1 minute read
Isabel de Naverán Uhina gogoan. Ikertzaile Az-Kidea
Isabel de Naverán
Uhina gogoan
Advertisement
Isabel de Naveránek Uhina gogoan proposamenarekin hasiko du bere egonaldia, idazketa somatikoa kuradoretza modu gisa ardatz hartuta. Arreta berezia jarriz gorputzaren pertzepzioan, zentzumen sentsorial eta intelektualen lokailua den aldetik, proiektuak idazketa bat entseatu nahi du, aldi berean entzuteko gailu eta ikerketa-metodologia dena: saiakerako idazketa, sentsuala, sentikorra, fisikoa eta materiala.
Uhina gogoan proposamenak Ursula K. Le Guinen The Wave in the Mind liburuaren jatorrizko izenburutik hartu du izena. Gaztelaniaz Contar es escuchar. Sobre la escritura, la lectura, la imaginación izenburuaz argitaratutako testu hori ezfikziozko testuen, hitzaldien eta oharren bilduma bat da, eta egileak idazketarekin, irakurketarekin eta aktibismo sozialarekin zuen konpromisoa erakusten du, ezin bereizizko harreman batean. Titulua aukeratzeko, Virginia Woolfek Vita Sackville-West poeta, idazle eta lorategidiseinatzaileari bidalitako gutun batean oinarritu zen Le Guin. Gutunean, idazketan erritmo egokia aurkitzeak duen garrantzia azpimarratzen du Woolfek. Prozesu horrek eskatzen du behaketa-modu sentikor batean kokatzea fisikoki. Woolfek olatu isil baten mugimenduarekin alderatzen du, zeina itsas zabalean, ozeanoaren erdian hasi, eta pixkanaka itsasertzerantz hurbiltzen baita. Idazten duenaren zeregina, bere ustez, olatu horren mugimendua hautematea da, hurbiltzen, apurtzen eta apar moduan finkatzen den bitartean. Dioenez, soilik orduan sumatu ahal da hitzen azpian dagoen erritmoa. Erreleboa hartuz, Naveránek honela deskribatzen du bere proposamena: «Nire buruari galdetzen diot ea idazketa izan daitekeen hainbat planotan leku egiteko modua: plano espazial, mental, identitario eta denborazkoan. Idaztea zirrara eragin digunarekin konektatzeko modu bat bezala, eta hurbilenetik mundua egiteko modu bat bezala. Uhina gogoan saiatuko da idazketa somatiko bat praktikan jartzen, idazketa performatiboa delakotik bereizten dena, ez baitu jarduten (edo ez soilik) irakurlearen gorputzean. Idazkera somatikoak Historiaren inskripzioa erakusten du gorputzetan, ikasitako, oinordetzan hartutako edo imitatutako keinuen bidez, baina baita fisikoki hartzen ditugun pertzepzio-moduen, begiratzeko, sentitzeko eta ikusteko moduen eta kontatzeko, esateko eta hitz egiteko moduen bidez ere. Zentzu horretan, hizkuntza hartzen du artearen ikerketan interpelatzen gaituenarekiko erlazioak osatzen dituzten estratuak ikusteko eta erakusteko gai den materialtasun gisa. Gorputz-pentsamenduaren praktika bat ere bada, eta auzitan jartzen du gorputzaren kontzeptua, anatomia gisa, subjektibotasun indibidual eta besterenezina mugatzen eta jasotzen duen espazio fisiko gisa ulertuta».
Horretarako, Uhina gogoan proposamenak elkarrizketak eta elkartrukeak abiarazi nahi ditu hainbat artistarekin eta ikertzailerekin —lana koreografia, performance, filosofia, eskultura edo poesiaren arloarekin lotuta duten horiekin—; gero hainbat formatutan partekatuko dira, Zentroaren programaren barruan, eta, gainera, corpus bibliografiko Uhina gogoan fase berri bat da Zentroan, aurrez garatutako proiektuekin alderatuta, hala nola Elipsiak dantza-zikloarekin (2016-2018).