Goiz eder argitik esku izoztuen egunsentira

Page 1

GOIZ EDER ARGITIK ESKU IZOZTUEN EGUNSENTIRA Testu honek bost atal ditu:

• • • • •

I. arabatik ekia eta ekialdetik horma II. nafarroan izu-ikara ari du III. galerna gipuzkoan itsasotik lehorrera IV. bizkaiko su-erauntsia V. biharko goiz eder argia

Hemen I.a eta V.a daude irakurgai. Testu osoa irakurtzeko, www.oiartzuarrak.org-ra jo.

I. arabatik ekia eta ekialdetik horma Ni naiz Marixane Agerrekoa, XVII. mendean Pierre de Lancrek erre erazitako 16 urteko neska, eta abisu bat eman behar dizuet. Begira ezazue, gero ere, sineskeriak, sineste bidezkoak, zitalkeriak, behar bezalako portaerak, zuzentasun politikoa, garbiketa egin beharrak, bakea, eta zentzunezko beste gauza asko aipatuz helduko direnek ez ote duten beste inkisizio bat antolatuko. Joseba Sarrionandia, Hnuy illa nyha majah yahoo, 1995

arabatik ekia Manuel Lekuonaren itzala irakurgela zabalaren apalategitik ateraino luzatzen da, larri, beltz, zorrotz. On Manuelek urrats bat aurrera egin du ilunantze horretan, eta liburuxka bat hartu idatzizko ugaritasunean: Eun dukat. Orriak goxo pasa ditu papera laztanduz bezala, deus irakurri gabe, Manuel izenaren ondoan dagoen Martin anaiarena irakurri gabe. Gogora, eztarri-zulora, mingostua etorri zaio apirileko poza, nola antzezlana saritu zuten Kursaalean, zer-nolako arrakasta izan zuen oiartzuarren

1


lanak han-hemenka, zer harro zegoen Yon Oñatibia adiskidea ─non ote dago hura?, esan du bere artean─. Segidan, mahai gainean bereizi dituen liburu multzoetatik sail bat aukeratuz, hartan du pilatu Eun dukat. Apaiztegira bila etorri zaizkiola eta hobe duela alde egitea esan diote. Ez da hau ospa egiteko esan dioten lehendabiziko aldia, anaiekin zer gertatu den gogoan hartzeko esan izan diote lehenago ere: Juliani udaletxera joateko agindu zioten San Migeletan, eta, harrezkero, haren berririk ez dago, kamioietan Julian eta beste batzuk eraman zituztela, besterik ez; egun gutxiren buruan, Martin Ondarretara eraman zuten preso, eta handik, aske uzten zuen agiria sinatzeko esan ondoren, Hernaniko harrobira hiltzera beste hamabost lagunekin batera. On Manuelek kasu egitea erabaki du oraingo honetan; ez da etxera itzuliko Eguberrietarako ohi duen gisan, baina babesa bilatu baino lehen, liburuak toki seguruan jarri behar ditu Etxetxikira bidalita. Halabeharrez, bizirik iraungo badu, atzean utziko ditu sormenez eta egitasmoz betetako Gasteizko urteak. Izan ere, gutxietsiak, baztertuak eta, zenbaitetan, debekatuak izaten ziren euskal kulturak eta euskarak emankortasun-garai ederra izan zuten Manuel Lekuonaren eta Jose Migel Barandiaranen itzalpean: Eusko Folklore aldizkaria, Lyceum Cassiciacum elkartea, Gymnasium aldizkaria, Kardaberaz Bazkuna —On Manuelek sortua, euskal idazleak trebatzeko―, Yakintz-Bide Batza eta Aurrera Beti elkarteak ―euskal kultura ahalik eta modurik zabalenean barreiatzea helburu—, Ideiarium aldizkaria, ehun eta bost lagunek bultzatu zuten “Euskaldunokin euskeraz” aldarrikapena… On Jose Migelek, On Manuelek bezala, “apaizgai eta apaiz ongi heziak nahi zituen, jakitez hornituak, mundura irekiak eta, denbora berean, Euskal Herriaren ezagutzaileak eta bertan sustraituak”1. Euskal Pizkundeak hazia jarria zuen Araban, etorkizun hobearen esperantzan: “Seguruenik, ez da izango euskal historian, Euskal Herriko Unibertsitatea sortu aurretik, euskal kulturarentzat Gasteizko Apaizgaitegiak bezainbeste fruitu eder eman duen goimailako hezkuntza-zentrorik. (…)Gasteiz euskal kulturaren arrago emaritsua izan zen XX. mendearen lehen herenean, eta hiriburutik ―batez ere bertako Apaizgaitegitik― ehunka lagunek egin zuten lan euskal herritarren garapen aske eta osoaren alde”2. 1.

E. Knorr, in Euskera

XXXVII, Euskaltzaindia,

2.

Josemari Velez de Mendizabal, “Euskal Pizkundea Araban”, in Rev. Int. Estud. Vascos, 2012.

2

1991.


Lagun horietako gehienen zoria kartzela, erbestea edo deserritzea izan zen, baita heriotza ere —Aitzolena, antolatzaile aparta izateagatik, besteak beste, Lekuonak miretsia; Leonardo Guridirena, Oiartzunen fusilatua, Lekuonarekin eta Aitzolekin batera Eusko Folklorearen lehen Zuzendaritza Batzordekoa; Martin anaiarena…—. Eginahal guztiak itota, errotik zapuztu zuten eraikitzen ari zen Europako nazio zahar baten etorkizun berria.

Orixek, Aitzolek hala eskatuta, 1931 eta 1935en artean idatzi zuen Euskaldunak poema epikoa.

