6 minute read
Hontz ertaina
from EHN134
HONTZAZURIA, GAUEKO ERREGEA
NOLAEZAGUTU?: kondaira entzungarrien protagonista, Lamia eta sorginen lagun banaezina, eta sineskeria ezagun kontaezinen objektua, sarri askotan izaki ilun eta madarikatu iritzi zaio, herioari hertsiki lotua. Hegazti gutxi daude hontzaren laino misteriotsuaz inguraturik. Gaueko hegaldi leun eta isila, hosto baten eroria bezalakoa; bere ulu nahastezina, gaueko mundu beldurgarriarekin erlazionaturiko konnotazio ilunez betea; bere aurpegi zurbil bihotzantzekoa, ilargiaren islapen magikoaren pean zilar-distirez estaltzen dena, eta ganbaretan eta baselizetako kanpandorretan egokiera bilatzeko duen joera, lagungarri izan dira gizakiak bere beldurraren objektu ilunarekiko gaitziriztea areagotzen.
Advertisement
Baina egun-argian ezustean harrapatuta, hegazti izugarri eder bat ikus daiteke, beldurrezko iluntasunari lotuegi dagoen sineskeriazko ikara sortzen duen lumadun animalia ilunbetsuarekin batere antzik ez duena. Gauaren lagun min eta iluntasunaren iragarleei elizetako lanparetako olioa edatea edo kodaina-anderearen berragerpena izatea egotzi zaie, baina, egia esan, karraskarien ehiztari bikainak dira, eta gizakia babesten dute nahigabeko baina betiko lagun horietatik.
Hegazti honen lumaje dotore eta delikatua kolore zuri edo krema orbaingabe zoragarria du, eurrez pikardatua sabel eta papar aldean. Hegoak eta bizkarraldea urregorriztak dira, grisa ere badutela, gutxi asko, tonu gris edo gorrizko izpilez betea. BIOLOGIA: bost kontinenteetan bizi den animalia kosmopolita hau ez da Europa eta Ipar Amerikako lurralde hotzetan, Zeelanda Berrian eta Asiako ekialdean bakarrik agertzen, dirudienez, espezie hau klima epeletan sortu zelako. Horrela, bere eboluzioaren historian zehar latitude hotzagoak kolonizatu baditu ere, ez du tenperatura baxuetara ohitzerik izan.
Europako erdialdeko leku hotzetan bizi diren hontza zuriek hilkortasun handia jasaten dute neguak bereziki zakarrak izan eta elurrak zorua estaltzen duenean, ez baitute janaria bilatzerik. Egoera horren kontrako babesik garatu ez dutenez gero, beren organismoa ez da gantzezko elikagai-erreserbak metatzeko gauza janari ugaria dagoen garaietan. Gainera, hontza zuri gehienek ez ohi dute migraziorik eta urrunerako desplazamendurik egin, eta, beraz, ez dute klima epelagoko lurraldeetara iristerik. Hori horrela, eta, bizitzeko, gainerako gaueko harrapari europarrek baino askoz ere gehiago jan beharra duela, hontza zuria sarri hiltzen da goseak jota.
Hegazti hauen izaera geldikorra dela eta, eskualde-aldaketak baino ez dituzte egiten. Dena dela, hegazti helduak dira geldikorrenak, gazteek bizileku eta lurraldea bilatu beharra baitute.
Eguna emateko gordeleku batean ezartzerako orduan, hontza zuriak leku lasai, isil eta iluna bilatzen du. Gehienera, argi-itzal txiki bat onartzen du, bere atsedenera gogaikarria ez dena, ez baitu argia jasaterik. Behin bere bizilekua aukeratu ondoren, hainbat urtetan bizi daiteke bertan.
Egunez, pausaturik dagoen bitartean, gorputzari tente eusten dio, lumajea hari ondo batuta, begiak erdi itxita eta aurpegiko lumak laztuta dituela, aurpegiak bihotz-forma hartzen duela.
Gorputzaren kulunkada txiki eta ia ohartezinek, erritmiko eta konpasatuek, erakusten dituzte haren arnasketa mugimenduak.
Ilunabarrean, bat-batean aldatzen zaizkio jarrera eta itxura. Ehizarako ordua da. Fantasma zuri baten antzean, isil osoan uzten du bere atsedenlekua eta abiatzen da hegan zelaietarantz. Sarritan, hegaka egon ohi da lurretik altuera txikian, hegoak astindu-
ta, aldea arakatu eta harrapakinen baten edozein mugimenduz ohartzeko.
Gaueko gainerako harrapariak bezala, gauza da bere biktimak iluntasun osoenean aurkitu eta atzemateko, haiek jaulkitzen duten hotsaz gidatuta. Esperimentuak egin dira hegazti hauekin argi-izpi txikienik ere gabeko geletan; eta horien bitartez, hostoez beteriko zolan sagu bat jareginda, harien ehizarako gaitasun harrigarria erakutsi zen.
Harrapari honek soinu anitz jaulkitzen ditu, hala nola, garrasiak, txistadak, kurrunkak eta urrumak. Ezagunen eta ohikoenak dira zenbait segundotan jaulkitzen dituen "sstxtxtx" txistadak edo araldian bereizgarri zaizkion kurrunkak.
Ugalketa
Martxoaren hasieran sartzen dira hontza zuriak araldian, eta arrek kurrunkak gogorarazten dizkiguten hots etengabeak jaulkitzen dituzte, eta, aldi berean, emeak limurtzen dituzte harrapakin ugari eramaten dizkietela, askotan, gehiegi direlako, metatu egiten direnak. Hegazti hauek ez dute habiarik egiten. Ganbara batean edo zuhaitz baten
kofagunean egagropilo multzo baten gainean erruten dituzte arrautzak, besterik gabe. Arrautza kopurua 4 eta 8 bitartean egon ohi da, baina 11raino irits daitezke, janari ugariko egoeretan.
Emeak hartzen du inkubazio prozesu osoa egitearen ardura, 30 eta 40 egun bitartean irauten duena, arrak elikatzen duela bitartean. Inoiz gutxitan uzten du habia. Arrautzen eklosioa gertatzen denean ageri dira hontza zuri gazteak, lumatxa zuri eta urri batez estaliak. Lumatxa hori bi asteren buruan ordezkatzen dute beste lumatxa usuago, luzeago eta lurkara batez. Lumaje honi eusten diote txitoek 40 egun eduki arte; orduan, helduen berezko eta betiko lumajeaz ordezkatzen dute.
Hontza zuriak ditugu egundoko gurasoak, kumeei elikagai ugari ematen dietenak. Sarritan, harrapakinak metatu egiten dira etzalekuan, usteltzeraino iristen direla; etzalekuak, beraz, kiratsa bota ohi du, oro har. Urte urrietan, txito ahulenak hiltzen direnean, gurasoek zati-zati egiten dituzte eta gainerako ondorengoei ematen dizkiete jateko.
Gaueko hegazti harrapari guztiak bezala, hazkuntza geldokoak diren arren, hegan egiteko gauza dira txitoak 70 edo 80 egunetan, ondo elikatuta egonez gero; baina etxe inguruetan geratzen dira beste astebete edo bitan. Gero, independizatu egiten dira eta hedapen erratu samar bati ekiten diote, ezarri ahal izateko adina elikagai duen leku baten bila.
Berezko heriotza-tasa altua
Egiaztatu denez, altua da hontza zurien berezko heriotzatasa, eta beren batez besteko bizialdia gainerako gaueko harrapariena baino txikiagoa da -modu nabarmenagoan egiaztatu da Europako erdialde eta iparraldean, mediterraneo aldean baino-. Hilkortasun altu hori konpentsatzen du espezieak ugalketa-tasa handi batez, askoz ere gehiago direla emeak egiten dituen erruteak nahiz bizirik dirauten txitoen kopurua, antzeko espezieenak baino. Horrela, urte faboragarrietan, bi txitaldi egiten dituzte. Bigarrena ekainetik abuztura bitartean gertatzen da, eta txitoak azaro aldera independizatzen dira. Beraz, bederatzitaraino iristen dira bikote batek aurrera atera ditzakeen txitoak, hurrengo udaberrian ugaltzeko gauza izango direnak.
ELIKADURA: elikadura aldakorra du urtaroaren arabera eta leku batzuetatik bestetara, baina, oro har, gizakiaren betiko lagunak ditu oinarri, %70eraino, hots, karraskariak, arratoiak, saguak, lursaguak eta satitsuak. Hauxe dugu hontza zuria gurekin bizitzera moldatu izanaren arrazoietako bat. Bere dieta osatzen du sugandila, urlehortar eta hegazti txikiekin. Batzuetan, saguzarrak ere harrapatzen ditu, elikadura urri denean, eta are erbinudeak ere.
Bere harrapakinak zatikatu eta jateko, hontza zuriak atzerantz eramaten ditu aurpegiko lumak, bere aurpegi-diskoa beti garbi egoteko moduan; orduan ikus daiteke bere moko sendoa. Hegazti honen ezaugarri behinenetakoa dugu bere digestio-ahalmen harrigarria. Pare bat ordu baino gehixeagotan, oso-osorik digeritu du lursagu baten tamainako edozein animalia. Horrek aukera ematen dio harrapakin ugari jan ahal izateko, bere metabolismo altu eta ondoriozko energia-galtzearekin erlazionaturik dagoena.
Gainerako gaueko harrapariek bezala, digestioaren hondakinak -larrua, hezurrak, lumak, intsektuen oskol kitinatsuak, etab. iraizten ditu pilota obalatu eta gris ilun baten eran. Pilota hori, egagropilo izenekoa, substantzia lingirdatsu batez estalita dago, eta lehortzerakoan itxura distiratsu eta satinatua hartzen du, oso berezia eta gainerako gaueko harraparienaz bestelakoa.
Egagropilo ugarik estaltzen dute izaki hauen bizilekuetako lurra. Eta horiei esker, hegazti hauen elikadurari buruzko azterlan baliotsuak egin daitezke. Bere gaueko gordelekua utzi eta harrapakinen bat ehizatu bezain laster, hontza zuria gordelekura itzultzen da digestioa egitera. Minutu batzuk geroago hondakin-bola bat goitikatzen du eta berriro ere ekiten dio ehizari, harrapari ugari atzemateko, hauek izango baitira hurrengo egun osoan, eguzkia sartu arte, elikatuta eutsiko diotenak.
HABITATA: animalia hau, jatorriz, gehienbat haitzetakoa zen, eta harkaiztegi, labar eta kobazulo txikietan bizi zen; gaur egun, ordea, gizakiaren alderdiak kolonizatu ditu, oro har. Izatez, gure lurraldean, hegazti eder hauetariko gehienek herrietako gizakiaren eraikuntzetan egiten du habia, eraikuntza horiek direla bihitegiak, bertan behera utzitako etxe zaharkinak, hilerriak edo baselizetako kanpandorreak, eta batzuetan saguzarrak bizikide dituela. Alabaina, ez da arraroa harkaiztegietan eta harrobietan bizi diren hegaztiak aurkitzea.
HEDAPENA: hontza zuria dugu, inondik ere, Euskadiko basoetan gaueko harraparirik ugariena, hiru lurralde historikoetan banaturik aurkitzen baita. Hala ere, Bizkaian eta Gipuzkoan urriagoa da Araban baino, herri askotatik alde egin behar izan baitu, industrializazioak eta landa-ingurunearen hazkundeak deuseztatu dutelako bertako bizimodu lasai eta atsegina. Ihes hori gertatu da, berebat, ehizan egiteko leku irekiak, landaretza urrikoak, eta nekazaritza-aldeak behar dituelako. Habitat gaueko anderearentzat egoki hau erraz aurkitzen da Arabako lautadan eta azpikantauriar eta mediterraneo alde osoan.