3 minute read

ARRATE FILATELIA ELKARTEAREN 50. URTEURRENA

60ko hamarkada bukatuta, Eibarko filatelista batzuek egin ohi zituzten batzarretan seilu erakusketa bat antolatzea erabaki zuten, beren bilduma partikularretako batzuk udalerrian ezagutzera emateko. Horretarako, San Andres jaia aprobetxatu zuten. Lehenengo erakusketa hura, herri mailan egin zena, 1969ko azaroaren 23tik 30era bitartean egin zen, Udaletxean bertan zegoen udal liburutegiaren lokaletan. Erakusketan filateliako 17 erakusketarik, numismatikako batek eta zigarro-puruen eraztunen bildumagile batek hartu zuten parte: guztira 47 beira-arasa. Izandako arrakastak eta bildumak egiteko zuten grinak eraginda, Asociación Filatélica Eibarresa sortu zuten. Hala, 1969ko abenduaren 15ean, Arrate Kultur Elkartearen lokaletan bilduta, hogei bat zalek elkartearen sortzezko akta sinatu zuten eta lehenengo zuzendaritza batzordea aukeratu, honela osatuta zegoena: Ignacio Zuazu, Presidentea; Jesús Garay, Idazkaria; Santiago Badás, Diruzaina; Daniel Ruiz eta Miguel Ángel Retolaza, Bokalak. Hasiera hartan Arrate Kultur Elkartearen lokaletan biltzen ziren, Zuloaga-tarren kalean, hamabostean behin. Lehenengo urtean 37 bazkide izatera iritsi ziren. 1970ean ez zuten erakusketarik egin, baina Elkarteak Ignacio Zuloaga pintorearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko ekimenean lagundu zuen oroitzapenezko zigilu-marka batekin. Hurrengo urtean, Elkarteak izenez aldatzea erabaki zuen eta Asociación Filatélica Arrate izena hartu zuen.

Advertisement

1971n, 2. Erakusketa Filatelikoa antolatu zuen, eskualde mailakoa. 1976ra arte urteroko erakusketari eutsi zioten eta Euskal Herri mailakoa izatera iritsi zen. Udaletxeko barruko patioa estali ondoren, erakusketetarako lokal zabalagoa lortu zuten eta ordutik aurrera beste etapa batera pasatu ziren, estatu mailako izaera hartuta eta erakusle eta beiraarasa kopuruetan igoera nabarmena lortuta. Harrezkeroztik, urtez urte, seilu erakusketek prestigioa hartzen jarraitu zuten eta erreferente kultural garrantzitsua bihurtu ziren San Andres jaietan. “Exfibar 80” Eibarko Seilu Erakusketan berrikuntza garrantzitsua izan zen Eibarko postaren historian: Eibarko euskarazko lehen zigilu-marka atera zuen Elkarteak, harrijasotzaileari dedikatua. 1983ko martxoaren 13an, Arrate Kultur Elkarteak ordurarte laga zion lokala utzi zuen, eta Udalak eskaini zion beste lokal

batera aldatu zen, frontoi zaharreko Eskola Publikoetan, Txaltxa-Zelain, zegoen lokal batera. 1987ko maiatzaren 24an berriz ere tokiz aldatu zen. Pagaegi kalera joan zen, 3 zenbakian beheko solairuan dagoen lokalera; gaur egun ere horixe da elkartearen egoitza. Lokal hau ere Udalak lagatakoa da. 1996an Portalea Kultur Eraikineko aretoan hasi ziren erakusketak egiten, Eibarren Sorreraren 650. Urteurrenaren esposizioarekin. Bere ibilbidean zehar, hurbileko beste herri batzuetan elkarteak sortzen eta Eibartik kanpo hainbat erakusketa antolatzen lagundu du. Orobat, elkarteko kide batzuek kargua izan dute ESEBA Euskal Selluzale Elkarteen Baterakundean eta haren sorreran ere lagundu zuten. Lanean diharduen 50 urteetan, erakusketetarako diseinatutako zigilu-marketan herriko irudiak azaltzen dira: Udaletxea, hiriko armarria, herri-kirolak, bertako eraikin bereziak, kultur eta kirol elkarteak, hainbat esparrutan nabarmendu diren pertsonak, kirolak, etab. Halaber, udalerriko hainbat erakunde eta pertsona ospetsurentzako seiluak eta zigiluak egin dira, erakusketetan erabili direnak: udal liburutegi zaharra, Mercedes Careaga (Tailer Babestuak martxan jarri zituena), tren-geltokia, Txistulari Banda, Armagintzaren Museoa, Armeria Eskola, Ángel Elizondo (Bakailao Kofradia), Eibar Kirol Elkartea (2 aldiz 2015ean), Eibarko erraketistak, Armagile Elkartea, Udal Artxiboa. Eta seilu eta zigiluetan erakusteko gelditzen direnak.

Bestalde, Elkarteak beste erakunde batzuentzako zigilumarkak egiten ere lagundu du: AAA Armeria Eskola (1975), 39. Arrate Igoera (1982), Armeria Eskolaren 75. Urteurrena (zigilu-marka eta arrabola. 1987), 50. Arrate Igoera (1993 arrabola bat), Arrate Kirol Elkartearen 50. Urteurrena (1997 arrabola bat). 2008an, Eibarko La Salle ikastetxeak 50 urte betetzen zituela-eta zigilu bat ere egiten lagundu zuen. 2001 eta 2008 urteetan, Exfibarrekin bat etorriz, EUSKOPHIL (Euskal Herriko Filatelia Txapelketa) antolatu zuen eta arrakasta handia izan zuen, erakusketari zein ikusle kopuruari dagokionez. 2012an Armeria Eskolaren mendeurrena zela-eta egin zen seiluaren eta oroitzapenezko zigilu-markaren aurkezpenean ere izan zen Elkartea. Ekitaldia Udaletxeko Batzar Aretoan izan zen. Seilu harekin Eibar munduan jarri zen are gehiago; izan ere, seilua nazioarteko tarifakoa zen.

Horregatik guztiagatik, aurtengo urtean, 2019an, ederki ospatzea merezi du.

This article is from: