HITZAURREA
Tratu txarraren esperientzia bidaiaren metaforarekin irudika daiteke, halabeharrez egindako infernuzko ibilbide batekin. Milaka euskal herritar hurbildu dira, behartuta, bizi-ibilbide horretara. Ezinbestean igarotzeko bidea, bakarka bizitakoa, bakoitzak bere bagaje eta inguruabarrekin egin beharrekoa. Zulo eta oztopoz betetako zeharkaldia, amildegiaren ertzera daramaten bihurgune estuz betea. “Hau bost eguneko bidaia da. Lehena gogorra da, gogorragoa bigarrena, are gehiago hirugarrena…”, ematen du abisua torturatzaileak. Guardia zibil batek argitasun osoz adierazi zion atxilotu berriari: “Tira, gudari, Madrilera goaz. Orain hasten da zure odisea”. Liburu honen bidez, egin dezagun elkarrekin hainbatek eta hainbatek bizitako odisea hori. Ziega eta leotzetan barrena egindako zeharkaldia, horretan adituak diren protagonistek irekitako bidean: Manzanas, Hidalgo, Goli, Del Hoyo, Galindo, Gorka, El comisario, Bigotes, Garmendia… Kode etikoa nahasita duten beste hainbat izen propiok zaindutako praktika da, halaber: Roson, Barrionuevo, Mayor Oreja, Atutxa, Garzon, Marlaska, Ladron de Guevara, Calleja, Savater… Zorigaiztoko bidaiariak igaro beharreko geltokiak zaintzeaz arduratzen dira guztiak. Bakarkako bidaiaria da, baina bidaiari kolektiboa ere bai; hainbat mende atzera Estatuaren azpimunduan zehar bidaia hasi zuena. Atzo bertantxe amaitzeko. Aldaketa eta mugimendu etengabea izan duen periploa. Izan ere, poliziaren metodo eta teknikak garatu egin ziren, eta baita tormentuaren bidez gizarteari eta torturatuaren ingurukoei bidali nahi zitzaien mezu sinbolikoa ere. Torturaren praktikaren helburuak aldatu egin ziren, eta baita hura ahalbidetzen duen legedia ere. Poliziaren zaintzapean gertatzen den tortura baldintza eta egoera ezberdinen pean egon da.
20
Oso l at z a i z an da
Tratu txarra bizi izan duenak ez du lasaitasunik aurkitzen bidaia bukatzen denean, dena amaitu delako ziurtasuna izan arren. Izan ere, traumak eta agoniak jarraitu egiten dute. Izan ere, bere ondoren, beste batzuk behartu dituzte bidaia berdina egitera –edo, agian, berriro bera–. Ondorioz, fenomeno hau esperientzia edo ikuspegi anitzetatik ikusi edo ezagutu ahal izan dugun guztiak, eta desager dadin egoskortu garenak, bidaia hau egitera deituak gaude. Hasieratik amaierara. Hura amaitu arte. Baina “bidaia-liburu” honen kontakizuna erronka konplexua da. Liburu honetan aurkitzen diren bizipen pertsonalak, barnekoak bezain errepikaezinak, ezkutatuta gelditzen baitira legedia berezien friso eta bestelako estalduren pean. Iluntasunetik argitara atera behar dira, banan-banan. 1968ko irailean, Martuteneko espetxeko preso politikoek, eta hurrengo urtean Basaurikoek, gose greba egin zuten; izan ere, espetxetik atera eta kuarteletara eta polizia-etxeetara itzultzen zituzten, han berriro ere torturatuak izaten jarraitzeko. Euren protestaren arrazoiak azaltzeko idatzitako agirian ziurtatzen zutenez, “torturak suposatzen duena ezin da egiaz ulertu, hura sufritzen den arte”. Lan honetan, tormentua sufritu dutenekiko aitortza egiteaz gain, torturaren benetako dimentsioa azaldu nahi zaio hura bizi ez duenari. Horregatik, itsaso batean murgilduko gara, askotan loturarik gabeak eta partzialak, eta gehienetan osatu gabeak diren lekukotza, datu eta informazioz betetako itsasoan. Geure buruari ezarritako lan metodologia, egiaz, anti-metodoa izan da: den-dena bilatu dugu. Torturarekin zerikusia zuen aipamen oro zen gure interesekoa. Ordezkari politiko eta mediatikoen adierazpenetan urperatu gara; asko praktika honen kontrakoak, gehienak tortura erlatibizatzen dutenak –apologia egiten ez dutenean–. Auzi-medikuen txostenak, kereila judizialak eta auzitegien erreakzioak topatu ditugu; ia beti justizia egitea eskatzen zuen prozedura berehala indargabetzea eragiten zutenak, aitzakia ezberdinak erabilita. Hainbat iri-
T ORT U R A E U S K A L H E R R I A N
tzi aztertu ditugu, ahalik eta modu zuzenenean biltzeko esfortzua eginez; protagonistak elkarrizketatu ditugu zuzen-zuzenean, beraien barne-esperientziak edo aditu gisa duten ikuspuntua jasoz. Auzolanean lortutako ekarpenak dira, tortura ezkutatzen den zoko ilun horretara iristeko, eta hura argitara ateratzeko. Dudarik gabe, urte luzetan hainbat erakundek eta banakok datuak eta lekukotzak bilduz egindako lana izan da gure gidari. Irits bedi haiengana gure aitortza, lehen lerro hauetatik. Datu gordinen bilketa lan izugarri horrek hainbat emaitza lortzea ahalbidetu digu: bilakaera kronologiko bat marraztu ahal izan dugu, tratu txarren fase eta aro ezberdinak zehaztuz eta konparatuz, testuinguru politiko zehatzaren arabera. Kontakizun bat egin ahal izan dugu; baina, dauzkagun mugak kontuan hartuta –iturri ofizialik eza, agirietan hutsuneak, poliziaren esku tratu txarra sufritu duten pertsona guzti-guztiengana heltzeko zailtasuna‌–, behin-behinekoa eta bukatu gabea da. Lehen hurbilketa orokor bat da; dudarik gabe, berriz aztertzea eta ekarpenak gehitzea eskatzen duena, baina, aldi berean, patroi orokor eta sistematiko bat agerian jartzen duena, eta gizateriaren aurkako krimen honengana hurbiltzen gaituena. Lan metodologia dinamiko eta kolektiboak, gainera, erakusten digu zein den euskal gizarteak marraztu duen muga, bidezkoa iruditzen zaion tratuaren eta onartuko ez duenaren artean. Euskal gizartearen gehiengoak planto egin du tratamendu laidogarriaren aurrean, interpretatuz herritarraren eta boterearen arteko harremana ezin dela horrelakoa izan, bestela menderatzeaz hitz egiten ariko ginelako. Eta bidaiaren azken zati honetan, ez gaude prest menderatze hori onartzeko. Balio beza ikerketa honek herri honetan torturak izan duen zabalpenaren funtsa ikusarazteko. Eta balio beza torturaren bidaia lehen pertsonan bizi izan dutenentzako ordain gisa. Bereziki, bidaia horretatik inoiz itzuli ez zirenentzako.
21