BITXIETAN BAKARRA
Ingeles batek, basamortua zeharkatzen ari zela, arabiar bat ikusi zuen guztiz pentsakor, palmondo baten oinetan eserita. Urrutira gabe, hantxe zeuden atseden hartzen, zama-zama egindako bere ganbeluak ere; beraz, garbi zegoen merkatari bat zela arabiar hura; inguruko hiriren batera joanez, inongo bitxi, lurrin, tapiz eta antzeko gauza baliotsuak saltzen zebilena. Aspaldian inorekin hitz egiteke, inguratu zitzaion ingelesa arabiar pentsakorrari, eta esan zion: - «Agur, adiskide, agur t´erdi! Oso kezkatua dirudizu. Zerbaitetan lagun al zaitzaket?». - «Ai, enetxo! -erantzun zion arabiarrak, goibel eta burumakur-. Lur jota nago, inongo bitxirik bitxiena galdu dut». - «Bai zera!, -erantzun zion ingelesak-. Bitxi bat galtzea ezin daiteke hain gauza larria izan; ez behintzat, zu bezala hainbeste altxor eder zeure ganbeluekin batera eta bestera eramanez dabilen gizon batentzat. Apenas gehiegi kostako zaizun zuri, galdu duzun bitxi horren ordezko beste bat eskuratzea». - «Galdu dudan bitxiaren ordezko bat, diozu?, -erantzun zion arabiarrak-. Bistan da, ez duzula galdu dudan bitxiaren baliorik sumatu ere egiten». - « Baina, gizon…zer bitxi mota duzu ba hori?», -galdetu zion bidaiariak. - «Inon inoiz, berdinik egingo ez den bitxi bat zen, jauna. Bizitzaren harri-zati batean tailatua zen, non-eta, Denboraren tailerrean, hain zuzen. Hogeita lau brillantez hornitua zegoen, eta horien inguruan, beste hirurogei txikiago biltzen ziren. Hortik kontuak atera esan dizudanaz, sekula ez dela gehiago horrelako bitxirik egin ahal izango». - «Dirudienez, -erantzun zion ingelesak-, bitxietan bitxia behar zuen, horratik, zure bitxi horrek! Baina, aizu, ez al duzu uste, dirutza handi batekin, egin daitekeela beste horrelako bitxi bat, galdu duzun horren berdina?». - «Galdutako bitxi hori, -gehitu zion pentsakor arabiarrak ingelesari- EGUN bat zen, eta galdutako eguna… ez da inoiz berriro aurkitzen».
GURETZAT GOGOETAGAIA 1. Zer iradokitzen dizu ipuin/parabola honek? 2. Ederra litzateke norbaitekin partekatu ahal izatea. 3. Nire bizitzarako ateratzen dudan ONDORIOA.