MENDIALDEA IPI
AUTONOMIA ETA ERANTZUKIZUNA
AURKIBIDEA
1. AUTONOMIA ETA ERANTZUKIZUNA……………………….………….…………………2
2. AUTONOMIA, URTEZ URTE………………………………………..…………….……………3
3. HAINBAT AHOLKU………………………………………………………..………….……………6
4. GELAKO ARDUREN BANAKETA…………………………………….…………………..……8
5. BIBLIOGRAFIA………………………………………………………………………………….…11
6. WEBGRAFIA………………………………………………………………………………….….…11
1
1. AUTONOMIA ETA ERANTZUKIZUNA Heztea pertsonari independente izateko, bere kabuz moldatzeko, erabakiak hartzeko eta dituen aukerak ezagututa aske jokatzeko gaitasuna lortzen laguntzean datza. Hori guztia, baina, ez da inprobisatzen: prozesu luze eta neketsua da, familian hasi eta eskolan eta bestelako gizarte giroetan jarraipena duena. Oso ohikoa izaten da gurasoei honelakoak entzutea: “Etxean ez du ezertxo ere egiten”, “Dena ahazten du”, “Haren gainean ez banago, ez du ikasten”, “Haren logelak oilategia dirudi”. Hau guztia gerta daiteke seme-alabek ez dutelako aukerarik izan bere adinerako egokiak diren jarrera arduratsuak ikasteko, edo, beren ezaugarriengatik, dagozkien ardura horiek bere gain hartzeko eragozpenak erakutsi dituztelako. Egoerak asko eta askotarikoak izaten dira, eta heziketaren alderdi honek garrantzi handia du zuen seme-alaben oreka pertsonalerako. Horrexek animatu gaitu proiektu hau gauzatzera.
ZERGATIK DA GARRANTZITSUA AUTONOMIA? Autonomiak beharrezko tresnak ematen dizkie haurrei geroz eta gutxiago izateko helduen beharrizana. Erantzukizunak beren gain hartzeko, inguruneari aurre egiten jakiteko eta arazoak konpontzeko aukera eskaintzen die. Gainera, beren buruarekin seguru sentitzea dakarkie autonomiak, beren autoestimua eta independentzia areagotzea, eta gauza berriak errazago ikastea. Autonomia ikaskuntza da. Autonomoak izatera eramango dien ekintza hori aurrera eramaten ari direnean (sofara igotzea, galtzerdiak janztea, barazkiak zuritzea, etab.) errutina eta ohitura jakin batzuk ikasten doaz, hurrenkera bat bereganatzen doaz. Batez ere lehenengo urteetan da ordena hori garrantzitsua, orduantxe ari baitira mundua ikertzen eta ezagutzen, bai eta beren burua pertsona modura eraikitzen ere. Seme-alabei etxeko lanetan laguntzen uzten badiegu, eta horrela eguneroko jarduerak burutzen hainbat ohitura eta jokabide beren kabuz eskuratzen, haien ikaskuntza soilik ez, haien autoestimua ere indartzea lortuko dugu: sari beharrik gabe sentituko dira ondo, gure onespena jaso beharrik gabe, lortu dutela ikuste hutsagatik.
ZER DA ERANTZUKIZUNA? Erantzukizuna norberarenaren eta gainerakoen onura bilatzeko ekintzen eta erabakien ondorioak geure gain hartzeko gaitasuna da. Egiten, pentsatzen edo erabakitzen dutenaren ondorioak bere gain hartzen ikasi behar dute haurrek. Inor ez da arduratsu jaiotzen. Erantzukizuna apurka joaten da bereganatzen, heldua imitatuta eta –indargarri modura jokatzen baitu– gizartearen onespenak bultzatuta. Haurra gogobeteta sentitzen da erantzukizunez jokatzean eta gizartearen onespena jasotzean, eta horrek, aldi berean, mesede egiten dio bere autoestimuari. Erantzukizunean heztea ez da lan erraza: guraso eta hezitzaileen eguneroko ahaleginaren bitartez baino ez da lortzen. Baina saria handia da: pertsona heldu arduratsuak heztea.
