Irakurri mesedez

Page 1



Euskal Idazleen Elkarteak bultzaturiko “Irakurri, mesedez” kanpainari ikusgarritasuna emanez, Bizkaiak bizi dituen giro natural, sozial edota itxaropenezkoaren gaineko hausnarketa literarioak bildu ditugu hemen, irakurlearen gozagarri. Hortaz, Bizkaiko idazle batzuen testuak irakurgai dituzue Metroko geltokietako hainbat tokitan, Bizkaiko berbak balira bezala. La campaña “Irakurri, mesedez” muestra en varias estaciones de Metro de Bilbao, textos de una serie de escritores y escritoras de Bizkaia que de una u otra manera reflexionan desde lo literario sobre el devenir de esta comarca.


Irakurri, mesedez.

Ana Urkiza Atzorako geratzen dena (Alberdania)

Harriak harri dira baina guztiek ez gaituzte berdin kolpatzen. Ahotsa galdu duenari garrasi oro zaio gor. Zeharka begiratzen diogu bizitzari, min egin ez diezagun. Bizitza izugarriagoa da heriotza baino, hala ere. Jendeak urrutiko hirietara bidaiatzen du, hurbileko herri txikiak handi gelditzen zaizkiolako.

-4-


Irakurri, mesedez.

Andolin Eguzkitza Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki (Susa)

HASERRE NAGO Haserre nago arratsaldeko seiak eta erdietan, Kale Nagusitik ibilki krokodilo bat balitz bezala, edo zakur deslaia, pasa egin delako begiak zuri, gora burua itsu baten modura bihotza gorturik, belarriak estalita. Haserre nago arratsaldearen erdian, egurasten ibilki dilista-plater bat bailitzan laguntasunaren plazerari uko egin diolako, ondotik pasatzean. Haserre nago arratsaldeko une honetan, bakearen bila etxetik irtenda xoxo betokerra bailitzan ondotik igaro delako gau euritsuetan hainbeste beldurtzen gaituzten tximisten modura. Haserre nago eta ez dut maite.

-5-


Irakurri, mesedez.

Asel Luzarraga Bioklik (Elkar)

Bero dago kanpoan. Eskerrak armairuak zer jantzi gaztigatu dion, pisu barruan ez baitago kanpoko giroaren berri izaterik. Tenperatura eta hezetasun maila berbera beti. Haren benetako etxea baino doiago girotuta dago ezarri dioten bizilekua. Uneoro han sartuta, ez da guztiz moldatu auzo berrira. Zer egun den ere ez daki, baina Miribillako kaleetan familia dezente dabil egurasten. Asteburua, seguruenik. Ez du inor ezagutzen. Ez du inork ezagutzen. Mnaxezko buruzapi koloretsuak daroatzate emakume askok. Azala freskatzen ei du ehun berri horrek, baina garestiegia da haren poltsikorako. Magnetoa hartu du hiri zaharrera joateko. Garraiorik ekologikoena dela diote, magnetoa. Ez daki ekologikoena, baina isilena bai, behintzat. Bidaiari bakoitzaren arnasa ere entzun liteke, belarria zorroztuz gero. Asteburua da, zalantza barik, non jesarri ere aurkitu baitu. Mutiko bakarra doa leihotik begira, objektu erreal eta irrealen bat seinalatzen duela atzamar batez. Beste buru guztiak, biomugikorrerantz edo magnetoko biopantailetarantz okertuta doaz.

-6-


Irakurri, mesedez.

Ekaitz Goienetxea Zaldi Mamarroa (Elkar)

Tatuajea mugitu egin da. Zirrarak ez dira kalendarioetan gertatzen. Gertatzen dira gutxien espero duzunean. Orain X urte dituzu. Laster, X gehi bat. Gurago ez pentsatu zenbat hortik aurrera. Eta horrela gertatuko zaizu, orain arte gertatu zaizun bezala urte hauetan guztietan, denbora pasatuko dela oharkabean. Hurrengo zirrara iritsi arte.

-7-


Irakurri, mesedez.

