1 minute read
sua
SENTIPENAK ASKATUZ MUSIKAREN BIDEZ.
Julen Ribasek eta Alex Tellok 'Sua' izeneko komikia argitaratu dute. Su ta gar taldearen abestien hitzak hartuta Suaren istorioa kontatzen duen ezohiko lana.
Advertisement
KOMIKIA/ CÓMICS
Nola sortzen da proiektu honen ideia? Hasiera batetik istorioa eraikitzeko Su ta gar taldearen abestien bidez asmoa
zenuten? A: Abiapuntua abestiak izan ziren. Euskal gazte baten bizitzako pasarteak hiru ekitaldietan, Broadway estiloko musikalaren zirriborroa egin nuen abestien letratako zatiak aukeratuaz. Zirriborroa egiteko Su ta garren abesti guztiak aztertu edo arakatu nituen eta ia denak erabili. Gero, gidoi literarioa luze geratu zen eta marrazketarako Julenek laburtu zuen hainbat irizpidea kontuan izanda. J: Nik Alexen proposamena jaso nuen. Su ta gar taldearen zalea izanda oparia izan zen proposamena jasotzea. Ondoren, lan gogor egin dugu denon gustuko liburu bat egiteko.
Zehaztugabeko leku eta garai batean bizi da Sua, protagonista
nagusia. Nor dugu Sua? A: Sua gaztea gurasoekin bizi da eta lanik ez du. Egunean zehar motorrarekin bueltaka ibiltzen da edo tabernan, lagunekin zein bakarrik. Parrandarako ez bada, aparteko motibaziorik ez du. Guraso eta lagunekin gorabeherak izaten ditu. Lehen musikan jarduten zen, mendira irten... baina utziak ditu. Suaren bizipenak identifikagarriak gerta dakizkioke gazte askori.
'Sua' Su ta garren abestietan aurkitzen da eta abesti horiek gazte askoren ispilu edo isla dira. Bestela, leku eta garaiak zehazturik ez daudelarik, testuinguru soziopolitikoa
identifikagarria gertatzen da. J: Suak Su ta garrek bere hitzetan islatu dituen garaiak biziko ditu. Memoria historiko ariketa bat izan daiteke. Su ta gar taldeak 30 urtetik gora hartu ditu eta gaur egun oraindik nerabe batek “harri” beretsuekin egin dezake topo. Gure helburua irakurlea istorioan murgiltzea da, identifikagarrik diren hainbat kokapen eta elementu gehituta, larregi zehaztu gabe baina sinesgarritasuna emango digutenak.
Istorioa garatzen da pertsonaien
arteko elkarrizketarik gabe. Erronka handia izan dela itxura ematen du. A: Argi genuen testu bakarrak abestietako hitzak izango zirela eta ez genituen testu erantsiak nahi. Bai, erronka izan da. Marrazkiak mintzo dira, azaltzen dute abestietako hitzen iradokizun guztiak.
J: Zentzu horretan ezohiko komikia da. Hasiera baten banituen nire kezka eta zalantzak. Baina egia da abestien hitzek soilik badutela nahikoa indar eta kontakizunari “eusten” diotela. Erronka eszena guztiak jostea izan da. Narraziori erritmo eta pultsio propioa emanez. Eta uste dut lortu dugula.