Eskerrak proiektu hau aurrera ateratzen lagundu eta laguntzen diguten guztiei Aldizkariari buruzko iritzi guztiak oso gustura irakurriko ditugu igelataldea@hotmail.com helbidera idazten baduzue.
Igela! aldizkaria, 3. zenbakia Igela! Literatur Taldea, 2005 Iban Auzokoa Gorka Intxaurbe Eneko Zuloaga Lander Azaola Amaia Jauregizar Jon Telletxea
Egunerokoan tinko Klaseko liskarrak hasi dira. Goiz-goizetik. Burua lehertzear daukat. Bertan partidario ez izateagatik errudun senti arazi nahiak helburua aurkitu du eta hegaka doa trasteen artean, aulkiak oraindik bere lekuan daude. Eztabaidaren erdian leihora so egin dut; txoritxo alai batek nire zain ematen du, euriak gogor ari du baina txoritxoa tinko mantentzen da, euripean baina seko, firme alboko edifizioaren teiletan. Inbidia diot eta zerua jausi zait inbidiaren zigor gisa. Orduan, oinetatik gora jauzia egin du, galtzerdietatik gora. Bularrera heldu denean besoak zabaldu ditut, hegoak legez, eta hodei grisak uxatu ditut. Imajinazio hutsa, ez naiz ni izan, liskar berri baten hasieran gaude. Jon Telletxea
Ohitura deitzen diote Ez dut oporretan trenez joateko gogorik. Trenez bada, ez dut oporretan joan nahi. Trenez bidaiatzeko aukera bakarra dago: eraman eta ekarriko nauen trena egunero Gernikatik Atxurira eramaten nauena izan dadila. Metro bakoitzeko hiru semikortxea egiten dituen bakarra da, ez baitago hau baino tren zaharragorik Bizkaia osoan. Bere eserlekuen eraginez, bidaiarion hezurrak
plastiko deserosoz elikatzen dituen bakarra da. Ezin dut lorik egin, ezin dut eroso egon baina ez daukat lo egin eta eroso egoteko gogorik, ahaztu egin baitzait zer den plastikozko pentagramaren gainean hiru semikortxea irakurtzeko gai ez den tren batekin egotea. Amaia Jauregizar
Munduko Medilerro, hare nahiz izoTZezko basaMORTU ur jau zi izkutu eta ozeano Z A B A L guztiak goitik_ be_ he_
ra_
arakatu ondoren, amorraturik, ene begi bOrObilak irentsi ditiat eta modu honetan ibili nauk L-ak arte, orduan topatu baititek ene begiek urte luuuuzeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeetan
bi,la,tu,ta,ko,a. Eneko Zuloaga
Oroimenaren lentzuan Hogeita zazpi urte zituen Juanek Gerra Zibilean itsu geratu zenean Frentean ari zela obus batek alboan egin zion eztanda Ordutik, emazte gaztearen erretratua margozten du Gauero Oroimenaren lentzuan Musu zuri, urregorrizko kiribiltxoak Euri asko bota duen arren denboraren arrakalek ez dute azal emea sakantzerik izan Gauero betiko aurpegi gaztea ikusten du Begien malkoetan
Lander Azaola
Tranbiako Urpekaria Goizetan kontraste beteaz, beroa eta hotza tartekatzen ditut. Dominus tecum egun hauetan, kalera irtetearekin banandu ohi dira sudur gorria eta bere mukizapiak, Atxurin berriz topo egin orduko. Tranbia barruan, gaur ere, usain berriak daude. Animaliekin egindakoak, beste animalia batzuk erakartzeko botatako litro usainak dira. Berriak ordea, ederrena estaltzen du. Bitartean, sudurrak mukizapiari harrera beroa egiten dio. Nik, urpekari alergiko honek, nire geltokia ikusi eta salto egiten dut. Buruan, beti gauza bera bueltaka: Egun lainotsu eta lasaietan, sudur gorriak asko daude. Ihesi doan tranbia barruan, begirada harrapari gutxi. Gorka Intxaurbe
Kontzientzia ari zait “Infernutik atera ezinean nabil aspaldian�. Kasu honetan “atera� horrek iradokitzen dizuena jakitea gustatuko litzaidake. Gehienok, hori irakurrita, zulo handi batean imajinatuko zenuten zeuen burua. Batzuk larrutan eta ipurdiko buztanarekin eta beste batzuk handik irteteko ahaleginetan, Satanen mesedetara, auskalo zer nolako fetxoriak egiten.