Martin Lekuona, Errenteriara etorri aurretik, Arabako Musitu herrixkan aritu zen apaiz, eta, handik, Iruran maisu zebilenari idatzi zion ikastaro batean hizlari jardun zezan, hizkuntzen pedagogian aditua baitzen maisua. Ondoko eskutitz zatia pentsalari ekintzaile hauen ibileraren eta beren buruarenganako konfiantzaren erakusgarri da: “Como sabe Vd. muy bien, el Euskera, desgraciadamente, no se habla ya en casi toda Alava (solamente se habla en 7 pueblos de esta región) y en gran parte de Navarra, y en algunas zonas de Guipúzcoa y Vizcaya. Nosotros hemos escogido por campo de nuestra acción euskerista, éste donde el Euskera es ya difunto (aunque persiste en la toponimia, en palabras caseras y, sobre todo, en construcción de la frase, que es completamente vasca), y donde por lo tanto, su enseñanza es igual a la enseñanza de una lengua nueva, con la

3


particularidad de que es una lengua no extraña, sino nuestra, de nuestro pueblo. Este es nuestro terreno de acción, y éste nuestro problema: resucitar un idioma viejo, muerto. (…)Pero, ya que habíamos empezado a andar, quisimos dar alguna forma a estas aspiraciones nuestras, y, así, lo primero que hicimos fue solicitar colaboraciones de personas competentes sobre métodos que se deben y han empleado otros pueblos de Europa para conseguir el mismo fin que pretendemos nosotros”3. Lekuonatarrak, Yon Oñatibia, Maria Dolores Goia, Irigaraitarrak, Aitzol, Elbira Zipitria, Lauaxeta, Lizardi, Pilar Sansinenea, Pantzezke Astibia… herri azpiratu, gutxitu eta eskastu baten emakume eta gizon askeak eta sortzaileak izan ziren. Andu Lertxundiren hitzetan: “Euskarari prestigioa eman. Euskararen irakaskuntzaren oinarriak jarri. Ahozko literatura duindu. Literatura idatzia bide berrien arrastoan abiarazi eta noranahikoa egin. Antzerkia dinamizatu. Prentsa sortu eta suspertu. Dantza berritu, dantza modernoarekin joan-etorrian. Garaiko korronteen araberako musika bultzatu, eta musika tradizionala ikertu, baliatu, ezagutarazi. Arte plastikoak abangoardiarekin lotu, diziplina artistikoak elkarrekin harremanetan jarri… Euskarak inoiz ezagutu zuen mugimendu kultural bizi eraginkorrena protagonizatu zuten Pizkundeko gizon-emakumeek XX. mendearen lehenengo hamarkadetan”. Manuel Lekuonak lan ugari egin zuen gai askori buruz: ahozko literatura, etnografia, artea, historia, antzerkia, kantagintza, opera baten libretoa... Hamaika liburu trinkok osatzen dute haren lan bilduma. Kulturaren ikuspegi aristokratikoa salatu zuen eta garbi erakutsi ahozko literatura lehen mailako kultura agerpidea dela: herri-jakintza kulturaren esparruan sartu zuen. “Eta batez ere erakutsi zuen, nola gaur egungo gizon kulturadunak hemengo kultura bizi dezakeen, bertatik hasiz, kultura unibertsalera zabalik, eta bertara berriro itzuliz, kulturaren ziklo osoa bizi ere”4. Euskaltzainburu ere izan zen hiru urtez, eta euskara batuaren eta herriko euskararen arteko zubi egokiaren beharra aldarrikatu zuen, hizkuntzak batasunaz gain argitasuna eta jatortasuna ere behar zituela adieraziz.

3.

Juan Mari Lekuona, in Euskera XXXVI, Euskaltzaindia, 1991.

4.

Juan Mari Lekuona, Apaiz euskaltzale (1894-1987), Eusko Jaurlaritza, 1987.

4


Lanerako baldintzak, hala eta guztiz ere, ez ziren beti samurrak izan: lau urte baino gehiago eman behar izan zituen gordeta, eta beste hamalau, apaiz askorekin egin zuten bezala, Euskal Herritik kanpo zigortuta5. Zeruko baino, lur azpiko nahi zituzten Manuel Lekuona eta gainerako euskaldun intelektualak; bestela, deserrian, herriz herriko errari errudun, ez aberririk, ez errorik.

Oroiteria. Berria.

Falangistak liburuak erretzen Tolosako plazan.

5.

“Desterraremos al sacerdote que se negaba a celebrar las fiestas tradicionales del Pilar y de Santiago” (R. Sierra Bustamante, Gipuzkoako gobernadore zibila). “La cuestión vasca se arreglará fácilmente. Hay una docena de agitadores a los que fusilaré en cuanto los coja y doscientos curas a los que no fusilaré, pero que enviaré a hacer autonomismo a Andalucía” (Francisco Franco). Nolanahi ere, apaiz euskaldunen aurkako jazarpena aspaldikoa da. 1911n nazionalistatzat jo zituzten apaiz guztiak Ameriketako Eliz Barrutietara bidali zituzten. 20ko hamarkadan hainbat apaiz deserritu zuten euskaraz predikatzeagatik.

5


ekialdetik horma

Etorri ekialdetik etorri ziren Oiartzunera, dena etortzen baitzen, Xabier Letek igarri bezala, mendi lepo hurbil horietatik: hodeiak, ekaitzak, elurrak eta negua. Orduko hartan, uda beteko negu gorri, latz eta luze-luzea zekarren, urtaro bakarreko urte andana, Martin Lekuonaren senideek Ondarretan haren ordez jaso zuten erlojuaren orratz geldituek denbora bera ere hormatu izan balute bezala. Eta jaun eta jabe egin ziren, bai fisikoki ─garbiketaren, sarraskiaren bitartez─ eta bai psikologikoki ─terrorearen bitartez─, huntzak harriak inguratzen eta estekatzen dituen bezala, inguratuz eta estekatuz izuak bihotzak, eta jakina, begirada arrotza gurean nagusitu ahala, gure ikusmena arroztuz joan zen. Egunsenti izoztu hartatik, gauzak oso bestelakoak izan ziren. Lehenengo eta behin, Arizmendine —emen sartzen dana bere etxean dago— bortxatu zuten. Komandantzia Militarra bertan ezarrita, Anjel etxeko nagusia ―Abokatu Elkargoaren dekanoa― preso hartu zuten. Hamabi egun lehenago, uztailaren 18an, Anjel eta Juana senar-emazteak Lizarran zirela, Larramendi hoteleko gelatik ikusi zuten nola Fortunato Agirre alkate abertzalea eramaten zuten atxilo.

Juana Aiestaranen eta Anjel Arizmendiren etxea gaur egun.

