Europatik datorren neoliberalismoa Neoliberalismoaren birusak Europa osoa jo du. Ez da berria, baina 2009tik hona indar handiz hedatzen ari da. Sei urte pasatu dira finantza burbuilak eztanda egin zuenetik, “merkatuak� bere burua kontrolatzeko duen ezintasuna, berriz ere, agerian gelditu zenetik, baina birus horren hedapena ez da gelditzen. Alderantziz, areagotzen ari da eta politika neoliberalen inposaketa etengabekoa da. Finantza oligarkiak agindu eta klase politikoak, txintxo txintxo, neurri neoliberalak ezartzen ditu. Neoliberalismoak beraz, gobernu guztiak bahitu ditu. Sektore publikoa deuseztatu eta ondasun publikoak xurgatuz, herritarrei dutena eta ez dutena atereaz, aberats gutxi batzuk oraindik ere aberatsagoak egitea du helburu. Eta nola ez, guzti hau, herritarren gehiengoaren kontura. Ondasun publiko eta baliabide naturalen sarraskia eta lapurreta masiboa bideratzen ari da, guztiona zena eta naturarena dena gutxi batzuen eskutan utziz. Larria da oso gertatzen ari dena eta pertsonengan eta naturarengan dituen ondorioak ere oso larriak dira. Neoliberalismoa ez da gauza berria. Hamarkada batzuk dira jada Chicagoko eskolan hasi, Reagan edota Tatcherrekin jarraitu eta FMI-ren bidez, Amerika osoan edota munduko beste herrialde batzuetara politika neoliberalak hedatu edota inposatzeko saiakera hasi zirenetik. Oraingoan berriz, indarrez sartu da Europan. Europar Batasuna beraz, birus neoliberalaren zabalpenerako eragile nagusiena bilakatu da eta une honetan, Alemaniako bankuen, eta oro har finantza oligarkiaren osasuna bermatzea du helburu bakar. Austeritate politika deitzen denak, adibidez, helburu soil bat du: instituzioen bideragarritasun ekonomikoa bermatzea, bankuen eskuetan dagoen zor publikoa aurrera begira ere, ordaindu ahal izateko.
2
Politika neoliberalen inposizioa Euskal Herrian Europak agindu eta Madrilek txintxo txintxo, lege eta neurri ezberdinen bitartez, birus neoliberala inposatzen dio gure herriari. Egia esan, ez gaitu harritzen PPren gobernuak errezeta neoliberalak aplikatzea, sektore publikoa desagertu nahi izatea, aberatsen aldeko politika fiskalak sustatzea, gastu soziala murriztea edota lan erreformaren bitartez langile eskubideak suntsitzeko apustua egitea, azken finean, troikaren errezetak gogo onez aplikatzen dituen ikasle aplikatua ditugu PP bera eta baita berau sostengatzen duten botereguneak ere. Kezkatzen gaituena da, horrek gure herrian zein ondorio dituen. Gure herriak, burujabetza ekonomiko eta sozialik ez duenez, aipatu neurriak herri honen borondatearen kontra aplikatzen dira. Eta hori gutxi balitz, Barcina eta Urkulluren gobernuek oso ausardia gutxi erakusten dute, Madrili aurre egiteko, hemen erabakitzeko, politika neoliberal horiek gelditzeko, murrizketa sozialik ez egiteko, edota gertatzen ari den guztiaren aurrean, bestelako eredu berri baterantz politika berriak martxan jartzeko. Are gehiago, zenbait unetan, politika neoliberal horien defendatzaile sutsuak ere bilakatzen dira.