2
2. AUTONOMIA, URTEZ URTE HH2 (2-3 urte) 1. Laguntzarik gabe eranzten du arropa gehiena, eta hasi da janzten, laguntzarekin. 2. Gai da eskuak garbitzeko eta lehortzeko. 3. Erabiltzen du koilara, janari asko bota gabe. 4. Garbitzen du zikindu duena, trapu batekin. 5. Batzen ditu erabilitako jostailuak, laguntzarekin bada ere. 6. Batzuetan, arduratzen da bere objektu pertsonalez. 7. Batzuetan, gai da bere txanda egokitu arte itxaroteko. HH3 (3-4 urte) 1. Gai da laguntza gutxirekin arropa janzteko eta eranzteko. 2. Gai da botoiak laguntzarik gabe lotzeko, bai eta kremailera ere, laguntzarekin. 3. Garbitu eta sikatzen du aurpegia, eta garbitzen ditu hortzak. 4. Kontrolatzen ditu esfinterrak. 5. Normalean ez du jateko laguntzarik behar, eta erabiltzen ditu sardexka eta koilara. 6. Hasi da etxeko zereginetan parte hartzen (zikindutakoa garbitu, erosketak gorde, mahaia prestatu…). 7. Laguntzen du maskotei janaria ipintzen edo landareak ureztatzen. 8. Batzen ditu erabilitako jostailuak. 9. Bi gauzaren artean aukeratuta, erabakiak hartzen ikasten du (gosarian, adibidez). HH4 (4-5 urte) 1. Autonomia agertzen du bakarrik janzteko eta eranzteko, nahiz eta zailtasunak izan hainbat arroparekin edo zapatak lotzeko. 2. Parte hartzen du bainatzean, helduaren laguntzarekin. 3. Autonomiaz jaten du, eta hasi da aiztoa erabiltzen. 4. Gai da gosari edo bokata errazak prestatzeko. 5. Parte hartzen du mahaia prestatzen eta batzen. 6. Gai da zikindutakoa garbitzeko (trapuarekin eta erratza pasatuta). 7. Laguntzen du ohea egiten. 8. Gordetzen eta ordenatzen ditu jostailuak. 9. Egin ditzake erosketa txikiak. HH5 (5-6 urte) 1. Autonomoa da arropak janzteko/eranzteko, eta ikasi du lokarriak lotzen. 2. Eramaten du arropa zikina garbigailura edo saskira. 3. Bakarrik bainatzen da, baina laguntza behar du bainua prestatzeko. 4. Gau guztian egiten du lo, eta altxatzen da deitzen zaionean. 5. Autonomoa da jateko. 6. Janari sinpleak prestatzen ditu, betiere gainbegiratuta (krispetak, entsaladak…). 7. Nahiz eta kostatu, mantentzen ditu bere gauzak ordenatuta. 8. Autonomoa da joan-etorri oso ezagun eta hurbiletan. 9. Modu egokian erantzuten du telefonoan. HH: Haur Hezkuntza / Educación Infantil LH: Lehen Hezkuntza / Educación Primaria 3
LH1 (6-7 urte) 1. Lotzen ditu zapatak, autonomoa da janzteko eta gai da eguneko arropa prestatzeko, laguntzarekin. 2. Gordetzen du arropa armairuan. 3. Autonomoa da bainatzeko, baina norbaitek gainbegiratzea behar du oraindik. 4. Autonomoa da jateko, eta probatzen ditu jaki berriak. 5. Laguntzen du janari errazak prestatzen (irabiatzen ditu arrautzak, zuritzen ditu barazkiak…) 6. Prestatzen du bere askaria. 7. Prest dago etxeko zeregin errazak egiteko (hautsa kendu, erratza pasatu…) 8. Prestatzen ditu eskolako materiala eta motxila. 