Nik, bitartean, pentsamolde hori behin eta berriro saihesten
saiatzeagatik deabrutxo bat daukat ene buru zoroan jiraka, lur azpiko sutean gera nadin. Badirudi ez dudala salbatzailerik, kontakizun honetan ez dago zaintzen nauen aingerutxorik. Honek hegoak luzatu eta gora joan da arrapaladan. Momentua aprobetxatu, eskua luzatu eta bere oinarekin bat egin dut Mary Poppinsek euritakoarekin egiten omen zuen bezala. Anbotoren sudurrera heldu ez naizela aingerutxoa desagertu da, Damaren beldur agian. Abiada bizian jausi naiz orduan. Kolpe handia jaso dut eta inuzente egunean bezalako marka lurrean utzita hasieran nengoen moduan nago berriro ere. Orduan nabaritu dut berotasuna. Luziferrek harrerak egiten ez dituen legez, susmo txarra. Nolatan jausi naiz, baina? Galduta, noraezean nago eta beldurra sentitzen hasia. Ongilea zein gaizkilea, muga non jarri? Kinka larrian eta eguna aurrera doa. Hau izaten da akaso askotan sentitzen duguna. Egite onen eta txarren tartera goaz eta ez gara argitzen. Buruhausteen gora-beherak beti erdi-bidean eta kontzientzia soka batetik tiraka, onerantz zein txarrerantz. Gulet erdi bidean geratu zitzaigun egun batean, gonbidapena luzatuta dago, hemen doa kontakizuna. Eskandinavia. Mila bederatziehun eta hogeita lauko martxoa. Hotza eta izotza ipar herri guztietan. Gulet, beroki-saltzailea herriko plazara hurbildu da larunbatero ohitura duenez. Andre bat hurbildu zaio bere gauzak salmentan jartzen ari zen unean. Aurpegia desitxuratuta zeukan. Jantzi beltzarekin eta oinutsik zebilela konturatu naiz Guleten begirada imajinatu dudanean. Guletek pentsatu duen lehenengo gauza eskuan zeukan berokia izan da. Kasualitatez itsusiena euki du baina burutik pasatu zaio eskaintzea, beldurtuta edo
jantzi beltzak ikaratuta, zehazten ez daki gixajoak. Arrapaladan ikusmena galdu du eta ahots batek esan dio: - Zer pentsatzen duzun ez dakidala uste duzu? Guletek ez zekien norantza jiratu burua ahotsa barnetik zetorrela uste izan duelako. Ahotsak jarraitu du: - Hobeto egongo zinatekr nire koban, zaindari bezala. Hau entzun eta gero ikusmena berreskuratu egin du. ************** Eguna azkar pasatu zaio gure protagonistari eta logelarako bidea hartu du sukaldetik pasatu gabe. Etxeak gaiztotua ematen zuen. Ohean sartuta zegoen jada eta ateak kolpeka entzun ditu, plateren soinua... eta bakarrik bizi zen. Bost minutuko gauza izan da eta dena baretu denean lokartu egin da. Ametsen kobazulora, irtenbiderik gabeko laberintora. Inoiz ez luke gura izango lokartu zetorkiona jakinez gero. Bizitza betiko utziko zuen eta arima tartera joango zen. Soken erdira, gaueko itsaso barrenera, berokiek larrutzen duten mundura. Ni naiz tartera bidali dudana. Ez daukat buztanik baina nire kontzientziak esan dit Gulet desagertu behar zela. Bere ametsek ez zeukatela etorkizunik. Momentu honetan sentitu dut berotasuna eta lurra ireki da. Sokak behera bultzatu nau eta aterkia ireki egin dut zetorkidana jakin dudanean. Ez daukat gora egiterik, mantendu zaitezte hor goian al duzuen bitartean. Grabitatearen legea bezala gizakia ere beti behera. Newton jaun txit agurgarria...gora edo behera joan zinen? Sagarraren gainean inpernura, seguru. Jon Telletxea
Porlanezko bihotza
Une batez geratu da nasa ondotik doan gizon iluna Arnasak behartuta, ala maleten pisuak itota, beharbada Atzean utzi du garai batean irakasle zeneko eskola zaharra Atzean utzi ditu odoletik sartzen ziren letrak, alkandora berriaz jantziriko aurpegi eguzkiranzkoak, sasi historiaren heroi galtzaileak, baserrietako indigenen negarrak eta se単oritoen barreak, agintari txikien bibote laburrak, filme atariko tronpetazko informatibo txuribeltzak Orain maleta astunak besterik ez zaizkio gelditzen Haizeak beteko ditu, edota harrobitikako harri papurrek, agian Iragan ikaztuaren lekuko mutu bakarrak Trena iristean, aurrez so jarri zaio, begi zeiharrez, mesfidati Harik eta, txistuka, bultzia zulo beltzean desagertu den arte Han gelditu da, euri azpian, harrizkoa bailitzan gabardina bustiaren babesean, gibelka begira porlanezko bihotza Lander Azaola
♣ AHOZKO EUSKAL LITERATURA ETA ATSOTITZEN HARIRA ♣ Ahozko literatura, literatura molderik zaharrenetakoa eta munduan zabalduenetakoa dugu. Euskaraz ere, literatura molde honetan, harribitxi zahar bezain ederrez jositako upilako harrobia edireten dugu. Artean eskolabako ginela, ahoz aho eta belaunez belaun transmititu genituen zenbat gura kanta, bertso, kopla, ipuin, mito, eta atsotitz dago gurean. Azken hauetan, oso argi ispilatzen dira gure nolakotasun, sineskera eta ohituren nondik norakoak. Errefrauak zer diren labur eta ongi esatea egiteko erraza ez denez gero, Gotzon Garateren (Euskal Atsotitzak) definizioari helduko natzaio: “Herriak eguneroko bizimodutik atera eta molde trinkoetan erabiltzen dituen, belaunez belaun igarotzen diren eta zerbait irakasten duten esaera gogoetatsu laburrak”. Gotzonek esaldi bakarrean ederto baten biltzen ditu atsotitzen ezaugarri nagusiak: eguneroko bizimodutik atereak, belaunez belaun transmitituak, laburrak eta didaktikoak. Didaktikotasun horretan datza hain zuzen, atsotitz eta esamoldeen arteko alde nagusia. Atsotitzek irakaspena dute, esamoldeak aldiz, gauzak adierazteko modu ederrak dira soilki. Irakaspen gabekoak. Arrapuak, lehenago aipatu legez ahozko literaturari badagozkio ere, idazle askok beren idatzizko lanetara aldatu ditu. Cervantesen El Quijote lan entzutetsua
esaterako, atsotitzez gainezka dago.
Euskaraz ere, badugu zuhur hitz franko dakarren libururik. Klasikoetan adibidez, Axularren Guero eta Moguelen Peru Abarka aipa genitzake. Oraintsuagoko lanetan berriz, Mikel Zarateren Ipuin antzeko alegia mingotsak eta Gotzon Garateren Esku leuna. Azken honetan, liburuko kapitulu guztien izenburuak esakerak dira, 24 orotara. Atsotitzak batu eta aztertu dituzten guztiak izendatzeak luzeegi jo dezakeela iritzita, garrantzitsuenen aipamen laburrak egingo ditut bakarrik. Garibai izan zen euskal atsotitzak biltzen lehenengoa. Kanta zaharrekin batera, 90 atsotitz batzen dituen bilduma bi prestatu zituen. Bildumok agertzetik urte gutxitara, 1596an, Refranes y sentencias eman zen argitara. 539 atsotitz dakartzan liburu hau, XIX. mendearen akabuan agertu zen Alemaniako liburutegi baten. Zenbaiten ustetan, Garibai dago lan honen atzean ere. Hirugarrenik, Oihenarte Mauletarra aipatu behar dugu. Honek 706 atsotitz bildu zituen eta euren frantseseko itzulpenarekin ipini. Zavalak (Esaera zaarren bilduma berria I, II) eta Azkuek (Euskaleѓiaren Yakintza III) ia hiru mila bana atsotitz bildu zituzten. Azkenik, ezinezko da atsotitzez mintzatzea Euskal Herriak eman duen erraldoietan erraldoienaren aipamenik egin barik. Gotzon Garatek 30 urte luze eman ditu atsotitzak batzen eta bere azken bilduman euskaraz 16.989, espainolez, 5.475, ingelesez 4.263 eta latinez 3.739 argitaratu ditu. 10 hizkuntzatako atsotitzak aztertu ditu. Mundu guztian ere zail izango da horren paremiologo onik aurkitzen.
Behin atsotitzen eta euskal paremiologoen gorantzan esandako berbok esanda, heldu diezaiodan neure egitekoari. Beharleku zaila bada ere, aipatu bildumotan agertzen ez diren atsotitzak bilatzen daragoiot azken aldian. Aiko irakurle, bilaketa horren fruituaren zati bat.
♣ Beti eztau ama etxien. Atsotitz hau, lehenengoz kartajokoan zebiltzan gizon zahar batzuei entzun nien Nabarnizen. Irabaziko zutelakoan hordagoa bota, kartak zuritu eta galdu egin zuen bikoteari esan zion bikote irabazleak. Gerora geure amari ere entzun izan diot. Suertea beti ez dugula lagun esan nahi du. Euskaraz, beti ez da Pazko askotan erabiltzen dugu. Beste hizkuntzez ere sarritan agertzen dira atsotitz honen baliokideak: gazteleraz, no es cada día Pascua ni santa María eta ingelesez every day is not Sunday.
♣ Gizon guztixek burue baltz, zeinyen obie igertie gatx. Gizon guztiak berdinak direla esan gura du. Gizon guxtixek patroi bategaz ebaitxe dauz ere entzuna dut, baina gaztelerazko cortados por el mismo patrónen itzulpen eskas bat ez ote den nago. Gazteleraz gauza bera esateko, de hombre a hombre no hay nada ere esaten da. Bestalde, Refranes y sentencias bilduman, nik batutako atsotitzaren antzeko bat dager: GiÇonoc oro buru baltz, andra duztioc buru Çuri. Bilduma honetako 245. erran zuhur horrek emakumeak ere aipatzen ditu. Gotzon Garateren liburuan berriz, Refranes y senteciaseko atsotitzaren eta nik batutakoaren hasiera dator: Gizon oro buru baltz.
♣ Marixe, eutsi agiñ zarra eta ekarri barrixe. 91 urteko geure amonarengandik bildua. Hortzek edo haginek euskal usadioan beren lekua dute. Jean Elissalde lapurtar idazleak (1883-1961) batutako 63 herri sineskeretako 18.nak adibidez honelaxe dio: Haur batek hortz bat edo bertze dilindan duelarik, saguarekin jokoan arizan da eta saguak irabazi... X.Kaltzakortak sineskeron inguruan 2003an argitaratutako liburuxka baten aipamen hau egiten du: Es común asociar la pérdida de los dientes con los ratones. En este caso resulta pintoresco pensar que en la pelea ha ganado el ratón. Geurera itzuliz, Gotzon Garatek Euskal atsotitzak liburuan dionez, haurrek lehen haginak galtzean, berriz surtara botatzen zela oroitarazten digu, “Tori zarra eta ekarri barria” erranak. Gure amumak ostera, eurek teilatu gainera botatzen zutela kontatu zidan eta Anbotoko Señoreari dei egiten ziotela <Marixe> hagin berria ekartzeko.
♣ Urruneko beixek errapie andixe. Honen pareko atsotitz ezagun franko darabilgu gurean: urruneko intxaurra burualako, bertara juan da bestealako; urruneko dupina urrez, ondora orduko lurrez, etab. Irudia aldatzen da, baina mamia bera da guztietan. Atzerrian ere asko darabilte: espainieraz lo lejano es exagerado eta ingelesez, Gotzonek batutako No man is a hero to his valet.
♣ Lunes Gernikes, golperipez. Esakune hau, antzeman daitekeen legez, Gernika eta inguruetako herrietan erabiltzen da. Astelehenero, Gernikako eta Gernika bueltako herrixketako baserritar eta laborariek euren produktuak ekartzen zituzten bertoko azokara. Gainontzekoak euren beharrak laga eta merkatura joaten ziren beste baserritarren produktuak erostera. Oroit gaitezen Hitlerren soldaduek astelehen batez bonbardatu zutela Gernika, azoka egunez hain zuzen. Oraindik astelehenetan azoka egiteko ohitura honek bizirik dirau. Euskaraz, asko dira herri bati erreferentzia egiten dioten esaera zaharrak: Bermioko alu, merke dala karu, edota errima perfektudun Zuberoa, bihotz-mihitan su beroa. Bi herri aipatzen dituztenak ere ez dira gutxi: Bilbon zapo dana, Donostin be zapo; Azpeitiarrak triposoak, Azkoitiarrak golosoak.
♣ Barrie, burlie. Euskaraz bi hitzez osatutako esakuntza asko dago. Gotzonek euskal atsotitzak liburuan honela dio: “Gauzak handitu gabe, euskal atsotitzek laburtasunean ez dietela beste hizkuntzetakoei zorrik esan liteke. Aitzitik, hamar hizkuntzez aztertu ditudan atsotitzetan, grekeraz, latinez, errusieraz, hindiz, alemanez, ingelesez, espainolez, frantsesez eta italianoz, euskara errege izango li tzateke”. Haritschelharrek (Parëmiologie et mnëmotechnie, ASJU 1991) ondo dioskunez, Ohienarten 706 atsotitzetatik 17, bi hitzez osatutakoak dira. Refranes y sentenciasi helduz gero, 9 dira bi berbaz osatutako erranairuak. Arraroa badirudi ere, ez dago bai liburu batean eta bai bestean agertzen den hitz biko atsotitzik, ez da bakar bat ere errepikatzen. Hortaz bien artean hitz biko 26 atsotitz daude.
♣ Pobriek bi bider erosten deu. Pobreei, sarritan dirurik ez eta gauza merkeak erostea besterik ez zaie geratzen. Merkea baina, normalean eskasa izaten da eta apurtu eta berriro erosi beharra egoten da. Gauze merkea luzeroan karu dio beste euskal errefrau batek. Gazteleraz ere aski ezaguna da lo barato es caro. Gauza merkeak beti atzea
izaten du eta euskaldunok ondo jakin dugu hori: Mando merkie usaban nekie. Euskara, euskara denetik, gure herri literaturaren parte egin diren hainbeste ipuin, kanta, esaera etab. sortu dira. Euskaldun bat hiltzean, herri literatura horren zati bat hiltzen da. Bada, ez gaitezen gera besoak auma eta saia gaitezen belu baino lehen edadeko jendeari ahal dugun guztia bildu eta letretaratzen, osterantzean gesu baten desagertuko dira eta. Orduan garbatzea alferrikako izango da; izan aurrez begiratua, etorri ez dadin gero damua. Iban Auzokoa
Hilerrian Eguerdia da bihotz oneko emakumeentzat Eguzki errainuek izter biluziak besarkatzen dituzte beren baitan laztan epeletan Jende andana bildu da hilerrian gaurko egunez hilak behatzera Kanposantu aurrean lore saltzaileen gurdiak gorriz gainezka Gauerako haize hotzak ahurka dakartza laino beltzak euriarekin batera Larrosa bat datza hilobi aurrean Euriak zimelduko du Hildako bihotza bezala Lander Azaola
Lantzean behin
Lantzean behin
Lizardi, Rimbaud etorri duk hitaz galdezka... B. Atxaga
eta segundu gutxirako bada ere, kate hau apurtu gura nuke, laga altzairu eta zementuzko laberintu grisak eta lapurtu Atxagari Rimbauden kobazuloko giltza, urratu bere zakutoa eta bertatik atera hemeretzigarrena erortzear zegoenean titaniozko danborren soinuen erritmora zartako ironikoz hilobiratutako iraganeko begiradak; begi aurrera ekarri egurrezko habe, barre eta larre zabalak eta bertan busti, lasaikiro, geometria inperfektuak odoldutako oinak. Eneko Zuloaga
Dokumentala Bigarren kanaleko dokumentala hasi da. Julen txikia eta ama sofan loak hartzeko gogo faltan egon eta Kenyaraino abiatu dira, beste inon eskalarik egin gura ez duen eta begirada pilotu arinena bihurtzen den hegazkinez. Bidean ez dela lainorik egongo pentsatu dute, ahotik sabelerantz laino bana sartu zaienean. Julenek helmugan txokolate otartekoari azken haginkada eman dio, bertakoek kenduko dioten beldurrez. Hango umeek txokolate otarteko barik, bera baino sabel handiagoa ea nola daukaten galdetu dio amatxori. Amak sabelean globoak gordetzen dituztela esan dio, gure zirkuko pailazoek puztarri kolore gabeak baino ematen ez dizkietelako. Julenek orratz bana eman die, bakoitzak bere globoa apur dezan. Amaia Jauregizar Ormaetxea
Euskararen bitxikeriak: "itaurren" 1. Sarrera Hizkuntza bakoitza testuinguru jakin batean kokatzen da. Hortaz, testuinguru horren aldaketak hizkuntzaren beraren aldaketa dakar, onerako nahiz txarrerako. Orain ehun urte, adibidez, inork ez zekien traktore bat zer zen; eskuz egiten ziren egin beharrekoak. Modernitateak, traktorea modernitatearen ondoriotzat hartuz, onura handiak ekarri zizkion baserriari: lanak denbora laburrago batean egiteko ahalmena, behar fisikoa gutxitu ahal izatea, eta abar. Alabaina, ikuspuntuaren arabera, (gurea kasu) kalterik ekarri, ekarri zuen: nork daki gaur egun zer diren narra eta mokil-porrak? Artikulu honetako uretan sartuz, nork daki gaur egun (eta non geratzen da hitza bera) itaurre(a)n ibiltzea zer den? Ondoko lerrootan galdera hau erantzuten saiatuko gara. 2. Berbaren esanahi eta morfologia 2.1. Esanahia Antzina, lurra lantzeko gaur egun ia-ia museoetan bakarrik topa daitezkeen objektuak erabiltzen ziren. Bada, lanabes haietako asko eskuz barik abereen laguntzaz erabiltzen ziren. Abereen artean, idiak. Hortik "itaurre(a)n ibili" formaren esanahia: idi aurrean ibili, esan nahi baita, idiak gidatzen ibili. Gidariak itaurreko edo itaurlari izena hartzen zuen. Orotariko euskal hiztegian ere azalpen hori ematen zaigu: "Itaurrean: ir delante de los bueyes en la labor o camino, siguiéndose de otra persona detrás"; "Itaurreko: guía que va delante de los bueyes"1. R.M. Azkuek antzeko zerbait diosku bere hiztegian: "itaurlari: boyero, guía de bueyes" eta "itaurrean dabil: anda guiando los bueyes, lit: delande de los bueyes"2. Azkenik, forma hauei Koldo Mitxelenak beste bat eransten die (Michelena: 1991, 97) Gipuzkoako itulari forma, au > u monoptongizazioaren ondorioz sortua: itaurlari (bizk.) > itulari (gip). 