6


San Inazio egunean, Anjelek Ezkaba aiekako gurutze-bidea hasi zuen beste hainbat lagunekin batera, oinez Beraraino, eta ondoren, kamioietan gotorlekuraino. Hiru hilabeteren buruan, urriaren 25ean, Anjel Arizmendiri eta Leontzio Aranburu adiskideari aske uzteko agiria sinatzeko esan zieten. Behin kanpoan, falangistek hartu, eta bide-bazter batean akabatu zituzten. Anjel inkisidore berrien esku utzi zutenek salatu zuten hura zela “el primer cabecilla y dirigente del movimiento nacionalista o separatista en Oyarzun”, haren etxean bazirela “tallados sobre la piedra dos emblemas separatistas”, Anjel nabarmendu zela “siempre por su antiespañolismo rabioso”, Juana Aiestaran emaztea izan zela “la primera presidenta de las mujeres separatistas Emakume Abertzale Batza”6... Surtara eramandako gehienek tankera bereko leporatzeak izan zituzten: Martin “nacionalista exaltado” omen; Jose A. “de ideas separatistas y publicista”; Jose Joaquin eta Leonardo “de filiación nacionalista”; Joaquinek “dirigía a los mozos separatistas”; Jose Ignacio “de ideas nacionalistas”; Jose M. “propagandista de los ideales vasco-separatistas”; Celestino “extremadamente separatista”… La Voz de España-k (1936/12/10) heretikoen arteko bereizketa eta kategorizazio garbia egin zuen, sorgin-ehiza berrituaren epaia laburbilduz: “El separatismo no es una simple perversión ideológica. El separatismo es una perversión sustantiva, ética y sentimental. Ahora, no hay más verdad que la nuestra. (…)Al engañado, al obrero resentido, le guardamos un puesto en la España Nueva. Porque las ideas torcidas pueden desarraigarse por la persuasión. Pero, al separatista no podemos ofrecerle asilo ni perdón. Porque el separatista no es solo un sectario; es también un sentimental. Y si las ideas pueden corregirse por la persuasión, los sentimientos, en cambio, no admiten más correctivo que el fuego purificador”7. 6.

Xabier Agirre, in Deia, 2016/10/22.

7.

Nazio-menderakuntzak azpiratuaren asimilazioa, den hori izateari uztea, besterik ez du onartzen. Hiru bide izaten ditu menderatuen desagerpena gauzatzeko: erabateko sarraskia, populazio-aldaketa ─berria ekarriaz kanpotik edota jatorrizkoa bidaliaz─ eta egiturazko gutxitze sistematikoa —isilkako lana maiz, baina eraginkorra, termitenaren parekoa—. Normalean, garaiaren baitan, hibridorik egokiena diseinatuta. Zapalkuntza sozialak, berriz, ezarritako botere-harremana betikotu nahi izaten du eta ez azpiratuaren desagerpena, aurkari hori beharrezko baitzaio menderatzaileari nagusi izaten segitzeko.

7


Hortaz, Oiartzun “baluarte del separatismo vasco”8 izaki, ehizaldia ez zen nolanahikoa izan: 5.260 biztanletik 250 atxilotu zituzten herrian sartu eta astebeterako; 21 oiartzuar hil zituzten, haietatik 12 desagerrarazita; herriko kanposantua eta Artikutzarako bidea hiltoki bihurtu zituzten hainbat herritako 200 lagun inguru fusilatuta; eta gainera, torturatuak, kartzelatuak, bortxatuak, kontzentrazio eta lan esparruetara eramandakoak, geroago fusilatutakoak, ondasunik gabe utzitakoak, zigortutakoak eta lotsarazitakoak, zapaltzaileekin borroka egitera behartu zituztenak, ihes egin behar izan zutenak, semealabak urrutira bidali behar izan zituztenak9... Herriko zaharrenek tiro-hotsak entzuten dituzte oraindik gauerdiko isiltasunean: pan! bat, pan! bi, pan! hiru, beste hiru. Ondarretatik ekarri dituzte kamioietan gauero bezala. Tiro-segidaren ondoren, erremateko tiroa bertatik bertara, bakoitzari bat. Gaur hamar, zortzi atzo. Beste zahar batek, berriz, halakorik ez duela gogoratzen dio — zer gauza oroimena…—, baina ahots batzuek kantari, tarteka, esnatu egiten dutela gaueko ordu txikitan. J.J. Arin, J. Markiegi, L. Guridi eta J. Zeziaga dira, hilerrirako malda igotzen urriaren 24an, ilunpetan, —Anjel eta Leontzio Ezkabako ziegatik atera baino lehentxeago— Te Deum abesten, miserere nostri, Domine, miserere nostri. Arinek, euskal kulturgintzan buru-belarri ibilia, Arrasateko lehendabiziko ikastola sortzen jardun du; Markiegi idazlea da eta hainbat liburu du euskaratuta; Guridi euskararen ikerketa filologikoan aritua eta Euskal Esnalea elkartearen laguntzailea da; Zeziaga GBBko kidea da. Laurek herri-mina daramate odolean, odol klase bera, eta oraingoan ere, hilerriko sarrera aldea dena odoletan dagoela, odola norena den bereizterik ez dago. Paula Muxikak, EABko kide ezagunak, ikusi zuenean hiru apaiz horiek atxilotu zituztela “ez dituzte behintzat apaizak ere aurrekoak bezala hilko, ezta?”10 esan, eta bera ere preso hartu zuen Guardia Zibilak. Azaroaren 5ean, Paula eta beste 15 arrasatear Oiartzungo Beheko Plazako eskolatik kanposantura 8.

Kattin Txiki Taldea, Isiltzen ez den isiltasuna, Oiartzungo Udala, 2009.

9.

Eredugarria da Oiartzunen Kattin Txiki eta Oroipena Zor elkarteek eta beste hainbat herritarrek memoria berreskuratze aldera egindako lana. Lan horren emaitza dugu, besteak beste, informazio zabala biltzen duen aipatu berri dugun Isiltzen ez den isiltasuna liburua.

