ESTATUS BERRIAK ERABAKITZEKO ESKUBIDEA IZAN BEHAR DU OINARRI
38
urte joan dira Konstituzioarekin, Gernikako Estatutuarekin eta Foruen Amejoramenduarekin. Igaro den denbora honek guztiak berretsi egin du autonomien estatuen ereduak porrot egin duela Euskal Herrian. Une berezi eta erabakigarria bizi dugu. Bakean, normalizazioan eta elkarbizitza demokratikoan aurrera egiteko inoiz bezalako aukera daukagu gure aurrean. Horixe da gure herriko gehiengo sozialaren nahia. Estatus berria zertarako?
* * *
Euskal Herriak hamarkadak iraun duen ukazioa behin betiko itxiko duen estatus berria behar du. Herri honetara erabateko demokrazia ekarriko duen tresna bezala ulertzen dugu. Euskal Herria, Europako nazioa da, erabakitzeko eskubidea duena, eta herritarrei dagokie zer nolako egitura instituzionala, eredu ekonomikoa, hezkuntza eta osasun sistema, hizkuntz eta kultur garapena nahi duten libreki erabakitzea, Madrilen eta Parisen interferentziarik eta inposiziorik gabe.
Zeintzuk dira ardatz nagusiak?
* *
Euskal Herriaren aitortza eta erabakitzeko eskubidea. Loiolako Akordioaren edukiek eta Ibarretxe Planaren hitzaurreak osatzen dute gure proposamena; etorkizuneko akordio demokratikoaren oinarriak ondo baino hobeto zehazten dira bietan.
Zer ez dugu behar?
* * * *
Ezin dugu onartu erabakitzeko eskubidea jasoko ez duen estatus berririk. Ezin du egun indarrean dagoen estatusaren aurpegi garbiketa izan. Herritarrek mugarik gabe adierazitako borondatea jatorrian ez duen erreforma juridiko, politiko edo instituzionalek porrot egingo dute. Tresna zaharkituek ez dute balio etorkizuna eraikitzeko.
Zein da gure konpromisoa?
*
Euskal herritar guztiok, ideologia edo lurralde bereizketarik egin gabe, beren erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko oinarriak lantzeko gure erabateko adostasuna azaldu nahi du EH Bilduk.
*
Erantzukizun osoz eta aurrera begirako ikuspegiz bultzatuko dugu akordioa. Hamarkadak iraun dituen ukazioari eta inposizioari aurre eginez, Euskal Bidean sakontzeko garaia da.
*
Gizarteak egindako bultzadarekin eta eragile politikoak, sindikalak eta sozialak bat eginda bakarrik lortuko dugu askatasunean eta demokrazian oinarritutako etorkizuna gauzatzea. Itxaropen horri ezin diogu kale egin, eta EH Bilduk ez du egingo.