4 minute read
Oinez Basoa ekimena
BEASAIN - IRUN
MAIATZA 46
Advertisement
Oinez Basoa, euskara eta ingurugiroa berreskuratuz
Euskarari bultzada modu askotan eman dakioke, eta nork ez du parte hartu Nafarroa Oinezen edo formatu bera duen beste ekitaldiren batean? Gauza da, ordea, euskarari egindako mesedea ingurumenak pairatzen duela; egun horiek uzten duten aztarna ekologikoa esanguratsua izan daiteke. Baliabide naturalak kontsumitzea, hondakinak sortzea eta berotegi-efektuko gasak isurtzea eragiten du. Guzti horrengatik, 2008. urtean Oinez Basoa ekimena abiatzea erabaki zuen Nafarroa Oinez Fundazioak.
Ekimen horrek basoak birlandatzea du helburu, Nafarroako ikastolen festa egiten den eremuetan. Horri lotuta, CAFeko Euskara Batzordeak bere ekarpena egin du. 2020ko Euskaraldian parte hartu zuten 634 Ahobizi eta Belarripresten izenean, beste hainbeste zuhaitz landatu dira.
Lizarrako ikastolari laguntzeaz haratago, ekintza sinboliko gisa ere ulertzen da parte-hartze hau. Izan ere, alde batetik, basoa birlandatuz, ingurumena lehengoratuz, inguruneak berezkoa duen oreka berreskuratzea baitu helburuetako bat. Euskara gure ekosistema den heinean, bizitzeko beharrezko dugun heinean, bat egiten dute bi ikuspegiek. Beste alde batetik, iraunkortasunaren eta zaintzaren garrantzia ere azpimarratu nahi izan da ekimen honekin. Zuhaitzak, poliki bada ere, sendo hazten direlako; baina laguntza eta babesa behar dutelako txikiak diren artean. Bukatzeko, esan beharrik ere ez da zuhaitzik ez bada ez dagoela basorik, euskararik gabe gure nortasunik ez dagoen modu berean. Arrazoi guzti horiengatik merezi izan du parte hartzeak, baina eragin mundutarragoak ere baditu: Oinez Basoa lekuan lekuko proiektua da, Nafarroa Oinez festaren antolaketaz arduratzen den ikastolari laguntzeko, baina baditu dimentsio unibertsal eta partehartzailea ere, hainbat pertsona eta entitate bildu nahi dituena. Modu horretan, euskararen berreskurapenaz gain, ingurumenarena ere bultzatzen da.
Iazko edizioak badu izaera berezi bat, gainera. Izan ere, lekukotasun hori ez da Lizarrara bakarrik mugatu: Ikastola bertan izan arren, bere eragina Lizarrerriko herri askotara zabaltzen da, eta basoak berreskuratzerako garaian hori kontuan izan dute. Horregatik leku batean ez, baina hirutan egin dituzte berreskurapen lanak. Ez dira leku isolatuak, ordea. Naturan ibaiek egiten dituzten loturak kontutan hartu dituzte oraingoan, korridore ekologikoak diren heinean. Guzti horregatik, Lizarrerriko Natura 2.000 sarearen baitako EgaUrederra Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) izan dute presente. Espazio natural hori abiapuntutzat hartuta, Gestio Planak hartzen dituen helburuak garatzeko ekintzak egin dira; hala nola, lekuko landarediaren berreskuratzeko landaketak.
Azken hamarkadatan bi ibai hauen ertzetan, beste ibai askotan gertatu bezala, makal-klonen landaketa produktiboak bultzatu dira, bertoko landaretza desagerraraziz, eta bioaniztasuna pobretuz. Horregatik, ezaugarri hauek dituzten bi eremu landu ditu Nafarroa Oinez Fundazioak Oinez Basoa ekimenaren bidez.
Barindano, Antzin eta Lizarra Alde batetik Barindano herrian, eta hango kontzejuaren eskutik, azken urteotan makal-klon produktiboen landaketa bat izan duen eremu batean, bertoko espeziekin landaketa bat egin da UiarraUrederra ibaien elkartze puntuan. Makal produktiboen ordez bertoko makalak, haltzak, urritzak, basaranak, elorriak eta abarreko landareak sartu dira hektarea pasatxo dituen lursail batean, aurretik makal-klon produktiboen ipurdiak atera behar izan direlarik. Ekologiaren eta bioaniztasunaren aldetik, ekintza esanguratsua izan da, KBEaren gestio planak ezartzen dituen helburuak lortzearren.
BEASAIN - IRUN
MAIATZA 46
Bestalde, Antzin herrian, eta hango Udalaren eskutik, berriki saldu eta moztu den makal-klon landaketa batean, hurrengo landaketan zati bat erreserbatuko da hezkuntzarako. Zati honetan ibai ertzeetako landaretzaren garapenean parte hartzen duten landare serial guztien ordezkariak landatu dira. Zehazki, ekosistema hori Viburno-Ulmo minoris S.; Humulo-Alno glutinosae S.; Salico lambertianoangustifoliae S. taldekoak dira, 1995an Loidi eta Bascones biologoek egindako sailkapenaren arabera (LOIDI, J. & J.C. BÁSCONES. 1995. Geoserie de ríos y arroyos navarro-alavesa y castellano-cantábrica). Bertan definitzen dira etapa ezberdinetan parte hartzen duten landareak. Beraz, landare guzti hauekin landaketa bat egin da Antzinen, eskualde osoko haurrek naturaren ikasketa eta interpretaziorako gune bat izan dezaten. Azkenik, Lizarran bertan, Oinez Basoa ekimena osatu duen ekintza xume baina esanguratsu bat garatu da. Ez da zuhaitzik landatu; baina, Los Llanos parkea hiriaren birika berdea izanik, bertan bizi den biztanle berezi bat zaindu eta babesteko ekimena egin da. Saguzarrak dira izaki berezi horiek; horrenbeste mehatxu dituzten animalia hauen kontserbazioa bermatzeko, aipatu parkean beraientzat diseinatutako habia bereziak jarri dira leku ezberdinetan. Saguzarren ugaritzea laguntzeaz gain, hezkuntzarako ere erabiliko da, haurrek animalia hauen inguruko biologia ikas dezaten garrantzitsuak izango baitira. Ia 50.000 zuhaitz hamabi urtean
Oinez Basoa ekimena abian jarri zenetik Arbizuk, Tafallak, Tuterak, Zangozak, Baztanek, AndosillaSartagudak, Lesakak eta Altsasuk hartu dituzten bederatzi baso sortu dira. Eta, hamabi urtean zehar egin duen ibilbidearen baitan, 47.000 zuhaitzetik gora landatzea lortu da Nafarroa guztian barna, Nafarroa Oinezek uzten duen elkartasun aztarna eraginez. Sortutako basoak, urtetik urtera, garatzen doaz, aberasten eta hezkuntza jarduerari lotutako baliabide pedagogiko bilakatzen. Horren adibide garbia Arbizuko basoan sortutako baltsa, non hegazti migratzaileek eta igelek bizitokia egin duten. Tafallan, NUPren laguntzaz, ikerketa-lan bat gauzatu dute, airearen karbonoaren bahiketa eta Oinez Basoak naturan sortzen dituen onurak aztertzeko.
2017-2018 ikasturtean hitzarmen bat izenpetu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin, Oinez Basoen sarearen garapen pedagogikoa dela-eta. Hitzarmen horretan hainbat ekimen biltzen dira. Alde batetik, ingurumenaren alorreko parametroen eta proposamen parte-hartzaileen monitorizazioa, ingurumen hezkuntza lantzeko Tafallako Oinez Basoan. Iñigo Virto -ingeniari doktore agronomoa- eta Bosco Imbert -biologiako doktorea- irakasleek parte hartuko dute bertan.
Beste alde batetik, Oinez Basoen sareaz baliatuko den zientzia proiektu herritar baten garapena jarri da abian. Ekimen horren bitartez, ikasleek zein familiek parte hartu ahal izango dute tresna horren garapenean, eta, horrela, espezieak identifikatu eta konparatuko dira, izen arruntak sartuko dira hainbat hizkuntzatan eta erreferentziazko oinarri bat sortuko da, konparazioak eta jarraipenak egin ahal izateko, bai sare barruan, bai plataformako beste ekimen batzuetan. Biologiako doktore den Javier Peralta irakasleak jardungo du laguntzen.