10. Oktubre Taldea, Arrasate 1936. Belaunaldi etena, Arabera, 2003.

8


eraman zituzten hiltzera, hanka-hutsik. Haietako bat, Florentzia Olazagoitia, haurdun zegoen bost hilabeteko; Florentzia hil ondoren, haurra ere hil egin zuten. Hernaniko hilerrian antzera: odol-arrastoak nonahi eta gorpuak ezin estali. Horregatik, alkate jaunak bando hau zabaldu zuen urriaren 30ean: “Hago saber: Que este año queda prohibido el acceso del público al cementerio los días de Todos los Santos y Animas”11. Mola jenerala bera ―Estatu-Arrazoiaren orduko ahotsa eta lehengo urriaren 24ra arte Iruñeko erdialdeko mausoleo ikusgarrian presente! egon dena― exekuzio-tokietara etorri zen hilaren bukaera aldean, eta esan omen zuen diskrezio handiagoz behar zela fusilatu: kamioien joan-etorriak, herrestan eta joka zeramatzatenen intziriak, gaueroko tiro-hotsak, hilzorian zeudenen aieneak, odol-jarioak eta gorpuen pilaketa arrunt agerikoak, nonbait. Handik aurrera, agindu bezala, hilketak kaletik urrutiago egiten hasi ziren.

Administrazioko Artxibo Nagusia. Pascual Marín.

Ondarretako kartzela presoz lepo 1936ko abenduan.

11. M. Aizpuru, U. Apaolaza, J.M. Gómez, J. Odriozola, 1936ko udazkena Gipuzkoan. Hernaniko fusilatzeak, Alberdania, 2007.

9


Nahas-mahas eroaren garratzean, atsekabearen eta izuaren koordenatuetan harrapaturik, ezin antzeman faxistak eragiten ari ziren triskantzaren tamaina: “Ainbeste gizon12 argi ta biozdun galtzen ari gera gudu zital au militar españarrak13 piztu zigunetik, nun, ez bai dakigu oraindik galeraren aundia neurtzen; ez bai dezakegu ―gure naigabe ta oñazeen erdian― joan zaizkigun adizkide guztien izenak aipatu bederik”14.

12. Gizon hitzaren erabilera orokortua ohikoa izan da gizon-emakume adierazteko. Fusilatu zituzten guztietatik gaztenetakoa EABko Maria Bengoa izan zen, 17 urteko arrasatearra, Hernanin hila. Gipuzkoan 40 emakume baino gehiago hil zituzten faxistek era horretan. 13. Baten batek esango du militar espainiarren artean euskaldunak ere bazirela. Guatemala aipatu ez arren, hango —eta edozein tokitako— genozidioa kontagai duen John Sayles-en Men with guns filmean erantzun polita aurkitu dugu: “indioa uniformea jantzi orduko, zuri bilakatzen da”. 14. Bordagain, in Euzko Deya, 1937/4/22.

10


II. nafarroan izu-ikara ari du Oi gure herria zer hintzen eta non hago. Zazpi mendeko gauean eta

ohitua

zanpatua

bortxara

itoa

zikiratua

ahuldua

halabeharrez

ez ote duka jada kemenik hire hatsa sendotzeko? Joxe Angel Irigarai, 1977

Fermin Irigarai Larreko, IruĂąeko Euskararen Adiskideak elkartearen sortzailea eta idazle-belaunaldi nafar berri baten babeslea, gelako leiho-ateak itxi ondoren eseri da, idazmahaiko argia piztu du eta tiraderatik orri batzuk hartu ditu. Ezkutuko egunerokoan data jarri, eta idazten hasi da: “Ni ere, euskaraz zerbait egiteagatik, orri hoken zikintzen asi naiz, baldin gudu untarik bizirik ateratzen bagara, euskaldungoarenak eta euskararenak ez dakit nola aterako diren. Orduan egin ez badezakegu, orai, aldi untako oroigarri gisaz bedere izan dadielaâ€?15.

Bidegileak. Eusko Jaurlaritza.

Fermin Irigarairen etxeko atalburua estali baino lehenago. 15. Fermin Irigarai, Gerla urte gezur urte, Pamiela, 1993.

11


Iruñeko Ospitaleko zuzendaria beldurrak dago: mehatxatu egin dute eta Aingeru seme nagusia akabatu beharrekoen zerrendan sartu. Saran babes-aterpea bilatu baino lehen, Fermin Irigaraik etxeko atalburuko hitzak eta lauburua ―irigarai baita•edozein txoriri eder bere kabia•1924― estali behar izan ditu igeltsua hartuta. Mola argi eta garbi mintzatu zaie Nafarroako alkateei: “Hay que sembrar el terror. Hay que dejar sensación de dominio eliminando sin escrúpulos ni vacilación a los que no piensen como nosotros”. Baina modu batera edo bestera pentsatzea, akaso, norberaren esku egon daitekeen arren, nekez ahal dio norberak badena izateari utzi. Molak eskurik gabe, besorik gabe, bularrik gabe, askazirik gabe nahi zituen Larreko eta gainerako idazle euskaldunak. Ordurako, hainbat alkate garbitu zuten batere eskrupulurik gabe16: Arizmenditarrek lotuta eramaten ikusi zuten Lizarrakoa zen haietako bat17. Fortunato Agirre eta Julian Lekuona egun berean hil omen zituzten, irailaren 29an. Julian desagerrarazi zuten; Fortunato, berriz, galsoro batean utzi zuten zerraldo, barrenak agerian, hegazti harrapariak inguruan zituela, hil zuten hankabiko piztiak piztia hegalari bihurtu izan balira bezala bat-batean. Fortunato Agirre, ia estatu batek adina eskuduntza zituen Euskal Estatutua onartzeko bidean, lau herrialdeetako Alkateen Batzarreko buru izan zen Lizarran bost urte lehenago18. Batasunaren hiria behar zuen horretan, “biztanleei agiri, liburu, argazki eta irudi separatista guztiak entregatzeko agindu zitzaien. Baita jantzi eta txistuak ere. Separatistek ekarritako agur hitza ere debekatu zuten; harrezkero, adios besterik ez”19. 16. 146 alkate eta zinegotzi hil zituzten Nafarroan. Uztailaren bukaera aldetik abendura bitartean, 3.100 lagun hil zituzten, gerrafronterik izan gabe, Nafarroako biztanleen %1etik gertu. 17. Lizarrako espetxetik, irailean, 81 lagun atera zituzten hiltzera. 18. Alkateen Batzarrak Lizarrako Estatutua —Euskal Herriarentzako Sortaraua— onartu zuen 1931ko ekainaren 14an. Abuztuaren 10ean Nafarroako biztanleriaren %89’83k Estatutuaren alde egin zuen. Irailaren 22an Hegoaldeko 420 alkate (156 nafarrak) Madrilera joan ziren Gobernuko presidenteari proiektua ematera, Espainiako Gorteek onar zezaten. Bezperan, irailaren 21ean, Gobernuko presidenteari, gobernazio-ministroari eta Gorteetako presidenteari bidalitako telegrama batean, Oiartzungo Emakume Abertzaleen Batzak Lizarrako Estatutua bere egin zuen, Madrilerako bidean ziren alkateen alde egin zuen eta Gorteek Estatutua onar zezaten eskatu zuen. Oiartzungo EABk 140 afiliatu zituen 1931n. Espainiako Gorteek Lizarrako Estatutua antikonstituzionaltzat jo zuten irailaren 26an. 19. Josu Chueca eta Luis Fernandez, Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian, Euskaldunon Egunkaria, 1997.