Gabriel Aresti XX. mendeko Poesia kaierak (Susa)

MUNDUAREN NEURRIA Nire buruaz mintzatzen naiz, naizelako munduaren neurria. Barka bezaidate. Nork bere begiekin ikusten ditu gauzak. Eta nork diost niri Laudioko kanpandorreak eztakusala? Nork? Nire buruaz mintzatu behar dut, hura delako (ni naizelako) hobekien ezagutzen dudana. Nire bularra labirintu bat da, dedalo bat, eta bertako kale kantoi guztiak ezagutzen ditut: Bertatik ibiliko naiz nola komodatik ohera, arimaren begiak itsutzen dizkidaten egunean ere. Dena dela, ni naiz mintzatzen naizena, eta mundua diot, nire zihorraz neurtu behar dut mundua, beste neurririk ezin baitarabilket. Nire bularraren gainean zer dagoen, hori bakarrik jakin nahi dut. Mintzatzen naiz nire buruaz. (‌)

-8-


Irakurri, mesedez.

Goizalde Landabaso Bränskint (Txalaparta)

ITXAROPEN GORRIA Zeruak ezin dio eutsi negarrari atzoz geroztik. Drama matxingarratza hirian. Ez da itzurbiderik. Eguartea da eta gauerdia dirudi. Etxeetako argiak erreskadan isiotu dira. Zuri-beltzezko filma zatekeen eguneroko bizitza ez balitz. Aterkiak. Txotak. Eskularruak. Tapaukak. Lantzean behin urdinak apurtzen du linealtasuna; baina, oro har, beltzaren eta grisaren artekoa da eguna gaur. Hirurogeita hamar urtetako gizona azaldu den arte. Kapela beltza, gabardina beixa, denboraren mapa eskuetan eta oski grisak. Makulu bat eskumakoan. Eta ezkerrekoan: arrosa ezin gorriagoa.

-9-


Irakurri, mesedez.

Gotzon Barandiaran Arrakalak (Susa)

POSTARIA Gure herriko postariak ez daki irakurtzen. Aitari ikasi zion etxeei usaina hartzen, gutunetako letrak ate eta ahoekin berdintzen. Kaletik doala solasean ari direnei erreparatzen die, ezpainen gimnasiari, bekainen zalantzei, eskuen erotasunari. Hartara jakiten du zein gutunek hitz egiten duten maitasunaz, zein helbidetara doazen galderak, zein fakturak itolarritzen duten etorkizuna. Gutunik ez dagoen egunetan zigiluak itsasten ditu bekokien goiko ertzetan.

- 10 -


Irakurri, mesedez.

Igor Estankona Iratzeen esporak (Susa)

BETETA Erreminta ondo zorroztuta eduki. Neguko isiotutako txapako takoaren haritz egurrarekin egin txaramel bat leihorako. Bitartean pentsatu bai argi dago aurten ez duela jarriko hainbeste ortu. Ez errezatu ez ostiarik bazkal aurretik. Siesta bota eta ametsetan sentitu leunki ukitzen duela emaztearen izter zuria. Txakurrei pospolina askatu. Portalean eseri zigarro bat bildu lainoak ikusi Dimako haitzetan eta duda egin: egun zoriontsu honen ostean etorriko ote da beste bat?

- 11 -


Irakurri, mesedez.

Irati Jimenez Bat, bi, Manchester (Elkar)

