

Istorio hau basamortu batean hasten da, ez oso urrun hemendik. Ez urre koloreko hareazko basamortu batean, tuaregek beren gameluen gainean zeharkatzen dituzten horietako batean, ez horixe! Asfalto eta hormigoizko basamortu batean. Hiri zaratatsu batean, dena kez estaltzen zuen fabrika handi batek menderatua, beti gorriz zeuden semaforoz eta eraikin altu eta hotzez betea, hain altu eta hotzak non ez baitzieten inoiz pasatzen uzten eguzkiaren argiari eta beroari.


Espaloi grisetan, milaka pertsona ibiltzen ziren beti presaka, oinak eta begirada lurrari itsatsita. Zementuak hartuta zituen haien begiak eta belarriak, eta geruza mehe batez zigilatuta, aspaldidanik; denbora luzea zeramaten barre egin, dantzatu eta ipuinik kontatu gabe.

«Bat-bi, bat-bi, bat-bi…», inoiz ez zuten erritmo monotonoa hausten, ez zuten ezerekin denbora alferrik galtzen, inoiz ez zuten zerura begiratzen.
Haserre zeuden beti eta ikaragarri kostatzen zitzaien lo egitea.
Izan ere, haien leihoetan ez zegoen teilatu-hegalik, ez zegoen ametsek
habia egiteko lekurik; haien bizitzak hutsik zeuden, enarak ez ziren handik pasatu aspaldian.


«Daukagun guztia haiei zor diegu», esan ohi zuen Amamak, itzultzen ikusten zituenean. «Enara hau hemen jaio zen joan den udan, eta haren ama aurrekoan. Familia berak egiten du habia etxean, gure amonak eraiki zuenez geroztik; Enara zuen izena amonak, zuk eta nik bezala».
