2 minute read

MARTXOAK

Next Article
MARTXOAK

MARTXOAK

Ikasleak gazte hizkera lantzeko tailerrean. EUSKARA ZERBITZUA

Lagunarteko hizkera landu dute DBHko ikasleek

Advertisement

Hiru ikastetxetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 152 ikaslek parte hartu dute tailer batean

SAKANA Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatuta, Sakanako hiru ikastetxetako DBHko ikasleek Lagunarteko hizkerarekin jolasean tailerra jaso dute. Zehazki, tailerra Etxarri Aranazko DBHko 4. mailan (2 talde), Altsasuko BHI institutuko DBH 2. mailan (5 talde) eta Altsasuko Iñigo Aritza ikastolako DBHko 3. mailan (talde bat) eman da. Talde bakoitzak Ttakun kultur elkarteko hezitzaileak dinamizatutako 2 orduko saio bana jaso du ilbeltzean eta otsailean.

Tailerren bidez gazteei lagunarteko hizkeran adar jotzea, hitz gordinak, ligatzea edota maitasuna adierazteko esamoldeak landu dituzte. Aldi berean, gazteak animatu nahi izan dituzte egoera informaletan euskarazko erregistro kolokiala erabiltzera. Gainera, gazteei hizkuntzarekin jolastu eta ondo pasa daitekeela erakutsi diete, baita euskarazko erregistro kolokiala erabiliz gustura sentitzea ere. Gazteek euskarazko erregistro kolokiala lantzeko, dinamika eta jolasak egin dituzte, eta hizkuntzarekin jolastu dute.

Arbazuarren ideiak arkitektoen esku

Herrian estalpea egiteari buruzko arbazuarren ideiak entzunda, hilaren 20rako proposamenak

ARRUAZU Herriak estalpe finko bat behar ote duen galdetuz Arruazuko Udalak etxeetan zabaldutako inkestak 11 erantzun jaso zituen. Gainera, larunbatean gaiaren inguruan udaletxean egindako bileran 15 arbazuar izan ziren. Batzuek eta besteak estalpearen kokapenari, tamainari, erabilerei eta bestelakoei buruzko iritziak eman zituzten.

Eta horiek guztiak adi-adi entzun zituzten bertara joan ziren bi arkitektoak. Entzundako guztiarekin bizpahiru plano eginen dituzte. Horiek hilaren 20rako eginak izanen dituzte . Izan ere egun horretarako Arruazuko Udalak estalpeari buruzko beste bilera bat deitu du, 17:00etan, udaletxeko ganboikoan. Arkitektoek proposamenak han aurkeztuko dituzte. Gorka Ovejero alkateak jakinarazi duenez, estalpea herriko etxearen eta elizaren artean kokatuko litzateke.

Markesina errepidearen iparraldeko partean jarriko da.

Arriskuagatik, autobus geltokia tokiz aldatu dute

Orain artekoa bihurgune baten erdian zegoen eta ez zen tokirik egokiena, aurreratzea zailtzen zelako

HIRIBERRI ARAKIL Hiriberri Arakilgo autobus markesina dagoen tokian errepideak bihurgunea egiten du. Autobusen bat bidaiariak hartu edo uzteko geldituz gero arazoak sortzen ziren, beste ibilgailuak autobusa aurreratzeko segurtasunik gabe gelditzen ziren, kontrako norabidean norbait etortzen zen ez zutelako ikusten.

Garraio Zerbitzuak autobus geltokia tokiz aldatzea erabaki du. Dagoeneko autobusak Goialde eta Eskolarantz kalearen bidegurutze ondoan gelditzen dira. Horretarako propio margotu dituzte seinaleak errepidean baita trafiko seinaleak jarri ere. Errepidearen iparraldeko aldean porlanezko espaloi zabal bat egin du zerbitzuak. Han bidaiariak babesteko markesina jarriko du Arakilgo Udalak. Kontzejuak aukeratu du modeloa.

Hiriberri Arakilgo Kontzejua arduratuko da gaur egun dagoen markesina kentzeaz. Guztiak hondakindegian bukatuko du. Azkenik, urtearekin batera kontzejuan bertan aldaketa egon da. 8 urtez kontzejuko presidente izan ondoren, Jose Luis Legarra ardura Javier Arrietari pasa dio.

This article is from: