Nere Lanak

Ikerketaren nondik norakoak Euskara-ikasle helduak estrategiak erabiltzen dituen ala ez aztertzea da ikerketa honen helburua. Eta noski, zein estrategia diren erabilienak ondorioztatzea ere bai. Oro har, ikasleek nola ikasten duten gramatika jakin nahi dugu, zer nolako garrantzia ematen dioten gramatikari. Guztira, 40 ikasleren inkestak jaso ditugu, eta hona hemen bertatik ateratako emaitza nagusiak. Azterturiko 40 ikasleak lehenengo mailakoak dira, hau da, Europako Erreferentzia Markoaren araberako A2 eta B1 mailatan ari dira ikasten. Ikasle hauek guztiek bi galdetegi bete dituzte, lehenbizikoan gramatika bera nola ulertzen duten jaso nahi izan dugu, eta bigarrenean, berriz, gramatika ikasteko zein estrategia erabiltzen dituzten. Galdetegiak bete ostean, batzuk elkarrizketa bat izatera ere ausartu dira. Elkarrizketan gramatikari buruz galdetu diegu: gustukoa duten ala ez, beharrezkoa dela uste duten ala ez, eta antzeko galderak.