3 minute read
«Kalean jotzeak esperientzia oso politak eta hunkigarriak eman dizkit»
Iñaki Zudaire > Saxofoi-jolea
Amaia Núñez
Advertisement
Aitak txikia zenetik sartu zion musikarako grina, saxofoia instrumentu berezi bezala. Tirri Tarra fanfarrean ia hogeita bost urtez egon eta gero, egun, bakarkako lanean dihardu gehienbat, musika irakasle eta kaleko musikari gisa. Aurten hamar urte beteko ditu kalean jotzen. Izan ere, ez da saxofoian zentratu eta oboe ikasketak ere baditu eta txirula ikasten dihardu orain.
-Nola bururatu zitzaizun kalean jotzen hastea?
-Nire neskalagunak, Martak, animatu ninduen. ‘Zergatik ez duzu jotzen kalean?’. Zaila izan zen. Lehenengo egunean gogoratzen dut eman nituela bi ordu Donostiatik bueltaka bilatzen leku bat, eta ausardia, jartzeko. Alde Zaharrean jarri nintzen eta gustura egon nintzen. Baina konturatzen zara bizilagunak daudela eta ez dela lekurik aproposena. Donostiako kaleko musikarien inguruko legea irakurri nuen eta esaten zuen ahal bazen etxebizitzetatik urrun jo behar genuela. Eman nituen bueltak Donostiatik eta ikusi nuen Kontxa perfektua zela. Nahiko urrun dago itsasoa eta hor berez ez dituzu bizilagunak izorratzen. Hasi nintzen eta aurten hamargarren urtea da. Oso esperientzia politak izan ditut. Oso hunkigarriak eta oso politak. Oso gustura nago.
-Donostian bakarrik?
-Noizbehinka Hondarribira joaten naiz jotzera, baita Zarautzera ere. Donostian gero eta zailagoa dago. Nik uste dut pentsatzen dutelako hiriarentzat irudi txarra dela. Turismoan, Donostian, hamar urte hauetan gorakada handia nabaritu dut. Uztailean Galiziara goaz eta Santiagon jotzeko baimena eskatu dut. Beste leku batzuk probatu nahi ditut zeren Donostian gauzak guretzako oso gaizki daude.
-Diska bat ere grabatu duzu, ‘Kaleko bizipenak’.
-Kaleko bizipen horiek CD batean irudikatu nahi nituen. Hernaniko estudio batera joan nintzen eta hor egon nintzen jo ta su diska grabatzen. Jazzeko estandar oso ezagunak dira. Hiru saxofoi ezberdinekin grabatu nuen: zortzi kanta sopranoarekin, lau altuarekin eta bat, bosgarrena, tenorearekin. Kontent geratu nintzen. Nire lehenengo proiektua da. Batez ere nahi nuen kalean erakutsi. Jendeak ikus zezala proiektu bat neukala, baita saltzeko ere. Martak egin du diseinu guztia, oso polita. Donostian egiten dudanez lan hori irudikatu nahi nuen, barruan Kontxako badia dago eta CDan pertsonai asko agertzen dira. Laguntzen didaten pertsonei dedikatua dago: surflariak, gurpil-aulkietan doazen pertsonak… denetarik. Beraiei eskertu nahian irudikatu nahi nuen nik jotzen dudan lekua Donostian eta Martak oso ondo egin du.
-Zergatik jazz estiloa?
-Azkenaldian nabil jazz munduan murgilduta. Gehien gustatzen zaidan musika estiloa da. Oso irekia da beste gauza batzuk egiteko.
-Kalean saxofoi txikiarekin jotzen duzu.
-Bai nahiago dut.Bi gauzengatik: bata ez duelako asko pisatzen. Askotan joan behar naiz anplifikadorearekin eta nahiago dut txikia horrexegatik. Eta beste gauza batengatik: saxofoi txiki hau jende askok ez du ezagutzen eta kalean jotzen nagoela erakargarria izaten da jendearentzako. Ez dute inoiz ikusi. Ikusten dute txikia dela eta gainera soinu polita duela. Orduan erakartzen dut jendea niregana. Asko etortzen dira galdezka ‘saxofoi hau zer da altua, tenorea?’, askotan. Ez, sopranoa da, baina kurboa. Beraiek ezagutzen dute zuzena, askoz ere ezagunagoa. Soinua ere diferentea da. Hau da goxoagoa, beste xarma bat dauka.