BEGIRA ZURE BIHOTZEAN
Bazen behin agure zahar bat, herriko sarreran zegoen iturri batean eserita egon ohi zena. Egun batez, gazte bat inguratu eta esan zion: - «Ni leku hauetan inoiz egon gabea naiz... Nolakoak dira herri honetako biztanleak?». Beste galdera batez erantzun zion agureak: - «Nolakoak ziren etorri zaren herriko biztanleak?». - «Berekoiak eta gaizkileak, bihotz gaiztokoak. Horregatik aldendu naiz ahalik eta azkarren beren artetik», -erantzun zion gazteak. - «Horrelakoxeak dituzu ba herri honetako biztanleak ere», -gaineratu zion agureak. Handik laster, beste gazte bat inguratu zitzaion agureari eta galdera bera egin zion: - «Oraintxe heldu naiz leku honetara. Nolakoak dira herri honetako biztanleak?». Agureak, berriz ere, lehengo galdera berberaz erantzun zion: - «Nolakoak ziren etorri zaren herriko biztanleak?». - «Onak eta eskuzabalak, abegitsuak, leial eta zintzoak. Haien denen lagun izanda, asko kosta zait haiek utzi eta alde egitea», -erantzun zion gazteak. - «Horrelakoxeak dituzu ba herri honetako biztanleak ere», -gaineratu zion agureak. Iturri ingurura iritsi zen abere-zain batek agure eta gaztearen arteko elkarrizketa hura entzun, eta gaztea aldentzeaz batera, galdetu zion agureari: - «Nola eman ditzakezu batez-besteko bi erantzun ezberdin bi pertsonek egindako galdera berari?». - «Begira, -erantzun zion agureak-, bakoitzak darama bere mundutxoa bere bihotzean. Bere bizitzan ezer onik aurkitu ez duen hark, hemen ere ez du ezer onik aurkituko. Aldiz, bere herrian lagunak dituen hark hemen ere lagun on eta leialak aurkituko ditu. Izan ere, bere baitan aurkitu ohi ditu batek pertsonak. Aurkitzea espero dituenak aurkitzen ditu».
IRAKASPENA: Bizitza honetan zuretzat eder eta on zaizun guztia zeure baitan daramazu. Aski duzu irteten uztea.