MAITASUNA ETA DENBORA
Behin batean, ba zen uharte txiki-txiki bat, paradisuaren ertz batean kokatua, eta hantxe bizi ziren, gu orain lurrean bezalaxe, sentimenduak. Eta halaxe, sentimenduen uharte txiki hartantxe bizi ziren, harmonia ederrean, maitasuna, tristura eta gainerako sentimenduak. Egun batean, natura erabat haserre agertu ohi den egun horietako batean, izututa esnatu zen maitasuna uhartetxo hura urak estali behar zuela ikustean. Baina berehala bere beldurrak uxatu, eta gainerako sentimendu denak salbatzeari ekin zion. Denak arrapaladan euren ontzietara abiatu, eta goi mendi batera igo ziren uraren ihesi, eta handik begira, ikusi ahal izan zuten urak nola estaltzen zuen euren uharte txikia. Maitasuna bakarrik ez zen estutu eta bihotz-larritu; maitasuna ez da inoiz bihotz-larritzen. Berak pixka bat gehiago iraun nahi zuen uhartean. Baina bere burua ia itotzeko zorian ikusi zuenean, gogoratu zitzaion berak ez zuela hil behar. Hala, ziztu bizian joan zen uhartetik irten berri ziren ontzietara, eta laguntza eskatzen hasi. Orduan aberastasunak, haren oihuak entzutean, berak ezin zezakeela eraman erantzun zion; horrela egiten bazuen, ontzian zeraman urre eta zilar guztia galduko zuela esanez. Handik lasterrera, harrokeria igaro zen, eta hark ere ez zeukala laguntzerik jakinarazi zion; alegia, besteei laguntzen zebilen bitartean, maitasuna zikizikin eginda geratuko zela, eta bera, harrokeria, ez zela bere burua horrela zikindu zale. Harrokeriaren ondotik, tristura etorri zen; inoiz baino tristeago zegoela esanez etorri ere, eta bera ez zegoela inori laguntza eskaintzeko moduan. Baita ere etorri zen geroxeago poztasuna, baina hain gogo biziz etorrita, ez zuen maitasunaren erregurik entzun ere egin. Itxaropenik gabe, oraindik ur gainean ageri zen azken harriaren puntan eseri zen maitasuna, eta gero eta txikiago, murrizten eta murrizten hasi zen. Hain tristea izango zen bere negarra, inguru hartan bere ontzitxo barruan zebilen agure zahar batek entzun zuen maitasuna negarrez. Hura entzutean, agure zaharrak maitasuna bere besoetan hartu eta inguruko mendirik garaienera eraman zuen, gainerako beste sentimenduekin batera.
Maitasuna bere onera etorriz, jakituriari egin zion galde, bere laguntzan etorri zen agure zahar hari buruz. Eta honek erantzun: -“Denbora�. Hori entzuteaz bat, hasi zitzaion maitasuna bere buruari galdezka, ea zergatik denborak bakarrik lagundu ahal izan zion zegoen lekura iristen. Eta jakituriak berriro, berehala erantzun: - “Denborak bakarrik lagun diezaiokeelako maitasunari lekurik zailenetara iristen�.