Andere agurgarriak, Irailaren 4an gure bulegoan jaso genuen zuen idatziari erantzun bat emateko zuzentzen gara zuengana. Idatzi horretan, irailaren 1ean Azpeitiako Museora bisita egitean zuen hizkuntza eskubidea urratua izan zela sentitu zenutelako eta bisitaz arduratzen zen bolondresaren jarreragatik zuen kexua azaltzen zenuten. Museoko langileen bertsioa ez dator guztiz bat zuek azaltzen duzuenarekin, baina bai bata eta bai bestea zalantzan jarri gabe, barkamena eskatzen dizuegu uneren batean deseroso edo nahigabetuta sentiarazi bazaituztegu. Museoaren dinamikari dagokionez, bertan hiru langile daude, hirurak euskaldunak. Horietako bik harreran egiten dute lan eta astegunetako bisitak ere atenditzen dituzte, bai euskeraz (gehienetan, ikasle-talde asko etortzen baita) eta bai erderaz. Hirugarren lankideak, jendaurrean, makinista lanak egiten ditu, unitateak toki batetik bestera mugituz. Lan-talde eskas honi laguntza emateko, batez ere asteburuetan, Museoaren Lagunen Elkarteko kideak hurbiltzen zaizkigu, beraien borondatez eta ezer kobratu gabe. Kide hauek jatorri ezberdina dute: Euskadi, Catalunya, Galizia, Madril, Castilla, Cantabria, Iparralde edo baita Alemania ere. Askok, gehienek, ez dakite euskeraz hitzegiten. Tamalez, hauxe da egoera. Horregatik, bisitak euskeraz egin nahi izanez gero, harrera puntuan eska daiteke eta, modu batera edo bestera, konpontzen gara eskaintzeko. Museoaren harreran dauden langileak honetaz informatzen dute eta sarreran bertan ere badago oharra. Zuen aholkua jarraituz, ohar hori argiago jartzen saiatuko gara eta web orrialdean ere informatuko dugu honetaz. Aztertuko dugu, baita ere, iradokitzen duzuen bisiten antolamendua gure Museoan dauzkagun baliabideekin aurrera eraman dezakegun. Amaitzeko, jakin ezazue hauxe izan dela gure lankideen edo bolondresen jarreragatik izan dugun kexa bakarra. Jasotzen ditugu, ordea, zorionak eta esker ona; bereziki, aipatu duzuen emakumeari zuzenduta. Hala ere, berriz ere barkamena eskatzen dizuegu bisitan zehar zuen gogoa asebetetzeko gai ez garelako izan.