2.2. Morfologia Hizkuntzan arkeologia-lanak egiten hasiz gero, "itaurre(a)n" forma "idi + aurre + (a)n" formatik eratorria dela dakusagu. Bada, morfologiaren atalean batuketa horretan gertatutako bi fenomeno nagusiak aipatu eta aztertuko ditugu: "idi" berban ematen den d > t txandaketa eta kasu-markak agertzen dituen forma ezberdinak. 2.2.1. d > t txandaketa Era honetako txandaketen berri bi autorek ematen digute: Koldo Mitxelenak eta Juan Manuel Etxebarriak. Lehenengoak ondokoa diosku: "En compuestos antiguos es regular que, cuando las consonantes d, g, h quedaban en final de primer miembro a cosecuencia de la caída de la vocal que ses seguía, según 6.1., aparezcan representadas por la sorda -t ante vocal." (Michelena: 1991, 237). Bigarren autoreak hau gehitzen dio aurreko azalpenari: "baieztapen hau ukatu gabe, nire hipotesiari jarraituz, kasu hauetan ere azentu intentsitatearen eragina nabarmena dela esango nuke kontsonanteon gorketan. Ikus ditzagun adibideak: "itáurreko onik etxaok iñonbe" (Lit. itaurreko onik ez jagok iñon be), "itáurren gogaitute ñaok" (Lit. itaurren gogaituta niagok), "itáurreokas kontzelauko as" (Lit. itaurreokaz kontsolatuko haiz)" (Etxebarria: 2001, 27). Geroxeago ikusiko dugu bi arau hauek apurtzen dituen salbuespen bat egon, badagoela. Alabaina, orain arte ikusitako forman (itaurre(a)n) azalpen hauek erdi-erditik betetzen direla argi dago: idi + aurre + -(a)n ---> "idi" berbako bigarren "i"a erori egiten da eta, ondorioz, d > t gorketa eman. 2.2.2. Kasu-markaren inguruan: inesibo arkaikoa Ez genuke ur handiegietan sartu nahi, baina ataltxo hau euskara bizian mantentzen den beste bitxikeri bat aipatu eta laburki azaltzeko erabiliko dugu: inesibo zahar edo arkaikoa. Teknikoki non? galderari erantzuten dion kasu-marka "inesibo" izenarekin ezagutzen dugu nahiz eta beste galdera batzuk ere erantzun ditzakeen. Kasu-marka hau -an dugu: etxean, kalean, arto-jorran. Bada, "inesibo arkaiko" izenarekin ezagu tzen dugun forma horretan "-an" kasu-marka barik, "-n" dager bakar-bakarrik. Hortaz, "itaurrean" baino, "itaurren" forma geratzen zaigu.
1 2
Orotariko euskal hiztegia IX, MICHELENA, L. Euskaltzaindia, Bilbo, 1996 (637-638. or.) Diccionario vasco-francés-español, AZKUE, R.M. Euskaltzaindia, Bilbo, 1984. (437. or.)
Gaur egun Euskaltzaindiaren Hiztegi batuak (Euskaltzaindia: 2000, 611) itaurrean forma bakarrik badakar ere, euskara bizian itaurren forma bizi-bizirik dago. Juan Manuel Etxebarriak forma hauek topatu zituen Zaratamo eta Zeberion 3: "Itaurren yoaten nintzen beyekas aurreti", "Itaurren ondo gitxi(k d)taki" (Etxebarria: 1991, 325 eta 391). Nik neuk forma hau jaso nuen Arrigorriagako Brisketa auzoan: "egunik geiyenak etzien edo ittaurran edo beye(k y)txagoten baie estudiau, gitxi" eta Iban Auzokoak "eskolara, da (eta) eskolara espasoas, itxurren, beidxen eurretik" grabatu zion amari Gernikan. Aurrekoekiko ezberdintasun bat erakusten duen laugarren forma bat Jon Arretxek jaso zuen Basauriko euskara aztertu zuenean eta d > t txandaketa azaldu dugunean aipatutako salbuespena da. Itillaurren ibilli jaso zuen Arretxek (Arretxe: 1994, 238). Bada, ondo begiratuz gero, Mitxelena eta Etxebarriaren araua hemen ez dela betetzen ikusiko dugu: "idi" berbaren bigarren "i"-a ez da erortzen, mantendu egiten da eta, nahiz eta hori gertatu, d > t txandaketa berdin-berdin ematen da (gogoratu dezagun arauek txandaketa hau bigarren bokala erortzean ematen zela ziotela). Inesibo zaharrarekin amaitzeko, derragun "itaurren" ez dela forma bakarra. Piarres Lafittek (Lafitte: 1962, 69) ondokoak gaineratzen ditu: ihizin (ehizan), (h)aitzurren (aitzurrarekin beharrean), garraion (garraiatzen), iraulden (laborantza lanetan) eta etxen (etxean). Azken forma hau gaur egun bi kantatan topatu dezakegu: Benito Lertxundik zabaldutako Oi Ama Eskual Herri kantan: "Anai etxen da ezküntü" (lehenengo ahapaldia, lehenengo bertsolerroa) eta Yolanda baladan: "-Yolanda hiru gizon baditugu etxen / ez baitute deus janen ez eta edanen / ez bazitut heientzat harat erakartzen" (zazpigarren ahapaldia, lehenengo bertsolerroa). Aurretik aipatu dugu Jon Arretxe eta honen Basauriko euskararen gaineko beharra. Bada, Basaurin bertan ondoko inesibo zaharrak jaso zituen: biarren ibilli, ikesgiñen ibilli, umegiñen eta denbora adierazteko erabiltzen den baten (Arretxe: 1994, 116). 