3
Zeintzuk dira eta nola eragiten dute oro har politika neoliberalek? Lehena eta garrantzitsuena, zor publikoarekiko, bankuekiko, dagoen dependentzia da. “Krisi aren ondorioz” instituzioen diru sarrerak asko jaitsi ziren 2009tik aurrera, baina “garai zaharretako” gastuak egiten jarraitu zuten: SuperSurra, AHT... Honek zor publikoaren areagotzea ekarri zuen eta berriz ere “krisiaren” aitzakipean interes tipoa igoz, instituzioak erabat zorpetuta daude, kasu askotan ordain ezinak diren zorrekin. Zor horiek ordaintzeko “austeritate” politikak inposatzen dira eta funtsean, austeritate horrek zera esan nahi du: murriztu itzazue gastuak eta bermatu ezazue aurten bankuekin duzuen zorra ordaintzeaz gain, hurrengo urteetan ere ordaintzeko gaitasuna izango duzuela. Ondorioz, gastu publikoa murrizten ari da. Noski, bankuei ordaindu ahal izateko gastu soziala murriztu behar bada ere, neoliberalek ez dute planteatzen AHTren obraren diru xahuketa gelditzea. Funtsean, eraikuntza enpresak “erreskatatzeko” burutzen ari den obra delako eta horietako eraikuntza enpresa askok ere, bankuekin zor itzelak dituztelako. Ondorioz, esan bezala, gastu publikoa eta bereziki gastu soziala da murriztu egiten dutena, honek dituen ondorio lazgarrienekin, hau da, zerbitzu publikoa gehien behar dutenek pairatzen dituzte politika neoliberalen ondorio zuzenak. Egoera honen aurrean, eta zorraren eztabaida irekitzearekin batera, diru sarrera gehiago ekarriko dituen erreforma fiskala burutzea litzateke logikoena, arduratsuena. Honetan ere, neoliberalismoak alderantziz jokatzen du eta oro har zergak jaitsi eta bereziki gehien dutenei zergak jaistea izaten ari da ondorioa. Hori da, adibidez, EHBilduk hasitako pausoen aurrean, PNV-PP-PSEk EAEn onartu duten kontra-erreforma. Politika publiko ahul horiek eta oro har egoera ekonomiko ahulak ere ekonomia pribatuan eragina du, gastu pribatua murrizten da, gutxiago inbertitzen da eta orotara ekonomiak behera egiten du. Berdina gertatzen da, adibidez lan-erreformaren ondorioz, soldatak jaisten direnean: gastu pribatua ere jaisten da eta ondorioz ekonomia osoa uzkurtu eta atzeraka egiten hasten da. Horrek noski langabezia areagotzen du, diru sarrerak berriz behera, zor publikoa gora.... eta imajinatu daitekeen neoliberalismoaren zurrunbiloa berriz martxan jartzen da. Guk ez dugu konponbidea gastuaren areagotzean kokatzen, baina argi dago politika neoliberalek azken urteetan erakutsi digutela, ekonomia dagoen zulotik ateratzea baino, bertan mantentzeko tresna besterik ez direla. Errotonda jasanezin batean egongo bagina bezala, ezin atereaz, gutxi batzuen mesedetan aplikatzen diren politikak gehiengoak langabezia eta pobreziara eramaten gaituzten bitartean.
4
Azken asteotako ondorio lazgarriak Aipatu ditugun politika guztiek gure herrian ondorio lazgarriak dituzte eta milaka eta milaka herritarrei eragiten diete. Badira hilabete batzuk “egoera hobetzen” ari dela esaten ari zaizkigula baina errealitate ekonomikoa eta soziala ordea gordina da oso eta berriz ere, areagotzen ari dela esan dezakegu. Azken asteak adibidez oso adierazgarriak izan dira politika neoliberalek gurean dituzten ondorioak argiki begiztatzeko: · Gure herriko industriak, enpresa eta kooperatiba txikiak, finantza arazo serioak ditu eta zenbait unetan arazo larriak finantziazioa lortzeko. Bertako ekonomia babestu eta sustatuko duen finantza entitate publiko bat izan beharrean, batzuk (PNV-PP-PSEk) Kutxabanken pribatizazioaren aldeko bidea iragarri berri digute. Akzioak saltzen badituzte, kapital horri, noski, bertako ekonomia eta pertsonak bost axola izango zaizkio eta soilik etekinak nahiko ditu. Beraz, egun dauden finantzaziorako arazoak areagotu besterik ez lirateke egingo.
azken 6 urteetan gure ehun industrialaren %30 galdu dugu
· Azken 6 urteetan gure ehun industrialaren %30 galdu dugu. Azken asteetan beste bi enpresa garrantzitsuren itxiera jakin dugu: Candy eta Cablenor. Horren aurrean, Jaurlaritzak hitz politak besterik ez. Jaurlaritzak ez du politika industrialerako inongo planik eta nahiago du porlanean inbertitu herri honen jarduera produktiboan baino. Nafarroako gobernuaren noraeza atal honetan berdina da eta Volskwagen-en zentratuta monoekoizpen industrialaren ondorioak edozein unetan oso larriak izan daitezke.