12


Fermin Irigarai doktoreak, gaitzaren larria ikusita, gerra disekzionatzen segitzen du luma eskuan, saminaren aringarri: “Azken mendean euskarak etsai asko baldin bazituen, oraiko aldi untan, ordukoaren aldean, milla aldiz gehiago eta gaizkotuagoak�20.

Oroiteria. Berria.

Hegoaldeko lau lurraldeen armarriak gudari baten gerrikoaren belarrian.

20. Fermin Irigarai, Gerla urte gezur urte, Pamiela, 1993.

13


III. galerna gipuzkoan itsasotik lehorrera —Neskatil, nora oa lora-xortarekin? —Loretan dakart yasoa neure euskaldun anaien min... Baserriko zelaian nik biltzen goizero. Etsaiak arki ez naian dakarzkit illun ezkero... Telesforo Monzon, Gudarien egiñak, 1947

Jose Ariztimuño Aitzol, Ziburun meza eman ondoren, oinez abiatu da Zokoa aieka arnasa hartzera, argitasun bila, beste batzuetan baino bizixeago. Itsaso zakarrari geratu da begira hango kaimuturrean, eta, morruaren pareta jota olatu bortitzen joanetorriaren antzera, pentsamenduak dantzan dabilzkio ezin baretuz. Ezinegon gaitza du. Azkenean, Bilbora joatea erabaki du, ezin baitu Bidasoaz bestaldean etsi.

Bidegileak. Eusko Jaurlaritza.

14


Jose Antonio Agirre eta Aitzol lagunartean. Lehendakarigaia Altzon ari zen euskara ikasten.

Euskal Pizkundearen eragile eta bultzatzaile nagusiak ondotxo zekien gerra irabazteko aukerarik ez zegoela. Hondamendia gelditu nahian, behin eta berriz nazioarteko parte-hartze diplomatikoa lortzen saiatu zen, baina eginahalek huts egin zuten. Lehendakariaren ondora zihoala atxilotu, eta Ondarretara eraman zuten. Hauxe urriaren 17ko El Diario Vascoren azaleko lerro burua: “Después de la captura del Galerna que conducía correspondencia y algunos pasajeros tan siniestros como el energúmeno Aitzol, sacerdote separatista”. Bosgarren orrialdean, atxiloketaren inguruko poza: “Entre otros más chicos, un pez gordo: Aitzol”. Jean Pelletier hegazkin-pilotu frantsesak eman zuen Ondarretako egonaldiaren berri: “Asperenak entzuten ditut, gorputz bati emandako zigorraren hots hitsa. Aldameneko gelan gizon bat jipoitzen ari dira, torturatzen ari dira. Abere bati makilkadak ematen entzutea penagarria bada, are penagarriagoak dira gizon bati emanikako tratu txarrak. Kolpeak tarte berdinetan entzuten dira. Asperenak orain garraisi ozenak dira, intziriak gero, eta azkenik, hatsa falta dela ikusten da. Jada, ez dira gehiago entzuten, gorputz geldo batean emandako zigorra besterik ez, koltxoi baten gainean izango balitz bezala. Suplizioak ordu erdi bat irauten du gutxienez. Ikarak, izualdiak jelatuta nauka. Ate bat ireki eta gizon torturatua agertzen da. Ariztimuño apaiz azkarra da, Galernako nire adiskidea. Ia ezin da ezagutu. Odolak itsutu egiten du eta ezin nau ikusi. Asperen nagia dagio eta nekez ibil daiteke”21. Luis Olarra kazetari tolosarrak Aitzol falangistek labankadaz hil zutela adierazi zuen, begi bat atera ziotela ere esan izan da. Eta hau fusilamenduaz: “Hormaren kontra dauden itzalak argitara atera dituzten autoaren fokuak eta deskarga trakets bat. Gero, pelotoikoak Amasara joan zirela afaltzera zabaldu zen. Han banatu ei zituzten elkarren artean hildakoen karterak, erlojuak eta sosak, Aitzolenak tarteko”22. Senideek ez dute haren eta gainerakoen gorpuen arrastorik aurkitu Hernaniko hilobian. Eskerrak Elbira Zipitriak, 1943an erbestetik etorri berritan, ixilka, gauez, eraman zizkion lore gorri, berde eta zuriek goxatu zuten Aitzolen memoria. Euskaltzaleak elkartearen zuzendariaren eta Yakintza aldizkariaren sortzailearen jarduna ezin oparoagoa izan zen, eta naziogintzaren alor guztiak jorratu zituen: komunikabideak, 21. Lurdes Otaegi, Jose Ariztimuño, Aitzol, Eusko Jaurlaritza, 1998.

15


22. Iñigo Aranbarri, Gure mendea, Argia, 1999.

argitalpenak, irakaskuntza, soziolinguistika, literatura, bertsolaritza, politika, sindikalgintza, kultura... dena ibili eta landu aberri euskaldun kontzientearen egitasmoaren baitan. Euskal kultura eta literatura urratzen eta modernizatzen aritu zen XX. mende hasierako idazle multzo honi Aitzolen belaunaldia deitu izan zaio. “Euskal literaturak inguruko joera literarioen parametroak hartu zituen aintzakotzat, eta orduko idazleek zinez sinesten zuten euskararen egokitzapena eta berrikuntza literarioa ezinbestekoak zirela Euskal Herri aske eta burujabea eraikitzeko orduan. Ahalegin horri darion baikortasunak sustrai politikoak eta literarioak ditu, belaunaldi hartako poetek konpromiso beraren uztarrian lotzen baitzituzten berrikuntza literarioa eta politikoa”23. Aitzol torturatu, hil eta desagerrarazi zutenek hori bera egin nahi izan zuten euskal kultura loratu zuen belaunaldi osoarekin.