Hamasei urterekin banekien emakumeen biguntasunak ez zuela nigan ezer gogortuko. Lagun bat neukan, Igor. Eta hamasei urterekin, neu eta Igor, Igor eta neu, ez zegoen beste ezerentzat leku handirik. Springsteenen kantu bateko letrekin esatearren, musika berbera atsegin genuen, alkandora berdinak jantzi. Hamasei urterekin odolez besteko anaiak ginen, eta luzaroan jakin nuen maitemina adiskidetasun itxurekin mozorrotzen. Luzaroan, baina ez beti. Azkenean adorea atera nuen eta goizaldeko hiruretan aitortu nion. Zergatik ez, pentsatuta. Okerrena ezetz esango zidan, eta bai, mina sentituko nuen, bina mina jasanezina zen ordurako eta ezin nuen ezer galdu, ezta? Ez da. Goizaldeko hiruretan ez dakit baina lauretan maindire artean sartuta eta negar baten deseginda, maitasunaren itxaropenik ez neukan. Laguna ere galdua. Pentsatu nuen sorpresa, izua, nazka, dezepzioa gaindituko zuela Igorrek, baina komuneko hormetan maritxu zikina irakurri nuenean neure izenaren aurretik, “ba, ez antza� pentsatu eta aurrera jarraitu nuen. Hamasei urterekin badaude halako golpe gogorrak, goitik behera astintzen zaituztenak. Ez duzu uste gai izango zarenik hurrengo egunean ere arnasa hartzeko baina, bihotza behin eta berriro apurtzen den giharra denez, aurrera zoaz.

- 12 -


Irakurri, mesedez.

IĂąaki Friera Zureak egn du (Susa)

2 Amak esaten zigun hodeiak, norakorik gabe hara eta hona ibiltzeaz nekatzen direnean, basoetara jaisten direla deskantsatzera, eta orduan lainoa sortzen dela. Esaten zuen hodeiak pertsonak bezalakoak direla, eta batzuek koltxoi gogorragoa edo bigunagoa nahiago dugun bezala, hodeiek ere halako edo holako arbolak aukeratzen dituztela: hodei batzuek pinudia aukeratzen dute, fakirren moduko oheak nahiago dituztelako; beste hodei batzuk pagadiko hosto sarrien gainean etzaten dira, pagoen adarren formetan atsedena aurkitzen dutelako. Gero, altxatutakoan, ohea nolakoa, halakoa izaten da hodeia, eta, berbarako, pinudia aukeratu duten hodeiak erabat zulaturik zeruratzen dira eta goian daudenean pinuek egindako zuloetatik askatzen dute ura. Hala esaten zuen gure amak. Bart pinu basoa aukeratu dute lo egiteko, pentsatu nuen tantek kaleko zolaren aurka sortutako hotsa ohetik entzutean. Beste aldera biratu nintzen eta bularraren kontra estutu nituen izarak eta manta, altxatu aurreko azken uneko beroa.

- 13 -


Irakurri, mesedez.

Jon Gerediaga Zentauro-hankak (Pamiela)

III Goizean presarik gabe jantzi gara eta belagilearen ametsa gogoratuz basoan barrena ibili gara astiro-astiro eskutik helduta eta astiro txakurrei eta denborari desafio eginez. Aitaren gomendioari jarraituz begiak pausatu ditugu bazterrean han eta hemen, txikikeria miresgarrietan basurde agian zuriaren apatxetan onddoetan, hazietan, erroetan zuhaitz zahar lepatuen sudur eta atzaparretan (suak eraldatu zituen faltan dituzten adarrak) eta enbor agortuetan, deseginetan, ustelduetan armiarma eta kaskabeltz zeharo bizietan. Lanbroak apurka-apurka inguratu gaitu gure urratsak eta gure hitz xuxurlatuak iskanbila izan dira isiltasun zuri hartan. Lanbroak daramatzan ur-tanta txiki asko amaraunetan eskegita gelditu dira eta elorri zuriaren hosto eta arantzetan. Eta elorri beltzarenetan ere bai. Arantzan zu. Zugan arantzak. Arantzak, arantzak lanbrotan bezala gure gorputzak gure urratsak gure hitzak.

- 14 -


Irakurri, mesedez.

Julen Gabiria Han goitik itsasoa ikusten da (Elkar)

Esne usaina zabaldu da herritik. Koloreak zabaldu dira. Ume bat uztaiarekin jolasean zebilen. Betiko geratu zaizkio iltzatuta usaina eta koloreak, halako gauzak elkartzen umeek baino ez dakiten moduan. Gero agure bi pasatu dira umearen albotik, umea han zegoenik ohartu barik ere, eta batek esan du: “Iraultza dator, antza�. Eta umeari iraultza hitza elkartu zaio usainarekin eta koloreekin, edo esnearen usaina Liviaren arropen kolore biziekin eta iraultza hitzarekin, edo koloreak iraultzarekin eta esnearen usainarekin, edo beste edozein modutan, baina buruan sartu zaizkio, eta kalean behera joan da uztaia bueltaka eramanez, esnearen usaina sudurrean, arropen koloreak begietan eta iraultza hitza buruan, eta uztaia bueltaka-bueltaka eraman du, eta Atorra Beltzen furgoneta baten ondotik ere pasatu da, iraultza hitza buruan zuela, gauzak elkartzeko umeek duten abilidade horrekin.

- 15 -


Irakurri, mesedez.

Karmele Jaio Zu bezain ahul (Elkar)

Medikuak esan dio estresagatik izan daitekeela. Egoteko lasai, emakume askori gertatzen zaiola eta lasaitasun eta pazientzia pixka batekin lortuko duela. Aurreko belaunaldietako emakumeak aipatu ditu, eta esan du normala dela haiek erraztasun gehiago izatea, bizitzan lasaitasun handiagoz hartzeaz gain, hogei urterekin hasten baitziren haiek saiatzen, ez orain bezala. Horrekin ez duela esan nahi hogeita hamabi urterekin lehenengo haurra izateko arazorik izan behar duenik. saiatzen jarraitzeko eta lasaitzeko esan dio medikuak, estresa izan daitekeela, emakume askori gertatzen zaiola. Ospitaleko kanpo aldean eguzkiak jotzen du eta usaindu daitekeen giro gozo eta epela sartu zaio sudur zuloetatik. Parke txiki bat dago ospitalearen aurrean, eta horren erdialdean haurrentzako jolasak daude. Umeen algarak entzuten ditu. Txirristatik behera doaz batzuk, zabuka, alde batetik bestera daramatza besteak, haize epela ebakitzeko moduko abiaduraz.

- 16 -


Irakurri, mesedez.

Kirmen Uribe Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa)

Karmele Urrestik lantzean-lantzean ibiltzen zuen Ondarroatik Lekeitioko itsasertzeko bidea. Bihurgunez beteriko errepidea da, badiote hirurehun bira baino gehiago egiten dituela hamaika kilometro eskas horietan. Bide ertzetik paseatzen joaten ziren Anita eta biak, ia automobilik igarotzen ez zen urte haietan. Errepidetik bertan da itsasoa, uhinen aparra haitzetan lehertzen eta marinelak kaletan arrantzan. Ahizpak Frantsesarena esaten dioten etxean geratzen ziren atseden hartzera, hurran dagoen iturritik ura edateko, bi bihurgune lehenago. Burdina asko duen ura da hangoa, hainbeste ezen iturriko harlauzak herdoilez margoturik dauden, eta goroldioz. Uda partean atsegina izaten da han zehar ibiltzea, iturrian egarria ase eta inguruetako mendietako eukalipto arbolen lurrina hartuz. Bihurgunez bihurgune, itsasoari begira, Artape, Santa Klara, On botau, Arlasta, Galtzuaran azpia, Zider izkina, Mendipe, Irabaltza, Atxazpi, Mantxa bide, Laba, Peruko zubia, Kurrilo harria, Arri luxia, Lur gorria, Mune erripe, Arrain bide, Murkulu, Arri ikara, Zarbatxa, Paulo Atxa, Arri luzia, Ondarra, Luperri lekua edo igeri lekua, Portu txiki, Ur Aundi, Ur gogorra, Portu handixe, Iko-atzea eta Ametselako haitzak igaro eta azkeneko bihurgunean Lekeitioko irla begiztatu arte, ia bi orduko ibilbidea da oinez.

- 17 -


Irakurri, mesedez.

