ordutik hona, etenik gabe joan da hazten bere literatur ekoizpena. Bere literatur lanari dagokionez, harrezkero, nobelaz eta ipuin bildumaz gainera, artikulugintza, saiakera eta haur eta gazte literatura landu ditu. Kazetari ere ibilia da, Eginen sorrerako lehen urtean, eta gero kolaboratzaile gisa Egunkaria, Berria, Diario Vasco, El País, El Mundo, La Vanguardia, Diario 16, El Correo, eta hainbat aldizkaritan. Artisten erakusketen katalogoak egiten parte hartu du, hauetan adibidez: Ramón Serrasena Ikederrerako; Agustín Sagastirena Bilbao Bizkaia Kutxa Fundaziorako; Andrés Nagelen Erakusketa Antologikoa Donostiako Koldo Mitxelena Foru Liburutegirako. Literatur eta zine kritika egin du, Diario Vasco, El Mundo, Donostiako Zinemaldiko aldizkarian, eta Egunkaria-Berrian.
Birritan irabazi du Euskadi Saria (Hamaseigarrenean, aidanez eta Argizariaren egunak) eta beste bi alditan Kritika saria (Kapitain frakasa eta Hamaseigarrenean, aidanez). Euskal Idazleen Elkartearen sortzaileetako bat izan zen eta lehendabiziko presidentea. Euskaltzain urgazlea da.
Zu 2012ko uztailaren hemeretzian aldatu zen betiko liburu honetako protagonisten bizitza. Narratzailearen emazteak pankreako minbizia du. Aurrekoaren ifrentzu bihurtuko zaie handik aurrera bizitza, haren erresumako biktima apal izatera pasatuz. Orduantxe sortzen da "Zu", eta bere eguneroko bizitzak zer ikusi gutxi izango du iraganekoarekin; haren itzala da, ezinbestean barrendu da, zorigaiztoko diagnostikoa eskutan –nola klasikoengan "urrezko abartxoa" itzalen mundurako pasaporte–, bizitza berrira, xumera, zenbatez zinezkoagora, premiak behartuta, intentsoago, tristeago, abailduagora. Bizitzaren dimentsio ezezagun eta berria.
Kritikak Literatura sendabide (Hasier Etxeberria / zuzeu.eus, 2015-12-20) Baten batek esaten badizu zein den Anjel Lertxundiren Zu izeneko azken eleberriaren gaia, seguru asko atzeraka egingo duzu eta beste liburu bati helduko diozu lehenago, baina ederki erratuko zara halakorik egiten baduzu. Bai horixe. Pankrea minbizia aurkitu diote Lertxundiren emazteari eta senar-emazte bikoteak gaitzari aurre nola egiten dion kontatzen du eleberriak, besteak beste. Eta besteak beste diot, ez baita gaitzaren hori liburuko gai bakarra, nahiz eta berak ardazten duen eleberriaren eraikuntza goitik behera. Nik beste gai batzuk ere kausitu ditut Zuren lerroetan: bizipoza, maitasun istorio bikain bat, literatura unibertsalean heriotzak eta minak duten agerpena, Lertxundiren betiereko digresioak‌ hainbeste kontu. Funtsean bizitzari egindako kantu zoragarri bat da Zu eleberria, eta hori gutxi balitz, nire ikuspegitik maisulan bat ere bada autofikzioaren erabilerari dagokionean. Hala ere, egia esan behar bada, fikziotik gutxi du autofikzio honek eta asko baino gehiago auto-tik. Finean, material biografiko propialaren erabilera baizik ez baita: bikoteak elkarren ondoan eta elkar harturik, putakumea deitzen dioten gaitzari nola egiten dioten aurre kontatzen da, erabakita baitaude biak ala biak, nola senarra hala emaztea, azken hatseraino behar dela bizi. Areago, ausartuko nintzateke esatera, minbiziaren albistea ezagutu zutenetik, balio handiagoa hartu duela bizitzak eta segundo bakoitzari urrearen kolorea ikusten diotela biek ala biek. Ez dute istant bat bera ere oharkabean galdu nahi eta sekula ez bezala jabetu dira, erredundantziaz esanda, zein bizirik dauden eta zein bizirik nahi duten bizi. Testu laburretan emana dator kontaketa, bata bestearen atzean herrenkadan jarrita. Batzuetan Zuren senarra da idazlea eta beste batzuetan Lertxundi bera. Emazteari ere esanarazten dizkio gauzak eta baita kakotx artean ezartzen hari dagozkion aipamenak. Era honetan kruzero abiadura ezin hobea ematen dio Lertxundik irakurketari, dena doa gozoz-gozo, argi eder baten argitara bezala,