Bidegileak. Eusko Jaurlaritza.

Emakume abertzaleen kultura- eta politika-jarduera oso bizia izan zen 20ko hamarkadatik aurrera: Polixene Trabudua eta Haydée Agirre Espainiako Bigarren Errepublikak espetxeratu zituen 1933ko urtarrilean, mitin batean Espainia laidoztatu eta independentziaren alde aritu izana leporatuta.

16


23. Andu Lertxundi, in Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian, Euskaldunon Egunkaria, 1997.

IV. bizkaiko su-erauntsia

Gudan jaus nadilla zuzentzaren alde, ez ormari atzez, goiz eder argian. Eta bake deuna sortuko danean neure azur utsak besteenakin batu; eresi gurenaz lagundu bidean obi bakar-arte. (‌) Erri zintzo-onenak zaindu dagiala il gintzanen atsa, il gintzanen ala. Esteban Urkiaga Lauaxeta, 1937

Leiho hesituaren albora hurbildu da Esteban Urkiaga Lauaxeta ekain argitsuko Gasteizko ziega ilunean: hegazkinen burrunba aditzen du bere gainean, leherketa izugarriak ere bai Gorbeia aldetik. Hango lubakiaren irrika du, lurraren besarte goxoarena, buruz buru heriotzarekin anai maiteon ondoan. Aitzitik, hurrengo goizean, berunezko garezurrek paretaren kontra fusilatuko dute, eta, hormarako bidean, zain duen hilkutxaren aurretik pasaraziko dute. Lurperatze-aktak jasoko du heriotzaren arrazoia: istripua, bertsio ofizialen fikziozko generoan oso ezaguna izango dena aurrerantzean. Memoria zaintzea agindu du Euzko Gudarozteko komandanteak, poetak, ondoko ahapaldian. Idatzi beharra dauka: eskura duen edozein paper zati beharrezko zaio espiritua askatzeko, gogoa iraunarazteko, hitza betikotzeko. Gaur, elurrak laurogei aldiz Gorbeiako tontorra estali eta gero, elur-malutak ahanzturazko bonbak bailiran, haren hitza bete gabe dago. Neguak luze dirau. Eusko Jaurlaritza negoziatzen aritu zen Lauaxeta beste preso baten truke askatu nahian. Alferrik, ordea: Lauaxetaren jarduna naroa izan zen euskal nazionalismoan zein Pizkundearen mugimenduan, idazlea hiltzeko arrazoi sendoa inondik ere. Lauaxetak, Lizardik bezala, literatura-hizkera jantzia eta kalitate estetiko handiko produkzio liriko modernoa ekarri zizkion euskarari oso denbora tarte motzean. Euskarazko lehendabiziko egunkariaren, Egunaren, bultzatzailearen ustez,

17


kulturak behar zuen izan nazio-eraikuntzarako zutabe nagusia. Lauaxetarekin batera gure poeta guztiak jarri zituzten hormari atzez, goiz eder argian.

Lauaxetaren oroigarria Gasteizen, fusilatu zuten tokian.

Gernika lurrarekin berdinduta utzi ondoren24, hango hondamendia Bordeleko bi kazetariri erakusten ari zela atxilotu zuten Lauaxeta. Hona sarraskiaren une iheskor bat ume baten begietan: “Gure kaleko familia ezagun bat basoan sartzen ikusi genuen. Ama bi umerekin eta amona zaharra. Hegazkinak baso gainean jiraka ibili ziren puska batean, handik aterarazi arte. Zanga-zulo batean babestu ziren. Mutil-koskorra aurreko mantalaren azpian tapatzen ikusi genuen amona xaharra. Hegazkinak beheratu, eta denak hil zituzten zanga-zuloan, mutil-koskorra izan ezik. Berehala zutitu eta soro batean hara eta hona hasi zen, negarrez. Eraso egin zioten hari ere”25. Joseba Elosegi gudaria ere han zegoen: “La Villa es un conjunto de gritos desgarradores y voces de auxilio. Se ve a muchas personas que han perdido la razón y andan sin rumbo sobre las humeantes ruinas. (…)Muere mucha más gente al derrumbarse las paredes, pero no se puede evitar que hombres y mujeres, que vuelven angustiados del campo, se precipiten alocados en busca de sus familiares, gritando los nombres de los seres queridos en el lugar que suponen estaba su casa”26. Molak jakinarazia zuen: “Si vuestra sumisión no es inmediata, arrasaré Vizcaya”. Gernika baino hilabete eskas lehenago, Durango: “Ezkurdi eguen billurre emoteko moduen, umiek hildde

24. Xabier Irujo historialariak argitaratu berri duen Gernika liburuan dokumentatutako datu berriak ematen ditu sarraskiari buruzkoak. Ikerketa horren arabera, bi mila lagun hil zituzten, gutxienez, oso zehatz planifikatutako apirilaren 26ko bonbardaketan. 25. Bernardo Atxaga, Markak. Gernika 1937, Pamiela, 2007. 26. Joseba Elosegi, Quiero morir por algo, Anai artea, 1971.

18


Gernikako hondakinak.

eskolarantza duezela, maletak lepuen da, beste gizonezko bat arbolapien geratu, da, arbolie zelan apurtu zan, bertan zatittute”27. Eta zenbait hilabete lehenago, estatu-kolpea jo eta lau egunera, artean bonbardaketa bat zer zen inork ez zekiela, Otxandio. Molak berak zoriondu zituen Errepublikaren ikurrekin azaldu, eta jendea irribarretsu agurtzen eta plazara erakartzen aritu ziren hegazkin-pilotuak. Haurrak papelak die! papelak die! oihuka ari zirela hegazkinetatik eskuko bonbak botatzen hasi ziren lurretik gertu. Jose Antonio Maurolagoitiak, Otxandioko sendagileak, honela ikusi zuen: “No eran los tejados desvencijados, ni las líneas eléctricas derribadas. Era algo más grave y más terrible; era el dolor humano. Gente despedazada, niños mutilados, mujeres decapitadas. Eran los gritos de los aldeanitos, en euzkera, suplicándome que los curara; era el torrente de sangre que corría hacia el agua de la fuentecilla que se levanta en la mitad de la plaza. (...)Habían perecido segados por la metralla bárbara de muchas bombas arrojadas dos veces. Otros niños y niñas, con extremidades colgando, recurrían a mí con frases euzkericas que todavía tengo clavadas en mi corazón”28.

19


27. Joseba Sarrionandia, Durangoko bonbardaketa, in Zazpika, 2007. 28. Zigor Olabarria, Gerra zibila Otxandion, Eusko Ikaskuntza, 2011.

Otxandioko bonbardaketari buruzko kronikan, Sabina Oiangurenek begirada galdua zuela eta hitzik egiteko gauza ez zela jaso zuen Euzkadi egunkariak: senarra eta bost seme-alabetatik lau galdu zituen ordu erdi batean. Aldai Kapanaga familiako guztiak — senar-emazteak eta hiru seme-alabak— hil zituzten. Bederatzi, zazpi eta bost urteko Sabin, Iñaki eta Justo Lasuen hil zituzten, eta haien lehengusu Jonek bi arreba eta aita galdu zituen. Nikolasa Belakortuk eta Tomas Axpek sei seme-alaba utzi zituzten umezurtz. Zortzi urteko Fermin Garmendiak bere bi eta hiru urteko neba-arrebak hilda aurkitu zituen aziendarekin errekatik etortzean. Iñaki Egañaren datuen baitan, 84 hildako, erdia baino gehiago haurrak, 1.700 biztanleko herrian.

Santiago Kapanagak margotu zuen Otxandion 13 urterekin ikusitakoa.

Pilotuetako bat, Angel Salas, ohorezko Capitán General del Ejército del Aire izendatu zuen 1991n Felipe Gonzalezen gobernuak: Juan Carlos erregeak sinatutako dekretuak haren méritos personales excepcionales goraipatzen ditu. Angel Salasen bi anaiak, Jesús María eta Ramón, militarrak eta historialariak biak, Otxandioko brava acción hori zuritzeaz gain, gainerako bonbardaketei buruzko relato ofiziala sortzeaz arduratu ziren.

20


Francois Mauriac-ek, 1952ko literatura-nobel frantsesak, euskaldunei ezarritako terrore-estrategia hau guztia salatu zuen: “egunen batean jakingo dugu zergatik herri txiki honek eskaini zuen bere burua gure alde, Kristoren moduan gurutziltzatu ondoren gezurrez belztu baitzuten”29. Gezurrak ez ezik, bortxazko isiltasuna, edozein gorra uzteko moduko isiltasun sorra.

Joseba Sarrionandiak, berriz, garbi hitz egiten du relatoaren zikin-ilunean argia piztuz: bonbardaketa horiek “ez ziren gerra gehiegikeria aldrebes eta zentzugabeak izan, estrategia militar eta politikoaren testuinguruan arrazoiaren arabera planifikaturiko pausoak baizik, gupidagabeak baina logikoak, planifikazio tekniko baten ondorio”30. Bonbardaketa dioen tokian, aipatutako beste kontzeptu batzuk jar ditzakegula esan beharrik ere ez dago: tortura, esate baterako. Gainera, tortura ez zen estatu-kolpearekin bukatu, eta bai sofistikatu, profesionalizatu eta sistematizatu denborak aurrera egin ahala.

29. Gregorio Morán, Los españoles que dejaron de serlo, Planeta, 1982. 30. Joseba Sarrionandia, Durangoko bonbardaketa, in Zazpika, 2007.

21


V. biharko goiz eder argia

Baina egunak etorri behar din, agian bihar, eta orduan libertateak, neska panposa, zoparekin kantatuko dizue euskeraz, eta Gernikako arbola, oilariteztaturik, gaur inork ezagutzen ez duen hilotz hori, gaineko adarreragino beteko dun frutuz. Gabriel Aresti, Euskal Harria, 1979

1936ko urrian eta azaroaren hasiera aldean, Oiartzungo eta Hernaniko hilerrietan hilketa-kopuruak goia jo zuen. Molak uste zuen hormaren kontra eroritako gorpuak ihartzen ziren bezala, gorputz horien gogoak —ideiak— ere ihartuko zirela, esku izoztuen egunsentian Estatu-Arrazoiaren amesgaiztoa deuseztatuko zela amesgileekin batera, alegia.

Intxorta.org

Iragorrin lurpetik ateraratako betaurrekoak, ustez, Jorge Iturrikastillorenak.

22


Handik laurogei urtera, lehengo udazkenean, urri bukaerako garai berberean, deja vu bat izan dugu barne-arazoetako ministroaren gerra-partea No-do gaurkotuan ikustean: “Ha habido, ¡vaya que ha habido!, vencedores y vencidos. Ha triunfado la España una, grande y libre; es decir, la España de la Falange Tradicionalista. Ha caído vencida, aniquilada para siempre, esa horrible pesadilla siniestra y atroz que se llamaba Euzkadi”. Bilbo galdu ondorengo alkate frankistaren hitz horiek eta aita teniente koronel frankista zuen ministro horrenak nahasi egin dira, agidanean, gure burmuinean, bien mintzoak eta bien aurpegien irudiak teilakatu egin zaizkigu ahots eta forma beldurgarriak sortuz, gure neuronen zirkuituak aztoratuz eta kolapsatuz, nork noiz zer esaten zuen ez genekiela. Nahasteborrastea gainditzeko asmoz, hemerotekara jo behar izan dugu ministroak —ohiak, honezkero— esandakoen bila: “ha habido vencedores y vencidos, fundamental para la elaboración del relato”. Hortaz, irabazleak eta galtzaileak behar omen, lehen bezala orain ere31. Irabazleek, jakina denez, Historia idazten dute. Galtzaileak, berriz, isilik egoten dira edo, bestela, hondartzan, itsasgorak ezabatuko dituen zirriborroak egiten atzamar-muturrez. Izan ere, Sarrionandiak dioen bezala, Estatuek memorizidio bat dute programaturik euskaldunontzat aspalditik. Horrexegatik, hain zuzen, Lauaxetaren hil-bezperako agindua eta Sarrionandiaren beraren ohartarazpen hau: “Estatuak memoria kolektibo bat ezartzen duenean, memoria horrek komunikabideak eta dena inbaditzen duenean, memoria eta historia kontrolatu nahi duten botereen aurka zapalduek memoriari eusteko obligazioa dute”32. Memoriak eta Historiak osatzen dute relatoa, hau da, Egia. Eta Egiaren Tenpluko giltzak menderatzaileek izaten dituzte, irabazleek, haiek izaten baitute egia hutseratzeko, birsortzeko, bihurritzeko eta zabaltzeko esklusibotasuna, monopolioaren pribilegioa. Harresietatik beheiti botatakoek, hankapean hartuek, berriz, ez dute zer kontatua non kontatu izaten. 31. Irabazleen eta galtzaileen arteko dikotomiak, gerra-egoera bati badagokio ere, funtsezkoago beste batzuk ekartzen ditu uztarri beretik lotuta: etikari dagokion onen eta gaiztoen arteko dikotomia, politikari dagokion askatasunaren aldeko proiektu demokratikoaren eta mitoak oinarri dituen proiektu totalitario eta fundamentalistaren arteko dikotomia eta gainerako dikotomia-aldaera guztiak. Irabazle/galtzaile dikotomiaren azkeneko helburua da guztiz bidezkoa ―eta galtzaileentzat beharrezkoa― den egitasmo politikoa eragoztea. 32. Joseba Sarrionandia, Egiten gaituen memoria, eta egiten duguna, 2017.