3. "Itaurre(a)n" eta "itaurreko" tradizio idatzian Egia esan, ez dago testigantza handiegirik, baina noiz edo noiz erabilia izan dira bai "itaurre(a)n" eta baita bertatik eratorritakoak ere. Txomin Agirrek "itaurrean" zerabilen: "beiak zaintzeko, itaurrean ibiltzeko edo erri ta mendira osterak egiteko" (Agirre: 1993, 64). J.A. Mogelek, aitzitik, "itaurreko" erabili zuen (Azkuek bere hiztegian adibide legez erabilia): "Badakie idiak buztartuten, itzaintzea egiten, itaurreko dabiltzala noznai" (Mogel: 2002, 148) eta Nikolas Ormaetxea "Orixe"k bide beretik jo zuen: "Gogoan daukat Tomax Aldaro / itaurreko zebillena, / erorzorian nola zetorren" (Orixe: 1976, 208). 4. Bibliografia AGIRRE, D. (1993): Garoa, Arantzazuko Frantziskotar Argitaldaria, Oñati. ARRETXE, J. (1994): Basauriko euskara, Basauriko Udala, Basauri. AZKUE, R.M. (1984): Diccionario vasco-español-francés, Euskaltzaindia, Bilbo. ETXEBARRIA, J.M. (1991): Zeberio haraneko azterketa etno-linguistikoa, Ibaizabal, Zornotza. - (2001): "Azentuaren eragina kontsonanteen gortzean" in Enseiukarrean 15, Deustuko Unibertsitatea, Bilbo. EUSKALTZAINDIA (2000): Euskera XLV, 2000,2 (Hiztegi Batua), Euskaltzaindia, Bilbo. LAFITTE, P. (1962): Grammaire basque, Éditions des "Amis du Musée Basque" et "Ikas", Baiona. MICHELENA, L. (1994): Fonética histórica vasca, ASJU-ren gehigarriak IV, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia. - (1996): Orotariko euskal hiztegia IX, Euskaltzaindia, Bilbo. MOGEL, J.A. (2002): Peru Abarca, Gerediaga, Durango. ORMAETXEA "ORIXE", N. (1976): Euskaldunak/Los vascos, Auñamendi, Donostia.
Eneko Zuloaga
3
Ikerle ezberdinek herritik jasotako hitzak entzun diren moduan transkribatuko dira, hau da, transkripzio fonologikoa egingo da.
Orain ehun urte....
Esteban Urkiaga "Lauaxeta" (1905 - 1937)
Orain 20 urte...
1985/07/07. Sarrionandiak eta Pikabeak ihes egin. Kortatuk musika jarri. Euskal Herriak dantzatu
Labur-labur Arto-musker, burni gori, titanio bigun. Bilbao. Han non Azkue uretara erori baitzen zilarrezko irudi hits bat dago zintzilik.
Mailuen kolpeakaz harria hare, harea titanium. Eneko Zuloaga
Orbelak Basoa oro orbel gorriz jantzia Zuhaitz lumatuen erauntsia Goxoa luma erorien ohe xamurra laztantzea Orri erori eriak atzean ahaztuaz ozeano gorrian galduko gara Odol uraren gainean ortozik zuhaitz biluzien gerizpe hezurrek marra ilunak marraztuko dizkigute aurpegi hitsean Bele baltza zelatari dabil bere zetazko trajea soinean urrezko irrifarrez isekaka Ehizan irtengo da, sarraskijale orbelazpian elkar bizi diren izaki txikien artean mokoka triskantza latza eginez triskantza inoiz latza ez balitz legez zomorro ttipien zikinkeriazko gizarteetan barna Lurrari ostikoka hasiko gara orduan belea uxatu nahirik Une horretan konturatuko gara, agian orbelak ez digula inoiz azpian gordetzen duena ikusten uzten Lander Azaola
Lamien kondaira bat Bazen behin, kostaldeko herri txiki batean, Martin izeneko gazte bat. Herriko gazte ederrenetan ederrena zen, jai eta erromerietan bere atzetik ibiltzen ziren herriko neskato lirain guztiak, dantza eta musu eskean, baina Martinek "dantzan bai, baina besterik ez, beste batek betetzen du ene bihotza" erantzuten zuen. Itsasoan hilabetetak eman ondoren, portura itzultzen zenean ere bertan biltzen ziren, bere jantzi eta lore dotoreekin, herriko neskato gazteak. Hala ere, orduan ere ez zegoen zer eginik: Martinek loreak eta oparitxuak onartu bai, baina azkar asko bilatzen (eta baita topatzen) zuen handik ahal bezain pronto ihes egiteko aitzakia: nekatuegi zegoela, oraindik behar handiak zeuzkala egiteke, etab. Ixilpean gordetzen zuen Martinek herriko neskak baztertzeko benetako arrazoia. Izan ere, beste batekin zeukan bihotza loturik: herriko hondartzaren inguruan arrokadi batean bizi zen lami eder bat. Iluntzero, etxetik ixil-ixilik atera eta arrokadira joaten zen igerian, non lamia egon ohi baitzen bere urrezko adats distiratsuak orraztu eta orraztu. Bertan, ilargipean berba eta laztanka aritzen ziren maitale izkutuak egunero harik eta eguzkiaren lehenengo printzek