Leire Bilbao Scanner (Susa)

TERRA NOVA Berandu jaio zinen esaten zidan amak. Bi astez berandutu nintzen munduari beldurrez. Beste bi astez izan nintzen arrain gorri amaren urontzian. Hiru kilo seiehun argitu zion irrati-telefonoz aitari. Ipurdiko bat eta negar egin nuen aitarentzat. Nire alaba! Nire alaba! entzun zen brankan. Ondo gabiltza arrantzan cambio y corto. Gau hartako marinelen edariak aitaren kontura izan ziren. Gau hartan aitak pozik egin zuen lo. Sei hilabetera ezagutuko zuen amaren amuko arraina. Bere besoetan hartu ninduenean lehen aldiz igeri egin nuen itsasoan. Badakit ez zela nire negarra gazitasun busti hura.

- 18 -


Irakurri, mesedez.

Lutxo Egia Txakur ingelesak (Susa)

2007KO IRAILAREN 29KO GUTUNA Egun haietan logelako pertsianako zirrituetarik barrandatzen nuen biluz, ezer definitu gabe. Oso aldi bakanetan kaleratzen nintzen, korrespondentzia postontzitik hartzera batez ere. 29an ezustean harrapatu ninduen Beitiak bidalitako gutunak. Baziren hiru hilabete ez nuela haren berririk. Bidaiatzen ari omen zen. Hamabi urte zeroatzan inora joan ahal izan gabe. Hilaren 24an zigilatutako gutuna zen. Harri eta zur gelditu nintzen. Beitiak bere etxetik bertatik igorria zen. Denbora faltaz edo gogo faltaz —edo biaak, edo bat ere ez—, postala kanpotik bidali beharrean, etxetik bidali nahiago. Gutun-azal zuriaren barnean, ordea, ez zegoen postalik, gutun bat baizik. Sano arraroa begitandu zitzaidan. Zer edo zer idatziz komunikatu nahi bazidan, etxeko postontzian uztea bazeukan. Ez alferrik bizi ginen elkarren parean, hamabost metrora. Irakurtzen hasi nintzen. Niri gutunak bidaltzeko prest zegoen —jarraitu eta berreskuratu aditzak ere erabili zituen—. Nik ez nuen ordainean erantzuteko beharrik. Ondoren gure kaleaz aritu zen. Ondo pentsatuz gero, zioen sarrera gisa, balkoietara azaltzen garenean gure bizitzek ikuspegi diferenteak hartzen dituzte. Berehala etorri zitzaidan irudia burura: Beitia eta biok, nor bere balkoian kaleari beha. Funtsean arrazoi zeukan. Nire ikuspegia ez zen osoa. Kaleko aldaketez ere jardun zuen: meskita, etorkinen ugaritzea —batez ere aljeriarrak eta marokoarrak—, Halal, Pasio-Irudien Museoa, Machu-Pichu. Irakurri ahala kalea gorpuztu egin zen.

- 19 -


Irakurri, mesedez.

Mikel Etxaburu Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak (Erein)

GURE BALKOIAN Pago gazte bat bizi da gure balkoian loreontzi itxurako ziegan. Ez da inoiz pausatu txoririk haren adarretan; ez du inork haren enborrean maitasun testigantzarik tatuatu; lurra falta du zuhaitz izaten jarraitzeko, eta esperantza itzal egiten jarraitzeko. Gure balkoian bizi den pagoak ez du basorik helburu, eta hala ere, hosto berriak hazten zaizkio udaberrietan.

- 20 -


Irakurri, mesedez.

Miren Agur Azalaren kodea (Susa)

OHAR LABURRAK - 3 Hiria handia da. Haurtxoen gainera abaildutako itzalak bezainbestekoa. Hausterrea dirudi pobreen azalak kale-zokoetan kokoriko daudenean. Hormatxoriak dituzte jagole parkeko estatuen sorbaldetatik. Hiria handiegia da. Txatarrazko itsaso bat, talka eta talka, gure miseriaren ziliportak aireratzen. Zabortegiak bailiran badoaz eskaleak, zigarrokinak aldean, kantoietako habietarantz. Koipezko uharak geratu dira bidean.

- 21 -


Irakurri, mesedez.