9. Gai da jokoaren arauak ulertzeko. LH2 (7-8 urte) 1. Autonomoa da janzteko, eta baldintzen edo eguraldiaren arabera hautatzen du arropa. 2. Gai da bere arropa zaintzeko eta ordenatzeko. 3. Laguntzarik gabe bainatzen da. 4. Gau guztian egiten du lo, eta modu autonomoan altxatzen da, iratzargailuarekin. 5. Irakurtzen ditu errezeta errazak, eta laguntzen du prestatzen. 6. Erosketak kotxetik etxera eramaten ditu. 7. Etxeko lanak erregulartasunez egiten ditu, inork gogorarazi gabe. 8. Betetzen ditu etxeko mandatuak: ogia erosi, esnea… 9. Jasotzen eta apuntatzen ditu telefonoko abisuak. LH3 (8-9 urte) 1. Laguntzeko prest egoten da arropa erostean. 2. Armairuak eta tiraderak garbi eta ordenatuta ditu. 3. Etxera iristean, aldatzen ditu arropak, inork gogorarazi gabe. 4. Mahaia ganoraz prestatzen du. 5. Ateratzen du zaborra. 6. Egunero egiten du ohea. 7. Arduratsua da eskolako lanetan, eta agenda erabiltzen du haiek antolatzeko. 8. Apur bat gainbegiratuz gero, gai da denbora kudeatzeko. 9. Saiatzen da kontsekuente izaten bere ekintzekin. Errua onartu, eta barkatzeko eskatzen du. LH4 (9-10 urte) 1. Oraindik gogoraraztea beharrezkoa badu ere, autonomoa da bere burua zaintzeko. 2. Arropa garbia tolestu, eta gordetzen du bere lekuan. 3. Laguntzarik gabe erabiltzen ditu etxetresna elektriko txikiak (txigorgailua, mikrouhinlabea…). 4. Etxeko zeregin batzuk burutzen ditu (erratza pasatu, zorua garbitu...). 5. Parte hartzen du etxeko konponketa-lan errazetan. 6. Prestatzen ditu eskola materialak, eta saiatzen da garaiz iristen. 7. Bakarrik joan daiteke eskolara edo autobus geltokira. 8. Eskolako arauak onartzen ditu. 9. Besteen ikuspuntuak ulertzeko gai da. HH: Haur Hezkuntza / Educación Infantil LH: Lehen Hezkuntza / Educación Primaria 4
LH5 (10-11 urte) 1. Aldatzen ditu bere oheko izarak. 2. Erabiltzen ditu garbigailua edo lehorgailua, zenbat xaboi bota behar duen neurtuta. 3. Ontzi-garbigailua bete, eta laguntzarik gabe jartzen du martxan. 4. Egiten ditu erosketak, zerrendatxoak lagunduta. 5. Jakinaren gainean dago zer konpromiso dituen (eskolaz kanpoko jarduerak, dentistarengana noiz joan‌) 6. Prestatzen ditu bere urtebetetzea edo bestelako gertakari bereziak. 7. Betetzen ditu bere zereginak eta etxeko lanak, inork gogorarazi gabe. 8. Bere korreo propioa (elektronikoa) jasotzen du, bai eta erantzuten ere. 9. Aldika-aldika, hartzen du bera baino gazteagoak diren senideen ardura. LH6 (11-12 urte) 1. Modu autonomoan zaintzen du bere burua garbi egotea. 2. Hartzen du bere zaletasunen ardura. 3. Modu autonomoan diseinatzen ditu planak bere kideekin. 4. Egiten ditu beretzako erosketa txikiak. 5. Arduratzen da bere diruaz eta gastu txikiez. 6. Prest egoten da familiari laguntzeko etxeko konponketa lanetan. 7. Bere kabuz antolatzen ditu etxeko lanak eta estudiatzea. 8. Hainbat orduz egon daiteke bakarrik etxean. 9. Errespetatzen ditu besteen ondasunak.
