BEASAIN - IRUN
MAIATZA
46
Oinez Basoa, euskara eta ingurugiroa berreskuratuz Euskarari bultzada modu askotan eman dakioke, eta nork ez du parte hartu Nafarroa Oinezen edo formatu bera duen beste ekitaldiren batean? Gauza da, ordea, euskarari egindako mesedea ingurumenak pairatzen duela; egun horiek uzten duten aztarna ekologikoa esanguratsua izan daiteke. Baliabide naturalak kontsumitzea, hondakinak sortzea eta berotegi-efektuko gasak isurtzea eragiten du. Guzti horrengatik, 2008. urtean Oinez Basoa ekimena abiatzea erabaki zuen Nafarroa Oinez Fundazioak. Ekimen horrek basoak birlandatzea du helburu, Nafarroako ikastolen festa egiten den eremuetan. Horri lotuta, CAFeko Euskara Batzordeak bere ekarpena egin du. 2020ko Euskaraldian parte hartu zuten 634 Ahobizi eta Belarripresten izenean, beste hainbeste zuhaitz landatu dira.
Lizarrako ikastolari laguntzeaz haratago, ekintza sinboliko gisa ere ulertzen da parte-hartze hau. Izan ere, alde batetik, basoa birlandatuz, ingurumena lehengoratuz, inguruneak berezkoa duen oreka berreskuratzea baitu helburuetako bat. Euskara gure ekosistema den heinean, bizitzeko beharrezko dugun heinean, bat egiten dute bi ikuspegiek. Beste alde batetik, iraunkortasunaren eta zaintzaren garrantzia ere azpimarratu nahi izan da ekimen honekin. Zuhaitzak, poliki bada ere, sendo hazten direlako; baina laguntza eta babesa behar dutelako txikiak diren artean. Bukatzeko, esan beharrik ere ez da zuhaitzik ez bada ez dagoela basorik, euskararik gabe gure nortasunik ez dagoen modu berean. Arrazoi guzti horiengatik merezi izan du parte
/ 04 /
hartzeak, baina eragin mundutarragoak ere baditu: Oinez Basoa lekuan lekuko proiektua da, Nafarroa Oinez festaren antolaketaz arduratzen den ikastolari laguntzeko, baina baditu dimentsio unibertsal eta partehartzailea ere, hainbat pertsona eta entitate bildu nahi dituena. Modu horretan, euskararen berreskurapenaz gain, ingurumenarena ere bultzatzen da. Iazko edizioak badu izaera berezi bat, gainera. Izan ere, lekukotasun hori ez da Lizarrara bakarrik mugatu: Ikastola bertan izan arren, bere eragina Lizarrerriko herri askotara zabaltzen da, eta basoak berreskuratzerako garaian hori kontuan izan dute. Horregatik leku batean ez, baina hirutan egin dituzte berreskurapen lanak. Ez dira leku isolatuak, ordea. Naturan ibaiek egiten dituzten loturak kontutan hartu dituzte oraingoan, korridore ekologikoak diren heinean. Guzti horregatik, Lizarrerriko Natura 2.000 sarearen baitako EgaUrederra Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) izan dute presente. Espazio natural hori abiapuntutzat hartuta, Gestio Planak hartzen dituen helburuak garatzeko ekintzak egin dira; hala nola, lekuko landarediaren berreskuratzeko landaketak. Azken hamarkadatan bi ibai hauen ertzetan, beste ibai askotan gertatu bezala, makal-klonen landaketa produktiboak bultzatu dira, bertoko landaretza desagerraraziz, eta bioaniztasuna pobretuz. Horregatik, ezaugarri hauek dituzten bi eremu landu ditu Nafarroa Oinez Fundazioak Oinez Basoa ekimenaren bidez. Barindano, Antzin eta Lizarra Alde batetik Barindano herrian, eta hango kontzejuaren eskutik, azken urteotan makal-klon produktiboen landaketa bat izan duen eremu batean, bertoko espeziekin landaketa bat egin da UiarraUrederra ibaien elkartze puntuan. Makal produktiboen ordez bertoko makalak, haltzak, urritzak, basaranak, elorriak eta abarreko landareak sartu dira hektarea pasatxo dituen lursail batean, aurretik makal-klon produktiboen ipurdiak atera behar izan direlarik. Ekologiaren eta bioaniztasunaren aldetik, ekintza esanguratsua izan da, KBEaren gestio planak ezartzen dituen helburuak lortzearren.