zerua argitzen zuten arte, hura baitzen etxera bueltatzeko ordua. Neguko gau haserre batean, Martin bere maitale kuttunarengana zihoalarik, olatu harrotuek marinela harrapatu eta urpera eroan zuten, lami gaixoaren begi, negar eta garrasien artean. Deika eta deika aritu zen lamia, marinela bat-batean nonbaitetik aterako zelakoan, baina ez zen arraposturik egon. Desagertua zen marinela. Martinen falta nabariturik, hurrengo egunetan herriko eta inguruetako zoko-moko guztiak arakatu zituzten herritarrek baina ez zuten arrastorik aurkitu. Hain izan zen samin handia herriko neskatoentzat ezen, gau batez, itsasora egin baitzuten salto euren buruak itotzeko asmoz. Baina ez zuten lortu. Nola edo hala itsasoak lamiaren arrokadira eroan zituen. Lamiak harriduraz ikusi eta entzun zuen zelan eta zergatik heldu ziren haraino neskatoak eta haiek ere lami bihurtzea otu zitzaion. Pentsamendua gauzatu eta elkarrekin ibili izan ziren lamiak munduko itsasoetan barrena, denak ahal beste marinel erakartzeko kantu eztisuak asmatu eta abesten, egunen baten erakarritako marinelen artean Martin egongo zelakoan. Eneko Zuloaga
Elkarrizketa: Hasier Etxeberria 2004ko abendua erortzear zegoela hartu genuen Ibanek eta Enekok Hendaiarako bidea Gipuzkoan barrena eta bertan egin zigun Hasier Etxeberria idazle eta kazetariak harrera bikaina. Gaur egungo euskal literaturako idazle aipagarria, komunikabide ezberdinetan kulturaren inguruko saio ezberdinak zuzendu eta aurkeztu ditu eta bereak dira, besteak beste, Mugetan (Elkar, 1989), Karramarroaren aztarnak (Elkar, 1997), Bost idazle (Alberdania, 2002) eta Eulien bazka (Susa, 2003) liburu arrakastatsuak. - Nola ikusten da euskal kultura mugaz bestalde? Beno, Iparraldetik esan nahi baduzue, hau muga administratibo bat besterik ez da, ez da muga kultural bat. Dena dela, Iparraldeari dagokionez, badakigu zer nolako arazoak dauden euskararekin, ofizialtasuna dela-eta, euskal kulturak daukan babes faltarekin, etab. Hendaiaren kasuan, euskara murrizturik dago oso: Irun eta Hendaia mugaren inguruan garatutako lekuak dira eta, horregatik, kanpotik jende asko etorri izan da bertan lan egitera. - Non dago kazetaritza eta literaturaren arteko muga? Zer ematen dio batak besteari? Nik uste dut batak bestea laguntzen duela, momentuaren eta idazten ari zarenaren arabera. Batzutan kazetaritzak lagundu egiten du, adibidez, istorio batean trabatzen zarenean. Beste batzutan literaturak laguntzen dio kazetaritzari topikoetatik irten araziz. Adibidez, Bilboko jaiei buruzko erreportai bat egin behar denean, literatura oso baliagarria da gai horren topikoetatik, esan nahi baita, Marijaia, festa-giroa eta antzekoetatik, pixka bat aldentzeko. - Literatur belaunaldi bateko partaide edo idazle independiente? Ez dakit, ba. Gaur egungo askok ez dute bere burua belaunaldi jakin baten barruan sartzerik nahi, baina adinak ezberdindutako taldeak daudela ere argi dago. Sarrionandia ni baino zaharrago legez ikusten dut, adibidez, nahiz eta urte bateko ezberdintasuna dagoen, nik gazte-gaztetatik mirestu izan ditudalako bere lanak. Garai beretsukoak gara, beraz, baina produkzio literarioaren garaiari dagokionez, ni ez nintzateke bere belaunaldi eta garaian hain ondo sartuko. - Zer irakurtzen zenuen gazte denboran? Gomendatu, bide batez, edozein momentutan irakurtzeko liburua. Ni asko inpresionatu ninduen liburua etortzen zait burura, Artzeren Isturitzetik Tolosan barru, nik hamalau-hamabost urte nituenean irakurritako liburua. Bertatik irten ziren gerora famatu egingo ziren kantak eta liburu hura izan zen gerora etorriko zen multimediaren mundua aurreratu zuen liburua. Euskaraz ere esperimentatu zitekela erakutsi zidan, baina horrek ez du esan nahi Artzeren poesia osoaren lehenengo irakurlea naizenik, momentu hartan irakurtzeak izan zuen garrantzia. Koldo Izagirreren "Zergatik bai"? ere aipatuko nuke. - Zelan gogoratzen duzu Sautrela I saioa? Urduri, oso urduri ibili nintzen egun hartan baina asko erakutsi zidan esperientzia izan da gerora. - Lizardiren poesia zaila edo Arestiren mezu zuzenak? "Biak eta gazta" esaten dugu gure herrian, esan nahi baita, biekin eta beste askorekin geratuko nintzatekela. Denak du zerbait interesgarri: Arestiren poemak gustuku ditut bere garaia eta bere testuak hobeto ulertzen ditudalako. - Gaur egun badirudi nolabaiteko idazle gazteen belaunaldi berri bat loratzen ari dela. Bai, idazle gazteak agertzen ari dira, baina helduagoak ere badaude, mantendu egin dira. Dena den, nik uste dut euskal idazleak Opusekoak diruditela.
- Ipuin ezberdinak eta erregalokoak (1984) izan zen zure "opera prima". Bai, atea jo nuen, kaxk-kaxk, eta kaleratu egin zidaten. Gaur akats bat izan zela uste dut, gaztetasunaren eta gaztetasunak emandako "publikatzeko behar"etik jaiotako akatsa. Arriskutsua da liburu hori. Zabaltzenen uholdeak egon zirenean urak ale asko eraman zituen baina, dena dela, gaur egun nonbaiten ikusten baduzue, uxatu sugeak uxatzen diren modu berean, makil batekin. - Karramarroaren aztarnak (1997): bost ipuin eta bost bidai. Bidaiatzeko txartel bat al da literatura? Aipatu zugan aztarnarik laga duen ipuinen bat. Nik bizitzan zehar asko bidaiatu izan dut: duela hamar bat urtera arte horrela ibiltzen nintzen, dirua lortu eta bidaiatu. Eta bidaiatzeak asko erakutsi eta lagun handiak eman dizkit. Munduko leku ezberdinak ezagutu izan ditut eta, horrekin batera, pertsona ezberdin asko eta asko. Noski, horrek influentziarik edukiko zuen nire idatzietan. Dena den, idatzi aurretik bizi beharra dago. Ipuinari dagokionez zaila da bat aukeratzea, ezingo nuke ipuin bakar bat aipatu baina, duda barik, hor egongo lirateke betiko idazle handiak: Kafka, CortĂĄzar, Borges, etab. - Inesaren balada (2002). Gazteentzako nobela ere arrakastatsu suertatu da. Liburu honek ez zidan esfortzu handiegirik eskatu eta uste baino arrakasta handiagoa eduki du gerora, egia esan. Berez, trilogia baten partea da nahiz eta ez dakidan noiz amaituko dudan trilogia hori. Sari Nazionalerako ere prestaturik egon zen, baina trilogia bat izateak bide hori moztu zuen. Itzuli ere itzuli da gaztelaniaz "La balada de Inesa" titulupean eta orain frantsesera itzuli gura dute. - Etorkizunerako proiekturik? Bai, idaztea. Hirugarren nobela batean nabil lanean, Eulien bazkaren jarraipena izango dena. Inesaren baladaren trilogia amaitzea ere gustatuko litzaidake. Izan, beti daukat zerbait idazteko, beti daude lau-bost gauza zintzilik, batzuk hasi berriak eta beste batzuk trabaturik, baina idaztea da kontua. Egunero idatzi dut, berdin zait zer: nobela bat edo perretxikoei buruzko lan bat. Kontua idaztea da. - Gaur egun non idazten duzu? Hortxe bertan (gure aurrean dagoen ordenadore eta mahaietara begira). Dena den nik ez dut baldintza berezirik idazterako orduan. Badago ez dakit zer nolako leku edo musika behar duenik, baina niri berdin zait, taberna zalapartatsu baten erdian ere idatziko nuke. Eta hau esan egiten dut eginda dudalako. Uharte isolatu batean banengo ere idazten jarraituko nuke, harearen gainean, zuhaitzen gainean eta, are gehiago, botilak bilatuko nituzke idatzitakoa baten batek hartu zezan. - Sukaldaritza-liburuak ere idatzi dituzu. Bai. Sukaldaritza oso gustuko dudan gaia da eta horregatik idatzi dut horri buruz. - Sautrelatik idazle asko eta asko igaro dira. Egingo al zenioke zeure buruari elkarrizteka bat? Ez, ez. Ez dut pentsatu baina ez dut uste. - Bost idazle (2002). Zergatik idazle horiek. Askok bost idazle horiek (Atxaga, Izagirre, Lertxundi, Saizarbitoria eta Sarrionandia) elitismoagatik aukeratu ditudala esango dute baina ez da horrelakorik egon. Idazle horiek aukeratu nituen gaur egungo euskal literaturan garrantzitsuak direlako bizkarrean daukaten ibilbide luzeagatik, ez bestelako arrazoiengatik. - Liburu horren bigarren partea egiteko asmorik? Bai, zergatik ez. Batzuk baditut prestatuta eta baten bati esan diot jada, baina esan egin diet ere horretarako ibilbide on bat jorratu beharko dutela, eta jakin, badakite.
- Euli-bildumarik ez duzu edukiko hemendik, ez? Izan ere, euliez asko dakizula ematen du. Ez, ez (barre artean). Zuek esan duzue, ematen du. - Testuak momentuan idazten dituzu edo aurretik planifikazio-prozesu bat dago? Gaur egun planifikatu egiten ditut gauzak, hau nondik garatuko den, beste hori nola tratatu, etab. Baina beti ez da horrela izan. Gazteagoa nintzenean konpultsiboki idazten nuen eta nire helburu nagusia publikatzea zen. Denborarekin, irakurri eta idazten duzun heinean, heldutasun literario batera heltzen zara, jada ez da hain erraza idaztea, gauzak gehiago planifikatzen dituzu nolabaiteko jainko txikia zarela ikusten duzulako: mundu bat sortzen duzu liburu bakoitzean eta hori ondo planifikaturik egon ohi da, orokorrean bederen. -Euskara ez den beste hizkuntzetan idatzi duzu? Bai, gaztelaniaz, eta baita atsegin handiak hartu ere. Frantsesez idaztera ez naiz ausartzen ez dudalako uste horretarako behar den maila daukadanik. -Zein da edo zein izan behar da editorearen papera? Editoreak idazlearen liburuak mugitu behar ditu. Ezin daitekena egin da liburu bat argitaratu eta, beste barik, bertan utzi, noraezean. Liburu bat argitaletxe batera bidaltzen duzuenean eskatu, ehuneko hamar klasiko hori baino, ehuneko hamabosta edo hogeia. Seiehun euroko aurrerapena eskaintzen badizute, eskatu hamar aldiz gehiago. Ehuneko bi-hiru gehiago ematerik ez duzue lortuko baina orduan editorea arduratu egingo da liburu hori mugitzeaz, non eta nola saltzen den arduratuko da, behar bezalako propaganda edukitzeaz, etab. Laga ditzagun faltsukeri eta zurikeriak, euskal idazleari bere liburuak salgai eta ondo saltzen ikustea gustatzen zaio eta, horregatik, bere lanagatik borrokatu. Zuk bi urte eman badituzu liburu bat idazten eta ehuneko hamarrak ez bazaitu konbentzitzen, eskatu hamabosta beldur barik. Izatez idazleak ez luke diruaren truke idatzi behar, baina egin, horrela egiten da. - Mugetan (1989) nobela laburra ere arrakastatsutzat hartu dezakegu. Bai, 1980ko hamarkadaren amaiera partean idatzi nuen eta gaur egun 8.000 aletik gora saldu ditu. Oso kontent nago liburu horrekin. Batzuk esaten dute euskal gatazkaz idazten ez dela baina, beste batzuekin batera, liburu hau horri buruz doa. - Gomendio bat idazle legez. Lehenago esandakoa: idatzi aurretik bizi, bizi eta bizi.