Nerea Arrien Hirutter (Erein)

MARTIN Hogeigarren segundoan konturatu naiz zeu zarela. Lehenago, kantoi bat, itzal bi eta angelu zuzenaren barruan gorputzak harrapatuta. Haragi zati bik egiten duten zutabe bat gero, isiltasun zikin bat eta orbana. Pause. Atzerantz. Haragi zati bik egiten duten zutabe bat, 100 pultsazio minutuko, isiltasun zikinago bat, 200 pultsazio eta orbana. Lepoan. Pause. Zure orbana. Zure lepoan. Hogeigarren segundoan. Play. Parpaila beltzeko zure kuleroak. Titiz betetako haren eskuak. Whatsappetik bideo hau bidali duten berberak. Itzalak lurrean. Zu haien azpian. Eta argia ostu dizun hori bion gainean. Lurperatzen zaituen itzalezko alfonbra zapaltzen. Zu maitekor bat, zu pornografiko bat. Berarekin, berarekin, berarekin larrutan egiten duen zuek jasanezin bat. Niretzat.

- 22 -


Irakurri, mesedez.

Paddy Rekalde Ragga-ragga dator gaua (Susa)

Neoizko argiak erdi zintzilik daude taberna gainean urratu den, aurpegi den pareta gorrian. Zubiak gora zutitzen ziren Portsmoutheko ontzientzat lehen ÂŤeuskaldunaÂť, gaur palazioa eta biharko laino beltzak. Arratsaldeon lagunok! Ongi etorri gaur ere Txirene irratia sintonizatu duzuenoi! Eta sintonizatu ez duzuenoi... zuentzat kalte! Zer esango diegu ba? Beti bezala, irratsaio honen hasieran Zaharra zara Bilbo kantuaren musika, Gariren ahotsa... Sintonia itzela, ez duzue uste, txirenetarrok? Zaharra zara Bilbo Zaharra zara Aitortu behar dizuet: inoiz baino gehiago kostatu zait irratira heltzea. Ez dut ukatuko bart gaueko erretirada luzatu egin nuela... berbetanberbetan azken taberna itxi egin genuela, eta hortik gaurko ajea, gaurko nekea, gaurko ezina... honantz etortzean berunezko zapatak eta prakak neuzkala pentsatzeraino... Ez da harritzekoa, kalean 33 gradu ditugu! Edonor akabatzeko moduko 33 gradu eguzkitan! Bero sapa itzela, Atxuriko trenbideak urtzeko lain, itsasadarretik marrazo erraldoi tropikalak sartzeko modukoa... Aitzakia ona hozkailuko garagardo poteak gelditu barik ateratzeko... Ados gaude, ezta, entzuleok? Topa! La Vieja sartu da Nerbioi erriberan oinak ur beltzetan, loreak baineran mozkortzen nauzu ta ezin zaitut edan.

- 23 -


Irakurri, mesedez.

Rafa Ugalde Baltzolako ipuinak (Ibaizabal)

Baltzola erreka bazterretik gora jo zuen urritx eta haltzen artean. Lainoa zuhaitzekin nahasten zen goizeko ordu haietan, baina parajearen irudi misteriotsua gorabehera, lasai zihoan Kemen. Errekak marrazten zuen ibarraren barrenetik aldendu zen, ezkerretarantz jo zuen alderdi garaiagoetara heltzeko. Inguru hori haritzen erresuma zen. Gogoz ibili zen hariztian gora, bakarrik. Animalia izutien zalapartaren bat edo beste, eta goizeko txorien kantak besterik ez zen entzuten. Laster heldu zen gorago zegoen lautadatxo batera. Lainoa beherago ikusten zuen, atzean utzi zuen lautadaren gaineko izara baten moduan; lo zegoen dena han behean. (‌) Ibai bazterrera hurreratu eta txundituta geratu zen haren zabalerarekin eta hango ur handiekin. Ibaizabal pentsatu zuen bere barrurako. Bazekien lehenbailehen urrundu behar zuela ibai bazterretik; gainera, toki hartan zabalegia zen arroa beste aldera igarotzeko. Uraren norabideari jarraitzea erabaki zuen, bazterretik aldenduta arriskua saihesteko.

- 24 -


Irakurri, mesedez.

