MAITASUN TANTAK
Sute handi bat zegoen banbu-baso batean; sugar erraldoiek inguru dena erre, eta kiskaltzen ari zen basoa. Eta txori txiki bat, txorikume bat, errekara joan, bere hegaltxoak uretan busti eta preska-presaka sutara itzuli zen, "ea nire hegaltxoak astinduz sutea itzaltzen dudan" esanez. - «Aizu, txoritxo, zertan ari zara baina? Nola liteke ordea? Uste al duzu zure hegalak astinduz isurtzen dituzun zipriztin eta ur tanta horiek itzal dezaketela sutetzar hau dena? Ez al duzu ikusten ez duzula lortuko?». Eta txori txikiak apal-apal erantzun zion: - «Hainbeste eman dit basoak, eta hainbeste maite dut. Hementxe, baso honetantxe sortua naiz, baso honetxek erakutsi dit izadiaz dakidan guztia; berak emana da ni naizen guztia. Beraz, hauxe izanik nire sorlekua, nire jaiotetxea, nahiz bertan hil, nire maitasun tanta hauek isuriz itzaliko dut sutea». Jainkoek ulertu zuten txori txiki haren ahalegina eta sutea itzaltzen lagundu zioten.
IRAKASPENA: Ur tanta bakoitzak itzaltzen du sutea. Maitasun eta bihotzez egin dezakegun ekintza bakoitzak du ederragotzen biharko eguna. Etzazu gutxietsi zure ur tantarik: horietako milioiek osatzen dute ozeanoa. Maitasunez egiten dugun ekintza bakoitza, biderkatuta itzultzen da gugana. Gure bizitza da sute handi hori, oinaze eta era guztietako gazi-gozoz betea. Baina, Jainkoari eskerrak, hortxe daude gure maitasun tanta txiki horiek, fede on eta itxaropenez betetako ekintza horiek, gure bizitza egunetik egunera ederragotzen dutenak.