1 minute read
Etnografia
Gernika-Lumoko urriko azken astelehena
Euskal Herrian herri askotan egiten dira feria eta plaza bereziak. Bertara jente asko batzen da, eskualdekoa ez eze, urrunagotik etorritakoa be.
Orain hamarkada batzuk, feriok aldianaldian egiten ziran, baina horrez gainera, data seinaladuetan modu berezian ospatzen ziran eta jentearentzat estimaduak ziran. Danen artean adibide modura honeek aitatu daitekez: Bilboko eta Donostiako san Tomas azoka, Ordiziako azoka, Bermeoko arrainazoka eta abar. Beste horrenbeste esan daiteke Gernika-Lumoko urriko azken asteleheneko azokari buruz.
Aspalditik datorren Jaia
Gernika-Lumo Busturialdeko eskualdeburu izanik, urian beti egon dira denda eta jatetxe ugari. Alboerrietako jentea bertara etorri izan da beste beharrizan batzuetarako be: medikuarengana, epaitegira, etab. Herri barruko bizimoduan oso garrantzitsua izan da egunero egiten dan nekazaritza-azoka, astelehenero modu berezian ospatzen dana. Astegun hau, aspalditik, apartekoa izan da gernikarrentzat. Horren erakusgarri da euskera eta gaztelania nahastauta esaten dan esamolde hau: Lunes guerniqués, golperik ez. Astelehena plaza-eguna izateak asko laburtzen dau astea.
Lehen, astelehenero izaten zan egun handia. Merkaduan jente ugari batzen zan: inguruetako andra baserritarrek bendejea astoagaz ekarten eben plazan saltzeko. Erosleak herritarrak, jatetxeetakoak edo erregaterak izaten ziran; halakoek erositako ortuariak barriro saltzen ebezan. Uda amaieran eta udagoien hasieran batzen zan soloetako uzta: indabak, piperrak, kipulak, tomateak, letxugak, era guztietako frutak... Sasoi horretan merkaduak, edo jenteak esaten dauen moduan plazak, aparteko indarra hartzen eban. Saltzaile ibiltariak eta eguna animatzen eben txerpolariak be bertan batzen ziran.
Urriko astelehen guztiak bereziak izaten ziran, baina berariaz lehenengoa eta azkenengoa. Lehenengoa Errosarioko Ama Birjinaren jaiegunaren ostean ospatzen zan (urriaren 7aren ostean). Gero Errosarioko domekaren osteko astelehenera aldatu zan (urriko lehenengo astelehena). Halanda guzti be, garrantzitsuena azkenengoa da.
Gaur be Astelehen seinalatua
Astelehen bietan pelota-partiduak, idiprobak, su artifizialak eta beste ekitaldi batzuk izaten ziran. Dana dala, gaur egun jaiaren zentzua aldatuta dago. Orain herri osoa da plazagunea, eta sarritan bazter guztiak jentez beterik egoten dira. Eskualdeko biztanleak ez eze, edonondik bertaratzen dira milazak eta milazak urtero-urtero deialdiari erantzunez •