Sonia Gonzalez Erreka haizea (Susa)

LABARTZA HERRIA Labartza ez da biztanle guztiek elkar ondo ezagutzeko bezain txikia, ezta betiko familiek betidanik elkar ez ezagutzeko bezain handia ere. Labartza herriko biztanleak denbora luzez egon daitezke labartzarren baten berri ematen elkarri, hizketakidea, haritik tiraka, zeinen inguruan ari diren berbetan azkenik kargutu arte: “Ez dakit noren alaba, senarraren amak denda bat ez dakit non zeukana, badakizu, familia beheko kalean bizi zena eta aitaren anaia bi Ameriketara joan zirenak... bai, jakin behar duzu, gaztetan gerora koinatua izango zenaren tabernatik askotan ibiltzen zena...”. Harik eta “bai, bai, bai, nire ahizpa nagusia baino pare bat urte gazteagoa den andre hori, zelan ez dut jakingo ba!”. Labartzako biztanleek, usu baino gehiagotan, ez dute gogoratzen zeren kontura zetorren pertsona hori aipatzea. Udatik udagoienera, gauez euria egiten duenean, kale kantoi guztietaraino zabaltzen den belar usainaz esnatzen da Labartza. Oraindik, ohitura den legez, txikoriaz hartzen diren goizeko kafesneetako katiluetara ere sartzen den freskotasun berdea da, kresalaren gaziaz nahasirik. Labartza herrian ez dago inoiz izarrak ikustea galarazten duen besteko argirik. Duela urte gutxira arte negu orotan argia eteten zen, bizpahiru egunez. Eta orduan inoiz baino ederrago ikusi ahal ziren zeru oskarbietan konstelazio guztiak. (…)

- 25 -


Irakurri, mesedez. Bakarrik nago korridorean. Ez dago hemen eserlekurik mahairik zakarrontzirik altzaririk. Ireki ezin daitekeen leihoa bakarrik. Pintatu gabeko baina orbanez eta orbainez zizelkatutako paretak bakarrik. Bakarrik nago korridorean. Eta nirekin daude emakume nagusi bat, lelo ulergaitzak kantari eta gizon xahar bat pijamatik kaka dariola eta mutil gazte bat bere logelan giltzapean utzi dutena atea kolpez ostikoz ukabilkadaz apurtu nahian eta gazteegia den neska bat negarrez arnasa falta zaiola eta beste hiru neska irratiko azken arrakastak abesten eta dantzatzen antsiolitikoa hartu ondoren dantzatu ahal den moduan behintzat dandarrez hankak, dandarrez besoak eta gerria, dandarrez arima, dandarrez gogoa, bizipoza, eta bizitza bera. Eta bizitza bera.

- 26 -


Alaine Agirre Txoriak etortzen ez diren lekua (Erein)

Beste gizon bat beste psikiatriko batera deribatu dutena eta halako irribarre bat daroana ahoan; nola esango nuke, leku honetan irribarre egin daitekeen dosi maximoarekin, lar ez dena. Eta panpina baten antz terriblea daukan emakume operatua, makillatua goitik behera. Eta, gosaldu aurretik, erretzeko programatuta eta onartuta dagoen ordua baino lehen, erizainei mesedez mesedez mesedez zigarro bat, bat bakarra, bat sikiera erretzen lagatzea eskatzen dien mutila. Ala neska. Ez dakit zer den. Zer inporta du, ez baldin badakit nor den. Eta korridorea garbitzen ari den emakumea. Orain dela bost minutu lurrera bota dudan gonbitoa garbitu duena: Yolanda. Garbitzailea izateaz gain, hemen dagoen psikologorik onena. Komuna giltzaz irekitzen diguna txiza ala kaka egin beharrean gabiltzanean. Atea irekita, guri begira egoten dena, txiza edota kaka ez den beste ezer egin ez dezagun. Geure buruaz beste, adibidez - 27 -


Irakurri, mesedez.