HH: Haur Hezkuntza / EducaciĂłn Infantil LH: Lehen Hezkuntza / EducaciĂłn Primaria 5
3. HAINBAT AHOLKU “Baina… nola lortuko dut nire alabak edo semeak, inoiz ez duela apenas ezer egin, bere adinean jartzen duena egitea? ” Taula progresiboa eta orientagarria da. Adibidez, 7 urteko haur batek taulan jartzen duena egin dezake, aurreko adinetan, gutxi gora behera, bere gain hartzeko egokiak ziren ardurak hartu bazituen. Beraz, adin txikiagoetako gauzak eginez hasi beharko dugu agian, arian-arian bere adinari dagozkienetara heltzeko, azkenik. Modu berean, adin handiagokoen tauletan ageri diren gauzak egin ditzake haur batek. Haren motibazioaren, gogoen eta abileziaren esku dago dena. Edozein kasutan, ideiak baino ez dira. Seme-alabak hainbat gauza egiteko beti txikiegiak direla uste duten gurasoei begiak irekitzea, familiako partaide guztiei laguntzeko gai direla ikusaraztea: gurasoek ez badute dena egin behar, haiek ere etxeko lanetan parte hartzen badute, denbora gehiago egon daiteke denok elkarrekin igarotzeko. Eta ziur hori ere balioesten dutela seme-alabek.
Beharrezkoa da haurrarekin bizi diren pertsona helduek eskatuko dizkioten erantzukizunak adostea. Inkoherentziak, hau da, familiako partaide batzuek eta besteek exijitzen edo onartzen dutenaren arteko aldeak, ardurak aiseago ez betetzea ekartzen du, bai eta ez betetze hori edozein modutan justifikatzea ere. Eginkizun bat proposatu aurretik (adibidez, bere jostailuak ordenatzea), beharrezkoa da ziurtatzea horretarako leku egokia eta denbora nahikoa duen, eta neurri txiki batean baino ez bada ere hori egiten dakien. Pazientzia eta tolerantzia ezinbesteko jarrerak dira. Kontuan hartu beharra dago haurrak ezin duela beti perfektu egin zeregina, okertu egin daitekeela, eta hutsegite horiek lagungarriak izan dakizkiokeela bere ikaskuntza prozesuan. Funtsezkoa da konfiantza erakustea, ondo egiteko gai sentiaraztea eta segurtasuna ematea: “Gaur, bakarrik jantziko zara, eta badakit ondo egingo duzula.” Argi eta hitz gutxitan azaldu behar diogu haurrari zer egitea nahi dugun, eta ondo ulertu duela konprobatu. Ohikoa izaten da beste ekintza batean murgilduta egotea eta, beraz, behar beste arreta ez jartzea. Tankera honetako mezuak saihestu: “Neuk egingo dut, zuk dena gaizki egiten duzu eta”. Mesprezuzko mezu horiekin, deuseztatu egiten dugu haurrak izan zezakeen motibazioa, bere hobetzeko ahaleginak hutsean uzten ditugu eta bere autoestimua ahuldu egiten da. Alabak edo semeak bere kabuz egiteko gai bada, ez egin zuk inoiz. Uste baduzu estualdiak sahiestearren egin beharrekoa erraztuta laguntzen diozula, oker zabiltza. Aztertu zer-nolako gaitasunak eskuratu dituen alabak edo semeak, zer mailatan dagoen bere bilakaeran, eta joan zaitez eskakizun maila eta erantzukizun mota bere garapenari egokitzen. Erantzukizun pertsonalera eramango duten mailak pausoz pauso igotzen lagundu behar zaio beti. Zenbaitetan, komeni da proposatzea bi aukeraren artean hautatzeko posibilitatea: jokoekin (partxisa edo kartak), arropekin (galtza bakeroak edo txandala), aisialdiarekin (saskibaloia edo paseatzea). Aukeratzen jardutean, erabakiak hartzen ikasten da. Aukeratzen den bakoitzean, konpromisoa eta arriskua dago: aukeratzen dena aurrera eramateko konpromisoa, eta okertzeko arriskua. Modu honetan, frustrazioa eramaten eta egiten duenaren ondorioak onartzen ikasten du.
6
Ez utzi aukeratutako zeregina bertan behera uzten; bestela, areagotu egiten diozu irmotasun falta, eta apetak ematen dion itsumustuko jokabidera lerra daiteke. Komeni da adi egotea nola garatzen ari den zeregina, behar dituen laguntza txikiak une egokian eskaintzeko. Beharrezkoa da zeregin luze eta konplexuak pauso txikitan zatitzea, eta zati bat bakarrik egiten uztea, bere kabuz egin dezakeen hori. Adibidez: janzten irakasteko, lehendabizi arropa eranzten irakasten zaio, gero prakak igotzen, galtzerdiak janzten…; eta azkenik, gai izango da bere kabuz janzteko. Kontrola ezazu nola eta noraino bete duen egitekoa. Balioets ezazu egindakoa, emaiozu jakitera maitasunezko adierazpenekin, eta erakutsi zein pozik zauden familiaren martxa egokirako egin duen ekarpenagatik. Zeregina ez badu amaitu edo ez badu behar bezala burutu, lehenik eta behin, balioetsi bere jarrera, alderdi positiboak nabarmendu eta zertan hobetu dezakeen adierazi. Erakuts iezaiozu badaukazula konfiantza berarengan, utziozu gaizki eginak zuzentzen, eta animatu berriz ere saiatzera. Zeregina ahaztu egin zaiolako ez badu egin, ondorioak bere gain hartu beharko ditu.
ZER EGIN EZ DUENEAN EGITEKOA BURUTU NAHI? Jarrera honen arrazoia sorburu asko izan ditzake: Barne gatazka, zeloak, zenbait adinetan guztiz berezkoa den aurka egotea, desobedientzia patologikoa…: horrelakoetan, afektibitate arazoari irtenbidea ematea lehenetsi behar da. Gehienetan jarrera arduragabeen ondorio negatiboak jasan ez izana (adibidez, ogitartekoa eraman ez eta goseak egotea). Hutsegiteetatik eta ahanzteetatik ikasteko, komeni da ez saihestea erabakien ondorio naturalak jasan behar izatea. Gurasoek mehatxu eta zigorrak ez betetzea. Mehatxu edota zigorra adierazi aurretik, komeni da pentsatzea posible den aurrera eramatea eta egokia edo neurrikoa den. Haurrak bere burua ezgaitzat jotzea, “Ez dakit” edo “Ezin dut” esanda. Gurasoek, horrelakoetan, aztertu behar dute ezgaitasun hori erreala den, eta zeregina burutzera animatuko dute, premia badu laguntza eskainita ere. Haurrak aitzakia bilatzea ez egiteko. Aitzakia desmuntatzea komeni da, jarrera lasaiarekin, arrazoiak emanda. Eutsi egin behar zaio eskakizunari, funtsik gabe amore eman gabe. Matxinatzea, “Ez dut nahi” esanda. Negoziatzeko edo hitz egiteko aukerak eta abaguneak eskaintzen bazaizkio, seguruenik ez da iritsiko mutur horietara. Edonola ere, lasai eta koherentziaz jokatzea komeni da: lasai, momentuan tentsiorik ez sortzeko; eta koherentziaz, haurrari bere ekintzaren ondorioak garbi erakusteko, eta nolabait ordaindu egin behar dituela erakusteko. Horretan, jarrera irmoa izan behar dute amak eta aitak.
7
4. GELAKO ARDUREN BANAKETA HH2 (2-3 urte) Eguneko makinistak hainbat ardura ditu: lehenengo kidea da trenean, zerrenda pasatzen laguntzen du, eguneko menuaren argazkiak aukeratzen ditu‌ Gaur makinista dena bihar azkena izango da, eta honek ere ardura batzuk ditu: trenean beti da azken kidea.
HH3-HH4 (3-4-5 urte) Eguneko makinistak hainbat ardura ditu: lehenengo kidea da trenean, zerrenda pasatzen du, menua zehazten du eta jantokirako falta diren kideak apuntatu; eta horrez gain, fruta, opiltxoak eta edalontziak banatzen laguntzen du. Gaur makinista dena bihar azkena izango da, eta honek ere ardura batzuk ditu: trenean beti da azken kidea, eta gainera atea itxi eta argiak itzali behar ditu gelatik irtetean.
HH5 (5-6 urte) Eguneko makinistak hainbat ardura ditu: lehenengo kidea da trenean, zerrenda pasatzen du, menua zehazten du eta jantokirako falta diren kideak apuntatu, eta eguneko plangintza azaltzen du. Horrez gain fruta, opiltxoak eta edalontziak banatzen ditu. Gainera, ikaskideei txokoak aukeratzen laguntzen die, bakoitzari bere izena duen txartela emanda. Gaur makinista dena bihar azkena izango da, eta honek ere ardura batzuk ditu: trenean beti azken kidea da, eta gainera atea itxi eta argiak itzali behar ditu gelatik irtetean. Horrez gain, ikasleekin batera gelako ardurak berriro gogoratuko dira. Zeregin bakoitzarekin zerikusia duen irudi bat arbel digitalean ikusi eta hari buruz hitz egingo dute. Egitekoak denon ardura direla nabarmenduta, zeregin batez arduratuko da ikasle bakoitza. Horretarako, irakasleak ardurak zerrendatuko ditu kartulina batean eta ardura bakoitzaren aldamenean nor izango den ikasle erantzulea (pintza batean). Ardurak txandakatzen joango dira astero. Goizero, asanbladan, gogoratuko da nork zein eginkizun duen.
8
1. MAILA (6-7 urte) Eguneko makinista irakaslearen laguntzailea dela esan daiteke: liburuak, fitxak eta bestelako paperak banatzen laguntzen dio. Horretaz aparte, eguneko errutinak egin, eta eguneko ordutegia eta jantokiko menua gogorarazten dizkie ikaskideei. Horretaz aparte, hiru ardura ezarri ditugu gelan, astero txandakatzen direnak: - Armairuen arduraduna: Mantalak eta arropa ondo zintzilikatuta eta ordenan daudela ziurtatzen du, eta armairuko ateak itxi. - Sareten arduraduna: Eguneko azken orduan, mahaietako saretetan begiratzen du, inori ezer ez ahazteko. - Mahaiak garbitzearen arduraduna: Askotan hamaiketakoa banatzean edota margotzean mahaiak zikintzen zaizkigunez, gelan daukagun zapi batekin garbitzen ditu arduradun honek.
2. MAILA (7-8 urte) Gelako arduradun bat dago egunero, zerrendaren arabera txandakatzen doana. Irakaslearen laguntzailea da, eta liburuak, fitxak eta bestelako paperak banatzen ditu. Horretaz aparte, eguneroko errutinak ere egiten ditu: data, eguneko plana, eguraldia eta jantokiko menua irakurtzen ditu. Gainera, armairua ondo ordenatuta egotearen ardura dauka, mahaiak begiztatzen ditu apalak ordenan daudela ziurtatzeko, eta hamaiketakoa banatzen du.
3. MAILA (8-9 urte) Gelako eguneko arduradunak hainbat zeregin ditu: ura ekarri, irakasle gelatik fruta edo ogia hartu, liburuak banatu eta gela mailan euskara (ondo) erabiltzen dela ziurtatzen du.
4. MAILA (9-10 urte) Eguneko gelako arduradunak hainbat zeregin ditu: ura ekarri, fruta edo ogia irakasle gelatik hartu, liburuak banatu eta gela mailan euskara (ondo) erabiltzen dela ziurtatzen du.