Caritasen arabera eaen 300.000 biztanletik gora pobrezian ala pobreziaren atarian dago
· Bi enpresa aipatu ditugu baina oro har, azken datuek erakusten dute langabeziak berriz ere gora egin duela gogor, eta Hego Euskal Herrian 170.000 pertsona langabezian dagoela diosku. · Langabeziarekin batera pobrezia ere gora egiten ari da nabarmen. Caritasen azken informeak EAEn 300.000 biztanletik gora pobrezian ala pobreziaren atarian dagoela gogoratu digu eta Aburto kontseilariak, datu horiek ukatu baditu ere, onartu du azken urtean pobreziak gora egin duela.
5
Hego euskal Herrian 408.000.000€ aurreratuko dira aHTaren eraikuntzan
· Aurkeztu diren bi aurrekontu nagusiak, EAE eta Nafarroako gobernuenak, oro har eta azken urteetan bezalaxe, gastu sozialen murrizketan sakontzen dute eta ez dirudi aurrekontuen eztabaida prozesuaren baitan aldaketa sakonik lortzeko borondatea dagoenik gobernuan dauden alderdien aldetik. · Bitartean RGI edo oinarrizko errentaren eskariak areagotu egin direla iragarri da berriz eta urtero bezala, Udal askok larrialdiko diru laguntza delakoak emateko zailtasunak izango dituzte EAEko Jaurlaritzaren murrizketen ondorioz.
· Erreforma fiskal sendoak beharko lirateke egoera honi aurre egiteko baina Nafarroan jakin berri dugu, berriz ere, UPN eta PSNk bat egingo dutela atal honetan zaharrak berri errepikatzeko. EAEren kasuan, jada guztia ikusita genuelakoan geunden, baina adibidez, hainbat konturen artean, Aburto kontseilaria entzun dugu dependentziaren gaineko diru-atala bermatzeko errekargo fiskal berri bat proposatzen, edota kopagoa berriz ere aipatzen. Aberastasun handien gaineko zergarik ezarri nahi ez duten horiek beraiek ari dira inolako lotsarik gabe, beste behin ere, zergaerreformak eredu neoliberalaren logikaren menpe proposatzen: aberatsak aberatsago eta herritarrak geroz eta pobre eta prekarizatuagoak bihurtuz. · Bitarte horretan, azken asteetan, egoera larri eta gordin honen erdian, inongo lotsarik gabe, Eusko Jaurlaritzak eta Nafar Gobernuak AHTrentzako (408 milioi euro) diru partida aurrikusten dutela iragarri eta etengabeko eskaria egiten du partida hauek igo eta obra faraonikoa lehen bait lehen bukatzeko. Gastu soziala murriztu, politika industrialik gabe enpresak ixten direla ikusi eta bitartean batzuk AHTren porlanezko zulo beltzean dirua xahutzen jarraitzen dute.
EHBilduren proposamenak Azken asteetako adibideak besterik ez dira. Adibide gordinak, gu ere interpelatzen gaituztenak. EHBilduk proposamen ugari egin ditu aipatu alorretan bestelako politikak aplikatzeko, bestelako eredu sozial-eraldatzaile baterantz urratsak emateko. Horretan ari gara, zailtasunak zailtasun, lanean ari garen toki guztietan, izan gobernu edo oposizio lanetan. Pasa den maiatzean ere, larrialdiko 150 neurri proposatu genituen langabeziari eta pobreziari aurre egiteko eta horietako asko aurkeztu edota lantzen ari gara iraunkorki instituzio eta esparru ezberdinetan. Aurrera begira ere ez da makala dugun erronka, sortzen ari diren egoera larrien aurrean, proposamen eta ekarpen ausartak egiteko.
6
Ez da nahikoa ordea. Egoera larria da eta horren araberako neurriak hartu beharko liratekeelakoan gaude. Horregatik eta jakitun bakoitzak bere eredu propioa izan dezakeela, eta kasu askotan eredu kontrajarriak, uste dugu, hala ere, ezinbestean denon arteko gutxieneko akordioak ere beharrezkoak direla. Zentzu horretan, egungo egoera sozial eta ekonomikoa gainditzeko lau esparrutan landu beharreko planak eta akordioak erdiestekoa gure borondatea azaldu dugu: 路 Lehenik, egoera sozial larriaren aurrean, milaka langabetu dauden honetan edota diru sarrerarik gabeko familiak daudenean, justizia soziala helburu, MURRIZKETA SOZIALIK GABEKO POLITIKA PUBLIKOAK adosteko eta HAZTEN ARI DIREN BEHARRIZAN SOZIALEI ERANTZUTEKO akordioa erdiestea ezinbestekoa da. Gehien sufritzen ari direnak gure lehentasuna behar dute izan. 路 Bigarrenik, ditugun erronka ekonomiko eta sozial guztiei aurre egiteko eta sektore publiko sendo bat bermatzeko, bitarteko ekonomikoen nahikotasuna lortzeko ERREFORMA FISKALA behar dugu. Gehien dutenek gehiago ordaindu eta eskaini behar dutelako. 路 Hirugarrenik, onartu beharra dago, gastu soziala bermatzea ez dela nahikoa. Enplegua sortu behar da. Porlana eta espekulazioa alboratu eta tokiko garapena oinarri, eredu neoliberalak eskaintzen dizkigun errezeta antisozial eta ingurumenarekiko erabat kaltegarriak gaindituko dituen eredu sozial eta ekonomikoa adosteko eta bultzatzeko unea iritsi da industria eta berrikuntzaren aldeko apustua egiteko, elikadura burujabetza helburu, lurrari eta herritarrei lotutako nekazaritza eta arrantzak bizi duten egoerari aurre egiteko, zaintza ekonomiari eta arlo honetako zerbitzu publikoak bultzatzeko, ekonomia sozial eraldatzailea sustatzeko, finantza sistema propioaren norabidean Kutxabanken kontrol publikoa berreskuratzeko eskuartean ditugun baliabide natural mugatuak kontutan hartuta, trantsizio-fasea lagunduko duten ingurumeneko prozesu eraldatzaileak bultzatzeko eta oro har, LANA, ABERASTASUNA ETA HERRITARREN MESEDETAN egongo den EKONOMIA SOZIAL ETA ERREALAREN aldeko plana adostu behar da 路 Eta azkenik, baina garrantzi bereziz, bizi dugun egoera sozial eta ekonomikoari aurre egiteko, aurreko guztia martxan jarri ahal izateko, BURUJABETZA EKONOMIKO ETA SOZIALA berreskuratu behar dugu, maiuskulaz: lan harremanak hemen arautzeko, zerga politika osoa guk kudeatzeko, pentsioen etorkizuna guk bermatzeko... Oro har gure politikak HEMEN ERABAKITZEKO.
7
Aurreko batean Andoni Ortuzarrrek zioen, lehenik krisia konpondu eta gero ekin beharko diogula status politiko berriari. Erratzen da, Ortuzar jauna, ez dago krisitik ateratzerik, bizi den egoera sozial larririk burujabetza ekonomikorik ez badugu, norabide horretan urratsak ematen ez baditugu eta aipatu ditugun bestelako ataletan, murrizketa sozialaren alorrean, erreforma fiskal sendo baten inguruan edota enplegua eta aberastasuna sortzeko adostasunak eraikitzen ez baditugu. Lau dira beraz, proposatzen ditugun lan esparruak eta akordioak. Eta horien helburua politika neoliberalek gurean sortzen dituzten ondorio lazgarriei aurre egitea, enplegu duina sortzea, pobrezia ezabatzea eta eskubide sozialak bermatzea. Horra hor gure proposamena eta gure eskaintza. Horretan dihardugu gure eguneroko lanean, kalean, instituzioetan edo eragile ezberdinekin ditugun harremanetan. Guztiori dagokigu, bakoitzari bere esparruan, komunikabide nagusiek ezkutatzen duten irakurketa eta eskaintza hau ahalik eta esparru gehienetara zabaltzea. Eta era berean, nola ez, honen azpian dagoen errealitate sozial larriaren salaketa etengabekoa egitea, zein honi aurre egiteko dugun gure eskaintza sozial eta ekonomiko osoari lehentasunezko tratamendua ematea gure eguneroko jardunean. Neoliberalismoak badu alternatiba eta EHBildu prest dago norabide horretan lan egiteko.
8