14 Garapena Kualifikazioa da gakoa
#436 • 2021eko urriaren 1a
Garapena
KUALIFIKAZIOA, GAKOA Langabetuen kualifikazioa eta formakuntza, enpresa ehuna eta eraldaketa digitala dira Urola Garaiko Mankomunitatea osatzen duten lau udalerriek dituzten erronka nagusiak. Uggasak hainbat programa ditu martxan horiei begira.
Testua: Itziar Salaberria
U
ztailean %9,2ko langabezia tasa izan dute Urola Garaiko Mankomunitatearen menpeko lau herriek. Ehuneko horren atzean 1.108 langabetu daude, eta horietatik %57 emakumeak dira. Iazko uztaileko datuekin alderatuta, 319 langabe gutxiago dira, eta Gipuzkoako batez bestekoarekin alderatuta tasa hiru hamarren gehiagokoa da. Bestetik, 600tik gora enplegu erregulazio espediente indarrean daude oraindik. Hala ere, enpresen kontratazioek dinamismo handia erakutsi dute azken hilabeteetan, eta poliki-poliki krisi aurreko datuetara hurbiltzen ari da. Datuetatik harago, epe ertainean krisi guztiek eragiten dute komunitate baten gizarte kohesioan. Orokorrean pandemiak areagotu egin ditu errenta arrakalak, belaunaldi artekoak eta gizonen eta emakumeen rolen artekoak. Krisi honek, gainera, azaleratu egin ditu gizarteak dagoeneko dituen arrakala digitalak. Ondorioz, bazterketa arriskuan dauden pertsonak kronifikatzeko arriskua areagotu egiten da. Horregatik, funtsezko erronka bilakatu da Urola Garaiko Mankomunitatearentzat langabetuen kualifikazio mai-
la handitzea, eta kolektibo zaurgarrienekin orientazio eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak sustatzea.
Langile kualifikatuagoak Lan merkatuak geroz eta langile kualifikatuagoak eskatzen ditu eta formakuntza geroz eta baloratuagoa dago. Langabetuek laneratzeko dituzten zailtasunen artean, formakuntza bajuarekin lotutakoak dira asko. Egoera horri erantzuteko ahalegin berezia egin du mankomunitateak, eta kualifikaziorako eta formakuntzarako lau programa ditu indarren une honetan Uggasak. Hiru programa ikasketa maila bajuko pertsonei bideratuta daude. Horietako bi, industria alorrean profesionaltasun ziurtagiria lortzeko dira, eta UGLErekin elkarlanean gauzatzen ari dira. Kualifikaziorik gabeko 30 langabetu ari dira parte hartzen zazpi hilabeteko programa horietan. Partaideen profila askotarikoa da: 13 herrialdetako pertso-
nak dira, eta gazteenak 25 urte ditu eta zaharrenak 59. Formakuntza jasotzeaz gain, praktikak ere egingo dituzte enpresetan eta laneratzeko plan pertsonalizatua ere izango dute, bakoitzaren enplegagarritasun, ezaugarri eta beharren arabera osatutakoa. Bestetik, mendekotasuna duten pertsonei etxean ematen zaien arreta soziosanitarioaren arloan ere beharrezkoa den profesionaltasun ziurtagiria lortzeko formakuntza ere martxan dago, Urola Garaiko Gurutze Gorriarekin lankidetzan. Uztailean amaitu zuten 15 emakumek programa. Azkenik, kualifikatutako langabeentzako Hazilan programa dago. Zeharkako konpetentziak eta konpetentzia digitalak lantzen ditu, eta enpresetan praktikak egitea eskaintzen du.
Enpresa ehuna, ahulagoa Enpresa ehunaren azken urteetako bilakaerari ere erreparatu behar zaio.