9
5. – 6. MAILAK (10-11-12 urte) Egunero, gelako arduradun bat izendatzen da, zerrendaren arabera, gelatik jantokira zenbat lagun joaten diren apuntatzeko eta data arbelean jartzeko. Bestalde, beste ardura batzuk ere badaude gelan, ikasleeen artean banatuta: -
-
-
-
-
Isiltasuna: Zarata handia dagoenean, eskua jaso eta hatza ahora eraman behar dute arduradunek. Beste guztiek berdin egin behar dute, gela osoa isilik gelditu arte. Ikasgelako zarata handirik ez izatea ziurtatu behar dute. Denbora eta komunak: Arduradun hauek denbora kudeatu behar dute. Adibidez, ariketa batzuetarako 15 minutu behar badira, eurek kontrolatu beharko dute betetzen dela denbora hori. Komunei dagokionez, ziurtatu behar dute bertan arauak errespetatzen direla (higienea, txandak…). Agenda: Arratsaldero, agendaren arduradunek besteen agendak ikuskatzen dituzte, etxeko lan eta ohar guztiak apuntatuta dituztela ziurtatzeko. Etxeko lanak eta laguntzaileak: Beste guztiek etxeko lanak egin dituztela ziurtatzen dute, zerrenda baten bidez. Bertan, apuntatzen dute nork egin dituen eta nork ez. Bestalde, gelako laguntzaile ere badira; hau da, zalantzaren bat suertatzen denean, irakasleaz gain, eurak ahalegintzen dira zalantza argitzen. Materiala eta txukuntasuna: Egunero, saio bakoitza hasten denean, mahai gainean ikasle guztiek beharrezko materiala dutela ziurtatu behar dute arduradun hauek. Beste alde batetik, koadernoak, apalak eta mahaiak txukun daudela egiaztatu behar dute. Horretarako, zerrenda batez baliatzen dira. Ordenagailuak eta teknologia: Ordenagailuekin edo teknologiarekin zalantzak (wifiarekin arazoak, aurkezpenak eta bideoak egitean zalantzak…) suertatzen direnean, arduradun hauek arduratzen dira esku emateaz.
Astero, ardurak zer mailatan bete diren baloratzen da, kartel baten bidez. Bertan, ardura bakoitzaren erantzuleek 1etik 5era baloratu behar dute beren jarduera. Gela osoak ere baloratuko du, eskala bera erabilita. Hau egin ostean, hausnartu eta hobetzeko proposamenak apuntatzen dira; hurrengo astean, proposamenok zer mailatan bete diren baloratuko da.
IKASTETXE MAILAKO BESTE ARDURA BATZUK: Birziklatzea Ostegunero, HHko eta LHko gela bakoitzeko, bi ikaslek (astero txandakatuz), ekolagun izenekoek, birziklatzeko txokora eramaten dute gelako zaborra, bertan bildu, pisatu eta sailkatzeko. Ostiralero, 3. zikloko 4 ikaslek osatutako Patruila Berdeak dagokien zaborrontzietara eramaten du eskola osoko zaborra (kontainerretara, konpost ontzira…). Beste jarduera batzuk/irteerak Ikastetxe mailan egiten diren jardueretan (Euskararen Eguna, Liburuaren Eguna…) eta herrira egiten diren irteeretan (Gabonetako jaialdia, Inauteriak,…), adin nagusiko ikasleak txikienak laguntzeaz arduratzen dira (jolasetan, herriraino joaten lagunduta…). 10
5. BIBLIOGRAFIA
MACKENZIE, Robert J. (2006): Poner límites. Cómo educar a niños responsables e independientes con límites claros, Medici.
FERNÁNDEZ DÍAZ, M. Asunción; IDOATE IRIBARREN, José Luis; IZAL MARIÑOSO, M. Carmen; LABARTA CALVO, Irene (2007): Desarrollo de conductas responsables de 3 a 12 años, Nafarroako Gobernua, Hezkuntza eta Kultura Saila.
6. WEBGRAFIA
https://www.bebesymas.com/ser-padres/dejales-que-sean-autonomos-la-tabla-demontessori-para-saber-que-tareas-pueden-hacer-en-cada-edad
http://www.aprendiendoconmontessori.com/2015/10/guia-para-padres-la-importanciade-la.html?m=1
http://www.aprendiendoconmontessori.com/2015/10/autonomia-en-las-comidas.html
http://www.aprendiendoconmontessori.com/2016/03/la-autonomia-tambien-esta-en-laropa.html
https://aprenderlachispa.com/2015/04/16/asamblea-pilar-en-primaria/
11