GETXO PUNTUZ PUNTU. ENPLEGUA, EKONOMIA FEMINISTA, TOKIKO GARAPENA, MERKATARITZA ETA TURISMOA 2015-2019
ENPLEGUA, EKONOMIA FEMINISTA, TOKIKO GARAPENA, MERKATARITZA ETA TURISMOA Pertsona orok duina eta kalitatezkoa den enplegua izateko eskubidea du. Soldatak bizitza duin eta autonomoa bermatu behar du. Gizarte eredu berri bat eraiki nahi dugunontzat ondasunen banaketa ezinbestekoa izanik, lanaren banaketaren eztabaidari ekin behar diogu. Lanaz ari garenean bere osotasunean oratu behar diogu. Bizitza ahalbidetzen duten ezinbesteko lanak kontuan izan behar ditugu, etxeko lanak eta zaintzarako lanak, besteak beste. Bizitza eta produktibitatea posible egiten duten heinean, lan hauek aintzat hartu eta bere balioa emango dieten politikak sustatu behar ditugu. Orokorrean, Euskal Herriari zein Getxori lan-merkatuaren arautzea eta gizarte babesa ukatu egiten zaizkio; hauetan ere beste gizarte modelo alternatibo bat sortzeko independentzia ekonomikoak duen garrantzia azpimarratu behar dugu. Turismoa lanpostuak sortzen eta deslokalizatu ezin daitekeen sektorea da. Gure eskaintza turistikoa ezin da beste inora eraman. Honegatik argi izan behar dugu baliabide honek mugak dituela eta ezin dugula zentzugabekeriaz ustiatu. Euskal Herrira datorren turista oro gure errealitatearen bozeramaile izango dela kontuan izan behar dugu; turismo honek ondasun ekonomikoa ekartzeaz gain gure ondasun kulturala mundu guztian zehar zabaltzeko aukera ematen digu. Gure xedea ingurumen, gizarte eta herriarekin arduratsu den turismoa sustatzea da. Salmenta-azalera handiko merkatal guneak sistema kapitalistak sustatzen duen kontsumismo basatiaren ispilu dira. Sistema honek aisialdirako proposatzen duen bakarra kontsumitzea da. Gure ustez, tokiko merkataritza sustatu behar den esparru ekonomikoa da. Udalerriko kale eta auzoei bizia ematen die eta giza harremanak errazten ditu. 1. Zaintzarako behatoki bat martxan jartzea: epe ertainera udalerriko pertsona oro zaindua izatea bermatzeko beharrezko neurrien identifikaziorako organoa. Pertsona oro zaindua izateko bermea, beti ere udal mailako konpromisoari eta hartutako neurri politikoei esker. Izan ere, gaur egun esplotazio anitzei esker (ama-alaba-emazteen maitasunagatik eta musu truk egindako lana barne) bermatzen da pertsona askoren zaintza. 2. Lan publiko guztietan lan-hitzarmenen baldintzak betetzen direla bermatuko dugu. Udalean gelditzen diren OPE guztiak egin. 3. Lan-hitzarmenak eta klausula sozialak errespetatzen dituzten enpresak lehenetsiko ditugu.
4. Kontratazio publikoan azpikontratekin bukatuko dugu. 5. 1.075 euroko gutxieneko soldataren aldarrikapena egingo dugu eta errespetatzearen alde lan egingo dugu. 6. ETTkin ez dugu inoiz kontratatuko eta Udalarentzat lan egiten duten enpresek ETTen bitartez langileak kontratatzea saihestuko dugu. 7. Gaur egun pribatizatuta dauden zerbitzu publiko guztien azterketa egingo dugu, ondoren, posible bada, berriro publikoak bihurtzeko prozesuak abian jartzeko. 8. Klausula sozialak: erakunde bezala erosketa publikoetan eta kontratazioetan klausula sozialak txertatzeko konpromisoa hartzen dugu. Klausula hauen bitartez gure konpromisoa berretsi nahi dugu ondoko gaiekin: lan-hitzarmenak, ingurugiroa zaintzeko neurriak, hizkuntza irizpideak betetzea, jenero berdintasuna bermatzea eta ezintasun motaren bat duten langileak lanmerkatuan txertatzea. 9. Getxoko udal langileek ez dute ordu estrarik egingo, zerbitzu berezietan izan ezik. 10. Udal komunikabideak erabili lan istripuak saltzeko eta hauen kontra borrokatzeko. Urtean behin (apirilaren 28an) adierazpen instituzionala egingo da. 11. Lantokiko sexu jazarpena salatu eta borrokatuko duten kanpainak abiatuko dira, bereziki kaltetuak izan daitezken lan eremu zein sektore feminizatuetan (etxeko beharginak) arreta berezia ezarriz. 12. Tokiko Garapenaren Agentzia sortuko dugu. Eragileekin batera, entitate hau izango da lan eta ekonomia sustatzeko planak abiatuz udalerrian eskura dauden baliabideak diseinatu, koordinatu, mobilizatu eta gestionatuko dituena. 13. Autoenplegu kolektiboa sustatzeko planak egin, batez ere emakumeen kasuetan. Kooperatiba formatoa lehenetsiko da kasu guztietan. 