1 minute read

AGURRA

A G U R R a

Advertisement

Badatoz beste behin eibartarrok gehien maite ditugun jaiak: San Juan jaiak. Dultzainen soinuak markatuko du berriz ere festen lehen pausoen erritmoa eta hainbat jarduerari emango zaie hasiera. Hala, ekainaren 23an, eibartar guztiok topo egingo dugu Estaziño kalean Lizarrako dultzaineroei harrera egin eta betiko kalejirari ekiteko; gure jaietako unerik hunkigarrienetako bat, dudarik gabe. Aurten, bide hori, udalbatza berriak, kuadrillek eta Eibarko elkarte batzuek ere egingo dute, hala nola Arma Proba Bankuak, ehungarren urteurrena ospatzen duena, Arrate Filatelia Elkarteak eta Eibarko Unibertsitate Laboralak, mende erdi betetzen dutenak, eta hamargarren urteurrena ospatzen duen Eibarko Koro Gazteak. Gurekin batera joango dira, baita ere, denboraldian zehar nabarmendu diren kirolariak, esaterako, Aitziber Urkiola atleta eta Avia Emakumeen Eibar Rugby taldea, Ohorezko B Mailara igotzea lortu duena. Aurten, gainera, gertaera historiko bat ospatzen dugu ekainaren 22an, Eibarko Itun Federala, 1869ko ekainaren 23an, lau euskal lurraldeen komite errepublikarreko ordezkariek sinatu zutena. Aurkezten dizugun egitarauan ikus dezakezun bezala, musika eta beste kale-ekitaldi batzuk izango dira berriz ere protagonista San Juan hauetan. Mago de Oz, Lord Witch, Nögen eta Hesian taldeen kontzertuak izango ditugu, erraldoi eta buruhandien konpartsen kalejira egongo da, harrituko gaituzten antzerki-taldeak han eta hemen, kuadrilendako jolasak eta txosnen gunea. Egitarau zabal honi beste hainbat ekitaldi gehitu behar zaizkio, hogeita hamarren bat kolektibo sozial, kultural eta deportibok antolatuak; guztiei ere nire eskerrik beroena. Urtero bezala, gonbita egiten dizuet gure jai-egutegian hain garrantzitsuak diren festez gozatzera. Eibartarrok! Gora Eibar! Gora San Juan! Jarduneko Alkatea Miguel de los Toyos

This article is from: