2016ko ordenantza fiskalak

Page 1

2016ko Ordenantza Fiskalak EH Bildu eta Irabazi Zarautzen hausnarketak eta proposamen bateratua Aurrekariak Ordenantza fiskalak Udaleko zerga, tasa eta prezio publiko guztiak biltzen dituen araudi oso bat dira. Bertan Udalak ematen dituen zerbitzu guztiak biltzen dira, begibistakoenetik ezagutza gutxien duenera arte. Udal zerbitzuen eta jardunaren kalitatean duen eraginagatik, urtero hartzen diren erabaki garrantzitsuenetako bat da. Ostegun honetan onartuko dena, beraz, Udalak ematen dituen zerbitzuak ordaintzeko zutabe garrantzitsua da. Baina, aldi berean, berebiziko garrantzia ere badu gizarte kohesionatu bat lortzeko bidean. Izan ere, ordenantza fiskal hauek osatzeko erabilitako irizpideek nabarmen alda dezakete gizartearen egitura, kontuan hartuta herritar bakoitzak egin beharko duen ekarpen ekonomikoa zehazten duela. Halaber, zerga eta tasetan ezartzen diren pizgarri zein errekarguak herriaren norabidea egokitzeko ere balia daitezke. Ordenantza fiskalak zehazterako momentuan, beraz, lau irizpide garrantzitsu kontuan hartu behar direla deritzogu. 1- Testuinguru sozioekonomikoa. Jakina denez, eta zifra makroekonomiko interesatuak baliatuz beste mezu bat zabaldu nahi den arren, herritarron bizi-baldintzetan zein lan-baldintzetan ez da inongo hobekuntzarik izan. Are gehiago, azken urteetan Bruselatik eta Madriletik inposatutako murrizketen eraginak nabarmenak dira. 2- Udalak eman beharreko zerbitzuen egoera ere kontuan hartu behar da. Alegia, Udalek ematen dituzten zerbitzuen kostuak eta tasetatik jasotzen diren diru-iturrien arteko oreka ere beharrezkoa da. 3- Aurrera eraman nahi diren egitasmoak zehaztu behar dira. Herri guztiek behar dituzte aldaketak eta aurrera egiteko azpiegitura edota jarduera berriak. Hauek ere, noski, kontuan hartu behar dira. 4- Amaitzeko, eta guretzat ezinbestekoa dena, irizpide hauen guztien gainetik justiziaren eta berdintasunaren printzipioak ezarri behar dira. Alegia, gehiago eman ahal duenak gehiago eman behar du gutxiago duenaren mesedetan. Hau gauzatu ahal izateko, gizarte zerbitzuek eta herriko elkarteek eman dezaketen asistentziarekin batera, fiskalitatea zutabe nagusia da.


Azken urteetan hartutako erabakiak, Bildu eta Aralar-Ezker anitza udal-taldeen babesarekin onartutakoak, irizpide hauek kontuan hartuta eman dira. Horren isla izan daitezke, besteak beste, OHZren errekargua edota azken bi urteetan zerga eta tasetan emandako izozketak. EAJ – PSE udal gobernuaren proposamena. Atzera eta eskuinera EAJ eta PSEren arteko udal-gobernuak arestian aipatutako irizpideak kontuan baino beste batzuk hartu nahi ditu. Orain arteko bide emankorretik atzera eta eskuinera egin nahi du. Erabat legitimoa, noski. Horren adibide argiena, etxe-hutsei ezarritako errekargua jaitsi eta, larriagoa dena, errekarguaren esanahaia hustutzearekin batera, herritar guztioi zerga eta tasak igotzea da. Alegia, irailean Donostiako epaitegian legezkoa eta, are gehiago, justua eta berdintasun printzipioan oinarritutako erabakia zena atzera bota nahi dute, gehien duenak gutxiago ordain dezan eta, Udalak dituen betebehar ekonomikoei erantzuteko, herritar guztioi igo nahi dizkigute zergak eta tasak. Azpimarratzekoa da, halaber, KPIa negatiboa den arrean, EAJ eta PSEren proposamena zerga eta tasa guztiak igotzea dela. Honek argi uzten du eskuinera jotzeko borondatea. Horrekin batera, hala ere, badira aipagarriak diren beste proposamen batzuk ere. Izan ere, lanpostuak sortzeagatik enpresei hobariak kentzea proposatzen duten bitartean, dirusarrera mugarik gabe familia ugariei %50eko hobaria ezarriko zaie OHZn. Alegia, lanpostuak sortzeagatik hobaririk ez, baina gehien dutenentzat hobariak bai OHZ ordaintzeko. Amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi hondakinen tasarekin egin nahi dutena. Gipuzkoako beste hainbat herrietan egiten ari diren bezala, Zarautzen ere hondakinen tasan %5eko igoera bat egitea proposatzen dute. Noski, honen atzean azpiegitura erraldoi bat dugu, baliabideak erre nahi dituen azpiegitura, gure lurraldea kutsatu nahi duen azpiegitura, kontsumismo ero bat bultzatu nahi duen azpiegitura: errauskailua, hain zuzen ere, Europak zabortegiekin batera alboratu nahi duen azpiegitura. Esan bezala, atzera eta eskuinera egiteko proposamena da Zarauzko udal gobernuak zarauztarroi eskaintzen diguna. EH Bildu – Irabaziren proposamena Herritar guztiak kontuan hartuko dituen fiskalitate justua Guzti honen aurrean, eta aipatu testuingura kontuan hartuta, honakoa da EH Bilduk eta Irabazik Zarauzko 2016ko ordenantza fiskalen harira egiten dugun proposamena. •

Etxe-hutsen kasuan, OHZren errekargua %150ean mantentzea. Lau hilabetero 25 m3tik gorako ur-kontsumoa duten etxebizitzen kasuan, bigarren etxebizitzen kasuan, alegia, errekargu hau %100ean ezartea proposatzen dugu. Aldi berean, zaharkituta dauden etxebizitzetan edota eraberritze beharra duten etxebizitzetan egindako lanegatiko zergan %5eko tipoa baino, %3ko tipoa ezartzea proposatzen dugu.


Bi proposamen hauek eraikita dagoen etxebizitza parkeak duen aktibo soziala indartzen lagunduko dute eta, aldi berean, bestelako politika sozialak indartzeko baliabide ekonomikoz hornituko dute Udala. Udal-departamentu ezberdinetatik egon diren aldaketa teknikoak ere ontzat hartzen ditugu, gehienak, kudeaketa ikuspegitik onurak ekarriko dituztela irizten baitiogu. Gainontzeko zerga, tasa eta prezio publikoak izozteko proposamena egiten dugu, testuinguru ekonomikoa hobetzen ez den bitartean. Amaitzeko, azpimarratzekoa da baita ere udal-gobernutik agertu duten konpromisoa, 2016an ezin bada ere, 2017rako ordenantza fiskaletan ur-kontsumoari buruzko tasan guk egindako proposamena haintzat hartuz. Proposamen horretan, ur-kontsumoan honako aldaketak proposatzen genituen: kontsumoaren tasa etxebizitzaren arabera izan beharrean, etxebizitzan bizi diren pertsona bakoitzaren araberakoa izango da, kontsumo zehatz batetik gora errekargua aplikatuz eta kontsumo zehatz horretatik behera hobariak aplikatuz. Neurri honen azken helburua ez litzateke Udalak diru gehiago edo gutxiago biltzea baizik eta baliabide natural mugatua dugun uraren kontsumoan arduratsu izatea baizik.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.