![](https://static.isu.pub/fe/default-story-images/news.jpg?width=720&quality=85%2C50)
2 minute read
Higinia Garayk, Marine des Mazeryk eta Jimmy Beaulieuk Komikiaren Nazioarteko Egonaldiari ekingo diote. Komikiaren nazioarteko egonaldia
Higinia Garayk, Marine des Mazeryk eta Jimmy Beaulieuk Komikiaren Nazioarteko Egonaldiari ekingo diote
Azkuna Zentroak, la Cité Internationale de la Bande Dessinée et de L'image-k (Angulema) eta la Maison de la Littérature-k (Quebec) bultzatutako komikien arloko nazioarteko egonaldia urtarrilean jarriko da abian, hiru zentroek beren egoitzetan proiektua ondoz ondo garatuko duten pertsonak aukeratu ondoren.
Advertisement
Azkuna Zentroak Higinia Garay / Higi Vandis artista aukeratu du egonaldi honetarako, aurkeztutako hautagaien artean; epaimahaiak haien kalitate grafikoa eta emakumeen presentzia handia -hori da-eta komikiaren egungo joera- nabarmendu ditu bereziki. Bilboko ilustratzaileak Anguleman aukeratutako Marine des Mazery eta Quebeceko Literaturaren Etxeak aukeratutako Jimmy Beaulieu artistekin partekatuko du esperientzia. Egonaldia Egileen Etxean jarriko da abian, Angulemako Komikiaren Nazioarteko Jaialdiarekin bat eginez. Handik hilabetera, Komiktekan arituko dira, eta, hor, aukera izango dute Azkuna Zentroak antolatzen duen Gutun Zuria Bilbaon, Letren Jaialdiaren 2022ko edizioan parte hartzeko. Azken egonaldia Kanadan izango da, Québec BD Jaialdiaren barruan.
Hilabete horietan, deialdi honetarako aurkeztutako proiektua garatuko dute, ibaia ardatz duena. Higi Vandisen proiektuak Ibai batek zeharkatzen gaitu du izena, eta jariatzen jakiteak dakarren gaitasun «harrigarria» du abiaburu. Artistak adierazi duenez, lan honen helburua da «entzundako istorio bat kontatzea, elkarrizketetan oinarritutako landa-lan bat egitea, El Salvadorren egindakoaren antzekoa. Bertan bizi diren pertsonen bizitzako istorioak lehen pertsonan bildu nahi ditu, hurbilduz eta gizaki gisa elkartuz». Proiektua «mugimenduan dago, ura bezala», eta egileak egonaldiaren beraren esperientziaren bidez sortuko du.
HIGINIA GARAY / HIGI VANDIS (Bilbo, 1978) Arte Ederretan lizentziaduna da, Argitalpen Diseinuan graduondokoa egina du Madrilgo Diseinuko Europako Institutuan, eta ilustratzaile eta diseinatzaile gisa lan egiten du, 2013tik bere estudioaren ardurapean. Jarduera horiek, gainera, irakaskuntzarekin uztartzen ditu. Bere ibilbideari eta sentsibilitateari esker, generodesberdintasunarekin eta giza eskubideen urraketarekin lotura duten gaietan espezializatu da. Sentsibilitate horren ondorioz, jarrera hartzen du beste errealitate batzuk eta, batez ere, emakumeen errealitateak modu grafikoan ikusarazteko. Besteak beste, Azkuna Zentroaren Fatxada. Diseinua, ilustrazioa eta komikia proiektuan parte hartu du. Azkuna Zentroak hautatutako artista
MARINE DES MAZERY komikigilea eta ilustratzailea da. Phasmes eta antzeko beste fanzine batzuetan hasi ondoren, 2021eko uztailean irakurketa bikoitzeko Le Roi Jéhan komikia argitaratu zuen (Lapin arg.), eleberrigilea den Bénédicte des Mazery bere amarekin batera idatzia. Hilabete batzuk geroago, 2021eko urrian, Lily Cane arrête de fumer komikia iritsi zen liburu-dendetara (First arg.), eta hainbat ilustrazio marraztu zituen horretan. Bere azken proiektua Comic Art Europe-rako aukeratu dute, eta Lyon BD Jaialdian eta LICAFen (Erresuma Batua) erakutsiko dute 2022an. Cité Internationale de la Bande Dessinée et de L'image (Angoulême) espazioak hautatutako artista
JIMMY BEAULIEU Orleans uhartean jaio zen 1974an. Montrealen bizi da 1998tik, eta urte horretan hasi zen komikiak sortzen. Horrez gain, hamar urtez musikari, hamabost urtez liburu-saltzaile, hamar urtez editore eta hogei urtez irakasle izan da. 2000ko irailean lehen liburua argitaratu zuen, Quelques pelures, eta aldi berean Mécanique générale argitaletxea sortu zuen. 2002an Colosse fanzineen bilduma atera zuen. Bere liburuen artean honako hauek nabarmentzen dira: À la faveur de la nuit (Les impressions nouvelles, 2010), Comédie sentimentale pornographique (Shampoo, 2011) eta Rôles de composition (Mécanique générale eta Vraoum!, 2016). Maison de la Littérature (Quebec) espazioak hautatutako artista