EUSKALDUNAK eta BALEAREN EHIZA

Page 1

EUSKALDUNAK eta BALE-EHIZA 1497. urtean, Amerika aurkitu eta bost urtera, Giovanni Caboto italiarrak kontinente Berrirako bidea ireki zuen iparraldetik. Ternua deitu zuen hartan, hainbeste bakailao aurkitu zuen, "saskiekin" har zitekeela esan zuela. Berria Europa osoan zabaldu zen: legatza baino askoz hobeto kontserbatzen zen arraina zen. Horrela, euskaldunak Ternuara iritsi ziren, beren jatorrizko portuetatik 4.000 kilometro baino gehiagora. Ternuako euskaldun baten lehen berria 1517. urtekoa da, Donibane Lohizuneko arrantzale batek Lur Berrietako bakailao berdearen salmentaren berri ematen duenean Bordelen, dokumentu batean. Baina, laster, euskaldunak harrituta utzi zituen zerbait aurkitu zuten: egungo Belle Isle itsasartea, milaka zetazeok zeharkatzen zuten. 1540an lehen espedizioak izan ziren. Handik gutxira, bale-industria indartsua altxatu zuten euskaldunek Quebecen eta Labradorren. Urtean 400 balea arrantzatzera iritsi ziren, eta eraikitako 1012 portu identifikatu dira. Bertan, 2.000 pertsona inguru bizi ziren urtero, eta dozenaka galeoi bilatzen zuten babesleku, zama baliotsua Europara eraman aurretik. 2013an, Red Bayko lurreko aztarna arkeologikoak -labeak, upeldegiak, giza eskeletoak, arpoiak eta bale bizarrak- eta hondoratutako galeoiak, Gizateriaren Ondare izendatua izan ziren. Edonola ere, euskal ko staldean 1059. urtekoa da lehen dokumentazioa, Baionako azokan egindako balea -haragiaren salmentarekin lotutakoa. Inguru hartan bizi ziren indioekin trukeak egiten zituzten euskaldunek, haiengandik batez ere larruak hartzen zituzten burdinezko tresnen, elikagaien, eta abarren truke. Arrantzale gehienak Bidartekoak, Getarikoak, Donibane Lohizunekoak, Ziburukoak, Urruñakoak, Hendaiakoak, Hondarribikoak… ziren. Euskal portu askok arpoiak edo baleak ehizatzeko eszenak eramateak, Erdi Aroko kostaldeko jarduera garrantzitsuena izan zela adierazten du.


Izan ere, balea aberastasun iturri agortezina zen. Baleatik ia dena aprobetxatzen zen: gantza, galdaketaren ondoren sain bihurtuta, argitarako eta olio gisako, upeletan garraiatzen zena, xaboia egiteko ere; mihia jaten zen, eta, gainera, olio fina lortzen zen, oso erabilgarria erlojuak koipezteko; larrua baliatzen zen; bizarrak hainbat lanabes egiteko, orraziez gain, labanak eta haizemaileak ere egiten ziren; eta baleak sabelean anbarra bazuen, sendagaiak eta lurrin-gaiak egiteko erabiltzen zen. Hezurrak ere baliatzen ziren hainbat jardueratan. Ontzigintzaz gain, beste industria batzuk ere loratu ziren baleen jardueraren babesean Amerikan. Lurralde haietan bale-koipea galdatzeko, labeak ezartzeko, galdarak, adreiluak eta abar ugari hornitu behar ziren, eta, ondorioz, fabrikazioa ere antzera garatu behar zen. Baina, zalantzarik gabe, tona-industria izan zen garrantzitsuena: kanpaina bakoitzean prozesatzen zen olio-tonak gordetzeko upelak egitea. Horrela, upelgilea ezinbesteko elementu bihurtu zen. Baina beste gremio batzuk ere baleen jardueraz baliatu ziren: kalafateak eta zurginak, edozein tripulazioren funtsezko kideak ziren. Ikastunek ere bazuten beren lekua itsasontzian. Bazeuden upelgile, arotz eta arpoilari ikastunak.

1550. urte inguruan, baleaindustria Euskal Herriko diruiturririk handiena zen. Selma Huxley antropologo ikerlari Kanadiarrak aurkitu zuen ondoko mapa zaharra artxibo batean 1972. urtean. 1592. urteko mapa honi esker Selmak kokatu ahal izan zituen 12 bale-portu Ipar Amerikan. Euskal baleazaleen gainbehera 1588an ingelesek "Armada Garaitezina" deiturikoaren porrotetik abiatzen da. Euskal itsasontziak Gaztelako Koroaren zerbitzura jarri behar ziren gerra kasuan, eta, beraz, errekrutatu egin zituzten. Baina itsasontziak ez zeuden gerrarako diseinatuak eta ingelesek erraz gainditu zituzten. Informazio iturriak: amerikanuak.blogspot.com eta aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.