KLIK BATEAN
Mugikortasun neurri berriek eragin ezberdina izan dute Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri ondoren, Eusko Jaurlaritzak herritarren mugikortasuna murrizteko neurriak hartu ditu, besteak beste, herritik ateratzeko debekua –salbu lanerako, medikuarengana edo menpeko norbait zaintzera joateko edo erregaia botatzeko–. Getariarrak hasi dira ondorioak jasaten, eta batzuentzat herrian, ohi moduan, lasai egoteko aukera izango den arren, zerbitzuetakoak, esaterako, kezkatuta daude. Hotelak itxita ikusi ditugu, saltokiak irekita oraingoz, baina Geê arropa dendako langileak onartu bezala, "herritarrekin ere egiten dugu lan baina arazoa da kanpokoak ez etortzea". Bertakoei zerbitzua eskaintzeko asmoarekin, Amona Mariak ere proba egingo du astebetez eta "horren arabera hartuko dugu erabaki bat". Iribar jatetxekoek diote urtean zehar egiten dutela lan herritarrekin baina ez egunerokoan, hortaz, lokala ixtea eragin dezakeela dekretuak.
Getariako Kale Nagusia aurreko itxialdian.
Erosketa bonuen kanpaina martxan da Pandemiak eragindako kalteak leuntzeko, Heldu estatxa egitasmoaren baitan, erosketa bonuen kanpaina jarri dute martxan Getariako Udalak eta Babexak. Getariarrek –herritarrentzat bakarrik da kanpaina hau– 15 eurotan eskuratu ditzakete erosketa txartelak baina dendan 20 euroko balioa izango dute. Udalak ordainduko du aldea, kanpainara 10.000 euro bideratuta. Bonuak turismo bulegoan eros daitezke, amaitu arte; Erabili, berriz, azaroaren 1etik abenduaren 15era. 22 saltokik hartu dute parte kanpainan: Geê Shops; Ganix osteopatia; Getaka; Gluglu; Eskura fisioterapia zentroa; Maider fisioterapia; Harritarte; Cetaria Get Salty; Sopas argidenda; Sinequanon; Perloti; Berezi; Sahatsa; Salanort; Paki edergintza; Lorea, Dreams, Ileargi eta Izaskun ileapaindegiak; Portu; Dona Doni eta Kote Ogi Berri.
Udaleko eta herriko merkataritzako ordezkariak. /Arg.: Getariako Udala.
Albiste gehiago www.artzape.eus webgunean...
8
2020ko azaroa · ARTZAPE