2 minute read
IRATIREN INGURUAN
from Irati
Joxean Muñoz
Juan Luis Landak eta biok Juanba Berasategiren tailerrean ezagutu genuen elkar. Marrazki bizidunak Euskal Herritik eta euskaraz sortzeko Juanbaren asmo handi hura gutako askoren eskola eta bultzada profesionala izan zen. Komikiak ere egiten ziren bertan, Gabai komiki saila adibidez, Euskal Herriko Historia kontatzeko Rafa Castellanok sortu zuen saga. Nik behintzat, han ikasi nuen gidoigintza, Rafa Castellanoren eskutik.
Advertisement
Nork bere bidea hartu genuen gero. Juan Luisek
Iratiren lehen tomoa argitaratu zuen garaian, ni gidoigintzan ari nintzen, komikietarako, telebistarako edo zinemarako. Ezagutzen nuen Irati, jakina. Gustukoa nuen eta miresten nuen komikiaren industriako izen handi batek, Glénatek, Espainian, Frantzian eta Alemanian argitaratzea lortu izana. Ezustean harrapatu ninduen Juan Luisek, esan zidanean Iratirekin jarraitzeko asmoa zuela baina zama handiegia zitzaiola marrazkiaz, margoaz eta errotulazioaz gain, gidoiaz arduratzea, eta ea ardura hori neuk hartuko ote nukeen. Gustura esan nion baietz.
Historiatik aldentzea proposatu nion, halere. Ez genuen Nafarroako erresumaren historia kontatuko; garai haietan, edo garai haietako oihartzunetan girotutako istorioak asmatuko genituen. Fantasiazkoak. Ezpata eta magia. Borroka eta maitasuna. Komikia Historia kontatzearen zerbitzuan jarri ordez, Historia istorioak sortzeko aitzakia izango zen. Konforme jarri ginen.
Juan Luisek lehen atala bukatu zuen puntuan ekin nion Iratiren bigarren abentura idazteari, Irati Goiatekin aurkitzen den errekan (Irati 2. El medallón de Boldro). 1997an argitaratu zen. Ia sei urte pasa ziren hirugarren tomoa burutzerako, berriro ere nor bere zereginetan murgilduak baikinen. 2003an argitaratu zen La Condena de Irati, hiru tomoak batzen zituen bilduman, Glénateko editoreak hala erabakirik, zikloari osotasuna ematearren. El Ciclo de Irati, Integral izenburua jarri zioten edizioari. Agortua dago aspaldi.
Hurrengo urratsa ulertzeko, Dani Fano ezagutu behar da. Xabiroi aldizkariaren arduraduna eta arima da Fano, azken urteotako euskal komikigintzan erabakigarria izan den egitasmoarena. Hark eman zizkigun Iratirekin jarraitzeko bultzada eta aukera, Historiatik urrunago, fantasiatik gertuago, eta euskaraz. Ordura arte, Irati gaztelaniaz idatzia genuen, «Glénat España»rentzat eta gaztelaniazko ediziorako ari baikinen lanean. Euskaraz, Ereinek argitaratu zuen Iratiren lehen tomoa, Ipurbeltz aldizkarian, atalka. Iratiren laugarren istorioa ere atalka argitaratu zen Xabiroi aldizkarian, Ipurbeltzen oinordekoan hain zuzen, eta album moduan, 2007an kaleratu zen (Saiak, Xabiroi-Ikastolen Elkartea). Orain, Erein argitaletxearen eskutik, Iratiren saga, euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen da. Ereinek lotura profesional estua du Juan Luisekin, haren komiki historikoak –Orreagako Kronikak…– eta mitologiari buruzko ilustrazio liburuak argitaratu baititu.
Irati euskaraz berridazteko lanaren harian atal guztiak ikusi eta irakurri behar izan ditudalarik, nabarmenagoa egin zait Iratiren istorioen arteko eboluzioa. Marrazkietan, gero eta estilo errealistagora jo du Juan Luisek eta ilustrazioan urteetan hartutako eskarmentuak bineta konplexuagoak sortzera eraman du. Nabarmena egiten da hori bigarren eta hirugarren atalak alderatuz gero, bien arteko denbora-tarte luze samar hartan Juan Luis buru-belarri aritua baitzen bere mundu grafikoa eta narratiboa jorratzen. Hirugarren ataleko marrazkiak errealistagoak dira eta kolorea, berriz, onirikoagoa. Joera hori areagotu egiten da laugarren atalean. Gidoiaren aldetik, Historiatik gero eta urrunago joan ginen, fokoa Eneko eta Iratirengan itxi genuen, eta Iratirengan bereziki. Iruditu zitzaidan gero eta leku gehiago utzi behar niola Juan Luisi, bere munduari, bere marrazki gero eta landuagoei, hari dramatikoak kondentsatuz, binetak urrituz, testu laburragoak erabiliz. Iruñeko atarian utzi genituen Irati eta Eneko. Non, ez bada hiriaren zurrunbiloan, aurkitu ahal izango zituen Iratik bere «ahizpak», bera bezalako izaki «bitartekoak», erdi gizaki erdi izaki magiko direnak?
Iruñako ateetan geratu ziren gure pertsonaiak, Juan Luis eta biok, nor bere aldetik, bestelako lanetan murgildu ginelako. Erauntsia iritsi zen arte. Paul Urkijo izeneko erauntsi bat. Oker ez banago, Errementari filmaren estreinaldian esan zigun Paulek hurrengo filma Irati oinarri hartuta egin nahiko lukeela. Esan eta egin.
Irati zinemara ekartzerik ez genuen imajinatu ere egingo, eta, gainera, Paulen eskutik, Paul Urkijoren begitik! Haren eskuetan utzi genuen Irati, konfiantza osoan. Bere istorioak sortzeko askatasun osoa nahi zuen Paulek, bere unibertsotik abiatzeko Iratirenera. Hala izan da.
Gozatu dugu filma. Eta eman du, baita ere, agortuta zeuden komiki hauek berriro argitaratzeko egokiera, Iratiri euskarazko ahotsa ematekoa eta irakurle berriengana iristekoa.
On egin.
Azalaren azken zirriborroa autzaren esnatzea