eta harrigarria gertatzen da halako gai sakon bezain gogorra nola bihur litekeen atsegingarri. Eleberrian aurrera egin ahala, maiz ageri dira tartekatuta Lertxundiren lanean betierekoak diren gaiak. Niri neuri asko gustatu zaizkit artegintzaren ingurukoak eta, batez ere, literaturaren historiako idazle handi eta ez hain handien lanetan eduki duten lekua minak, gaixotasunak eta heriotzak. Aipuak, testigantzak eta gogoetak dira eta, batez ere, gezurretan ibiltzeko astirik ez dagoenean, sentimenduak zein eder agertzen diren ikusteko aukera. Poz handia eman dit, halaber, Lertxundi sortzaile eta artista sasoi bikainean aurkitzeak. Onenean, esango nuke. Beti entzun eta ikasi izan dizkiogun kontu guztien destilaketa moduko bat gertatu da liburu hau niretzat, bai bizitzaren ikuspegiari dagokionean eta bai, batez ere, idazlearen zereginari buruzkoan. Erakutsi digu idazlearen adibidea eredugarri gerta dakiokeela irakurleari eta, aldi berean, literaturak idazleari berari ere balio diola gaitzetik sendatu edo arintzeko bederen. Baina, batez ere, esan gabe ikusarazi dio irakurleari bizitza hau behar dela bizi esna, benetan, osoro eta edertasunean, nolaz eta munduan ez baitugun besterik.
Bibliografia Narrazioa Hunik arrats artean 1970, Lur Ajea du Urturik 1971, Gero Mensajero Goiko kale 1973, Gero Mensajero Aise eman zidan eskua 1980, Erein
Urtero da aurten 1984, Erein Lurrak berdinduko nau 1990, Erein Piztiaren izena 1995, Alberdania Paper-festa 2012, Alberdania
Nobela Hamaseigarrenean, aidanez 1983, Erein Tobacco days 1987, Erein Carla 1989, Erein Kapitain frakasa 1991, Erein Otto Pette (Hilean bizian bezala) 1994, Alberdania Azkenaz beste 1996, Alberdania Argizariaren egunak 1998, Alberdania Lehorreko koadernoa 1998, Alberdania Zorion perfektua 2002, Alberdania Ihes betea 2006, Alberdania Zoaz infernura, laztana 2008, Alberdania Etxeko hautsa 2011, Alberdania Zu 2015, Erein Horma 2017, Erein
Bidaia Italia, bizitza lanbide 2004, Alberdania / Berria
Saiakera Gaurko literatura 1968, Donostiako Apaizgaitegia Pio Baroja 1972, Gero Mensajero Xabier Lizardi, olerkari eta prosista 1974, Jakin Haur literaturaz 1982, Erein Letrak kalekantoitik 1996, Alberdania Munduaren neurriak 1998, BBK eta Ikeder Gogoa zubi 1999, Alberdania Muga-mugako zirriborroak (Edo pipiĂąoen kanpaina baten lehendabiziko zirriborroak) 1999, KM Mentura dugun artean 2001, Alberdania Konpainia noblean 2004, Alberdania Eskarmentuaren paperak 2009, Alberdania
Biografia Martin Ugalde, leialtasun baten historia 1997, Andoaingo udala
Estekak https://postdata.elkar.eus/anjel-lertxundi-zu/ https://www.berria.eus/albisteak/117070/sufrimenduaz_eta_heriotzaz _egin_du_gogoeta_anjel_lertxundik_azua_nobelan.htm https://eibar.org/blogak/iturri/buruzapia-zu https://eibar.org/blogak/sarasua/zu-anjel-lertxundi-erein-2015-ontsabizitzeko-bidia http://zubitegia.armiarma.eus/?i=85 http://kritikak.armiarma.eus/?p=6811 http://www.ehu.eus/ehg/literatura/idazleak/?p=635 http://www.idazleak.eus/euskara/idazleak/anjel-lertxundi-esnal