URKETARI ZINTZOA
Behinola bazen gizon zintzo bezain langile kementsu bat. Herrian ia inork ez zeukan urik etxean. Gure gizon honek bereganatu zuen urketari izateko ardura. Bizkarrean ongi moldatzen zitzaion uztarri bat eskuratu, kantin handi bana muturretan esekita jarri, eta egun osoa ematen zuen urketan herriko etxeetara. Eskuineko ur-ontzia berria zen, ezkerrekoa, berriz, zuloz betea. Iturritik herrira orduko, erdia eta gehiago galtzen zuen. Horretan joan zen bi urtetako ur-lor neketsua. Eskuineko kantina harro ere harro sentitzen zen, bere burua urketarako egokia eta oso-osokoa ikusten zuelako. Kantin zulatua, ordea, bere egoera desegokia zela eta, lotsaz beterik zegoen; eta zoritxarreko sentitzen zen, egin behar zuenaren erdia ere egiteko ez zelako gauza. Bi urteren buruan atzera-aurrera ibili ondoren, kantin zulatuak badiotso egun batean urketariari: - «Guztiz lotsaturik nago, jauna, nire zuloak direla-eta, eta zurekin kontuak argitu nahi ditut: nire egoera haugatik, nik ekarri naiken erdia baino ez dakarkizut, eta irabazi ere, erdia baino ez duzu irabazten». Urketariak, atsekabeturik, bihotz gozoz esan zion: - «Etxera itzultzerakoan, begira ezazu, arren, zenbat lore polit agertu den bidean barrena». Eta bai pozik zenbatu ere kantin zulatudunak. Eta egia, gero! Hainbeste lore polit ikusi zituen, zein baino zein ikusgarriagoak, baina hala eta guztiz ere, eraman beharreko uraren erdia baino ez zuen eramaten eta... eta honek nahigabetu egiten zuen. Urketariak badiotso orduan: - «Konturatu al zara honetaz? Loreak zure alderdian bakarrik agiri direla? Nik hasieratik jakin dut zure zuloen berri, eta haien kontura probetxurik gehien atera nahi izan dut. Iturriko bidean lore-haziak erein ditut zure alderditik, zuk ureztatu dituzu egunero, eta bi urte hauetan lore sorta ederrak bildu ahal izan ditut, nire Maisuaren aldarea apaintzeko. Zaren modukoa izan ez bazina, zure akats eta guzti, ez zen posible izango edertasun hau».