Unai Iturriaga Berandu da gelditzeko (Susa)

Bilbon zarra-zarra ari zuen euria arratsaldeko hiruretan. Milaka tanta H2O suizidatzen ziren kanpoan, espaloi, teilatu, auto, zuhaitz eta farolen kontra, beren izateaz beste eginez. Somera kalean, udaleko brigadillak astero konpontzen zuen estolda gainez ari zen. Urak barrikada egiten zuen Manuelen taberna aurrean, ezinezkoa zen orkatiletaraino busti barik handik igarotzea. Kale bereko 13an, latorrizko hodi zahar batek ur jauzi estatusa aldarrikatzen zuen jario batean. Eta jarioak bigarren pisuko leihoan jotzen zuen, tarteka bete-betean, haizearen arabera. Leihoa itxita zegoen, pertsianak beheraino botata. Seietako trenak, zazpietakoak eta zortzietakoak egiten duten bide bera egiten du. Eguzkiak Mugarra ostetik agur esaten du lotsati, Aramotz gorituz. Gaua baimenik gabe botatzen da gainera trenaren errailen norabidean. Lo egin zuen trenean. Ez zituen Euba, Zornotza... Bedia, Usansolo... Etxebarri, Bolueta eta halako izenak geltokietan ikusi. Ez zituen imajinatu ere egin, normalean egin ohi zuen gisan. Lozorroan joan zen Bilbora artio. Ametsetan loturabako irudiak pasatzen zitzaizkion bata bestearen ostean: Gasteizko emakume hura, Londresko IĂąaki, Txoriko agente sekretuak, Leire pijama nasai batekin askatasun osoan, garagardoak, kontzertuak, speeda, ama, aita, bere anaia subnormala, Jokin... Interbentore batek iratzarri zuen Atxurin.

- 28 -


Irakurri, mesedez.

Yolanda Arrieta Jostorratza eta haria (Alberdania)

ATZERA BEGIRA 1 Gure amamak Maria izena eta buruko painelua beti tente. Beltza egunez, zuria gauez, burua zaintzeko erabiltzen omen zuen ─edo iragana gordetzeko, antzinakoek diotenez. Ezpain meheak eta begi urdinak, metro eta erdi berrogeita bost kilotan, aurpegiko azala zuri leuna eta atzamar luze okertuak beso amaierako eskuetan. «Txakurraren salara!», bere esaldirik faboritoena, zezenak eta zezenkariak telebistan, kafesnea zopekin meriendan, letxugari azukrea besteon ozpin eta gatzaren lekuan ─bizitza, gehiago garraztu gabe, gozatu egin behar dela eta. Neskon logela txukun: «etxeko zapatilak mahaitxopean eta kulero zikinak gela iluneko palankanan!». Mezatara joateko mantila, ondo tolestuta, mahaitxoko tiraderan ─mutilari berak egingo dio ohea. Arrosario santua irratiko iluntzeetan, suhiarentzat berakatzzopa txapan dantzan. Alaba jostekoak amaitzen, hiru ilobak batuketekin ezkaratzeko mahaian. Flex koltxoi berrian lo, iloba zaharrenaren ohe tolesgarrian. Goizean, lehena esnea berotzera, neska bioi ileak ondo orraztu, fris-fras!, kolonia ura, buruko arraia zuzen eta, txirikorda puntetan, lazo koloretsu bana.

Gure amamak Maria izena eta buruko painelua beti tente.

- 29 -


Irakurri, mesedez.

Amaia Iturbide Dorrearen eta penduluaren arteko ituna (Erein)

SABAI BATEN BILA Esku ahur zapalak bezalako hostoak dauzka pikondoak. Hosto horietariko batean jartzen dut arreta. Berdeak eta grisak bat eginda, hondoa daukan forma da guztira hedatu eta bere magalean onartzen duena, osotasunari begira, berriz, bide alternatiboak bilatzeari buruzko alegoria irudikatzen duen fresko barrokoa dirudi, lurrin gozoa dariona. Hodeia bezala nora ezean doan hosto eroriari eutsi diot, dudan berme bakarra baita uhin apurtuaren itxurako nire urratsa den bezala. Eta pikondoa gogoan, adarretatik ibiltzen hasi naiz horrelako etxe zabal bat eraiki nahirik.

- 30 -




Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.