14. Emakumeen kooperatibak bideragarri egiteko aholkularitza zerbitzuak martxan jarri, arreta berezia kaltetutako eta feminizatutako sektoreetan ipiniz (etxeko beharginak). Etxeko langileek euren lan eskubideetaz informazioa eta aholkularitza jaso ditzaten udal bulego bat zabaldu. 15. Gehien kaltetutako giza sektoreentzako (gazteak, emakumeak, iraupen luzeko langabeak) lanpostuak sustatzeko ekinbidea abiatuko da, haientzako espreski bideratutako lan poltsa sortuz. 16. Baserritar gazteei aukerak emate aldera, udal lur zoruak salneurri txikian alokatzeko posibilitatea aztertuko dugu; udal lurren lur bankua sortuz. 17. Ekonomia sozial eraldatzailean oinarritutako proiektuetarako aholkularitzazerbitzuak eta laguntza ekonomikoa martxan jartzea. 18. Kalitatezko turismo-prestakuntza zehatza sustatzea, turismo iraunkor eta alternatiboaren ereduarekin lotuta egongo dena. 19. Turismo iraunkorreko plan integralak dituzten beste turismo jomuga batzuekin, esperientziak, ideiak eta prestakuntzari buruzko informazioa trukatzeko
harremanak, elkarlana edota senidetzeak sustatzea. Adibidez surf turismoaren plan integrala (Sopela) edo antzekoak, arlo horretan lanean dauden udalerriko elkarte ezberdinekin elkarlanean (Skate eskola, Getxo Surf...). 20. Udal kanpaleku eta aterpea osatzea bultzatuko dugu, publikoak, eta autokarabanentzako aparkalekua ezartzea, turismo jasangarria sustatze aldera, ahalmen ekonomiko txiki zein ertaina duten bisitari zein getxoztarrentzat. 21. Ibilbide historiko kulturalak sustatu. Horretarako Getxok eskaintzen dituen bide ezberdinak promozionatuko dira, gure herriak dituen leku adierazgarrienetako batzuk ezagutzera emanez. 22. Arrantza eta itsasoaren gaineko Museo Etnografikoa sortu Algortako portu zaharrean; horietan arrantza ondarearen berreskurapenean lan egiten duten herritar eta herri eragileei lekua eman (batelen konponketa...). 23. Salmenta-azalera handiko merkatal gune berriak zabaltzea galarazi, baita inguruko herriei presio neurriak egin. Horretarako getxoztarrak kontzientzatzeko kanpainak sustatuko dira, proiektu handi horien kalteak ezagutaraziz: auzoen desertifikazioa, komertzio txikiaren desagerpena, ibilgailuekiko mendekotasuna, agroindustria... 24. Udalerriko auzo guztietako merkatari eta ostalariekin osatuko den Merkataritza Sustapen mahaia sortzea, baita interesa duten norbanakoekin ere, arlo horetan har litezkeen neurriak adosteko. 25. Tokiko merkataritzaren aldeko kanpainak egin eta herritarrei herrian kontsumitzearen abantailak zabaldu. 26. Udal lanpostuen sustatze bidea abian jarriko da, udalaren menpeko ostatuak (Ambigu, Benta, Gobela...) getxoztar langabeek kudea ditzaten. 27. Getxoko merkatari eta ostalariek antolatzen dituzten ekimen sozial eta kulturaletan lagundu eta udaletik datorren eskaintzarekin bat egiteko era bilatu. 28. Tokiko merkataritza eta arrantzan eta nekazaritzan dabiltzan pertsonen arteko lankidetza sustatu. Azokek, adibidez, lehen sektorea indartzeko balio dute, eta aldi berean, kanpoko jendea erakartzen dute gure herrira, merkatari eta ostalarientzat lagungarria dena. 29. Tokiko merkatari txikiek inguruan ekoiztutako elikagaiak zuzen erosi ditzaten eta gero saldu ditzaten neurriak hartu. 30. Inguruan ekoiztutako elikagaiak gutxieneko portzentai batean eta salneurri duin batean saltzen dituzten tokiko merkatarien errolda egin. 31. Teknologia berriak erabiltzen eta merkataritza eraberritzen dituzten proiektuak sustatu. 32. Tokiko azokak eraberritu eta tokiko produktuen eskaintza egonkorra dagoela bermatzeko planak sustatu. Adibidez, kale salmenta erraztuz edo behintzat ez zigortuz. 33. Getxolan-en eginkizunak, jarduna eta helburuak berraztertu eta benetako beharrei egokitu, eredu kooperatiboa indartuz.
34. Herriko udal azokaren funtzioaz eztabaidatu, elikagai subirautzaren zerbitzuan jarri eta bertan daudenekin eta tokiko ekoizleekin azterketa egin. 35. Getxo enpresa elkartearekin dagoen harremana aztertu eta bere benetako ordezkaritzaren arabera antolatu. 36. Martikoenako udal langileen lan baldintza duinak bermatuko direla ziurtatuko da, bai udal lokalen mantenuari dagokionez, baita eritasun baimen zein jubilazioagatiko ordezkatzeei dagokionez ere, horretarako udal lan poltsa publikoak zabalduko direlarik. 37. MONETA SOZIALA sortzea bultzatuko da, tokiko merkataritza eta kontsumo arduratsua sustatze aldera.