23


Eta egiaren bilatzaile zintzoek, bertsio ofizialen erreplikei iskin egiten asmatu dutenek, relatoa kontrako eztarritik joan zaienek, egia ezagutzeko eskubidea baino lehenago, Pako Etxeberriak dioen moduan, hura bilatu ahal izateko eskubidea lortu beharko dute. Horiek horrela, menderatuek giltzen kopiaren bat beharko dute eskuratu, Egiaren Tenpluko atea inoiz irekiko badute. Aieteko Jauregiko giltzak Francoren esku izan ziren bizi zen artean, eta hala, urtez urte, Donostian ematen zuen uda, ministro-kontseilua eta guzti bertan eginez. Faxistak hirian sartu zirenean, biztanleriaren erdia baino gehiago ihes eginda zegoen33. Harrizko bakea ezarrita, Francoren gudu-jantzi aratzaren zuritasunak eta bular aldeko dominen distirek umiliazioa eta okupazioa islatzen zituzten, etsipenezko isla menderatuen begietarako. Kanpora begira, aldiz, udaldi horiek Madril bezain espainiarra egiten zuten Donostia, estatuaren ikono turistikoaren glamourrak eta xarmak faxismoa eztituz, Ondarretako Malkoen Katedraleko harriak sekula bata bestearen gainean egon izan ez balira bezala, ez auhenik, ez jipoien oihartzunik, ez gatibuen gaueroko ez-lekurako lekualdatzerik, uretako bainu gozoak, dantzaldiak eta tenis partidak baino ez. Urte luzetan, Aieteko Jauregia dekoratu bat izan zen, hura ere arkitektura epistemologikoaren eta narratiboaren bitartez eraikia, Hegoalde osoa zen Errautsen Gaztelu erraldoia itxuraldatu nahi zuena, maskaraden jokalekua, sarkasmo mingarria. Gaur egun, giltzen kopiaren moldearen imitazio bat eskuratuta, Aiete Bakearen eta Giza Eskubideen Etxe izendatua bada ere, lehen, oinazearen mapan, hizki larriz, beltzez eta azpimarraz nabarmendutako toponimoa izan zen. Beste bat, askoren artean. Handik oso gertu bada beste egoitza ofizial bat, Aieteko Jauregiaren gisan, Francok eta bere ministroek erabilia ondoko gobernadore zibilek baino lehen, espantuzkoa, itzaltsua, eroria bere makurrean, Avernoko azpimunduaren tankerakoa, itxaropenik gabeko sarrerako atearen ondoan, hizki danteskotan, La Cumbre idatzia duen Izuen Gordeleku hermetikoa. Infernu horrek ez du oraindik izendapen berririk jaso, baina leku egokia izan liteke bihar-etzi Memoriaren Zentroaren edota Egiaren Behatokiaren egoitzarako, Aietekoaren osagarri lehengo eran, berrogei urteko hormateari eta beste berrogei urteko laino itsuari ―laurogei urteko izotzaldiari― buruzko interpretazio-zentroa, munduari irekia gure eskarmentutik, Memory and Truth Center moduko izen hanpatsu batekin nahiago bada. 33. Donostiak 85.000 bizilagun zituen 1936an. Frankistak sartzean, 35.000 geratu ziren bertan, eta haietatik, 400 fusilatu zituzten; hau da, %1.

24


Hartara, Center delako horrek kokapen aparta izango luke, oroitzapena eta esperantza iradokitzen dituen itsasoari begira, lazturaren talaiatik bertatik, krimenaren muinoan, zauri irekiaren hirukiaren muinean, Aietek, Ondarretak eta Intxaurrondok, hain zuzen, inguratuta. Behatoki horrek helburu terapeutikoa ere, katartikoa, beharko luke, behin eta berriz kolpatua eta makurtzera behartua izan den gizartea sendatze eta osatze aldera. Gaixoaren diagnostikoa ulertzen laguntzeko, han izango lirateke hil zituztenen bizitzen autopsiak, hil-hurren utzi zuten geroaren nekropsia, nola edo hala bizirik segitu zutenen eskanerrak, suntsitu ezin izan zutenaren erradiografia, isilpeko operazio lazgarri guztien analisiak eta orduko birusek ekarri dizkiguten egungo gaitzen sintomatologia. M&T Centerrak ikusgai egingo luke laborategiko relatogileek ikusezin bihurtu dutena, Iragorriko lurpetik argitara ekarritako Jorge Iturrikastilloren betaurrekoak nola. Ikusmena itsumenetik berreskuratzeko metafora izan daitezen; iragan hurbilaren ikusmiran, ikusminaren pizgarri; eragindako miopia masiboa arintzeko leiarrak. Begi-bistan izateko, gaurtik, biharko goiz eder argia.

Esku izoztuen egunsentitik goiz eder argira.

2017ko martxoan, Esteban Muruetagoienaren, Don Estebanen, heriotza latzaren —oso latzaren— 35. urtemugan.

JOSU DELGADO

25


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.