OROIMENA,
GERORAKO ITURRIA Oroimena eta euskara, liburu honetan josi beharreko bi hitz, bi ideia. Ez bi hitz solte, huts, funtsik gabeak. Euskaldunontzat esanahiz eta mamiz beterikoak baizik, barrenak astindu eta makina bat gauza sentiarazten digutenak. Biak uztartuz gero, ezinbestean, atzera begiratu beharra dago, eta gertatu direnen lekukotasuna jaso, oroimen historikoa berreskuratzeko. Izan ere, bistakoa da historia ofizialak, gure auzo-estatuek egin duten horrek berak, gure herriaren historia ofiziala era partikular batean osatu duela. Euskal Herriaren izatearen ukazioa abiapuntu eta oinarritzat hartuta, ukazio horri egokitu diote kontakizuna. Zapalkuntzaren eta jazarpenaren arrastoak eta aztarnak, ahal izan duten heinean, kontakizunetik desagerrarazi nahi izan dituzte. Zapalkuntza eta jazarpena, ordea, gure ibilbidearen zati dira, eta gure egitekotzat hartu dugu horren oroimena berreskuratzea. Hainbat alderdiri erreparatuta, euskarari besteri beste. Historian oso atzera joan gabe, esate baterako, nabarmena da Euskal Herriak, eta euskarak eta euskaldunok zehazki, astindu handia jaso dutela. XX. mendean, konparaziora. Eta astindu horrek ondorio sakonak utzi dizkigu; hala nola, euskararen transmisioaren galera, Hegoaldean 1936ko gerra hasi baino lehen euskararen alde abiatutako ekimenaren etena, euskararen aurkako jazarpenak eta gutxiespenak hainbat euskaldunen autoestimuan utzi duen zauria.
16
E USKARARE N KAT E HAUT SI AK
Frankismoari buruzko lan monografikoa, Iñaki Egañak idatzitakoa, izan zen Euskal Memoriaren bigarren argitalpena, 2011n
Horiek denak duela “gutxi” gertatutako gauzak dira, eta bizirik daude horren ondorio zuzena jaso zutenak. Debekua ezagutu zutenak, esaterako; baina baita gurasoengandik euskara jaso ez duten hainbat eta hainbat lagun ere. Horietako batzuk euskarak berreskuratu dituenak, beste asko erdararen etxean gelditu diren era berean. Eta, aldi berean, zapalkuntza horren aurreko erreakzioa eta erantzuna ere ezagutu ditugu. Euskaltzaletasuna, sormena, antolakuntza eta talde-lana oinarrian izan dituen gizarte-mugimendu emankor eta aberatsa. Erresistentzia kolektibo hori ere gure herriaren oroimenaren zati da, gure herri izatearen eta nortasunaren osagai garrantzitsua, eta hemen ere jaso nahi izan dugu hemen. Hain zuzen ere, ahalegin horren fruitu duzu liburu hau. Euskal Memoria Fundazioa oroimen historikoa berreskuratzeko tresnak eta materialak sortzeko eta hedatzeko lanean ari da, eta ikuspegi horretan eta ekimen horren baitan kokatzen du honako lan hau ere, euskara eta oroimena ardatz dituena. Kontatu ez den hori edo jaso ez den hori bildu eta ezagutarazteko ahalegina. Han-hemenka hizkuntza-zapalkuntzaren adibide eta lekukotasun ugari jaso bada ere, horrek guztiak eragindako ondorioen bilduma egiteke dagoen ariketa kolektiboa da, eta horri begirako ekarpena egin nahi izan dugu, biltze-lan hori modu herritarrean soilik egin baitaiteke. Oroimena berreskuratzeko eta jasotzeko ariketa kolektibo hori liburu honekin bukatutzat emanen ez dugun arren, egiteko horretan urrats sendoa egiteko asmoa duzu honako hau. Euskararen historia osoari ere begiratu azkarra emanen diogun arren, helburu nagusia epealdi historiko honetan –XX. mendean bereziki– gertatu den euskararen zapalkuntza eta euskal herritarren kontrako jazarpen linguistikoaren oroimena berreskuratzea izan da.
17
OROI M E NA , G E R O R A K O I T U R R I A
Torturari zein frankismoari buruzko argitalpenak oroimena berreskuratzeko bidean Euskal Memoriak egindako ekarpenak dira. Irudietan, bi lan hauen aurkezpenak, protagonistekin batera, 2011 eta 2012an
Horrekin batera, euskara berreskuratu, biziberritu eta dagokion tokira eramateko Euskal Herrian sortu den mugimendua jaso nahi izan dugu, eta baita sorrera horren testuingurua, ezaugarriak, arrazoiak nahiz ibilbidea ere. Euskararen oroimenaren bila bibliografia, dokumentu eta agirietara jo dugu, ezinbestean, baina batez ere eta bereziki euskaldunon, herritarron, pertsonon hitza bildu nahi izan dugu. Euskararen historiaren eta bizitzaren protagonista izan den hainbat herritarri mikrofonoa eta grabagailua jarri diogu. Konta dezaten zer izan den. Oroimena berreskuratzen lagundu diezaguten. Eta gisa berean aritu gara euskalgintza deitzen dugun horren ibilbidean protagonismoa izan duten hainbat euskaltzalerekin eta eragilerekin, mugimendu herritar horren kontakizun zabala, osokoa, egiteke dagoelako.